Parisko Hitzarmena: AEBak eta hidrokarburo ekoizleak garaile

  • Klima aldaketari buruzko lehenbiziko nazioarteko akordio globala utzi zigun 2015ak: Parisko Hitzarmena. Mugarri hori historikotzat joa izan zen, eta hala ospatu zuten adostu zutenek, baina ezin esan aurrerapausoa izan zenik, kontrakoa baizik. Aurreko hamarkada biak alferrik galdu eta gero, COP21 gailurrean bildutako munduko agintariek ez zuten ausardiarik izan zientzialariek esandakoa aintzat hartzeko. Hala, ez zuten mekanismo loteslerik ezarri –ez eta epe zehatzik ere– planeta berotzen ari diren gasen igorpena behingoz murrizten hasteko.

     


2016ko martxoaren 01ean - 08:23
Laurent Fabius Frantziako Kanpo ministro ohia eta François Hollande presidentea Parisko klimaren gailurrean adostutako akordioa ospatzen. (Arg.: François Mori-AP-SIPA).

Klima aldaketari buruzko NBEren 21. goi-bilera (COP21) amaitu eta ordu gutxira, George Monbiot The Guardian-eko kazetariak honako bat-bateko balorazioa egin zuen gailurrean adostutako Parisko Hitzarmenaz: “Izan zitekeenarekin konparatuta, arrakastatsua; izan behar zuenarekin konparatuta, hondamendia”.

2015eko abenduko lehen hamabostaldian Frantziako hiriburuan elkartu ziren agintarien xedea klima aldaketari buruzko lehen akordio globala –herrialde guztiei eragingo ziena– adostea zen. Baita lortu ere. Ondo bidean, 2016an gertatuko da Hitzarmenaren behin betiko berrespena, akordioak berak ezarritako baldintzak bete eta hilabetera: Klima Aldaketaren inguruko Nazio Batuen Esparru Hitzarmeneko (UNFCCC) gutxienez 55 kidek berrestea, baldin eta denen berotegi efektuko gas igorpenen batura osoaren %55 edo gehiago bada. Horretarako epea 2016ko apirilaren 22tik 2017ko apirilaren 21era egongo da zabalik.

Parisko Hitzarmena akordio historikoa dela esan dute sinatu duten agintariek. Eta hala da lehen aldiz ia munduko herrialde guztiak biltzen dituen heinean. Historikotzat jo da, halaber –adjektiboa sistematikoki errepikatu dute hedabide masiboek–, akordioaren helburu nagusia: mende honen amaieran Lurraren batez besteko tenperaturaren igoera, industrializazioaren aurreko garaiarekin alderatuta, bi gradutik “ondo behera” egon dadila, eta ahaleginak egin daitezela gradu eta erdiaren langa ez gainditzeko. Baina benetan ospatzekoa da hori?

“Ezin gara pozik egon batez besteko tenperaturak bi gradutik gora ez egitea adosteagatik, konpromiso hori hartua baitzegoen 2009an Kopenhagen egindako COPetik”, idatzi zuen Parisko gailurra amaitu eta egun gutxira Juantxo Lopez de Uralde Equo alderdiko sortzaile eta Espainiako Greenpeaceko  zuzendari ohiak, Kopenhageko bilera hartan protesta entzutetsu bat egiteagatik atxilotua izan zenak. Bestalde, Parisko Hitzarmenean gradu eta erdiko igoera balizko helburutzat aipatzea keinu hutsa baizik ez dela azpimarratu dute askok, dagoeneko ezinezkoa delako betetzea, bihar bertan erregai fosilak erretzeari erabat utziko bagenio ere. Gogoan izan beroketa 0,8 ºC-koa dela jadanik.  

