Durangoko Azoka

2024ko abenduaren 06an - 20:00
Azken eguneraketa: 2024-12-07 18:49

[Hemendik gatoz: Osteguna]

09:00ak ere ez dira. Jakinarazpen batek mugikorraren pantaila piztu du.

A AMA: Iraitz, laztana, zer moduz egin duzu lo Lurren etxean? Gustatu zitzaizuen ikusitako pelikula?

Hasperen txikia eginda, aparatua itzaltzeko botoitxoari eman dio Iraitzek.

-Zer, zure ama? –albotik Ametsek–. Ba begira, nireak madalena goxoak prestatu dituela uste dut. Atzo jo eta fuego aritu zen horretan. Egongo dira pare bat bakoitzarentzat.

Ziztu bizian altxa da Amets ohetik. Etxeko zapatilak jantzi ditu, ziurrenik pijamarekin erabiltzen duen eta Xe Ibilaldia 2023 ipintzen dion jertsea sorbaldan hartu du, Ondarroako festakoa, eta, begirada hutsez, mugitzeko esan dio Iraitzi. Kasu egin dio. Baina bere abiadan, mantsoago, hasi da altxatzen. Gelako atea ireki eta saltoka jaitsi ditu eskailerak Ametsek, eta une hori baliatu du Iraitzek mugikorra begiratu, amaren mezua zabaldu, eta bale, stop egiteko. “Ezin diot esan orain Abadiñon nagoela”, pentsatu du.

IRAITZ: Egun on, ama. Bai, ongi pasa genuen. Eta pelikula, ona ere bai. Gauzatxo bat esan behar dizut –hamar segundokoa iruditu zaion segundo erdiko pausa egin du–.

Lur eta bere gurasoak Durangora joatekoak dira gaur, eta galdetu didate ea haiekin joan nahi dudan eguna pasatzera. Eske Izarok diskoa sinatzea nahi dut, badakizu, Gabonetako espeziala atera duela... eta atzo kristoren ilara zegoen, hainbeste ume zeuden, ez nuela lortu... Ongi iruditzen zaizu? Iluntzean etxeratuko naiz, bale? Muxu!

Hasperen txikia egin badu lehen, gutxienez haren hirukoitza egin du orain. Amak segituan erantzun dio OK-arekin. Hatz lodia gorantz, alegia. Idazten, dio mugikorrak. Beno, typing, hori baita gailua euskaraz konfiguratuta edukitzea. Eta gorde du poltsikoan. Ja ezer gutxi axola zaio amak zer gehiago daukan esateko.

Madalena pare bana hartu, atarian gurutzatu duten bizilagunaren zakurrari laztan pare bat egin dizkio Ametsek, jabeari “aguuurrrr” irribarretsu eta ozen bat esan eta saltoka irten dira biak kalera. Ez dakite argi nora, baina kalera. Seguruenik Durangora. Hiru bat kilometroko paseo polita dute aurretik eta adostu dute bideko kafetegi super-on batean, Durangora heldu eta berehala dagoenean, hartuko dutela cola-caoa napolitana banarekin. Bollo egin berriak, txokolate bero eta likatsuarekin barruan... Mmmmm!

Mugikorra begiratu du, badaezpada.

A AMA: Ondo pasatu, maitia. Asko maite zaitut! [muxua X3 eta bihotza X1].

IRAITZ: Nik ere bai, ama [muxua X3].

Eta mugikorra eskuan, aitzakia sentitu du Ametsi esateko, pixka bat lotsaz, 12:30ean den liburu-aurkezpen batera joan nahiko lukeela, irakurri zuelako duela gutxi zera...

-Ba nik 11:00etako honetara joan nahiko nuke –Ametsek, Iraitz hizketan hasi bezain pronto, eta mobila aterata, pantaila desblokeatu du–. Korto bat-edo egin duela uste dut tipa honek... Ane Berriotxoa, tipa super-maja, BTN-en ikusi nuen.

