Kazeta.eus hedabideak elkarrizketa egin dio Hirigarairi Irulegiko Irratia utzi berritan. Baigorriarrak ia 40 urte egin ditu irratigintzan. Hiru urtez Radio Adourren aritu zen eta ondoko 36 urteak Irulegiko Irratian egin ditu.
Sorkuntza eta umorea uztartuta, ‘Petzero’ irratsaioa izan da berak ondutako saio entzutetsuena.
Ia lau hamarkadaz lanean arituta, irratigintzan izandako aldaketak bertatik bertara ezagutu ditu. Lanean hasi zenean, Irulegiko Irratia bakarrik zela adierazi dio kazeta.eus-i eta ondoren sortu zela Euskal Irratien federazioa. Gogoan du federazioa sortu zenean nola hainbat entzulek hurbiltasuna galtzeko beldurra izan zuten. Digitalizazioa ere bete-betean harrapatu du baigorriarrak eta aitor du kosta zaiola garai berri horietara moldatzea.
80ko hamarkadako garai politiko gogorrak ere gogoan ditu. Kazeta.eus-i kontatu dio irratiaren egoitzan polizia sartu zenekoa eta Jojo Bidartekin batera komisaldegira eraman zutenekoa.
Azken urteotan Irulegiko Irratian urte luzez aritu diren hiru esatarik utzi dute irratia: Jojo Bidartek, Bernadette Argainek eta Hirigarai berak. Baigorriarra Irulegiko Irratiaren etorkizunaz baikor da, beste figura batzuk gelditzen direla uste du eta aitortu du bera higatzen hasia zela eta gazteek hats berria ekarri dutela.
Pantzo Hirigaraik 2002an jaso zuen Argia Saria irratia atalean.
Frantziako Gobernuak aurkeztu duen 2025eko finantza lege-proiektuaren arabera, irrati elkarteek jasoko duten laguntza ekonomikoa %35 murriztuko da. Murrizketak, hamar milioi euro gutxiagoko diru-laguntza jasotzea suposatuko luke. Irratien elkarteak esan du "lurraldearen... [+]