Zazpi hilabetez izan dira greban Tabakalerako Ubik liburutegiko bitartekariak. Hobekuntza handiak lortu dituzte langileek. "Oso gogorra" izan bada ere pozik daude egindako borrokaz eta emaitzaz. Baina Xumar Altzugarai bigarren mailako langile izaten jarraitzen dutela salatu du, eta kultur munduan nagusi diren prekarizazioa eta azpikontratazioaren aurka egin du.
Zazpi hilabeteren ondoren, amaitutzat eman duzue greba. Zer sentsazioarekin zaudete?
Ona. Bidea luzea izan da, oso gogorra. Azken asteetan ikusi dugu gauzak bideratzen zihoazela, baina azken segundora arte jarraitu behar izan dugu borrokan. Tabakalerak eta Sedenak erresistentzia handia egin dutelako kontzesiorik txikiena ere egiteko. Bihar bertan zabalduko dugu liburutegia, bihar lanean, aldaketa nahiko bat-batekoa izango da. Hori dena asimilatzen ari gara uneotan, baina pozik.
Letra larriz idatzi duzue: “IRABAZI DUGU!”. Zer irabazi duzue? Zein dira akordioaren ardatzak?
Akordiora heltzea konplikatua izan da, gure lan baldintzak prekario egiten zituzten faktoreak asko baitziren. Puntu nagusietako bat soldata zen. Urtean 18.000 euro inguru irabazten genuen. Hiru urtera begirako akordioa lortu dugu, eta hirugarrenekoan 24.000 eurora iritsiko gara. Igoera nabarmena da, lorpen handia, baina beti ere abiapuntuari begiratuta. Urteko lan kopurua ere moldatu dugu. Espainiako Estatu mailako hitzarmen baten menpe ari ginen lanean, lan ordu askokoa. Hitzarmen propioa lortu dugu, eta horretan ordu kopurua murrizten doa. 2022an 1.645 lanordutan geratuko da, egungoarekin alderatuz 97 ordu gutxiago. Beste edozein lanpostuetan oinarrizkoak diren beste baldintza batzuk ere lortu ditugu: igandeetan lan egiteagatik eta antzinatasunagatik gehigarri bana edo oporrak eta egutegia antolatzeko erraztasun handiagoa.
"Inork ez genuen uste [greba] hainbeste luzatuko zenik. Hasieratik argi genuen gure eskariak oso oinarrizkoak eta zentzudunak zirela, eta ez genuen espero Sedenak eta Tabakalerak horrenbesteko erresistentziarik jarriko zutenik"
Zazpi hilabete greban. Denetarik bizi duzue: une gogorrak, hunkigarriak...
Bai. Greba mugagabea abenduaren 22an hasi genuen. Inork ez genuen uste hainbeste luzatuko zenik. Hasieratik argi genuen gure eskariak oso oinarrizkoak eta zentzudunak zirela, eta ez genuen espero Sedenak eta Tabakalerak horrenbesteko erresistentziarik jarriko zutenik. Baina lehenengo hilabetean dei bakar bat ere ez genuen jaso, hor ikusi genuen borondaterik eza. Hurrengo hilabeteetan ere zentimo eta ordu bakoitza asko borrokatu behar izan dugu. Une gogorrak izan dira, bai negoziazio mahaietan eta kalean. Adibidez, ertzainak Tabakaleran bertan gu identifikatzera etorri zirenean.
Une politak ere, dudarik gabe. Ilusio handiz hasi genuen greba, lantegi asko antolatu genuen Tabakalerako atean eta pertsona asko agertu zen babesa ematera. Hasierako intentsitatea mantentzen saiatu gara, baina ez da erraza. Ondoren beste bide batzuk ere hartu ditugu. Tabakaleraren administrazio kontseiluko politikariengan erantzukizuna kokatuz, esaterako. Hasierako une horiek eta orain, amaiera aldera, kultur mundutik jaso dugun babesa une politenak izan dira.
"Borroka ez da soilik metalgintzan edo beste esparru batzuetan egiten; kulturgintzan ere antolatuz gero eta indarrak batuz gero gauzak lortu daitezke"
Zuen borroka kulturaren prekarizazioarekin eta lan esparru horrekin lotu duzue. Zorion asko jaso duzue kulturgintzatik.
