“Osakidetza hondoratzen ari da, osasun publikoko arazo larri baten aurrean gaude”

  • Roberto Gonzalez Aiarako familia medikua da. Laudioko 42 urteko herritarraren heriotza hamarkada luzez ezkutuan egon den arazo estruktural baten isla dela nabarmendu du. Osakidetzako kudeaketan dagoen aurreikuspen falta osasun-publikoko arazo larri bat dela azpimarratu du.

Kezkaz bizi du Roberto Gonzalezek Osakidetzaren gaur egungo egoera. / Argazkia: Aiaraldea.eus

2024ko urtarrilaren 25an - 07:50

Zer nolako irakurketa egiten duzu Laudioko Etengabeko Arreta Gunean gertatutakoaz?

Laudion gertatutakoa, ziurrenik eta zoritxarrez, mediku bat egonda ere emaitza berdina izango luke. Badaude geldialdi kardiobaskular asko medikuak aurrean egonda ere, horrela amaitzen direnak. Egoeraren larritasuna beste zerbaitetan datza, egoeraren larritasuna da erizainek artatu behar izan zutela.

Erizainak ez dira trebatu tratamenduaren diagnostikoa egiteko, horrek ez du esan nahi gai ez direnik, baina ez dute horretarako formakuntzarik jaso. Nik iturgintza lanak burutu ditzakedan modu berean, baina ez naiz inoiz iturgin profesional eta trebatua dagoen batek bezala egin. Gaur gaurkoz medikurik gabeko egoera asko gertatzen dira Osakidetzan, eta hain zuzen, erizainak dira ardura hori euren gain hartu behar dutenak, hori ezin da onartu.

"Baby-boom belaunaldiko medikuak erretiroa hartzen joan ziren eta ez da hauek utzitako hutsunea erritmo berdinean bete. Aurreikusi zitekeen arazoa aspalditik"

Zergatik falta dira medikuak?

Osakidetzak esango du ez dagoela medikurik inon eta paziente eta kaltetuek esango dute ez dagoela medikurik kontratatuta. Ondorioa berdina da bai; ez dago medikurik. Baina medikurik ez egotearen arrazoia desberdina da bi kasuetan.

Urte luzez “petrolio merkea” izatera ohitu da Osakidetza, ni neu naiz horren adibide. Medikuntza ikasketak bukatu nituen garaian, medikuen gaindosi bat zegoen. Hori dela eta ordu t’erdiko edo bost ordutako kontratuak egiten zizkiguten, lekuz leku aldatzen gintuzten, kontratu bat bestearen atzetik lotuz berrogei egunez jarraian lan eginez… “Petrolio merkea” ginen, erabili eta bota egiten gintuzten. Horrela tratatu gaitu Osakidetzak urte luzez.

Gauzak aldatu egin dira, ordea, baby-boom belaunaldiko medikuak erretiroa hartzen joan ziren eta ez da hauek utzitako hutsunea erritmo berdinean bete. Orain lan-mundura jauzi egiten duten kideek ez dituzte garaiko zabor-kontratu horiek onartzen, kontratu duinak eskatzen dituzte. Osakidetzak lan-baldintza kaskarrak eskaintzen dituenean kide berriek ez dituzte onartzen.

Medikurik ez dagoela esaten dutenean egia da; baina zergatik gertatzen da hori? Ez da gertatzen kontratatzeko medikurik ez dagoelako, baizik eta ez dagoelako nor kontratatu eskaintzen diren lan-baldintzekin.

Nik familia-mediku asko hartu ditut euren erresidentzietan. Formatu nuen lehenengo medikua Eskandinavian dago lan egiten, bigarrena Gaztelan dago inork ez ziolako kontratu duinik eskaini, beste hiru urgentzietako zerbitzuetan daude… Urgentziek familia-mediku asko “lapurtzen” dituzte, bertan bizitza egituratzeko eta kontziliatzeko aukerak eskaintzen dituzten kontratuak egiten zaizkielako; laburbilduz langile bat izan eta euren lanetik aparte bizitza bat izateko aukera eskaintzen zaielako. Guzti hau esanda, nik hamahiru urtez formatu ditudan mediku guztietatik bakarrak jarraitzen du lehen-arretan lan egiten.

