Durangoko Azoka

2024ko abenduaren 05ean - 17:35
Azken eguneraketa: 2024-12-06 08:51

Oraindik ere ondo gogoan du amak nola esan zion atzo: “Iraitz, segiozu ohera, badela garaia. Eta utzi mugikorra, itsutu egingo zara-eta!”.

Nola ez, amak arrazoi. Gaurko betzuloek ez dute barkatzen. Ez du begirik bildu gauean. Ohean buelta eta buelta, maiz zetorkion gogora ardiak zenbatzeko amonaren istorieta hura, umeak engainatzeko modu kurioso eta zaharrunoa. Bera, jakina, ez du horrek engainatuko, ez baita umea, datorren urtean batxilergora pasatuko dela... Ideia horiek bildu zituen azkenak, uste du. Alegia, ardien jira-bueltan hartu zuela lo. Moskeatuta jaiki da horregatik. Baina igual amets ona ere izan da, lauso samarrean bada ere oroitzen baititu Sara Mesaren Un amor eleberriko paisai berde eta aldapatsuak, eta ardiak han, larrean harat eta honat, maldan gora eta behera...

8:13an jo du iratzargailuak, ohi baino 30 minutu berantago. Ongi kalkulatuak ditu denborak, bere 47 minutuak. Lehen biak bere gorputzari ematen dizkionak, altxa behar duela asumitzeko. Duela gutxira arte bost minutu ziren, baina orain bi; hiru minutuko kuluxka, ez da txantxetarako kontua. Egunean jantziko duen arropa bezperatik utzi ohi du prest, eta oso harro dago ohitura hori hartua duelako, hartara aurretik ebatziak baititu denboran kalkulatu ezin diren buruhausteak, arroparenak. Gaur ere honelaxe: euritako oinetakoak, galtza bakero argiak, jertse beltz kaputxaduna, eta, jertsea kentzea aurreikusten ez duenez, azpitik kamiseta luze eta zahar bat, goxoa eta berotzen duen horietakoa. Arrasateko sarreran egoitza duen enpresa horretakoa, batere ez merkezurrekoa alegia. Baina zaharra eta ja pixka bat zatartua, dena esatera. Euritarako zira, betikoa. Eta aterkia motxilan, badaezpada, euria gogotik egiten badu. Eta euria erruz egiten badaki Euskal Herrian. Eta asko bustiz gero, komeriak. Katarroagatik? Ez, demontre. Inportantea ilea da. Euriarekin, lehoiaren ileak nola zakartzen zaizkio ileak.

Garaiz heldu da ikastetxe aitzinako autobus geltokira. Ordurako, eskerrak, han ziren ikaskide batzuk. Ez du gustuko ez lehena ez azkena izatea; bestela, irakasleekin hor egotea, ez da plana. Segituan heldu da autobusera sartzeko unea, eta ozta-ozta ailegatu dira ikaskiderik ganberroenak, inportanteena izatea bailitzan autobusera azken iristea... Eta atzean esertzea ere bai, ganberroena da. Baina Iraitzek nahiago du garaiz heldu, aurrealdean eseri eta leihoaren alboko lekua hartu. Ez zorabiatzen delako, ezta paisaiak begiratu nahi dituelako ere. Baina egia esan, gaur, gosaria dezente nahasi zaio tripan. Apurtxo bat zorabiatu da. Ez du bururik altxa mugikorretik. Hortxe ari baitzen, atzo sofan ordubetetxo eman zuen gisara, Durangoko Azokako webgunea arakatzen. Nobedadeak. 933 begiratzeko. Eta nobedade ez direnak, milaka. Baina bereziki inportantea, aurkezpenen bide-orria aurrez pentsaturik eramatea.

Autobusa gelditu egin da eta buruarekin ez du jo, gutxigatik, aurreko eserlekuaren atzealdea.

