Partida bat, Lord Byron?


2021eko apirilaren 14an - 09:23

Batek daki zer zerabilen buruan Henry James Byronek Our boys antzerki-lanean “bizitza laburregia da xakerako” arrapostu sonatua idatzi zuenean. Baliteke haren gogoan aitaren lehengusua izatea, Lord Byron poeta handia, zeinak ezin bizkorrago egin zituen mundu honetakoak: 9 urte zituela izan zituen aurrenekoz sexu-harremanak, 19 zituela publikatu zuen bere lehen poema-liburua, Europa osoan zehar bidaiatu eta 36 urte besterik ez zuela hil zen, Grezian. Sukarrak eta gaizki eginiko odol-ateratzeek izan bide zuten erromantizismoaren ikurra hain gazterik hiltzearen errua.

Lord Byronen carpe diem bizitza-estiloan ez zegoen lekurik xakerako, ez eta Henry James Byronen antzerkiko protagonistarenean ere. Bizitza motzegia omen. Xake-jokalari amorratuenak ere onartuko du hori, nahiz eta beste zentzu bat bilatuko dion aipuari. Bizitza ez da nahikoa luzea xakerako, jokoa menderatzeko.

Sorgin-gurpilaren maldizioa baitu xakeak. Zenbat eta gehiago sakondu jokoan, jabetuko gara orduan eta zehaztasun gehiago falta zaigula ikasteko. Etengabe egin dezakegu aurrera, noizbait aseko garelakoan, baina bidean bestelako eragozpenekin egingo dugu topo. Lehentxeago edo geroxeago onartu beharko dugu, ez bizitza bat ez bi, ez dagoela xakea erabat kontrolpean izaterik eta gurea amaiera gabeko ikasketa-prozesua izango dela.

"Lehentxeago edo geroxeago onartu beharko dugu, ez bizitza bat ez bi, ez dagoela xakea erabat kontrolpean izaterik eta gurea amaiera gabeko ikasketa-prozesua izango dela"

Kasurako, endrokea. Hasieran kontu erraza dirudi. Erregea eta dorrea hasierako laukietatik mugitu ez direnean, lehenak bi pauso eman ditzake albora, eta izkina horretako dorrea bestaldean jarriko zaio. Hain justu, hasiberriei sarritan errepikatzen zaie jokoan egin beharreko aurreneko kontuetako bat norberaren erregea babesean ipintzea dela, eta horretarako albait azkarren endrokatu eta hura bazterrera eramatea dela onena.

Baina iritsiko da puntu bat non salbuespenak agertuko diren, eta orduan akabo. Punta-puntako jokalarien partidak arretaz aztertzean, esaterako, ikasiko dugu salbuespenak dituela erregea ahalik eta azkarren ertzeratzearen mandatuak. Xakean izan den partida ikusgarrienetakoan, Anderssen-Kieseritzky norgehiagokan, maisu alemaniarrak ez zuen aipatu jarraibidea aintzat hartu eta, hala ere, 23 jokalditan garaitu zuen aurkaria.

Baten batek esan dezake Adolf Anderssen joko-estilo erromantikoaren ikurra dela eta haren partidak ez direla eredugarriak. Badira beste hamaika kasu. Capablanca-Alekhine lehiako zazpigarren partidan, munduko txapeldun kubatarrak partida osoan ez zuen erregea hasierako laukitik mugitu eta 28 jokalditan irabazi zuen. Jokalari ortodoxoetan ortodoxoena zen Capablanca eta horrek erakusten digu pitzadura ugari dutela endrokearenak bezalako printzipioek. Are gehiago, kasik esan dezakegu salbuespenak arauei gailentzen zaizkiela xakean.

Nago hizkuntzekin ere antzeko zerbait gertatzen dela. Momentu batean ohartuko gara ezagutzan sakondu ahala ñabardura gero eta ñimiñoagoak izan behar ditugula kontuan. Ezinbestean ondorioa xakean ateratakoaren antzekoa izango da: tematu arren inoiz ez gara iritsiko hizkuntza bat menderatzera. Berriro menderatzera idatzi al dut? Euskaltzaindiak mugakotzat du forma hori, hobe ederki ikastera jarri banu.