Hitzarmen ahula

Denbora igaro beharko da klima aldaketaren aurkako borrokan Parisko Hitzarmenaren jaiotza benetan –onerako– inflexio puntua izango den jakiteko. Eta izatekotan, horixe baino ez da izango: inflexio puntua. Akordioa bera ez baita nahikoa orain arteko bilakabidea –hondamendira garamatzana, ia zientzialari guztien esanetan– gelditzeko. Hitzarmenak ez du tresna nahikorik ezartzen beroketa globala 1,5 eta 2 ºC bitartean gelditzea lortuko dela bermatzeko; lausoegia da zenbait puntutan, eta borondatearen menpe uzten du estatu bakoitzak bere gas emisioak murrizteko egin beharreko ahalegina. Bestela esanda: akordioa ez da loteslea funtsezkoari dagokionez.

Klima aldaketarako irtenbideak eskatzeko mobilizazioa, Parisko gailurarren aurretik.

Benetako aurrerapausoak datozen urteetako gailurretan eman beharko dira, emango badira. Ez da erraza izango. Parisko Hitzarmenak, oro har, ontzat ematen ditu aurreko bi hamarkadetan arazoa konpondu ez baizik eta areagotu duten mekanismo guztiak. Eta haren pasarte askotan hidrokarburo ekoizleen eskua igartzen da. Haiei zor zaie, hein handi batean, akordioa lanabes ahulegia izatea klimaren erronkari aurre egiteko.

Horregatik esan zuen George Monbiotek “izan behar zuenarekin alderatuta hondamendia” dela COP21en adostu zena. Aldiz, The Guardian-eko kazetariak adierazi zuenean izan zitekeenarekin konparatuta arrakastatsutzat jo behar zela Parisko Hitzarmena, oso litekeena da Kopenhageko gailurraren porrot sonatua gogoan eduki izana. Azken batean, Pariskoa ez da izan Kyotoko Protokolo herrena ordeztuko duen akordio globala lortzeko lehenengo saiakera.

Guztiaren abiapuntua: Brundtland Txostena

1983an, planetaren krisi ekologikoaz jabetuta, Nazio Batuen Batzar Nagusiak erabaki zuen batzorde bat sortzea, ingurumen arazoen diagnostikoa egin eta hartu beharreko neurriak gomendatzeko. Batzorde hark 1987an eman zuen bere txostena, Gure etorkizun komuna izenburuarekin, nahiz eta, haren koordinatzaile nagusiaren omenez, Brundtland Txostena goitizenez ezagunagoa izan. Hor aipatu zen estreinako aldiz “garapen jasangarri” kontzeptua.

Brundtland Txostena 1992an Rio de Janeiron egindako Lurraren Gailurraren ardatza izan zen. Orduko hartan hiru hitzarmen adostu ziren, ingurumenaren hondatzeari aurre egitea xede: Dibertsitate Biologikoari buruzko Hitzarmena, Basamortutzearen Aurkako Hitzarmena eta Klima Aldaketaren inguruko Nazio Batuen Esparru Hitzarmena, UNFCCC ingelesezko siglekin ezagutzen duguna.

Handik hiru urtera, 1995ean, UNFCCCk bere lehen goi-bilera egin zuen, eta harrezkeroztik ez dio urtero antolatzeari utzi. Bilera horiei Kideen Biltzar esaten zaie, hau da, COP (Conference of the Parties). Gaur egun NBEko estatu guztiak dira UNFCCCko kide, baita Europar Batasuna ere.

Kyotoko Protokoloa

Lehen gailurrean deliberatu zen beroketa globala eragiten duten berotegi efektuko gasen (BEG) emisioak moteltzeko plana egitea. Emaitza 1997an adostu zuten, hirugarren COP bileran: Kyotoko Protokoloa. Akordio hark mugak ezarri zizkien 37 herrialde industrializaturi gas igorpenei zegokienez. Batzuek murrizketa egin beharko zuten, eta beste batzuei –Espainiako Estatuari, esaterako– emisioak handitzen utziko zieten baina muga baten barruan. Helburua, askoren ustez xumeegia, 2012rako BEG emisioak %5 gutxitzea zen, 1990ekoekin alderatuta.   

Begien bistakoa da Kyotoko Protokoloak porrot egin duela: jaitsi beharrean, CO2 eta enparauen isurketak igo egin dira. 2013koak %61 handiagoak izan ziren 1990ekoak baino. Arrazoi bat baino gehiagorengatik gertatu da hori. AEBek akordioa berretsi ez izana izaten da aipatuena, baina ez da bakarra, ezta garrantzitsuena ere.