Buruarekin zein hitzez, baietz dio Iraitzek. Barnerako dio: “Ala ke guay, matx egiten dugu zaletasunetan”.

Ba, harantz, express gosaria hartu ondotik, harantz joan dira, Zugaza zinemara, atzo Iraitzek lo hartu zuen lekura. Elkarren alboan hartu dute eserleku eta gozatu dute ikuskizunaz.

Goizeko 11:00ak eta hor isuri diren malkoak, ostiral jaiegun goiz honetan, ez dira anekdotikoak soilik izan. Hunkigarria izan da oso. Bere amari buruzko kontakizun bat egin du Ane Berriotxoak Nire amaren etxea izeneko film laburrean. Hitzik apenas, off ahots bat baino ez, baina isiltasunari eman dio hitza Berriotxoak. Bere amari aitortza eta barkamen bat egiteko modua izan dela esan du egileak. "Eta ni hemen, nire amari gezurra esaten", pentsatu du Iraitzek. Gaizki sentitu dela esatea ez da gutxi, hainbeste negar malko horien artean.

 Durangoko Azoka

Jaiegun arrotza, baina eztabaidan ipintzen ez den egun eta zubi horietakoa da abenduaren 6a. Horrela, Iraitzentzat eta Ametsentzat ere errazagoa da oharkabe samarrean igarotzea, hainbeste jende tartean. Beno, Iraitzentzat behintzat. Bere burua justifikatu nahian bezala baitabil. Ez luke esan gura “atzo ihes egindako ikaslea” denik, ezta “15 urteko friki hori” sentitu ere. Baizik eta, gaurko jaiegunean biltzen den jendetzak horretan lagun dezake, kanpotik ikusita pentsatu nahiko luke bi lagun direla, gurasoekin Durangora joanak, baina bakarrik eguna porai ibiltzeko askeak, helduak. Eta beno, jende artean oharkabean igarotzeak, begiak malkotan eduki dituela jende "ezagunari" erakustea, ez luke gustuko izango inork; gaurko jendetzak errazten dut pertsona bat gehiago izate hori, bederen.

-Taloa gero, e, bazkaltzeko-edo. Goierrikoenean. Esan didate hobea dagoela. Zer hartu zenuen atzo, Iraitz?

-Gazta eta hirugiharra. Baina ez zitzaidan asko gustatu. Beno, ez zegoen txarra, baina pixka bat soso.

-Txorizoarena hartu behar da... Ikasiko duzu! –besoaz lepoaldea inguratu dio, besarkada-edo eman, eta urduritu egin da Iraitz–. Benga, goazen Ernauxen liburu aurkezpenera.

"Ernaux bera hemen egongo balitz, zer esango ote luke gutaz", Iraitzek. Nola ikusiko lituzkeen, alegia. Normal ikustetik harago, diot. 

Jende gaztea badago, behintzat, Idazketa labana bat da liburuaren aurkezpenean. Beno, zer nahi duzue bada, itzultzailea bera, Leire Lakasta, unibertsitatea amaitu berria da. Edo amaitzen ari da. "Ondo kolatuta gaude hemen", beraz.

Jendez bete da azokaren alde batean dagoen plastikozko bunkerra, ageri-ageriko bunkerra. Gogoetatzeko bunkerra, ez ezkutatzekoa. Solasaldi interesgarria egin dute Lakastak eta liburuaren editore Hedoi Etxartek, Katakrakekoak, besteak beste Annie Ernaux idazlearen figuraz, izateaz, jardun politikoaz...

-Ah, tipa hau ezagutzen dut.

-Amets, ixo, edo baxuago... hizketan ari dela...

-Bai, zera, ikusi nuen Instagramen –eta mugikorra atera du. “Isilduta edukiko ote du!”, pentsatu du Iraitzek–. ARGIAn egin zioten elkarrizketa. Begira ze argazki ederrak.