-Ea... Entzun iezadazue, mesedez... –esan du ozen irakasleak, apur bat etsi eta hertsi tonuan ere bai–. 10:00ak dira. Lau ordu dituzue azoka bisitatzeko. Alegia, 14:00etan elkartuko garela berriz, hemen. Hemen, e. Egin nahi duzuena, baina komentatu nizuen, 11:30ean, areto nagusian, ekintza interesg...

Ordura arte, gutxi gorabehera, ongi entzun zaio, baina “ongi segi”, “ondo pasatu” edo “agur”-ik ez zaio ulertu. Iskanbilaren zurrubiloak zapaldu du. Literalki ere bai, kasik. Enpin, berdin dio. Iraitzek ondo asko daki ez dela klaseko inor azalduko 11:30eko hitzordu horretara, aste honetako errekreoren batean entzun baitu badela taberna bat, azoka eremutik gertu, NANa eskatu gabe kalimotxoak zerbitzatzen dituena... Klaseko guay-enak, guay izan nahi dutenak eta liderraren karietara bizi direnak joango dira bertara. Azken horiek ere bai, zoritxarrez. Mutilak. Neskek badute beste plan bat, baina ez da oso ondo akordatzen zer. Ez zien jaramon askorik egin. Izan ere, Iraitzek, boz goran esan gabe, azokara sartu nahi du. Autobusetik jaitsi orduko, eskapu. Eta bizkor, gainera. Baina nota eman gabe, klasekideek ezer suma ez dezaten. Beraz: bizkor, baina ez hainbeste. Ea ez ote dagoen ilara handiegirik Plateruenako sarreran, Popperra, Afterra, Utopia emanaldia ikusteko...

Durangoko Azoka

Ba ez. Ez da apenas inor 10:15erako, eta ordulaurdena baino ez da falta. Urte eta pikoko aurrerapenez erosten ditugu, gero, hainbat kontuetarako sarrerak... Baina beno, talo gose dira batzuk (10:15ean nork du halako gosea?!), eta ilaran ipiniak dira gutxi batzuk, barnetik irteten den usainak bultzatuta, nahiz ez duten oraindik ireki txosnako estalkia. Eskerrak, behintzat, jende horrek eta handik eta hemendik egonean dagoen gazteria oldeak estaltzen duela Plateruenara gogoz sartzeko diren frikien itxaron aspertu eta, zenbaitentzat, lotsatiak.

Gogoz sartu den jendea eta besterik gabe –irakasle prestuak hala animatuta/bultzatuta/behartuta– sartu direnak, bi klase horiek, nabarmenak izan ohi dira Ikasle Goizetan. Dozena bat edo gehienez bi izango dira plazerez bertaratu direnak; bospasei dozena, aldiz, bigarren klasekoak. Baina beno, azkenerako jende pixka-pixka bat bai juntatu dela. Eta juntatu direnen artean, bi klase horiez gain, argigarria banaketa hau ere: neska asko adi-adi, eserita daudenen gehiengoa dira begimetroaren arabera; eta mutikoak, salbuespenen bat kenduta, bazterturik eta oro har zutik. Eta mobilarekin. Eta ez espresuki grabatzeko, ze, oholtza gainean, bazen hor zer grabatu: argi eta soinuen espektakulua, Sarriugarteren errezitaldi ederrak loratua.

Lotsa apur batez ere, mobila atera du poltsikotik Iraitzek –ekintza hori bera ez da lotsagarria, gaur egun, areto ilun eta espektakulu baten erdian–, emanaldia grabatzeko. Gehiegi altxa gabe besoak, bularraren paretik alegia, jendeak nabari ez dezan, grabatu du hamar segundoz-edo zatitxo bat. “Insta story bat? Igual ez”, pentsatu du. “A ze lotsa... Ez?”.