Akordioak emisioak murriztera edo langa batetik gora ez handitzera derrigortu zituen 90eko hamarkadako herrialde industrializatuenak –AEBak izan ezik, noski–, baina ez zien inolako beharrik ezarri gaur egungo isurle handiena den Txinari, ez eta azken urteetan nabarmen hazi diren beste batzuei: India, Brasil... Komeni da gogoratzea horien emisioak handitzearen arrazoietako bat deslokalizazioak izan direla: herrialde aberatsetan egiten ziren prozesu industrialetako asko garapen bidean daudenetara eraman dira Kyotoz geroztik. Gainera, 2012an, Protokoloaren iraupena 2020ra arte luzatzea adostu zenean, akordiotik irten ziren Kanada, Errusia eta Japonia, besteak beste. Parisko Hitzarmena sinatu orduko, Kyotoko Protokoloan geratzen ziren herrialdeek –Europar Batasuna, funtsean– munduko emisioen %15 baizik ez zuten eragiten.

Bestalde, BEG emisioak zuzenean murrizteko, hau da, erregai fosil gutxiago erretzen hasteko planak egin beharrean, Kyoton zeharkako –eta kasu gehienetan, zalantzazko– mekanismoak ezarri ziren, alde batetik isuritakoa bestetik orekatzeko. Mugimendu ekologistak “soluzio faltsu” esaten die halakoei. Geroago azalduko dugunez, mota horretako sasi-konponbideak oinarrizko osagaiak dira Parisko Hitzarmenean ere.

Milaka lagun mobilizatu ziren 2015 urte osoan zehar klima aldaketari benetako konponbidea eman dakion eskatzeko. COP21 goi-bilerak iraun bitartean Parisen egin ziren mobilizazioetarako deitzaileek alternatiba irudimentsuak bilatu behar izan zituzten, azaroaren 13ko atentatuen ostean Frantziako Gobernuak manifestazioak egitea debekatu baitzuen. (Argazkia: Eric Gaillard / Reuters)

Kopenhageko saio ustelaren ondorioak

Nazioarteko agintariak 2009ko gailurrean (COP 15) elkartu zirenean, Kopenhagen, Kyotoko Protokoloaren ordezkoa adostea zuten xedea, hura handik hiru urtera agortuko zen eta. Bilera porrota izan zen, ordea: inor ezertara behartzen ez zuen adierazpen politiko bat besterik ez zen adostu, beroketa bi gradura mugatzeko akordio ez-loteslea barne. Hurrengo urteetan, luzamendu eta adierazpen hutsal ugari eta aurrerapauso gutxi egon ziren.

Azkenean, akordio berria hartzeko unea Parisko COP21 izango zela iragarri zuen UNFCCCk. Akordioa, Kyotokoa ez bezala, globala izan zedin saiatuko zirela ere aurreratu zuten. Beroketa globalaren errudun historikoek, AEBek batez ere, planeta hozteko erantzukizuna denen artean banatzea nahi zuten.  

Bestalde, Kopenhagen gertatutakoaren ondorioz ikuspegia erabat aldatu zen klimari buruzko nazioarteko negoziazioetan. Ordura arte, erabakiak goitik behera hartzen ziren, hau da, UNFCCCk esaten zuen herrialde bakoitzak zer helburu bete behar zuen, bakoitzaren garapen mailaren arabera erantzukizunaren zama orekatuz, teorian behintzat. Kopenhagez geroztik, konpromisoak behetik goranzkoak dira: herrialde bakoitzak erabakitzen du zer egingo duen, eta UNFCCCri jakinarazten dio. Konpromiso horiei INDC (Intended nationally determined contributions) esaten zaie, eta oso heterogeneoak dira: estatu bakoitzak aukeratzen du bere planen epemuga, baita gas emisioak neurtzeko erreferentziazko urtea ere. 2014ko gailurrean, Liman, estatu guztiek beren INDCak beranduenez 2015eko urriaren 1erako aurkeztea adostu zen, Parisko COP21 erabakigarria iritsi orduko NBEk jakin zezan zein agertokitan geunden.

