Azaroaren 25eko data zeraman Arrigorriagako emakume baten, haren alabaren eta biloben etxe kaleratze aginduak. Batu Elkarlaguntza Sareko kide da emakumea, eta sareak etxe kaleratzea gelditzeko deia egina zuen. Goizean goizetik herritar ugari elkartu da etxe-kaleratzea eragozteko eta Ertzaintzak horien aurka egin du. 12:00etan Etxebidek emakumeari mehatxu egin dio etxe kaleratzea geratuz gero, alternatibarik gabe geratuko zela. Egoera horren aurrean, emakumeak erabaki du etxeko giltzak entregatzea eta barruan erresistentzia egiten ari ziren pertsonek etxea utzi dute. Kaleratzea Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunean deitzeak zeresana eman du, kaltetuak bizi duen egoeraren atzean indarkeria matxista baitago. Batuk salatu du etxe kaleratzea gauzatu dela Poliziaren, sistema judizialaren eta zerbitzu sozialen konplizitatearekin.
Azaroaren 25eko data zeraman Batu Elkarlaguntza Sareko Joaquiren etxe kaleratze aginduak, eta kaleratzea gauzatu ez zedin, ostegunean Arrigorriagako Abusu auzoko Olatxu kaleko 3. zenbakira gerturatzeko deia egina zuen Batuk. Goizak argitu orduko erresistentzia abiatzeko asmoa zuten, eta hargatik, 08:30etarako jarri zuten hitzordua. Baina Ertzaintza ordu eta erdi lehenago joan da etxera, babesa ematekoa zen jende gehiena heltzear zela. Amaia Lekunberri ARGIAko kazetariak egin du jarraipena zuzenean bertatik:
Ertzaintza Joaquiren etxera hurbildu da dagoeneko. Etxe kaleratzea gelditzeko hitzordua baino ordu eta erdi lehenago, babesa ematera doan jende gehiena heltzear dela. Genero indarkeriagatik behinola bizkartzain izan zituenak, #Azaroak25 honetan bere aurka indarkeria egikaritzen. https://t.co/R3BWK3NWY0
— Amaia Lekunberri (@amaialekunberri) November 25, 2021
Babesa ematera iritsitako lehen pertsonei oldartu egin zaie Ertzaintza, eta goizean zehar egon da bestelako tentsio unerik ere.
Goizeko lehen kargaren irudiak ??#JoaquiEzDoaInora https://t.co/4Np2JzNxYA
— Amaia Lekunberri (@amaialekunberri) November 25, 2021
Poliziak hesitu egin du Olatxu kalea, protesta egitera hurbildutakoak Joaquiren atarira hurbiltzea galaraziz. Hala bada, atarian gertatzen zena bertatik bertara jarraitu ezinik, distantziatik aritu dira bertaratutakoak Joaquiri eta haren etxebizitzan erresistentzia egiten ari zirenei adore eta babes mezuak helarazten. Oihukatutako aldarrien artean entzun ahal izan dira klase borrokarekin, borroka feministarekin, elkar babesarekin eta herri boterearekin lotutako hainbat mezu, besteak beste. Azaroaren 25a izanik indarkeria matxista pairatu duen emakume bat kaleratzeko hautatutako eguna, emakumeen aurkako indarkeriari errefusa oso presente egon da; "patriarkatua eta kapitala, aliantza kriminala" edota "Joaqui, nik sinisten dizut" mezuak sarri aireratu dira, eta une batez bertan ziren emakumeei dei egin zaie protestaren lehen lerroa hartzera.
Euria eta hotza tarteko, luze joan da goiza batzorde judizialaren zain, babesa eskaintzera hurbildutakoek umoreari eutsi dioten arren kanta eta lelo artean. Keinu esperantzagarriak ere egon dira tarteko; adibidez, sarrailagilea iritsi denean, planto egin du, adieraziz berak ez duela etxe kaleratzeetan parte hartzen.