"Jendeak jakin beharko luke non ez dagoen medikurik, beharra duen unean denborarik galdu gabe artatua izango den lekura joateko. Medikurik gabe egongo diren Etengabeko Arreta Guneen zerrenda ezin da inon topatu, eta hori herritarrei informazioa ezkutatzea da"

Ez dago medikurik ez, eta, gainera, herritarrei ez zaie informazioa eskaintzen. Medikurik ez badago, Etengabeko Arreta Gunea itxi beharko luke Osakidetzak, edo gutxienez medikurik ez dagoela adierazten duen kartel ofizial bat eskegi. Gero herritarrak Osakidetzaren gainera botatzen badira edo manifestazioak egiten badituzte logikoa da; mediku gabe utzi dituzte.

Jendeak jakin beharko luke non ez dagoen medikurik, beharra duen unean denborarik galdu gabe artatua izango den lekura joateko. Medikurik gabe egongo diren Etengabeko Arreta Guneen zerrenda ezin da inon topatu, eta hori herritarrei informazioa ezkutatzea da.

Arazo oso larri baten aurrean gaude orduan.

Baina hain da larria arazoa, ezen hilabetez hilabete bakante geratzen diren postuen informazioa bidaltzen diguten lanean gauden profesionaloi, postu horiek bete ditzagun. Ni neu larunbat askotan laguntzera joaten naiz Laudioko edota Basauriko EAGetara. Hori ez da nire lana, baina medikuon onkeria eta boluntariotzagatik aurrera ateratzen da.

Hori ez da konponbide bat, hori partxe bat da. Erakina erortzen ari da, eta arduradunek ez dute inondik inora aurreikusi.

Nik medikuntza ikasketak bukatu nituen momentutik nekien hau gertatuko zela. Guztiok genekien baby-boom belaunaldiko medikuek erretiroa hartuko zutela eta hutsune hori bete egin beharko zela. Baina konpondu ordez urte luzez tratu txarra eskaini zaie medikuei Osakidetzaren partetik. Hau aspaldi aurreikus zitekeen.

Nola konpondu? Ba ziurrenik geratu egin beharko dugu, eta onartu hemen dagoena osasun-publikoko arazo larri bat dela. Pandemian egin bezala neurri urgente eta berebizikoak hartu ziren egoerari erantzuteko, gaur egungo osasun sistemaren egoera ere oso oso larria da. Zoritxarrez nik ez dut krisi-gabineterik inon ikusten.

Zergatik Osasun Saileko arduradunek ez diote garaiz heldu aspalditik datorren arazo honi?

Erantzuna sinplifikatze aldera: nire seme-alabek arropa zikina sukaldean uzten badute eta norbait baldin badago hau jasotzen duena, garbitzen duena, eta txukun gordetzen duena, nire seme-alabek ez dute sekula ikasiko arropa nola jaso, garbitu eta txukun gorde.

Osakidetzak hamarkadaz hamarkada “petrolio merkea” eta arazoak konpondu dituzten mediku eta erizainen bokaziozko ekintzak izan baditu eskura, Osakidetzarentzat ez da arazorik existitzen.

"Lehen arretako langileok gure jardunaren %25-30 kontu administratiboetara bideratzen dugu, pazienteak akonpainatu beharrean, horrek ez du zentzurik"

Kontuan hartu behar dugu gure kudeatzaileak lau urterako ari direla konponbide azkarrak bilatzen, euren legealdiak irauten duen eperako hain zuzen ere. Ez dute inoiz hogei urteko aurreikuspenik egiten, ziurrenik pilota hau beste gobernu bati pasako diotelako. Lau urte horietan argazkiak atera eta zentroren bat inauguratzearekin nahikoa dute. Nori ez zaio gustatzen zinta bat moztea? Gero agian profesionalek ez dute beharrezkoa den formazioa.