Urgentzia klimatikoa

Kopenhage eta Parisko gailurren artean, beste sei urte galtzeaz gain, gauza garrantzitsu bat gertatu zen: gaiari buruzko adituak biltzen dituen IPCC erakundeak, 2013 eta 2014an zehar emandako txostenean, ohartarazi zuen klima uste genuena baino azkarrago aldatzen ari dela, eta horren ondorioak aurreikusitakoak baino latzagoak izango direla. Premiazkoa da neurriak hartzea, eta batik bat karbonorik gabeko ekonomiarantz joateko urratsak ematen hastea; hori izan zen klimatologo eta abarrek eman ziguten mezua.

Zientzialarien aldarriaren larritasunak areagotu egin zuen Parisko hitzordua une historikoa izango zelako sentsazioa. Klima aldaketaren erronkari heltzeko unea zen; akordio eraginkorra lortzeko azken abagunea izan zitekeen, hamarkada bi alferrik galdu ostean. Baina gizarte zibileko sektore asko, bereziki talde ekologistak, ez ziren fio gobernuek agertutako asmo onez, eta mobilizatzera deitu zuten. Kopenhageko gailurrean plazaratutako leloak protagonismoa berreskuratu zuen 2015ean: “Sistema aldatu, ez klima”.

Debekuak debeku, mobilizazio erraldoia Parisen

Zentzu horretan, aipatzekoa da Euskal Herriak egindako ekarpena. Bizi! mugimenduak asmatutako Alternatiben Herriaren formulak arrakasta ukan du, eta dagoeneko 400.000 pertsona inguruk parte hartu dute Alternatiba izenpean –euskarazko “b” eta guzti– egindako mobilizazio ugarietan, Euskal Herrian bezala Europako zenbait herrialdetan, Frantziako Estatuan batez ere. Besteak beste, “sistema aldatu” esaldia egunerokoan nola gauzatu erakusten duten esperientzien erakusleihoak izan dira Alternatiben Herriak. Euskal Herrian jendetsuena urriaren 24an Bilbon egindakoa izan zen.

Dagoeneko 400.000 pertsona inguruk parte hartu dute Bizi! mugimenduak asmatutako Alternatiba izenpeko mobilizaziougarietan, Euskal Herrian bezala Europako zenbait herrialdetan. Argazkian, 2015eko urriaren 10 eta 11n Donibane Garazin egindako Alternatiben Herria. (Argazkia: Bizi!)

Bizi!-ko kide zenbait egongo zen, zalantzarik gabe, COP21 egin bitartean Parisen bildu ziren milaka lagunen artean. Azaroaren 13ko atentatuen ondorioz Frantziako Gobernuak ezarritako debekuak ahal bezala saihestu eta mobilizazio handien bidez klima aldaketari buruzko akordio ausart eta eraginkorra galdatu zuten. Beste askok gauza bera egin zuten beren sorterrietan. Beldur baitziren aurreko hogei urteetako planteamenduei eutsi eta munduko gobernuek akordio urardotua sinatuko zutela. Ez zebiltzan oker.     

Gailurraren abiapuntua bera ez zen onena. Estatuek aurkeztutako emisio asmoek –INDC ospetsuak– 2,7 eta 3,7 ºC bitarteko tenperatura igoerara garamatzate mende amaierarako, NBEren kalkuluen arabera. Kopenhagen ezarritako –eta azkenik Parisen berretsitako– bi graduko igoeraren mugaren gainetik nabarmen. Zientzialariak ez dira gai horren ondorioak zehazki aurreikusteko, baina uste dute gaur ezagutzen dugun zibilizazioa bateraezina litzatekeela hain tenperatura igoera handiarekin. Hori da saihestu behar den hondamendiaren neurria.