Batuko kideen nahia batzordearekin negoziaketari bidea ematea zen, kide batek ARGIAri azaldu dionez. Jakinarazi dute Joaquirentzat alternatiba lortua zutela eta kale gorrian geratzeko arriskua ekidina zutela, baina hala ere negoziatu nahi zutela egungo etxebizitzaren usufruktu eskubidea Joaquiren eskuetara pasatzea. Grabazioan azalpena osorik:
Gaurko erresistentziarekin lortu nahi dutena zer den azaldu digu @batuelkar eko kide batek. Joaquirentzako alternatiba lortua dute, kale gorrian geratzeko arriskua ekidinez. Alabaina, etxearen usufruktu eskubidea Joaquirena izatea negoziatuko dute batzorde judizialarekin. ? pic.twitter.com/cT8KDiSas4
— Amaia Lekunberri (@amaialekunberri) November 25, 2021
Negoziaketarako abagunerik ez da izan ordea. 12:00ak aldera jakinarazi da Etxebidek Joaquiri "mehatxu" egin diola etxe kaleratzea eragotziz gero, alternatibarik gabe geratuko zela esanaz. Egoera horren aurrean, emakumeak giltzak entregatzeko "erabakia hartu" du.
?? @etxebidEJGV -k Joaquiri mehatxu egin dio. Etxe kaleratzea geratuz gero, alternatibarik gabe geratu daitekeela adierazi diote. Egoera horretan, Joaquik erabaki du etxeko giltzak entregatzea. Barruan erresistentzia egiten ari zirenak etxea utzi berri dute. pic.twitter.com/1bUMx1TM6f
— Amaia Lekunberri (@amaialekunberri) November 25, 2021
Behin erabaki hori hartuta, etxe barruan erresistentzia egiten ari zirenak kalera irten dira, eta gertatutakoaz irakurketa egin dute. Etxe kaleratzea Poliziaren, sistema judizialaren eta zerbitzu sozialen konplizitatearekin gauzatu dela salatu dute, eta borrokan jarraitzeko deia luzatu diete bertara hurbildutako guztiei.
Etxe barruan erresistentzia egin duten @batuelkar eko lagunek hitza hartu dute, gaur gertatutakoaz beraien irakurketa egiteko @argia #JoaquiEzDoaInora pic.twitter.com/fnkl1afnWM
— Amaia Lekunberri (@amaialekunberri) November 25, 2021
Batuk konplizetzat seinalatutako horiek seinalatu ditu hainbat herritarrek ere etxe kaleratzearen aurrean egindako adierazpenetan. Azpimarratu da puntu moreekin berdintasunaren alde agertu ohi diren berberak direla azaroaren 25 batez indarkeria matxista pairatzen duen emakume bat etxe kaleratu dutenak.
Abusuko Auzo Elkartearekin batera, elkarlaguntza sareak denbora darama Joaquiren egoera sozializatzen eta salatzen. Berriki sare sozialen bidez zabaldu dute kaltetuaren testigantza jasotzen duen bideoa, eta bertan azaltzen da Joaquiren egungo egoera, baita puntu horretara zerk eraman duen ere.
Arazo bat izan dugu atzoko bideoarekin, Joaquiren istorio latza kontatzen zuena. Hemen duzue berriro.
"Nire izena Joaqui da eta hauxe da nire istorioa"
Gogoratu hitzordu garrantzitsua dugula ostegunean, azroak 25, Abusuko Olatxu kalean, 3.ean.#JoaquiEzDoaInora pic.twitter.com/C4mIDtbOs7
— Batu Elkarlaguntza Sarea (@batuelkar) November 23, 2021
Joaquik 63 urte ditu, eta 78an ezkondu zen. Hasierako urteen ondotik gauzak okertzen hasita, senar ohiak zituen "kontsumo eta delituzko jarreren" aurrean etxebizitza segurtatu asmoz, akordio notarial bat sinatu zuen bikoteak 97an. Joaquik azaldu duenez, bikotekide zuenak konbentzitu zuen horretarako. Akordioaren bidez eta gizonari "dirutza" ordainduta, Joaqui etxebizitzaren jabe bilakatu zen eta senar oiha etxearen usufruktu eskubidearekin geratu zen.
