Joseph Andras (Le Havre, Frantzia, 1984) idazlea da. 2016an lehen eleberriagatik "Goncourt" sari famatua eman zioten, baina berak uko egin zion epaimahaiari esanda “lehia, konkurrentzia eta norgehiagoka arrotzak zaizkiela idazketari eta sorkuntzari”. ARGIArako itzuli dugun artikulu hau Lundi Matin web hedabidean plazaratu du urtarrilaren 3an Pass policier : d’une démission à gauche tituluarekin.
Asmatzen hasita ere inork ez zukeen sinetsiko.
Gobernu batek QR kode bat ezarriko zuela eguneroko egiteko xumeenetarako ere baimena lortzeko. Gobernu batek legez bi zati egingo zuela gizartea: batetik herritar legitimoak, bestetik ez direnak. Gobernu batek zangopean erabiliko zuela bere konstituzioaren lehen artikulua eta hori txalo zaparrada baten aurrean eginen zuela. Gobernuaren indar armatuek –bere droneak mobilizatu ostean herritarrak etxeratzera behartzeko zigorrez mehatxatuta– agindua jasoko zutela kode herritarra ondo kunplitzen dela kontrolatzeko eta sartuko zirela, pistola gerrian, ostatuetaraino.
Indar armatu horiek salbuetsita egongo zirela QR hori eramatetik. Berdin parlamentuko diputatuak. Milaka erizain botako zutela bazterrera simaurra botatzen den gisan. Suhiltzaileek gauza bera jasango zutela. Bost edo sei milioi herritar ofizialki izendatutako zituztela bizkarroi eta nazioarentzako alferrikako. Populazioaren gehiengo handi batek onartuko zuela zirkinik egin barik. “Ezkerraren” zati handi batek ez zuela ezer hoberik asmatuko beste aldera begiratzea baizik. Eztabaida demokratikoa, parlamentarioa izanda ere, bahituko zuela Defentsa Kontseilu batek eta defentsa sekretu klasifikatutako bilera batzuek. Bankari-ohi bat, halabeharrari esker lehendakari hautatua Munduko Osasun Erakundearen gainetik jarriko zela. Gizartean eztabaida kritikoa susmagarritzat joko zela… [Hori entzunda] Berehala aipatuko zen telebistako zientzia-fikzio serie famaturen bat; antizipazio literaturako klasiko handiak aipatuko ziren. Zeren eta eszena horiek sinesgarritasuna faltako zutela iritziko baikenuen.
Inork ez zuen sinetsiko; eta hain zuzen ere horixe da gaur bizi duguna.
Sei hilabete beranduago, “osasun pasea” bihurtu dute “txerto pasea” eta bazterketa ahalmenak gehituta gainera
Aitortu behar dut tronpatu nintzela. “Pasea erori arazi, borroka zabaldu” idatzi nuen, aurrekaririk gabeko kontrol mekanismo hau ezarri eta gutxira. Ausartu nintzen pentsatzera gobernua –gobernu bat, gogoratu, jendeei begiak lehertu eta eskuak moztu dizkiena, ospitaleak saboteatu dituena– makurrarazi genezakeela epe txukun samar batean. Igarle moduan, zero puntu. Sei hilabete beranduago, “osasun pasea” (pass sanitaire) bihurtu dute “txerto pasea” (pass vaccinal) eta bazterketa ahalmenak gehituta gainera: herrialde honetako parasitoek ezingo dute bidaiatu abiadura handiko trenean.
Denak elkar zelatatzen zakur leialen gisan; horra nola entzuten dugun lasai ederrean hizketan herritar-kodea desaktibatzeaz edo zenbait gaixotasun [Osasun Publikoak] artatzea ukatzeaz.
Esan behar da afera fartsa moduan hasi zela: nazioarteko kapitalismotik jaiotako birus baten kudeaketa beren gain hartu zutela nazioarteko kapitalismoaren matoiek. Ongizate komunaren, interes orokorraren eta jendeen babesaren zainketa kapitalaren estatuari eta bere poliziari uzteak ez zuen ezer onik iragartzen. Ezkerrak ehizaki gogokoentzat –eta batzuetan bakartzat– hartuz iluminatu tropa ttiki bat eta ez estatuaren teknopolizia, horrekin eman dio errematea. Egin su Francis Lalannerekin [aktore eta kantaria, Covid-19arentzako txertoen kontrako kanpainetan nabarmendu da]: azkenean ezkerrak aurkitu du bere tamainari dagokion etsaia.
Barkaezina litzateke ezkerra, ez balitz gure bizileku bakarra dela.
