“Orain arte alarde baztertzaileak okupatuak zituen espazioak partekatzen hasi beharko dira”

  • Hondarribiko Alarde tradizionala eta Jaizkibel konpainia desfilatzen aterako dira, urtero bezala, irailaren 8an. Baina orain arte EAJk gobernaturiko udala Abotsanitzek eskuratu du eta egin dituen aldaketek hautsak harrotu dituzte Alarde tradizionalean. “Konpainia guztiak elkarren ondoan egongo garen argazki hori saihestu nahi dute”, azaldu digu Uxoa Anduaga Jaizkibel konpainiako txilibituak.


2024ko irailaren 04an - 12:14
Azken eguneraketa: 16:42
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Tentsio giro handia sumatzen da Hondarribian?

Tentsioa baino gehiago, egun aztoratuak izan direla esango nuke, aldaketak daudelako, orain arte mugiezinak ziruditen gauzak mugitzen hasiak direlako.

Hondarribitik kanpo irakurleek uler dezaten: ez zarete aterako gainerako konpainiekin batera, beste ordutegi batean baizik, orain arte bezala. Aldaketa da, batetik, denok leku beretik aterako zaretela goizean, gainerakoekin elkartuko zaretela abiapuntuan; eta bestetik, arratsaldean Kale Nagusia jaitsiko duzuela ibilbide amaieran, gainerakoek egiten duten modu berean.

Aurrerapauso esanguratsuak dira, orain arte lortu ez ditugun bi leku oso sinboliko direlako, jaien parte garrantzitsuak, eta aukera izango dugulako horiez disfrutatzeko. Gernikako Arbolan [abiapuntuan], beste konpainiak lerrokatuta dauden une berean gu ere bertan izango gara eta arratsaldean alarde amaierako festa egin ahal izango dugu, zapataria joaz, saltoka, abestuz… Orain arte ezin izan dugu festa hori egin, beste plaza batera bideratzen gintuzten "segurtasun arrazoiak" argudiatuta, eta aurten bai, une inportante bat bizi ahal izatea lortu dugu.

Oraindik gauza asko daude lortzeko, hori ere esan behar dugu. Bi urrats dira, baina bi urrats txiki.

Txikiak izango dira, baina oso haserre dago alarde tradizionaleko bat baino gehiago. Espazio bera partekatu beharrak amorrarazi ditu batzuk.

Kasik ulergarria da, alarde baztertzailearekin bat egiten dutenak horretara daudelako ohituta; euren aldeko egoera mantendu da ia 30 urtez. Hortaz, atzerapauso gisa biziko dituzte aldaketa hauek, baina esperantza dugu hemendik aurrerako aldaketek norabide bera izango dutela: orain arte beraiek okupatuak eta eskuratuak zituzten espazioak, pribatizatu dituzten espazio horiek, partekatzen hasi beharko dira.

Gehiago komeni zaie honako diskurtsoa: "Ezin gara elkartu, liskarra sortuko delako, denon onerako hobe da zatituta eta bananduta jarraitzea"

Aldiz, espazio horietan batera egoteak segurtasun falta eta arriskua dakarrela arrazoitu dute alarde tradizionaletik, liskarrak egon daitezkeelakoan.

Gurekin espazioak ez partekatzeko alarde baztertzaileak urte luzez erabili duen argudio nagusietakoa da hori. Beti aipatu dute borrokarako arriskua egon daitekeela bi aldeak elkartuz gero, eta beste ibilbide batzuetatik bidali izan gaituzte. Zatiketa bultzatu nahi dute, baina azken urteetan espazioak partekatzea egokitu zaigunean (adibidez, entseguetan herri erdigunetik pasatzen garenean) ez da gatazkarik izaten. Txaloak jasotzen ditugu edo bizkarra ematen digute, baina ez dago borrokarako arriskurik, eta konpainia batzuetako eta besteetako kideen artean ere ez (are gehiago, lagunak dituzte Jaizkibel konpainiakoek beste konpainia batzuetan, ohikoa izaten da elkar agurtu eta besarkatzea). Alegia, aitzakia hutsa da, hain justu konpainia guztiak elkarren ondoan lerrokatuta egongo garen argazki hori saihestu nahi dutelako. Saihestu nahi dute Jaizkibel konpainiako kideak beste konpainietako lagunekin besarkatzea, musuak ematea, agurtzea… Elkarren artean ondo moldatzea badelako arazo honi aterabidea emateko abiapuntua. Gehiago komeni zaie honako diskurtsoa: “Ezin gara elkartu, liskarra sortuko delako, denon onerako hobe da zatituta eta bananduta jarraitzea”.

Alarde tradizionaleko buruen antzera hitz egin du Hondarribiko EAJk: udalari leporatu dio herritarrak arriskuan jartzea, alardeak eta Jaizkibelek bat egingo dutelako bi puntu horietan.

Sorpresa gutxi. Udal gobernuko buru EAJ izan da urte luzez eta Jaizkibelentzat urterik gogorrenak horiek izan dira. Udal gobernua aldatu denean ikusi dugu askoz arinagoa izaten ari dela harremana, nahiz eta oraindik gauza asko dagoen hitz egiteko eta egiteko. Ez gaitu batere harritzen EAJk alarde baztertzailearen argudioak berrestea.

Udalak esku hartzea aspalditik eskatu da, instituzioen bultzadak lagunduko duelakoan herritarrek pausoak ematea. Ari al da balantza pixkanaka zuenera mugitzen?

Milimetroka irabazten den bide luzea da. Jaien ostean lasaiago egingo dugu balorazioa, baina guk inguruan poza ikusten dugu, ematen diren aldaketen harira.