-Bai, bai... Irakurri nuen. Baina hitz egingo dugu gero horretaz, bale?!

Email bidezko mezu-truke bat da Idazketa labana bat da liburua. Idazle frantziar batek galderak egin zizkion Ernauxeri, idazteko moduaz ez ezik, baita bere obra ulertzeko maneraz ere; eta Ernauxek erantzun, luze eta zabal, ongi gogoetatuta. Idazle fina Ernaux, baina ez oso-oso maitatua idazle frantziarren ingurumarian: ez zen idazle paristar burges ohikoa, sinpleki esanda; Etxarteren hitzetan.

Duela hogei urte baino gehiago jazo zen mezu-truke hori, eta ondo gorde dira historiarako. Idazketa jardun politikoa dela dio Ernauxek, baina ez dela, ezta ere, kapa superboteredunik duenik ere, eta ezin dela horretara mugatu ere. Baina funtzio politikoa duela, edo izan behar duela, idazteak bera.

Lakastak egin ditu azalpen horiek, pasio izugarriz, eta Iraitzi barnean sortu zaion grina ez da nolanahikoa izan. Umemoko batek beste umemoko baten izozkia ikusten duenean eta "nik hori nahi dut" esatean bezalaxe; aurpegi horrekin begiratzen zion Iraitzek idazle gazteari. Eta Lakastak esan du: "Ilusioz eta mimoz hartu dut liburua, eta presio pixka bat ere sentitu dut, baina uste dut, zintzo esanda, borobila geratu dela". Hara. Ama, itzultzaile izan nahi dut. Esan nahi baita: Gasteizera joan lau urte bizitzera.

 Durangoko Azoka

Benga, talo bila. “Eta gero barrura, arren, hotz dagoela hemen kanpoan, eta ez dela inor egongo azokan oraintxe”. Ez da boz goran esatera ausartu. Eske pixka bat haserretu da Amets, edo hala uste du behintzat. Aspertu da hitzaldian, hala dirudi. Eta hori ordu erdi baino ez dela izan. Edo gosea izango da akaso, nekea. Orduan, orain Ametsek kanpoan geratu nahiko badu zigarroa erretzen, ba aguantatu beharko egiten duen hotza eta euri zirimiri bustia.

Baina behin jana eskutan, mokadutxoak emanda, dena hobeto joaten da. Adio bestelako problemei. Beno, ez erabat. Iraitzen hotzak hor jarraitzen du. “Barrura, arren”. Orduantxe egin du proposamena Ametsek: Nize talde bilbotarrak diskoa aurkezten duela oraintxe, 14:30ean.  “Behintzat barruan da!”. Eta Iraitzek, hargatik, baietz esan dio. Ez dituela ezagutzen, baina entzungo lituzkeela une honetantxe bertan. Nize, Mice... nahasgarriak iruditu zaizkio.

Egia esan, ez zuen halakorik espero. Harritu da, musika zerbait gogorragoa entzutea espero zuelako, hardcore pixka bat-edo. “Eske Nize, iruditeria eta janzkera horrekin... izan zitekeen beste zerbait”. Baina beno, ondo, gustatu zaio. Eta antzekotasunik hartu dio Ithaka taldeari. Abeslariaren kantatzeko modua, gitarrak eta doinuek duten pisua... Bazen hor zeozer.

Eta zer pentsatua eman dio: bi taldeetan, emakumeak abeslari aritu ez ezik, gehiengoa ere badira. Beno, Nizen ez, baina protagonismo aldetik bai. Eta gizonak alborago, baina badute presentzia. Jendeak esaten duenean “emakume-taldea” da, hauei buruz ari al da? Edo huts-hutsez emakumez osaturiko taldeak sailkatzen dira hor?