Ñabardura amaigabeen erakusgarri, esaldien ordena. Nola azkar endrokatzea xakean hala dugu ordena hizkuntzen oinarrizko printzipioetako bat. Euskaraz, urrutira joan gabe, Subjektua-Osagarria-Aditza (S-O-A) hurrenkera neutroa ikasi ohi dugu eta, metodo berriak gorabehera, hasierako urratsetan perpaus-molde hori nagusitzen da: Haurra sehaskan dago, Iratik furgoneta berria erosi du, Tomasek azterketa gaindituko du.

"Printzipioen haustura horiexek bihurtzen dituzte erakargarriak hizkuntzak eta xakea, zurruntasunetik aldendu eta sormenari tokia uzten dioten neurrian"

Bada, goi-mailako testuak irakurtzean, bistakoa da idazleek maiz ez darabiltela irizpide hori. Corpus osoa irentsi beharrik gabe, egunkaria edo edozein liburu hartzea nahikoa da S-O-A segidak dituen arrakalak azaleratzeko. Ipuingintza antologikoan Iban Zalduak hainbatetan hausten du aditza azken posizioan uztearen ordena ez-markatua: “Horren aurrean bi aukera ditugu ipuinlariok, heste-zizareen inbasioa zeukala diagnostikatu zioten medikuek, bost liburukik osatuko zuten ibai-nobela”.

Beste behin, egongo da esango duenik Iban Zalduak estilo propioa duela eta haren lanak ez direla ohiko moldeetan sartzen. Badago adibide gehiago jartzerik. Karmele Jaioren Aitaren etxea liburuan aditza ez dugu beti azken posizioan eta iaz Euskadi Saria irabazi zuen, munduko txapelketaren parekoa dena euskal letretan. Zer demontre, orduan? Sekula ez gara iritsiko gure hizkuntza propioa ederki ikastera? Susmoa dut hizkuntzetarako ere ez ote den bizitza laburregia. Salbuespen eta ñabardura artean beti izango dugu zer ikusia, zer pentsatua eta zer ikasia.

Ez gaitezen ernegatu, baina. Izan ere, printzipioen haustura horiexek bihurtzen dituzte erakargarriak hizkuntzak eta xakea, zurruntasunetik aldendu eta sormenari tokia uzten dioten neurrian. Sormenak mundua gozagarriago egiten du eta, funtsean, sortze-lana da esaldi nahiz jokaldi bakoitza.

Bizitza laburra bada, eraiki dezagun mundu zabalago bat. Hitzekin eta piezekin. Gure irudimenarekin. Partida bat, Lord Byron?

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Mikel Oterori erantzuna

Badira bi aste beste behin makroproiektuei kaleetan oposizio argi bat erakutsi geniela. Milaka eta milaka pertsona atera ginen kalera dinamika suntsitzaile honek amaitu behar duela aldarrikatzera. Bada, dirudienez horrek ez du lurraren suntsiketaren aldeko politikarietan inolako... [+]


Gasteizen, eskaleak soberan daude

Duela aste batzuk, Diputazio kalean, Gasteizko erdigunean, bi gizonek etxerik gabeko pertsona bat bota zuten lo egiten zuen lokalaren kanpoaldeko eskailera-buru txikitik. Bota ez ezik, berehala metalezko baranda bat ere jarri zuten lonjaren aurrean. Lokala luzaroan hutsik egon... [+]


Teknologia
Burokraziaz

Wikipedian bilatu dut hitza, eta honela ulertu dut irakurritakoa: errealitatea arrazionalizatzeko metodologia da burokrazia, errealitatea ulergarriago egingo duten kontzeptuetara murrizteko bidean. Errealitatea bera ulertzeko eta kontrolatzeko helburua du, beraz.