Beno, bai, zalantzarik gabe, ezkerrak protestatu du. Behin eta berriro errepikatu du: paseak ez daukala inolako zerikusirik osasun publikoarekin. Okerrago dela: paseak okerragotu egiten duela osasun krisia, zabaltzen duelako ez dagoen segurtasun uste bat (txertoak, mundu guztiak daki, gaixotasunaren modu larrien garapena efikaziaz mugatzen du baina kutsatzea ez du inolaz deuseztatzen). ATTAC-ek salatu du “gobernuak erabilitako metodoa, tentsio handiak eragin dituena”. Giza Eskubideen Ligak (LDH) jakinarazi du “soluzio txarra” dela eta horretarako sortutako legea dela “benetan kezkagarria oinarrizko libertate eta eskubideekiko”. Le Monde Diplomatique-k ohartarazi du “askatasunen ataka larriaz”. Philippe Poutouk [ezkerreko militante ezaguna] esan du: “Txerto pasearen kontra gaude”. Philippe Martinezek [CGT sindikatuko liderra] esan du dagoela “osasun pasearen kontra diskriminazioak sortuko dituelako”. Lutte Ouvrière sindikatuak zin egin du: “Ezetz!”. Ez dakigu oso ongi zer esan duen Fabien Rousselek [PCFko idazkari nagusia]. Ikusi dugu Yannick Jadot [Berdeen hautagaia lehendakaritarako] aitortzen zera, zientzialariek hala diotenez, ezingo lukeela “gomendatu txerto pasea”.
Goraipatu ditzagun Frantzia Intsumitua eta mugimendu autonomoa, horiek eraman baitute eztabaida nagusiki, nork bere moduan. Baina ezkerrak, zabalean hartuta, protestatzea da egin duen bakarra. Purrusta pixka bat egin eta eguneroko bideari jarraitu zaio. Bere parterik ausartenak ere –normalean "menperakuntza" mota ñimiñoena ere pertsegitzeko joera duenak– armak jaitsi ditu: kristorenak esan “gainera datorkigun faxismoaren” kontra eta ondoren lasai asko erakutsi beren QRa hitzaldi bat entzun, zinemara joan edo trago bat hartzeko ondoan eduki barik herritar parasitoak.
Gauza bat baino gehiago esango dizkidate.
Esango dute “txertoa, ez da eztabaidagai”.
Esango dute Macronen gobernua ez dela horrelako neurriak hartu dituen bakarra eta zorrotzagorik ere badela hemendik kanpo.
Esango dute pasearen kontra egotea ez dela osasun publiko politika baten oinarria: hain da begi bistakoa proposamen politiko, sozial eta kolektiboak pilatzen doazela (presidentearen ipurdi azpian).
Esango dute libertarioak eta faxistak egin direla protesta mugimenduaren buru. Haien “libertatea” dela indartsuen libertatea. Horiek lortu dutela entzun ezinda estalirik geratzea alternatiba askatzaile oro. Ezin garela joan Phillipot Dupont-Aignan [politikari eskuindarra, Le Penentzako botoa eskatu du] eta de Villiersekin [politikari eskuindarra, islamaren kontrako jarreragatik ezaguna] eskuz esku. Tori hau: horien hegemonia da gure dimisioaren sinonimoa. Horien garaipenak dauka guk nahi izan dugun porrotaren aurpegi ustela. Haien nagusitasuna da gure amore ematearen ifrentzua.
Zeren eta… antolatu al dugu martxarik, elkarretaratzerik edo ekintza independenterik? Gure indar guztiz saiatu gara populazioaren sailkatze estatal, teknologiko eta poliziakoaren kontra, Frantzia kontinentalean bezala itsasoz haraindiko lurretan? Deitu al dugu grebarik, boikotik edo blokeorik? Sostengatu al ditugu masiboki piszinetan edo biblioteketan antolatu diren grebak? Kezkatu ote gara gobernuak kanporatu eta birrindu dituen langileen patuaz? Ondo dakigu erantzuna. Badakigun bezala Florian Philipotek [politikari ultraeskuindarra] ez duela inoiz "greba orokorra" aipatu azken hilabeteotan adina. Ezker politak nahiago izan du, bere aldetik berriro janztea eskularruak, Jaka Horiei eskua emateko josi zituen haiek.
Arié Alimi abokatuak ohartarazia zigun: salbuespeneko neurriak zuzenbide arruntean sartzen dira. Larrialdi egoerak egunerokoa markatzen du. Kimatzen ditu oinarrizko libertateak. CNIL Informatika eta Libertateen Batzorde Nazionalak ohartarazia zigun: “Legegileak kontutan hartu behar du arriskua dagoela bizi pribatuari eraso egiten dioten erabaki horiek ohitura bihurtu eta banalizatzeko eta etorkizunean irristan eramateko gizarte batera non kontrol horiek liratekeen arau eta ez salbuespen”. Estatuaren tekno-kontrolari sekula ez zaio amore ematen zigorrik gabe: gure errendizioa halako hamarrez ordainduko dugu.