Ametsekin partekatu du gaia. Segituan harrapatu dio:

-Eta “gizonezko-taldea” al da, lau gizon eta emakume bat dagoen taldea? Ala huts-hutsez gizonezkoz osaturiko taldea behar du izan?

Pentsakor utzi du Iraitz, eta mamira gehiago jo du Ametsek.

-Klaro, eske emakume bat egotea aski baldin bada, berdin du ze portzentajetan, kategorizazio horretan sartuko genuke Raimundo ere.

-Gizonak eta oholtza gaineko gizonkeria, hori nola apurtu Amets, gizonek ere egin beharko dute zerbait...

-Jakina baietz, bai. Eta ari dira, baina ezin ditugu ere ari direnak erabat zuritu. Irakurri zenuen, mobida lehertu zenean, Mijo Lizarzaburuk idatzitako artikulua? Gustatu zitzaidan bertan zioena, gizontasuna pribilegio eta zapalkuntza bide direla, jarrera bat baino gehiago.

-Bai, irakurri nuen. Eta Aner Peritzena ere bai. Antzekotik zihoan. Joe, ze mobida sortu zen egun horietan.

Zigarroa piztu du Ametsek. Ozta-ozta piztu ere. Haizeak gogotik jo baitu ustez babesleku zen arkupean.

Lau zupada eman dizkio zigarroari eta bitarte horretan ez dute hitzik egin. Bada denbora hori. Mugikorra atera du Iraitzek, eta Euskotrenen webgunean sartu da, tren-ordutegiak begiratzera. Ametsek begia luzatu eta ikusi du zertan ari den.

-Etxera itzuliko zara? –esan dio Ametsek, zigarroa zupatu eta kea botatzen duen bitartean–. Uste nuen gaur ere lotara geratuko zinela.

-Ya... Baina... –ez da atrebitu esatera amari gezurra esana diola eta gaizki sentitzen dela horregatik–.

-Bale, lasai. Hotzez ikusten zaitut, eta erabakia hartuta, gainera. Ez naiz zu konbentzitzen ahaleginduko. Topatuko dut no-nor hemendik.

-Mmmm bbaai?

-Benga, aio. Hurren arte.

Gehiagorako astirik izan gabe, buelta erdia eman eta han joan da Amets, kalean gora. Bere urratsei so geratu da Iraitz. "Hitz egingo dugu" bat falta zen. Eta Iraitzi ez zaio hitzik irten. Ez zaio justua iruditu ezta ere. Baina ez da kobla horrekin geratu, justua ala ez-justu, “aio” lehor horrekin baino ez.

Eternitatea iruditu zaion segundo parearen ostean, buelta erdia eman du Iraitzek ere, eta Euskotrenen geltokirako bidea hartu. Badaezpada Maps eskuan, eguna ilun samar dago-eta ja. Zeinen azkar iluntzen duen. Atoan atera ditu aurikularrak poltsatik. Babes gabe balego bezala, bestela, arraro suertatzen da, egia esan, gazte bat, bakarrik doanean, aurikularrik gabe ikustea.

Pi-pi-pi. Treneko ateak zabaldu dira, eta ixterako, eserlekua topatuta eta eserita dago. Ametsen agurreko aurpegia ezin du burutik kendu. Musikaz aldatu du. Olaia Inziarteren azken singlea baino zerbait tristeagoa behar du orain. Ostiral iluntze euritsuak horixe eskatzen du: Eta trenak / euri tanten kontra / lehertzen hasten direnean / hutsuneak azpimarratuz...

Kantua kolpetik eten da. Amaren deia. Ea zer nahi duen afaltzeko. Galdera inplizitua: noiz helduko den etxera. “Edozer gauza ongi, ama”, erantzun dio. “Laster naiz, agur”. Play berriz musikari eta begiak itxi. Anarik ez dio gezurrik: Zeure burua ikusten duzu / kotxeen argien itzal bustian / telefonoz deitzen duen / animalia izu eta hipokondriakoa...