Diagonalean daukan gazte bat ari da, ordea, lotsagabe, grabatzen eta grabatzen, edo irudiak ateratzen. E, eta story txulisimoak igotzen ere bai. “Beno, txulisimoak izango dira atera dituen mila argazki horien artean bateren batean argiak ongi harrapatuko zituelako”, ondorioztatu du Iraitzek. Baina lotsarik gabe, hor ari da.

Hari begira ari zela baina, derrepente,atentzioa oholtzara joan zaio. “Poppera mugetan ibili izan da beti”, esan baitu Sarriugartek. Mugak eta bazterrak. Popperraren metafora erradikal samarra, beste mila kontu baztertuei buruz ere hitz egiteko. Buala.

Ez du, ordea, edo Iraitzek ez du uste bederen, hori entzutean inguruko jendeak berak bezalako erupzio-erreakziorik eduki barnean. Diagonalera begiratu du berriz. Begiek brillatzen diote lehen mugikorrarekin eta jo eta su ari zenari. Ez da ari mobilarekin orain. Dir-dir egiten diote begiek. Sarriugarte ari da queertasunaz hizketan, popperra probatzeaz, dastatzeaz, gehiago nahi izateaz, uzkia –ez marikei bakarrik– zabaltzeaz... “Ze gozadak Narbaizaren doinuak ere”, pentsatu du Iraitzek. Eta diagonalean daukana ere, bera bezala, begirik kendu gabe. Begi berdeak dituela dirudi. Argi gorri eta nahaspilekin ere berde atzematen diren begi berdeak. Begirada sarkorrekoak, ilusioa transmititzen duten horietakoak.

Queer pertsonen inguruko gogoeta-pertsonal literario bat egiten ari da Sarriugarte, baina atzeko zaratek enbarazu pixka bat egiten dute. Iraitzen lekutik pixka bat bai. Mutilak ari dira aspertzen eta egonezinarekin ezinean dabiltzala dirudi. Atzera begiratu eta mutil barrera bat ikusi du. Barrera-horma bat, zirkulua osatzen, inguratzen eseritako neskak eta mutil bakan infiltratuak. Kantuan Sarriugarte eta Narbaiza: “Mundu hau ez da aski denontzat”. Mutil barrera. Soinu banda. Poesia.

Atzo notizietan entzun zuen Iraitzek nerabe mutilak direla nabarmen uzkurrenak feminismoaren eta LGTBI kolektiboaren eskubideen arloetan [Gazteen Euskal Behatokiaren txostena]. Kasualki, Plateruenan zirenen adin-tartea eta zaharragoak, 15-19 urte. Feminismoarekin uzkurrenak, eskuinekoenak, eta ultraeskuinaren diskurtsotik hurbil dabiltzanak.

Berriz ere atentzioa Sarriugartek irabazi dio: “Ni nintzen lehen empollona tipa bat... 35 urtekoa orain... Ikasten ari naiz batzuetan pedantea ez izaten eta erantzunak kontrolatzen”.

Hor segitzen du begi berdedunak, begiak dir-dirrean, errezitaldiari so. Eta Iraitz, berari begira. Biei begira.

Durangoko Azoka

11:15 jotzear. Orain bai: taloa. Indarrak hartzekoa, mistoa. Edo txorizoduna. Hemengo xingarra, meh. Hala iruditu zaio aurrekoaren zatia ikusita. Gasna, ordea, balekoa. Itxura onekoa, bederen. Eta dagoen ilara ere, majo horietakoa, e. Gurasoek liburutan gastatzeko emandako dirua, talogileei bideratua. Ajam, pandemian erruz zabaldu zen terminoa, jarduera sozioekonomikoa. Ditxosozko bi hitz horiek entzutean, Iraitzen amak esaten zuena: “Helburua bat eta bakarra; berdin du zertan, baina gastatu”. Ba horixe. Erosi eta irentsi.