Munduko... [+]


2025-04-02 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Hirigintza militarra

Berriki zabaldu da Gazako lurralderako Egiptok egindako hirigintza-antolaketa plana. Marrazki batean jaso dira etorkizuneko kale, eraikin eta iruditeria, oraindik metraila eta lehergailuen usaina darion errealitate baten gain. Hirigintza proposamena, beste bonba jaurtiketa bat... [+]


2025-04-02 | June Fernández
Meloi saltzailea
Zedarriak

Bizitza erdigunean jartzeko abagunea ikusi genuen feministok zein ekologistok Covid-19 pandemia garaian. Ez ginen inozoak, bagenekien boteretsuak eta herritar asko gustura itzuliko zirela betiko normaltasunera. Bereziki, konfinamendu samurra pasa zutenak haien txaletetan edo... [+]


Segurtasuna, etorkinak eta beldurra

Segurtasun falta dagoen irudipena handitu dela azaldu du Eustaten azken txostenak. Gurean, Trapagaranen, Segurtasuna orain, delinkuenteen aurka manifestaziora deitu dute herritar batzuek.

Bi izan dira sentsazio hori zabaltzeko arrazoiak. Batetik, udalak Udaltzaingoaren... [+]


2025-04-02 | Castillo Suárez
Erantzunak

Badira etxebizitzak saltzeko atarietara harpidetuta daudenak, etxe bat erosi nahiko luketelako. Tarteka etxeak ikusteko hitzorduak ere egiten dituzte, eta seguru nago saltzaileak badakiela pertsona horiek ez dutela etxea erosiko, ez bisitan etxeari aurkitzen dizkioten baina... [+]


Haurtzaroaren denbora

Haurtzaroaren amaiera eleberri distopikoa idatzi zuen Arthur Clarkek, 1953. urtean: jolasteari utzi dion gizarte baten deskribapena. Eta ez al da bereziki haurtzaroa jolasteko garaia? Jolasteko, harritzeko, ikusmiratzeko eta galdera biziak egiteko unea. Ulertzeko tartea zabalik... [+]


2025-04-02 | Cira Crespo
Espainiako bandera

Juan Bautista Bilbao Batxi idazleak barku batean egiten zuen lan, eta bere bidaietako kronikak bidaltzen zituen Euzkadi egunkarira. Horri esker, XX. mende hasierako mundu osoko kronika interesgarriak ditugu, euskaraz. 1915eko ekainean, hain zuzen, Murtzian egin zuen... [+]


2025-04-02 | Ximun Fuchs
Nora (eta nola)

Antzokiko argiak piztu dira. Diskretuki, pasabideetan nabil: emanaldi eskolarra hastear dago. Gazteak korrika doaz beraien eserlekuetara, bizi-bizi eta alai. Ateraldiak askapenaren zaporea du, baina askatasun sentsazio hori gaztelaniaz edo frantsesez mintzo da. Goiz honetan,... [+]


Euskara: makila guztien zahagia

Hizkuntzakeriatik edo glotofobiatik eta, zer esanik ez, euskararen aurkako gorrototik, askotan ikusi izan dugu gure euskara makila guztien zahagi bihurturik. Azkena, Anton Arriola Kutxabankeko presidentea ibili zaigu makilakari lanetan gure hizkuntzari astindu eta makilakada... [+]


Badago lotura Euskal Yaren eta AHTren artean Nafarroan

Ez dezazuela lotura hau Ezkiotik bilatu, ez eta Altsasutik ere, are gutxiago Ebro ibaia Castejonetik zeharkatuz. Euskal Yaren eta Nafarroako AHTaren arteko lotura, edo hobeto esanda, loturak, dagoeneko errealitate bat dira. Pluralean dauden lotura horiexek dira kezkatu beharko... [+]


Apirilak 6, justizia euskararentzat

Ez atera zalapartarik, ez konfrontatu, ez biktimizatu... eta obeditu. Subjektu zapaldu gisa, kasu honetan euskaldun gisa, mintzo gara, zenbatetan entzun behar izan ditugu halakoak? Ironiaz, honelaxe esan zuen, duela bi urte, Euskaltzale Independentiston Topaketan, Amets... [+]


Borrokak balio du: Israel Premier Tech, ez aurten, ez inoiz

Aurten "Israel Premier Tech" txirrindularitza talde israeldarra ez da Lizarraldeko Miguel Indurain Sari Nagusia lasterketara etorriko. Berri ona da hori Palestinaren askapenaren alde gaudenontzat eta munstro sionistarekin harreman oro etetea nahi dugunontzat, izan... [+]


Eguneraketa berriak daude