Orain jaso ditugun erantzunetan eta zorion mezuetan konturatu gara hilabeteotan bihurtu garela kulturak bizi duen prekarizazioaren erreferente bat. Jendeak esaten diguna da borroka ez dela soilik metalgintzan edo beste esparru batzuetan egiten; kulturgintzan ere antolatuz gero eta indarrak batuz gero gauzak lortu daitezke. Sinistu nahi dugu jende askok euren burua gugan islatuta ikusi dutela. Mila lekutan azpikontratatuta eta prekarizatuta lanean ari den jendea martxan jartzera animatu dezakeela gure esperientziak.
Bide gogorra izan da, baina argi geratu da antolatu eta borrokatzeak merezi duela! Zapalduak ez izateko bide bakarra martxan jartzea izan da!! 📢💪🏽
Ha sido un camino duro, pero ha quedado claro: ¡organizarse y luchar merece la pena! ¡Es la única manera de no ser pisotead@! 📢💪🏽
— Bitartekariak Martxan! (@bitartekariakM) August 7, 2019
Sedena, Tabakalera, erakundeak, alderdiak. Agente asko inplikatuta izan dira borroka honetan.
Hasieratik zaila egin zaigu gure mintzakide zuzena zein zen zehaztea. Greba hasi aurretik Tabakaleraren zuzendaritzara jo genuen: "Zuek ez zarete Tabakalerako langileak, zuen enpresarekin konpondu beharko duzue lan gatazka", erantzun ziguten. Baina erantzukizuna haiena zen. Ubik liburutegia Tabakalerako zerbitzu erabiliena zen, eta haiek erabaki zuten azpikontratatzea. Sedenak esaten zigun ezin zuela ezer egin Tabakalerak ez bazion finantzazioa handitzen. Adminsitrazio kontseiluko ordezkari politikoak berdintsu. Hamabost kide ditu kontseiluak, bost Udalekoak, bost Aldundikoak eta bost Jaurlaritzakoak. Esaten ziguten, denek: "Badakigu zuen baldintzak oso txarrak direla, baina ulertu behar duzue hamabost gaudela hemen –gehienak EAJ eta PSEkoak– eta gure artean ados jartzea ere zaila da...”. Alde guztien arteko komunikazioa zaila eta geldoa izan da. Guk planteatu genuen hirurekin batera biltzea hori errazteko, baina ez dute nahi izan. Nahita hartutako erabakia zen, gatazka luzatu eta gu nekarazi asmoz, haien artean komunikazioa izan bazuten eta.
Alderdi horiek azpikontratazioaren aldeko hautu argia egiten jarraitzen dute. Eta lortu duguna lortuta ere, bihar lanean hasten garenean gure lan baldintzak Tabakalerak zuzenean kontratatutako edozein langilerenak baino askoz txarragoak izango dira. Soldata aldetik, ordu aldetik... Soldatak adibidez: hiru urte barru 24.000 eurotara helduko da; Tabakalerako langile batek 30.000 euro inguru kobratzen ditu urtean. Zazpi hilabeteren ostean duintasunaren gutxieneko horretara heltzea lortu dugu, baina lan baldintzek txarrak izaten jarraitzen dute. Non eta Tabakalerako zerbitzu erabilienean ari garenean lanean.
"Borrokan eta martxan jarraituko dugu, ez dugu azpikontratatutako langile prekarizatuak izan behar. Oso pozik gaude lortutakoarekin, baina bigarren mailako langile izaten jarraitzen dugu"
“Borrokak merezi du”, ondorioztatu duzue publikoki.
Gogorra izan bada ere, borrokaren hautua hartu izan ez bagenu gutako gehienok lana utziko genuen beste nonbait saiatzeko, aurretik lankide askok egin bezala. Gure lanean eta Ubiken proiektuan sinesten genuelako egin genuen hautua. Ordutik, lanak berak baino gehiago elkartu gaitu grebak. Egindako bidearekin oso pozik gaude, gora behera handiak egon badira ere bakoitzaren etxean, familian, gure artean talde bezala. Baina gaur da eguna ikusten duguna baietz, berriz ere egingo genukeela. Hiru urtetako akordio sinatu dugu. Hiru urte barru ikusiko dugu zer erresistentzia jartzen duten akordio hau hobetzeko, eta orduan ikusiko dugu bitartekariak berriz ere martxan jarri behar diren edo bulego batean konpontzeko moduan egongo garen.
Lan aste laburragoak ezartzeko politika orokorra ekarriko du 2025 urteak, enpresentzako kontratazio berrietarako kostu txikiak eta lan harremanetarako aldaketa norabide eraginkorra ekarriz.