Katalunian Societat Catalana de Pediatria elkarteak pandemia kontrolatzeko ikastetxeetan aplikatzen diren neurriak bertan behera uzteko eskatu du, neurri horiek haurrengan dituzten ondorio kaltegarriak argudiatuz. Tartean dago gela barruetan maskararen erabilera kentzea, modu... [+]
Beste hainbat bezala COVID pasearen aurka Bilbon deituta zegoen manifestaziora joan ginen aurrekoan. Bertan adin, kolore, janzkera eta hizkera askotariko zenbat jende zegoen ikusteak asko poztu ninduen, eta tartean topatu nituen unibertsitate garaiko batailetako lagunak edo... [+]
Zarauzko Udaleko urtarrileko osoko bilkuran, galdera erantzunen txandan sei herritarrek hartu zuten hitza, eta Covid pasaporteak eragindako diskriminazioa eta beren bizipenak azaldu zituzten; tartean, pasaporterik gabe kiroldegira sartzeagatik atxilotuta bukatu zuen... [+]
Bermeon jaiotako eta bertara etorritako herritarren artean hilean behin egiten zuten tertulia dago Lurre Hurre proiektuaren oinarrian. Elkar ezagutu zuen herritar talde horren harremanetik abiatuta, eta konfinamendu garaian migratzaile askok bizi zuten egoeraz jabetuta, egitasmo... [+]
Lehen mailako arretak “kolapso egoeran” jarraitzen duela uste dute, ospitaletako arretak bizi duen gainkarga salatu nahi dute, eta egoerari aurrea egiteko neurriak eskatzen dituzte ELA, SATSE, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek.
Abenduaren 20an eman zuen jakitera Olentzeroren Lagunak elkarteak 2021ean ere ez zela Olentzero Iruñeko kalez kale ibiliko, pandemiaren egoerak horretara bultzatuta. Urtarrilaren 4an, aldiz, Iruñeko Errege Magoen Kabalkadaren Elkarteak adierazi du aurten kaleetara... [+]
COVID txertoa hartu edo ez, norberaren hautu bat da, legezkoa, eta batak bezala besteak errespetu bera merezi duena. Ez da derrigorra, baina behartzeko erreminta ezarria dago Euskal Herri osoan: Europar Batasunak bidaiatzeko udan jarri zuen QR pasaportea. Zer dakar QR... [+]
Honela adierazi du Gazte Koordinadora Sozialistak zabaldu duen oharrean: "Zentzu sanitariorik gabeko neurriak hartzen jarraitzen dute politikari profesional despotikoek". Berriki hartutako hiru neurriak salatu dituzte zehazki: COVID ziurtagiriaren zabalpena, aire... [+]
Osakidetzaren lehen mailako arretaren egoera "jasanezina" dela salatuz Araba, Bizkai eta Gipuzkoako osasun etxeen aurrean elkarretaratzeak egin dituzte. "Lehen olatua izan eta urte eta erdira, osasungintza urria, nekatua eta baliabiderik gabea daukagu",... [+]
LAB sindikatuak honako irakurketa plazaratu du: "COVID kutsatzeen olatu berria dela eta, Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua eta Frantziako Gobernua COVID ziurtagiriaren ezarpena erabiltzen ari dira euren kudeaketaren hutsuneak ezkutatzeko. Bost ardatzetan neurriak... [+]
Urtero Bilboko Konpartsek San Tomas egunaren harira argitaratzen duten egutegiaren etekinak Etxaldeko Emakumeei emango dizkiete aurten.
Abenduaren 18 arratsaldean Donostian jendetzak hartu ditu kaleak, Bizitza plataformak deituta egin den manifestazioan. "COVID pasearen inposaketari ez" lemak elkartu ditu.
Abenduaren 14an Osasun Publikoaren Aldeko Herri Ekimenak 1.000 erreklamaziotik gora aurkeztu ditu Donostiako Eusko Jaurlaritzako Osasun sailean, bereziki Lehen Arreta eta oro har osasungintza publikoa indartzeko eta duintzeko eskatuz: "Osasun sistema publiko,... [+]
Gazte Koordinadora Sozialistak deituta, protestara jo dute ostiralean Bilbon, Donostian eta Gasteizen. 'Covid ziurtagiriari ez! Burgesiaren ofentsibari aurre egin' izan dute aldarri milatik gora lagunek.
Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) “COVID ziurtagiriari ez! Burgesiaren ofentsibari aurre egin” lemapean elkarretaratzeak deitu ditu abenduaren 10ean Donostian, Bilbon eta Gasteizen, 19:30ean. Bertako kide bat elkarrizketatu dugu.