AEBen betoa

Gauza bat argi zegoen COP21 hasi orduko: akordioa globala izateak ez zuen esan nahi ahalik eta herrialde gehienen artekoa izan behar zela bakarrik; gainera, ezinbestekoa zen AEBak barruan egotea. Kyotoko hutsegitea ezin zen berriro gertatu. Halaber, nekez joko zen arrakastatsutzat Txinarik gabeko akordio bat. Kyotoko Protokoloa adostu zen sasoitik euri asko bota du, euri azidoa barne, eta orduko hartan murrizketaz salbuetsitako Txina munduko txapelduna da orain gas berotzaileak igortzeari dagokionez.    

Gauzak horrela, begien bistakoa zen potentzia horiek negoziazioetan eragiteko ahalmen handia izango zutela, gailurraren laugarren egunean frogatu zen bezala. AEBek garbi esan zuten ezin izango zutela sinatu “lotesle” hitza zeukan akordiorik, bere Senatuak ez zuelako inola ere onartuko. AEBen betoa realpolitik dosi mingarria izan zen, batez ere gailurra hasi aurretik akordioa loteslea izango zela aldarrikatzen zuten Europar Batasunarentzat eta herrialde pobreenentzat.

Onartezina zatekeen AEBak klima akordio batetik kanpo geratzea bigarrenez, eta beraz Washingtonek ipinitako baldintza irenstea beste erremediorik ez zuten izan gainerako estatuek. Ondorio nagusia da INDCak ez direla lotesleak izango. AEBen lehenbiziko garaipena orekatu eta Europaren ohorea salbatze aldera, goi-bileraren hurrengo egunetan adostu zen herrialde bakoitzak bere konpromisoen aldizkako berrikuskapenak egin beharko zituela –azkenik, bost urtero egitea erabaki zen–, beti ere aurrekoa zorroztuz. Horrez gain, gardentasuna ziurtatzeko bitartekoak ere ipini ziren. Baina kaltea eginda zegoen.

Borondatezko eta anbizio txikiko konpromisoak

Makillajeak makillaje, akordioaren muinetako bat zeharo ahuldu zuen AEBen jarrerak. Gas emisioekiko konpromisoak behar bezain gardenak izango dira, eta akaso behar bezain handinahiak ere –nahiz eta hori ikusteko dagoen oraindik–, baina Parisko Hitzarmenak ez du sortu haiek betearazteko mekanismorik. Borondatean oinarritutako akordioa da. Laurent Fabius Frantziako Kanpo ministroa, COP21en presidente lanak egin dituen gizona, baikortasunezko mezua zabaltzen saiatu zen gailurraren ondoko egunetan: “Alde guztiek beteko dituzte beren konpromisoak, bestela izugarrizko presioa jasango luketelako, bai etxe barruan bai nazioartean”. Aldez aurretik lasai zeudenak baino ez ziren lasaitu hitzok entzunda.

Parisen ez zen adostu INDCak betearazteko mekanismorik, eta aldarazteko ere ez. Esan nahi baita gailurraren aurretik geneukan hiru gradu inguruko beroketa globalaren zerumuga daukagula COP21 amaitu eta gero. Parisko Hitzarmenaren atariko testuan –balio legal ahulena dauka zatian– onartzen da hori horrela dela, are gehiago, aitortu egiten da kezkagarria dela Hitzarmenak jarritako helburuaren eta estatuek proposatutakoaren arteko “alde nabarmena”. Nola egingo zaio aurre horri?

Zehaztu gabeko epeak

Konpromisoak betetzen ez dituena zigorrik gabe geratuko da, baina gainera  klimaren akordio berriak ez du oso garbi esaten zeintzuk diren bete gabe utzi ahal izango diren konpromiso horiek. Hitzarmenaren testuan irakur daiteke INDCen lehen berrikuspena 2023an egingo dela, askoren iritziz oso berandu. IPCCko zientzialariek emandako azken txostenaren arabera, berriz, beroketa bi gradutik beherakoa izatea posible izango litzateke guztizko emisioak 2020an murrizten hasiz gero… edo asko jota 2030ean –IPCCk probabilitateaz hitz egiten du beti; murrizketa 2030ean hasiz gero, probabilitatea askoz txikiagoa izango da noski–.