Espainiako gobernu akordioa betetzeko helburuarekin, lanaldia astean 37,5 ordutara... [+]
Guardianeko enpresa batzordeak eta SOS Aiaraldea plataformak deituta, mobilizazio jendetsua egin dute Laudion, Laudioko lantegiaren itxiera salatzeko. 2.000 herritar baino gehiagok giza-katea egin dute lantegia inguratuz.
Ehundaka langile elkartu ostegunean Bilbon egin den giza katean “Lan baldintzak hobetu, hemen eta orain erabakita” lelopean.
Ikasturtea hasi denetik hirugarren greba eguna izan da ostegunekoa Nafarroako Hezkuntza Publikoan eta goizeko mobilizazioen ondoren, LAB, Steilas, ELA eta CCOO –protestaren deitzaileak– pozik agertu dira. Euri jasak eta hotzak lagundu ditu etengabe irakasleak... [+]
AHT Geldituk Nafarroako Abiadura Handiko Trenaren obretan lan esklabotza egoerak daudela salatzen duen lekukotza eskandalagarria jaso ondoren, obra horiek sustatzen dituen Adif sozietateak publikoki erantzun behar izan du: "Gezurra dira".
Asteazkenean ekin zion Laudioko enpresak labea hozteko prozesuari, Eusko Jaurlaritzako teknikarien bermearekin. Langileak haserre eta "engainatuta" azaldu dira erakundeen jarrerarekin: "Gu babestera joan eta langileen ondoan egon behar zuena, ez da egon"... [+]
ELAk eta LABek EREa baztertu eta berau erretiratzea galdegin dute. Sindikatu biek gogoratu dute 2023an antzeko neurriak geldiaraztea lortu zutela mobilizazioen bitartez
Greba ataritan jaso nuen zuen e-maila, posta pertsonalean. Hasieran, beste askok bezala, grebaren aurrean ze aukera ditugun jakinarazteko zela pentsatu nuen. Baina ez, grebaren aurkako mugimendu politiko eta komunikatiboa zen jasotako e-maila.
Aitortuko dizuet ahozabalik utzi... [+]
Asteazken goizean goizetik Guardianeko dozenaka langile elkarretaratu dira Laudioko lantegiaren aurrean, eta inguruko enpresatako beharginak ere batu zaizkie elkartasunez. Guardianek asteazkenean labea itzaliko duela adierazi du eta hori oztopatzeko asmoz bildu dira. Enpresa... [+]
Laudioko lantegiko zuzendaritzak astelehen honetan jakinarazi dio enpresa batzordeari behin betiko itxiko duela enpresa. Urtarrilaren 29an abiatuko dute ixteko prozesua. Egun berean egingo dute elkarretaratzea langileek eta ostegunean hasiko dute greba.
Datorren astean Departamenduko Laborantza Ganbarako hauteskundeak ospatuko dira Ipar Euskal Herrian. Frantzia mailako FDSEA eta CR sindikatuez gain, ELB Euskal Herriko Laborarien Batasuna aurkezten da, "euskal laborarien defentsa" bermatzeko.
Eta beste urte batez, sindikatuek prefabrikatutako grebak antolatu dizkigute. Eta guk, indibidualki, erabakia hartuko dugu grebarekin bat egin ala ez, ikastetxean inongo asanbladaren beharrik gabe.
Niri irakatsi zidaten greba eredua jada ez dago modan, antza. Nire... [+]
Lehen aldia da Hego Euskal Herriko euskal gehiengo sindikalak armagintza industriaren moldaketaz taldean eta modu publikoan hitz egiten duena. Aurreko hilabeteotan mugimendu antimilitaristak bilera bana egin du lau sindikatuokin, produkzio militarra “sozialki... [+]
Hezkuntza publikoko lehen bi greba egunei ekin diete EAEn. Asteazken eta ostegun honetan irakasleen txanda da, eta lehenengo egunaren jarraipena %75etik gorakoa dela adierazi dute sindikatuek: "Grebak jarraipen zabala izan du". Eusko Jaurlaritzak berriz, jarraipena... [+]
Gaur, urtarrilak 21, gure oraintsuko historiaren efemeride interesgarri bat gogora ekartzeko eta hari buruz hausnartzeko eguna dugu. 50 urte bete dira Potasas de Navarra enpresako 47 langilek itxialdia amaitu zutenetik. Hamabost egun iraun zuen itxialdi horrek eta greba orokorra... [+]