“Ni ere zertan ari naiz, ba”, kolkorako berriz Iraitzek. Beno, igual baxu-baxu, baina boz goran esan egin du, eta albokoak entzun. Edo ez. Baina bateren bat berari begira sumatu du. Hori lotsa, hori. Komentario biejunoa. Eta jendea begira. Bueno, igual ez hainbeste. Baina bat bai: berriz ere begi berdedun hori. Berriz ere begira. Bera. “Joder, ileak nahasi zaizkit, ala?”, eta esku bat, disimulu samarrean, burura eman du. Bien arteko begiradak iraun du segundo eta erdi gehienez, baina luze iruditu zaio Iraitzi. Nongoa izango ote, du buruan etengabe. “Ba bueno, berak lehenago eskatuko du taloa, ea nora doan gero...”.

Pista galdu du gero.

Beno, ez askora berreskuratu du: Eneritz Furyaken kontzertuan. Ez zen, bada, jende asko hor ere... Zer dute gauza esperimentalek? "Batzen gaituztela hari eta niri", pentsatu du. Eta jo, hor ere ez dio, bada, grabatzeari utzi begi berdedun horrek, e. Gerria mugitzen zuen bitartean, gainera. Eta, hori, gaur Berria-n argitaratu den elkarrizketan kontrakoa zioela Furyakek. Edo bai: "Ez dakit [diskoa] dantzagarria den zentzurik azalekoenean, baina bai mugitzeko aukera ematen duela, ez bakarrik entzuleari, baita niri ere oholtzan". Edo bai, beraz. Segun eta zein zentzutan ari den dantzan, ezta?

14:00etan itzulerako autobusa. Oraindik ordubete falta da, gutxienez. Ikusgela delako horrek irabazi omen du Rikardo Arregi saria-eta, badute aurkezpen bat... Ba 13:15ean hasten denez, ez daki Iraitzek argi zer, Ikusgela-ren zeozer, ba hara joatea erabaki du. Zugaza zinemara. Logaletzeko plana bazkalaurre honetan, zalantzarik gabe.

Taloak, gosea kendu ez ezik, logalea ere eman dio. Hainbeste Txilardegi gora eta Txilardegi behera, edo igual ez zen Txilardegi ere, e, baina kolore asko pantailan, begiek erretzen diote eta, badator, han nondik... Lo gutxi egin izanaren nekea...

Ikusgela

-Barkatu... utziko ateratzen? –butaken ilaran barruago dagoen neskak, lotsa puntu batez–.

Susto galanta.

“Bai...” baxu bat esan eta ziztu bizian altxa da Iraitz eserlekutik, zira hartuta, korronteari segika. Eta kanpoko eguzki-argia, joño, ez oso lagungarria.

Eta joño-X2, ahantzi zaio pixa egitea. Ondo espabilatu gabe erabakiak hartzearen ondorioak. Ba berriz ere Landako gunera, autobuserako bideko desbideratzea, talogileen alboko komunetan ilara egitera. Beti da kola hor. “Jendeak infusioak edango balitu sikiera... Barrenak ondo garbituta leuzkakete, eta ez garagardoaren hondarrez zikinduak”.

-Azkena, zu?

-Zer? – altu samar Iraitzek; bigarren sustoa minutu eskasean–.

-Ea azkena zu zaren komunerako ilaran... jeje!

Orain prozesatu du sustoa-X2 hori. Begiberdedun laguna, han eta hemen ikusi duena; bera, komuneko ilaran, bere atzean.

-Bai... Neu azkena, bai...

-Gustatu zaizkizu Ikusgelakoen bideoak?

“Eta honek nola kristo daki zineman egon naizela? Ai ama, eta lo ikusiko ninduen?”. Gutxi gorabeherako baiezko bat ematea, alegia, bideoak gustatu-edo zaizkiola esatea, igual bost segundo kostatu zaizkio.

-Ni Amets. Zu?