COP21en bigarren astean, Avaaz mugimenduak zazpi “klima kriminalen”  argazkiak zituzten milaka afixa ipini zituen
Parisko karriketan. Salatutakoak erregai fosilen industriako eta klima aldaketa ukatzen duten taldeetako kideak ziren.
Avaazek salatu nahi izan zuen pertsona horiek akordio eraginkorra lor ez zedin klimaren gailurrean egindako lana. (Argazkia: Avaaz)

Zer dio Parisko Hitzarmenak? Bada, estatu bakoitza “ahalik eta lasterren” iritsi beharko dela bere berotegi efektuko gas igorpenen gailurrera. COP21en hasierako zirriborroek zioten 2050. urterako emisioen %40 eta %95 bitarteko murrizketa lortu behar zela –erreferentziatzat 2010 hartuta–, baina helburu horiek ez dira ageri behin betiko testuan.

Ez da harritzekoa klima aldaketa aztertzen duten zientzialari ugarik akordioaren funtsik eza kritikatu izana. Bereziki aipatzekoa da, sinbolismoagatik besterik ez bada ere, James Hansen NASAko langile ohiak Parisko Hitzarmenari egindako kritika gogorra. Hansen, arazoaz publikoki hitz egin zuen lehenengo zientzialarietako bat, klima aldaketarekiko kontzientziaren aitatzat jo izan da. Haren esanetan, konpromiso hutsalak besterik ez dituen iruzurra da COP21en adostutakoa.     

Ez bilatu “erregai fosil” hitzak Hitzarmenaren testuan

AEBak izan dira COP21eko garaileak, baina ez eurak bakarrik. Analista askok azpimarratu dute hidrokarburoak esportatzen dituzten herrialdeen nahiak eragin handia izan duela akordioaren behin betiko idazkeran. Alferrik ibili dira zientzialariak ekonomia deskarbonizatzen hasteko gomendioa egiten. Petrolio ekoizleen eta enparauen presioaren ondorioz, erregai fosilak erretzeari uztea ez da aipatua Parisko Hitzarmenean, haien konbustioa izan arren klima aldaketaren zergatia. Izan ere, “erregai fosil” terminoa bera saihestu da testuan. Horren ordez, igorritako eta xurgatutako karbonoaren arteko orekara heltzeko helburua jarri da XXI. mendearen erdialderako.    

Hitz lauak erabilita, horrek esan nahi du orain arte egindakoa egiteko baimena ematen duela akordioak, baina modu horretan CO2 eta beste gas berotzaile batzuk ipiniko direnez atmosferan, gas horiek kentzeko bitartekoak garatu behar direla. Alegia, xurgatzaileak. Karbonoa eguratsetik kentzeko ahalmena duten soluzioen artean basoak aipatzen dira –Kyotoko Protokoloari lotutako basoekiko politikak mesede baino kalte gehiago egin dutela ez da kontuan hartu, nonbait–, baita karbonoa atxiki eta gordetzeko teknologiak ere. Teknologia horiek, ahots kritikoek behin eta berriz esaten dutenez, garatu gabe daude, eta ez da segurua garatuko direnik, ez eta garatzekotan garaiz iritsiko direnik ere.

Jarrai dezagun fosilak erretzen

Esan gabe doa COP21en aintzat hartua izateko inolako aukerarik ez zuela izan  zientzialari eta gizarte mugimenduko elkarte askok aspalditik egiten duten eskari batek: ezagutzen diren hidrokarburo erreserben %80 lurpean uztea. “Arazoa da petrolioa [ustiatzea] merkea den bitartean, daukaten herrialdeek ez dutela lurpean utziko”, dio Unai Pascual Basque Centre for Climate Change-ko (BC3) ikerlariak. “Nork aginduko dio nori hala egiteko, zientzialariek ezinbestekotzat joko balute ere? Ez dago horretarako mekanismorik”.    

Dena biribiltzeko, Parisko Hitzarmenak ez du konpondu Kyotoko Protokoloaren hutsune historiko bat: azken hogei urteetan gertatu den bezala, nazioarteko nabigazioak eta abiazioak eragindako emisioak ez dira kontabilitatean aintzat hartuko, igorpen guztien %8 izan arren.             