Batutik azpimarratu dutenez, "akordio hori guztiz bidegabea da, botere-harreman baten baitan eta ezjakintasun baldintzetan sinatutako akordioa baita". Izan ere, ezkon-bizitzak aurrera egin ahala, gizona tratu txarrak ematen hasi zitzaion, harik eta 2008an egoeraren aurrean planto egin eta etxetik ihes egin zuen arte, orduko hartan oraindik adin txikikoa zen alabarekin. "Ihes egin nuen arratsalde hartan, senarra nire bila ibili zen auzotik, laban handi bat gainean zeramala. Hortxe ulertu nuen egoera hura salatu behar nuela", azaldu du. Genero indarkeria leporatu zioten gizonari, eta bizkartzainekin bizi izan zen bi urtez Joaqui. Alabaina, behin genero indarkeria delitua preskribatuta, gizonak etxebizitzaren usufruktu eskubidea erabili du emakumearen aurka, Joaqui etxe kaleratu asmoz salaketa jarri baitu. Epaileak gizonaren alde egin du, eta etxe kaleratzea agindu azaroaren 25erako.
Etxe kaleratzearen datak Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunarekin bat egin izanak sinbolismoz janzten du egoera, emakumeen aurkako indarkeriaren hainbat ertz eta horien arteko elkargurutzaketa ageriko egiten baititu. Izan ere, bikote-harremanean pairatutako indarkeria matxistatik bizirik ateratzea lortu duen emakumea da Joaqui, baina gaur gaurkoz, segitzen du indarkeria matxista pairatzen: senar-ohiak bera etxe kaleratzeko temati dihardu, eta epaia ematerakoan justiziak ez ditu kontutan hartu gizonak emakumeari emandako tratu txarrak.
Zentzu horretan, Batuk ondoko irakurketa egin zuen: "Hainbeste urte igaro direnez, legeari begira, genero-indarkeriaren delitua preskribatu egin da. Alegia, Joaquiren senar ohia ez da tratu txar emaletzat hartzen, eta biktima, itxuraz, salbu dago. Legeak gertaera hori horren ausart eta injustuki alde batera uzten duen arren, Joaquik mehatxuak jasotzen jarraitzen du eta bere bizitza arriskuan dago".
Hori guztia kontutan izanik, Bilboko AZET Alde Zaharreko Etxebizitza Sindikatuak publiko egindako oharrean hala adierazi zuen: "Joaquiren etxea Euskal Herriko emakume langileon lubakia izango da datorren azaroaren 25ean" . Hala izan da.
Are, pairatzen ari den indarkeria areagotu egin da kasua jendartera zabaldu ahala. Azaroaren 19an asanblada deitu zuten Abusun, auzokideei kasua ezagutzera eman eta egoera zein den azaldu asmoz, eta Batuk asteartean salatu zuenez, biharamunean bere aurkako pintaketan aurkitu zituen Joaquik. Postontzian bere izena ezabatu zuen norbaitek, eta alboan ondokoa idatzi: “Gaiztoa, gezurtia eta txibatoa izateagatik”. Erasoaren aurrean Poliziak agertutako jarrera gaitzetsi du elkarlaguntza sareak, gertakaria salatzeko biderik ez dela erantzun baitiete. “Eztabaidagarria eta paradoxikoa da oso, bi urtez bizkartzain gisa jardun zuten horiexek une hauetan bizkarra ematea, gure kidea babesgabe utziz”.
"Norbaitek bere egoera publikoki salatu eta ahotsa altxatzen duenean, eta arazoa auzokideekin zein elkarlaguntza sareekin elkarbanatzen duenean, isilarazi nahi dituzten indarrak altxatu egiten dira”, egin du irakurketa Batuk. Argi utzi nahi izan dute borroka horretan Joaqui ez dagoela bakarrik.