Profesionalen bokazioak bete ditu urte hauetan guztietan hutsuneak eta gabeziak.

Bokazio horrek ere mugaren bat izango du ezta?

Gure unitatean, Aiara, Urduña Artziniega eta Amurrio biltzen dituen unitatean, inkesta bat egin zen duela urte batzuk, Burn-out sindromea detektatzeko. Erreta dagoen profesionalaren sindromea da Burn-out sindromea. Emaitzen arabera unitateko profesionalen %70 zeuden Burn-out egoera batean, ondorioak antzekoak ziren Osakidetzako gainerako unitateetan ere. Horrek esan nahi du hiru osasun-profesionaletik bi egoera horretan daudela.

Torlojuak egitera dedikatzen den enpresa batean lanean egongo bagina, enpresa hori geratu eta arazoaren muina analizatzera joko luke. Lan-osasuneko arazo baten aurrean gaude. Lehen arretako profesionalak artatzen dituzten mutuei jakinarazi zaie arazoa, baina inork ez dio honi aurre egiten.

Hori dela eta osasun-profesionalak geroz eta okerrago gaude. Geroz eta osasun-profesional zaharragoak ditugu, geroz eta agenda estuagoarekin, pazienteak kalitatez artatzeko geroz eta minutu gutxiagorekin. Profesional askok dugun sentsazioa da oso arreta eskasa ari garela eskaintzen azken aldian. Frustrantea da jakitea nola egin behar duzun zure lana eta horrela jardun ezin izana.

Lehen arretako langileok gure jardunaren %25-30 kontu administratiboetara bideratzen dugu, pazienteak akonpainatu beharrean, horrek ez du zentzurik.

Baldintza kaskarrak medio lehen arretatik medikuek alde egiten dute orduan.

Hala da bai; arazo oso larri bat dugu mahaigainean, duela hamar urte konpondua izan behar zuen arazo bat. Ez da gertatuko den zerbait, leporaino sartuta gaude, pazienteen arreta kaltetzen duen osasun-publikoko arazoa da.

Arazoa deskribatzeak ez du arazoa konpontzen. Aurreikuspen falta ikaragarria dago. Uda-sasoian, gripearen epidemia dagoenean… ez dago medikurik. Horiek ez dira gertaera ez-ohikoak, urtero errepikatzen dira. Baina gure arduradunek ez diote horri heltzen, eta gu profesionalok, antolatu behar ditugu gure egutegiak propioki hutsuneak betetzeko. Non ikusi da hori? Enpresa kontratatzaileak konponbideak eskaini beharko ditu konponbideak, baina hori ez da horrela. Askotan bakarrik ikusten duzu zure burua. Langileok ez dugu ahaleginean hil nahi baina egunez egun aurrean gure beharra duten pertsonak ditugu.

Horrek zer sortzen du? Tristura, frustrazioa, estutasuna, negar egiteko gogoa eta azkenik lehen arreta abandonatzea. Higadura pertsonal handia suposatzen du gure jardunak, gauzak ezin ditugu egin egin nahiko genituzkeen moduan.

Osakidetzako arduradunek gai hauek lantzen dituzte zuekin?

Noizean behin etortzen dira zelan gauden galdetzeko. Bilera deitoragarriak dira, errespetu faltakoak. Kudeatzaileei, zuzendariei… behin eta berriro azaldu diegu egoera, eta krisi-gabinete bat eskatzen diegun aldiro “hau da dagoena” erantzuten digute.

Ezin dugu ahaztu gu langileak garela, Osakidetza deituriko enpresa batek kontratatuak. Osakidetza da herritarrei ahalik eta arreta onean ematearen arduraduna. Gure betebeharra gure lana ahalik eta hobekien egitea da, baina guk ez dugu konponbidearen giltza.