Herrialde garatuenek pobreenei eman beharreko finantzazioaz den bezainbatean, funtsezko erabakiak hartzeke geratu ziren Parisen. Aspaldiko konpromisoa da estatu aberatsek dirua jartzea nazioarteko funts batean –2020tik aurrera urtero 100.000 miloi dolar beharko direla kalkulatu da, eta seguruenik ez da nahikoa izango–, gainerakoei laguntzeko bai karbono emisio gutxiko garapen planak egiten, bai dagoeneko saihestu ezin diren klima aldaketaren ondorioei egokitzen. Zalantzan geratu zen nola ordainduko diren saihestezinezko kalteak. Estatu ahulenen lorpena izan zen akordioan gaia aipatzea; AEBena, berriz, alor horretan derrigorrezko konpromisorik ez ezartzea.  

Eiffel dorrea, tenperatura globalaren igoera gradu eta erdian geldiarazi dadin eskatzen duen proiekzio batekin.

Hau ez dute estatuburuek konponduko

Munduak badu bere akordio globala, estatubatuar historikoki uzkurrak ere barne dituena, baina Kyotoko Protokoloaren hutsegite nagusia errepikatzen duena: Parisko Hitzarmenak, klima aldaketa eragiten duten sakoneko arrazoiei heldu beharrean, Mendebaldeko sistema ekonomikoak denon atmosferan dituen ondorioak adabakiz estaltzeko plan lauso bat besterik ez du proposatzen. 2015 inflexio-puntua izango bada klima aldaketaren aurkako borrokan, Hitzarmenaren hutsaltasunak eragindako herritarren erreakzioagatik izango da seguruenik.

Hemen aztertzea luzeegi joko lukeen arrazoiak medio, ez da egon, orain arte, klima aldaketaren alorrean lan iraunkorra egin duen nazioarteko mugimendu sendorik, baina hori alda daiteke. Batetik, gero eta ugariagoak dira munduan barrena hidrokarburoak erauzteko proiektu zehatzei oldartzen zaizkien komunitateak. Eta zenbait kasutan garaipenak lortu dituzte, Euskal Herrian ondo dakigunez. Pixkanaka, erresistentzia mugimendu horietako asko  testuinguru globalean kokatuz doaz beren borrokak. Alegia, klima aldaketaren eremuan. Hala uste du behinik behin Naomi Klein kazetari eta aktibista quebectarrak.

Kleinek This changes everything (Honek dena aldatzen du) liburua argitaratu zuen 2014an. Bertan defendatzen duen tesi nagusia honakoa da: klima aldaketaren erruduna kapitalismoa denez, haren aurkako borroka aukera paregabea izan daiteke gaur egungo sistema ekonomikoa eta hari lotutako bidegabekeria gainditzeko. Bestela esanda, klima aldaketa izan daiteke mundu desberdin bat nahi duten guztien asmoak lotzeko haririk hoberena. Horren froga argia izan ziren 2015ean Euskal Herrian egindako Alternatiben Herriak, urrunago joan gabe. 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Aktualitatearen Gakoak 2016
Aktualitatearen Gakoak
Abiadura biziko aktualitateari begiratu lasai

Urtea hastearekin batera eta 2016ko urtarrileko estiloari jarraituz, pasa den urteari begira jarri, aztertu eta datorrenari zer begirekin so egin asmatzen ahalegindu dira ARGIAko hauek Aktualitatearen Gakoak kazetaritza liburuxkan. Ez profeta izateko desirarekin, 2017an izango... [+]


Etorkizuneko eredu ekonomikoa gure artean dugu

Europan sistema ekonomiko feudala hegemonikoa zen garaian, itsasotik hurbil zeuden hiri askotan beste egiteko modu batzuk lantzen hasi ziren, batez ere itsas komertzioarekin lotutako salerosketek eragindako kapital metaketari esker. Orduan landu ziren banaketa, ekoizpen eta... [+]


2016-03-10 | Eduard Voltas
Katalunia independentziarantz
Prozesuak jarraituko du

Kataluniak bere etorkizunaz erabaki dezakeen subjektu politikoaren ideia katalan gizartearen hezur mamiraino sartua da, independentismoaren mugetatik askoz harago. Espainolismo atzerakoienak bakarrik arbuiatzen du, PPk eta Ciudadanosek.