Bihar, larunbata.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Durangoko Azoka 2024
Paula Estevez
“Irudia alboratuta geratu da beti Euskal Herrian”

Mila lan egitetik bizi dira, sarri, marrazkilari eta ilustratzaileak. Ezaguna da sektorearen aspektu hori. Prekarietatea deitu ahal zaiona nagusiki; ikusezina izatea ere bai. Paula Estévez (Donostia, 1984), esaterako, ARGIAn ikusi izan dugu azken bost urteotan, sarri... [+]


Itolarrian dabilenari, arnasa

Milaka eta milaka euskaltzale eta euskal kulturaren zale elkartu dira Durangon asteburu luzean, ondo asko egonkortua den urteroko hitzorduan. Sartzeko itxaronaldiak, ordubeterainokoak, euripean... Kultur-gosez egon da jendea. Eta asebeteko ziren, halaxe sumatu baita postuen... [+]


Ipuin bat lau kapitulutan
Igandea

Salto batez jaiki da ohetik, pelikula txutxi-flower batean balego bezalaxe. Gelatik irten, sukaldera joan, amari muxu potolo bat eman eta dutxan sartu da, Deus ex machina kantua hartuta soinu-banda modura. Aurora borealak entzuten ditu letran, baina, egiazki, letraren fabulari... [+]


Ipuin bat lau kapitulutan
Larunbata

[Hemendik gatoz: Ostirala]

Betzuloak, berriz. Ostegunean bezalatsu edo agian gehiago. Ohean eman ditu bederatzi-bat ordu, baina kosta zitzaion lo hartzea. Orduero-edo jaiki da gauean, amets gaiztoekin, hotzez, bero zuen gero... Ama besarkatu du sukaldean topatu bezain... [+]


Ipuin bat lau kapitulutan
Osteguna

Oraindik ere ondo gogoan du amak nola esan zion atzo: “Iraitz, segiozu ohera, badela garaia. Eta utzi mugikorra, itsutu egingo zara-eta!”.

Nola ez, amak arrazoi. Gaurko betzuloek ez dute barkatzen. Ez du begirik bildu gauean. Ohean buelta eta buelta, maiz... [+]


2024-12-05 | Leire Ibar
Durangoko Azokak ateak ireki ditu, ikasleen bisitarekin

Abenduaren 5ean ikasleei eta irakasleei zuzendutako tailer, hitzaldi eta ikuskizunak izango dira azokan. Dinamiken bidez sortzaileak ezagutu eta eurekin harremanetan jartzeko moduko aukera ere izango da. Edukiera guztia bete da jada ikasle goizerako. ARGIAk eskaintza zabala... [+]


2024-12-02 | ARGIA
ARGIA Durangoko Azokan: zer, noiz eta non?

Jakoba Errekondo eta Garbiñe Larrea han izango dira, baita Haziak liburuko egileak ere. Superbotereak hezkuntza liburua, Abentura erraldoia komikia... eta, jakina, Inor ez da ilegala-ren postutxoa ere ipiniko du ARGIAk. Aurtengo beste nobedadea: denda fisikoa Andra Mari... [+]


Teknologia
Hartzea ematea delako

Azken 15 urteetan dugun Internetak hartu duen bilakaera ikusita, duen eredu teknologiko eta negozio ereduari lotuta, gizatasunaren alde txarrenak areagotzeko tresna dela pentsatu dezakegu. Ideia horrekin konforme ez dauden eragileak sortu dira mundu osoan zehar. Honako... [+]


Hartzea ematea delako, azokara joateko deia egin du Durangoko Azokak

Abenduaren 5etik 8ra egingo da. 59. edizioko kartela eta leloa aurkeztu dituzte asteazken goizez Landakon egin duten prentsaurrekoan: Hartzea ematea DA! izango da leloa. Kultura hauspotu beharra azpimarratu dute antolatzaileek.


Eguneraketa berriak daude