"Titanic-a hondoratzen ari da. Ez dugu iceberga saihesteko planik behar jada jo dugu iceberg hori"

Gainera, lehen arreta kudeatzeaz arduratzen direnak ez dute oposaketa bat gainditu. Konfiantzazko karguak dira. Oso onak izan daitezke euren lanean, ideia askorekin, edo burokrata hutsak izan daitezke. Egia dena zera da, OSIetan antolatzeari ekin ginenetik ez da ezer hobetu; ez pazienteen arreta ezta profesionalon lan-baldintzak.

Susmoa dut “petrolio merkea” bilatzeari ekin nahi diotela berriz, gainean duten arazoa konpontzeko. Partxe bat izango da berriro, baina osasun-profesionalon egoera ez du inondik inora bideratuko.

Zer da behar Osakidetzak behar duena?

Zinez espero dut norbaitek aurreikuspenez jokatzea eta gabinete bat osatzea egoera konpontzeko. Epe laburreko plana behar dugu, Titanic-a hondoratzen ari da. Ez dugu iceberga saihesteko planik behar jada jo dugu iceberg hori. Hondora goaz, egoera hau da konpondu beharrekoa.

Nik gaur gaurkoz ez ditut inon ikusten konponbideak. Osasun Sailburutik hasita, ez dut inor entzuten gaiari buruz hitz egiten.

Laudion gertatutakoaren ostean, jaso duzue inolako irizpide edo adierazpenik Osakidetzako arduradunen aldetik?

Ez, ez dugu ezer jaso. Ez du inork ezer egin. Nik, maila pertsonalean Laudion hildako herritarra artatu zuen erizainetako bati galdetu diot zelan dagoen. Ez dut uste Osasun Sailetik beherako arduradun bakar bat ere Laudioko anbulatoriora hurbildu denik bi langile horiekin elkartzeko.

Ez digute inolako jarraibiderik eman. Ez dute neurri berririk hartu. Ziurrenik asteburua hurbildu ahala deitu egingo naute galdetzeko Etengabeko Arreta Guneren batean lagundu dezakedan; betikoa, hutsuneak bete. Egun batetik besterako konponbideak.

Laudiokoa gertatu denetik ez dut Gotzone Sagardui entzun horri buruzko adierazpenak egiten. Proiekturen baten aurkezten bai ikusi dudala, eta ziur aurki beste inaugurazioren batean ere ikusiko dudala.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Osakidetza
Adin txikikoak dira Osakidetzako genero identitateko unitatetik pasa diren erdiak

1.075 pertsona artatu ditu Barakaldoko ospitaleko genero-identitateko unitateak, 2016ean unitate hori martxan jarri zenetik. Erdiak baino gehiagok adin-nagusitasuna bete aurretik jaso zuen lehen arreta. Eta, kopuru osoaren herenak hamasei urte baino gutxiago zituen.


Materialismo histerikoa
Bizitzeko

Ikasturte osoan inork aipatu ez dituen kontuetan aritu ondoren, aktualitatearen erdigunera eraman nau, ustez, pneumonia batek, nola definitu ez dakidan hartuemana izan baitut Osakidetzarekin. Eta lehen deitik, ai ene, esperimentu batean egotearen sentsazio zirraragarria,... [+]


Bizkaiko emaginen greba eguna astelehenean, Osakidetzaren udako murrizketak salatzeko

Satse Euskadiko Erizainen Sindikatuak deitu du greba, eta udako murrizketek eragindako lan karga arintzeko neurririk ez hartzea leporatu dio Osakidetzari.


Absolbitu egin dute Osakidetzak kaleratu ostean anbulantzia bati bi gurpil zulatzea egotzi zioten langilea

Bilboko magistratuak adierazi du ez dagoela froga nahikorik langileak delitu hori egin zuela egiaztatzeko eta ez dagoela “lekukorik” hori frogatu duenik. Horrelako 300 sabotaje salatu ditu anbulantzien zerbitzua esleitua duen enpresak.