2016-03-09 | Jon Torner Zabala
Futbola ere lapurtu ez diezaguten

Ez gara gu izango kirol profesionalak jasotzen dituen laguntza publikoak justifikatuko dituztenak. Alde positiboago batzuei heldu nahi izan diegu ordea, pelotazo urbanistikoak edota petrodolar exotikoak ikur dituen futbolaren aurpegi humanoagoa erakusten dutelakoan.


Kutxabanken erronkak

Burtsara irteteko borondatea atzeratuta, bankuak hainbat erronkari egin beharko die aurre: kapitalen premia, araudi gogorra eta jabetza. Zer egin nahi dugu Kutxabankekin?


LOMCE
Hezkuntza hankaz gora jarri nahi izan duen legea

2015ekoa bakarrik ez, azken lau urteotako protagonista izan da LOMCE legea Hego Euskal Herrian: hezkuntza mundua astindu eta ekitera behartu ditu eragile eta instituzioak. 2015ean, hori bai, amesgaiztoa buka zitekeela pentsatu du askok, itxaropena Espainiako hauteskundeen... [+]


2015eko dinamika sozialaren kronika

Heterogeneotasunak freskotasuna dakar eta burujabetza prozesuari adierazle berriak eskaintzen dizkio.


Deuseztatu daiteke enpresa transnazionalen inpunitatea?

Globalizazio neoliberalak ekarri duen agertokian enpresa transnazionalek gero eta botere handiagoa metatzen dute, dela euren dimentsio ekonomiko handiagatik, dela gobernuetan eta nazioarteko finantza erakundeetan eragiteko duten gaitasunagatik. Botere hori inpunitatearen... [+]


Kultur Hiriburuaren aldirietan

Eta konturatzerako 2016an gaude, Europako Kultur Hiriburua da Donostia, gertakizunak urte osoko titularrak beteko ditu. Foku handitik kanpo ere kultura asko dago, dena den. Eta hor mugitzen denak ibilbide luzeagoa izango du segur aski urteko ebentoak baino.


Oinarrizko errenta unibertsala ez da fikzioa

Oinarrizko Errenta Unibertsalaren (OEU) definizioa argi izatea da gakoa: inolako baldintzarik gabe.


Tortura
Iluntasuna oraindik nagusi

Nazioartea gero eta estuago hartzen ari da Espainiako Estatua, tortura salaketak ikertu eta horiek saihesteko neurriak har ditzan. Besteak beste, inkomunikazio erregimenaren “abolizioa” eskatu du NBEren Torturaren Aurkako Batzordeak 2015ean. Baina mugimenduak oso... [+]


Neokolonialismoa Europar Batasunean

Euroaren Europan soberania botere ekonomikoek dute, batez ere herrialde periferikoetan.


Gizarteratze eta integrazio on baten alde

Aniztasuna ez da berez ona edo polita, edo txarra eta itsusia. Aniztasuna preziatzen dugu onerako denean.


2016-02-18 | Mikel Asurmendi
Aktualitatearen gakoak
Frantziako Estatuaren berregituratzea eta krisia, biak batera

Frantziako Estatuko eskualdeek mapa berria osatzen dute 2016ko urtarrilaren 1etik aitzina. 22 eskualde (erregio) izatetik 13 izatera pasa da Hexagonoa. Aldaketak euskal herritarrei ere eragin die. Akitania eskualdea zena, Akitania-Limousin eta Poitou-Charentes bihurtu da. Ipar... [+]


Hauteskundeak
Nafarroa: Erregimena erori zenekoa

Hauteskundeen esparruan Nafarroako aldaketa instituzionala izan da 2015ak utzitako berririk esanguratsuena. EAJren nagusitasuna ere nabarmentzekoa izan da eta baita Ahal Duguren azaleratzea. Epe eta produkzio kontuak tartean, ondoko kronikak ez ditu kontuan hartzen Espainiako... [+]


Eguneraketa berriak daude