Eskua luzatu dio, eta Iraitzek hartu. Bi muxu ematea ez daude modan.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Durangoko Azoka 2024
Paula Estevez
“Irudia alboratuta geratu da beti Euskal Herrian”

Mila lan egitetik bizi dira, sarri, marrazkilari eta ilustratzaileak. Ezaguna da sektorearen aspektu hori. Prekarietatea deitu ahal zaiona nagusiki; ikusezina izatea ere bai. Paula Estévez (Donostia, 1984), esaterako, ARGIAn ikusi izan dugu azken bost urteotan, sarri... [+]


Itolarrian dabilenari, arnasa

Milaka eta milaka euskaltzale eta euskal kulturaren zale elkartu dira Durangon asteburu luzean, ondo asko egonkortua den urteroko hitzorduan. Sartzeko itxaronaldiak, ordubeterainokoak, euripean... Kultur-gosez egon da jendea. Eta asebeteko ziren, halaxe sumatu baita postuen... [+]


Ipuin bat lau kapitulutan
Igandea

Salto batez jaiki da ohetik, pelikula txutxi-flower batean balego bezalaxe. Gelatik irten, sukaldera joan, amari muxu potolo bat eman eta dutxan sartu da, Deus ex machina kantua hartuta soinu-banda modura. Aurora borealak entzuten ditu letran, baina, egiazki, letraren fabulari... [+]


Ipuin bat lau kapitulutan
Larunbata

[Hemendik gatoz: Ostirala]

Betzuloak, berriz. Ostegunean bezalatsu edo agian gehiago. Ohean eman ditu bederatzi-bat ordu, baina kosta zitzaion lo hartzea. Orduero-edo jaiki da gauean, amets gaiztoekin, hotzez, bero zuen gero... Ama besarkatu du sukaldean topatu bezain... [+]


Ipuin bat lau kapitulutan
Ostirala

[Hemendik gatoz: Osteguna]

09:00ak ere ez dira. Jakinarazpen batek mugikorraren pantaila piztu du.

A AMA: Iraitz, laztana, zer moduz egin duzu lo Lurren etxean? Gustatu zitzaizuen ikusitako pelikula?

Hasperen txikia eginda, aparatua itzaltzeko botoitxoari eman dio... [+]


2024-12-05 | Leire Ibar
Durangoko Azokak ateak ireki ditu, ikasleen bisitarekin

Abenduaren 5ean ikasleei eta irakasleei zuzendutako tailer, hitzaldi eta ikuskizunak izango dira azokan. Dinamiken bidez sortzaileak ezagutu eta eurekin harremanetan jartzeko moduko aukera ere izango da. Edukiera guztia bete da jada ikasle goizerako. ARGIAk eskaintza zabala... [+]


2024-12-02 | ARGIA
ARGIA Durangoko Azokan: zer, noiz eta non?

Jakoba Errekondo eta Garbiñe Larrea han izango dira, baita Haziak liburuko egileak ere. Superbotereak hezkuntza liburua, Abentura erraldoia komikia... eta, jakina, Inor ez da ilegala-ren postutxoa ere ipiniko du ARGIAk. Aurtengo beste nobedadea: denda fisikoa Andra Mari... [+]


Teknologia
Hartzea ematea delako

Azken 15 urteetan dugun Internetak hartu duen bilakaera ikusita, duen eredu teknologiko eta negozio ereduari lotuta, gizatasunaren alde txarrenak areagotzeko tresna dela pentsatu dezakegu. Ideia horrekin konforme ez dauden eragileak sortu dira mundu osoan zehar. Honako... [+]


Hartzea ematea delako, azokara joateko deia egin du Durangoko Azokak

Abenduaren 5etik 8ra egingo da. 59. edizioko kartela eta leloa aurkeztu dituzte asteazken goizez Landakon egin duten prentsaurrekoan: Hartzea ematea DA! izango da leloa. Kultura hauspotu beharra azpimarratu dute antolatzaileek.


Eguneraketa berriak daude