Ikastetxeek erizain bat izateko eskaera Jaurlaritzara iritsi da

Istripu eta larrialdiei erantzutea eta gaitz kronikoak dituzten ikasleak artatzea lirateke, besteak beste, erizainak eskolan lituzkeen funtzioak, gaur egun gehienbat irakasleen bizkar geratzen dena. Eskoletan erizain batek egon behar duela aldarrikatzen urteak daramatza SATSE... [+]


Osakidetzaren irtenbide bakarra lanaldia luzatzea dela kritikatu dute ELA, LAB eta CCOOk

Langileen plantilla egokia osatu beharrean, Osakidetzako profesionalei aparteko orduen bitartez ordaintzea gaitzetsi dute sindikatuek. Azken urteetan errepikatu diren arazoen aurrean zuzendaritzak izandako plangintzarik eza salatu dute.


Murrizketak egingo dituzte udan Osakidetzaren lehen mailako arretako zentroen herenean

Hamar zentrok uda osoan itxiko dute eta 72 zentrok ixteko ordua aurreratuko dute. Sindikatuek salatu dute langileen lan karga "handituko" dela.

 

Jaioberrien orpo-proban gaitz gehiago aztertzera behartuko du Osakidetza Espainiako Gobernuak

Jaurlaritzari koloreak atera dizkio Espainiako Gobernuak: Osakidetzak iragarri berri duenean jaioberriei egiten zaien orpo-proban hamalau gaitz antzeman ahalko direla aurrerantzean, gutxienez 22 gaitz behatu beharko ditu, Madrilen aginduz. Nafarroak dagoeneko 30 gaixotasunen... [+]


Jaioberrien orpo-probak 14 gaitz bilatuko ditu aurrerantzean EAEn, antzeman daitezkeen 50 gaitzetatik oraindik urrun

Jaioberriaren orpoan zizta eginez, hainbat gaitz aztertzen ditu osasungintza publikoak. Osakidetzak 14ra igo berri du aztertzen diren gaitzen kopurua, baina beste lurralde batzuekin konparatuta, atzeko postuetan dago EAE: Nafarroan 28 gaitz aztertzen dituzte, Galizian 33,... [+]


1.431 lanpostu sortzeak ez du Osakidetzaren plantilla handituko, ELA eta ESK sindikatuek salatu dutenez

Eusko Jaurlaritzak Osakidetzan iragarritako lanpostuak behin-behinean dauden langileen plazak formalizatzeko izanen direla esan dute ELA eta ESK sindikatuek.


Lehen arreta eta lan-baldintzak indartzeko premia

Eusko Jaurlaritzak 277 milioi euro bideratuko ditu ospitaleak handitzeko, eta ESK sindikatuak “desegokitzat” jo du erabakia.


EAEn azpikontratatutako osasun-garraioaren greba mugagabea hasi da

Astelehenean, otsailaren 19an, EAEko anbulantzietako langileek greba mugagabeari ekin diote.


Euskal ospitaletan elikadura sistema iraunkorrak garatzeko txinpartaren bila

Kontratazio publikoa tresna baliotsua da erakunde publikoen berrikuntza-politikarako. Elikagai jasangarrien erosketa publikoak egungo ekoizpen- eta kontsumo-ereduak aldatzeko gaitasuna du. Ospitaleak ere funtsezkoak dira horretan. Renascence ikerketak osasun-zerbitzuetan... [+]


Gasteizko Santiago ospitaleko larrialdi zerbitzuaren “eraisketa” salatu du ESK sindikatuak, langile murrizketa dela eta

Zerbitzutik zortzi erizain eta bi erizain laguntzaile kendu dituztela salatu du sindikatuak. Larrialdi horietara herritar bereziki zaurgarriek jotzen dutela azpimarratu du, eta agintariei eskatu diete “pertsonak zenbaki soiltzat hartzeari uzteko”.


Eguneraketa berriak daude