Auzoko familia bat etxea galtzeko arriskuan dagoela salatu du Berriozarreko Hipotekak Kaltetuen plataformak, hipoteka 600 eurotik 1.150 eurora igo eta gero. Familiarentzako irtenbide bat eskatu du plataformak.
Burlatan, Nafarroan, bi familia euren etxeetatik kaleratuak izateko arriskuan daude. Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak azaldu duenez, familia bat putre-funts batek bota nahi du, alokairu kontratua berritzea ukatu diolako; beste familia, berriz, etxejabeak bota... [+]
Palestinatik aberriratu eta urtebetera, Espainiako Gobernuak jakinarazi du familien harrera programa ez duela gehiago finantzatuko eta aterpetxe eta hostaletako egonaldia abenduaren 31n etengo diela. Urtarriletik aurrera Gasteizko Udalak Gazako bost familien ostatuaren gastuak... [+]
Lau hilabeteko eta lau urteko bi ume dituen familia bat etxetik bota dute astelehen goizean Bilbon. AZET Etxebizitza Sindikatua azken egunotan etxegabetzea bide judizialetik geldiarazten saiatu bada ere, astelehen goizean bota ditu poliziak etxetik. Manifestazioa deitu dute... [+]
Polizia etxegabetzea geratu nahi zituzten herritarren aurka oldartu da eta hainbat lagun zauritu ditu. Azkenean, etxegabetzea atzeratu duela jakinarazi du epaitegiak.
Enplegua izanik ere hipoteka ordaindu ezin dutelako Laboral Kutxak etxegabetuko dituela salatu du Auzoan Bizik. Ostegun goizean "erresistentzia” egitera deitu du etxebizitza sareak.
Mailegu enpresa batek emakumeari "iruzur" egin diola salatu du Uribe Kostako Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, eta mobilizatzeko deia egin du Astrabuduako etxegabetzea gelditzeko. 10:30ean agertu dira segizio judiziala eta Ertzaintza etxegabetzea gauzatzeko,... [+]
Iruzur baten biktima izan da emakume bat, eta horren ondorioz bota nahi dute bere etxetik. Kaleratzeari aurre egitera deitu du Uribe Kostako Etxebizitza Sindikatu Sozialistak: asteartean, 09:00etan, Astrabuduako Aldaieta Bideko 7. zenbakian elkarretaratuko dira.
Berakah fundazioa “baliabiderik ez duten pertsonei laguntzeko” sortua bada ere, aurten familia bat baino gehiago kalean utzi du. Urriaren 31n izan da azken etxegabetzea, Gasteizko familia bat kaleratu dute parrokoak etxegabetze demanda firmatu ostean.
Etxea uzteko agindua zuen gaurko emakume batek Artikaberrin eta momentuz bertan behera gelditzen dela jakinarazi du Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak. "Emakumearen abokatuak atzo jaso zuen deia epaitegitik eta ebazpenaren berri eman zioten", azaldu du... [+]
Alfaro kontseilariak “aurreko hamarkadetako politika espekulatiboak” kritikatu ditu eta kolaborazio publiko-pribatuaren aldeko apustua egin du Foru Legebiltzarrean. Helburu gisa jarri du Europa erdialde eta iparraldeko datuetara heltzea. Etxebizitzaren esparruan lan... [+]
Poliziak hiru pertsona etxegabetu ditu asteartean Alde Zaharrean, eta protesta egiten ari zirenen kontra jo du.
Zaurgarritasun ekonomikoaren baldintzak betetzen dituzten arren, Santander bankuak ordainketak epe batez etetea ukatu die bi familiei.
Alokabidek gutxienez sei etxegabetze prozesu ireki dituela salatu du Gasteizko Etxebizitza Sindikatuak. Horietako bat uztailaren 18an izanen da.