Beste era batera galdetuta: alarde tradizionaleko jende bat urduri sumatzen al duzue? Esanguratsua da, Guztion Alardea mugimenduaren aldeko (gatazka konpontzeko elkarrizketaren aldeko) pin bat eramateagatik kanporatu dute kideren bat.

Zaila egiten zait baloratzea haien mugimendu eta jarrerek zeri erantzuten dioten, ez dakit kanporatze hori aldaketa hauen aurrean dagoen urduritasunagatik den edo alarde baztertzaileak azken urteetan hartu duen zurruntasunaren adibide bat gehiago ez ote den. Azken finean, alarde baztertzailearen barruko gorabeherak ez ditugu ezagutzen. Aldaketek ekarri ohi dituzten haserreak izango dira, pentsatzen dut, baina zaila da guretik baloratzea beste aldean nola bizi duten.

"Urtero ateratzen den diskurtsoa da bi alarde egitea litzatekeela soluzioa, eta batzuek horretara bultzatu nahi dute Jaizkibel, baina Jaizkibelek nahi duena da gainerako konpainiekin desfilatu"

Adierazi dute udal gobernuak alarde mistoa duela helburu, eta ez datozela bat. Ez al da hori mahai gainean hasieratik zegoen erronka?

Udal gobernu berria argi mintzatzea garrantzitsua da. Izan ere, kasik urtero ateratzen den diskurtsoa da bi alarde egitea litzatekeela soluzioa [bata baztertzailea, bestea parekidea; Irunen egiten duten moduan], eta batzuek horretara bultzatu nahi dute Jaizkibel, baina Jaizkibelek nahi duena da gainerako konpainiekin desfilatu, eta pixkanaka bultzatu alarde bakarra, parekidea eta publikoa bilakatu dadin.

Zein dira hurrengo urratsak?

Udalak esan zuen iazkoa sinboloen urtea zela eta aurtengoa administrazioaren urtea; ea datorren urtea den alarde bakar eta parekidearena. Urte osoan zehar lana eskatzen duen jarduna da eta gure aldetik ahal den guztia egiten jarraituko dugu.

Eta beste aldetik?

Hitzaldi, elkarrizketa eta mahai-inguruetarako orain arte egindako deialdiei uko egin die beti alarde baztertzaileak, ez dute inoiz gurekin elkartu nahi izan eta kostata elkartu dira bestelako erakundeekin, jarrera inmobilista dute. Ez du zertan hemendik aurrera horrela izan, baina orain arteko ibilbidea ikusita…

Jaizkibel konpainiako kantinera gurpildun aulkian aterako da, hori ere historikoa da.

Jaizkibel konpainiak ez du inolako baldintzarik jartzen kantinera rolean aritzeko, ez dago adin mugarik, ez gorputz normatibo baten edo generoaren gaineko mugarik, eta kasu honetan Nahia Salaberriak beste hainbat lagunekin batera bere burua aurkeztu zuen, zozketa bidez berari egokitu zaio eta oso pozik gaude denok. Azken finean, Jaizkibelek duen aniztasunaren eta jarrera irekiaren isla ere bada.

 

Jaizkibel konpainiaren egunotako entseguen argazkiak. Argazkiak: Jaizkibel konpainia

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hondarribiko alardea
Hondarribiko alkatea jotzen saiatu ziren herriko jaietan

Hondarribiko Alardearen harira herrian aurten bizi izan den tentsioa garbi islatu du Igor Enparan alkateak, hondarribiar guztiei bidali dien eskutitzean. "Gezurrez eta gorrotoz betetako kanpaina pairatu dut. Zurrumurruak eta gezurrak zabaldu dira herritar guztion arteko... [+]


Zerbait mugitzen hasi da Hondarribian

Hondarribiko jai egun handian, Alarde tradizionalak eta Jaizkibel konpainia parekideak bat egin behar zuten lehen aldiz abiapuntuan, baina argazki hori saihesteko, tradizionaleko konpainia guztiak berandu joan dira hasiera puntura. Plantoak planto, ordea, lehen aldi ugari bizi... [+]


Alardearekin legea betetzen hasteko eskatu diote EH Bilduko militanteek Hondarribiko alkateari

«Gatazkaren konponbidean baliagarria izango delakoan» EH Bilduko Lantalde Feministak egindako hausnarketa plazaratu du Arma Plazan. Igor Enparan alkateari «Jaizkibel konpainiak bakarrik betetzen duen legea betearazten hasteko, eta Alarde bakarra, guztiona eta... [+]


Jaizkibelek elkarrizketa mahai bat bideratzeko eskatu dio Hondarribiko alkateari

Konpainia parekideak 2023ko jaien eta irailaren 8ko alardearen balorazioa egin du, eta aurtengoa "urte pozgarria" izan dela azpimarratu. Nabarmendu du udalak egindako keinuek lagundu dutela elkarbizitza espazioak sortzen, baina alarde baztertzaileari ere harrera egitea... [+]


Jaizkibeli ere harrera egin dio lehen aldiz Hondarribiko alkateak

Arartekoak ostiralean jakinarazi du azkenean ez duela alarde baztertzailea agurtuko. Halere, Hondarribiko alkateak, Gipuzkoako ahaldun nagusiak eta Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen sailburuordeak emakumeak baztertzen dituen alardeari harrera egin diote.


“Nor dira haiek, guztiona den ondarearen inguruan herri osoaren izenean hitz egiteko?”

Hondarribiko alardearen bezperetan, alarde tradizionalaren baitatik sortutako proposamenez, udal aldaketak zabaldu ditzakeen ateez eta Gipuzkoako ahaldun nagusiak iragarritakoaz (alarde tradizionalari eta Jaizkibel konpainia parekideari egingo diela harrera) hitz egin dugu... [+]


Hondarribiko hurrengo alkatearentzako gutuna plazaratu du Guztion Alardeak

Hauteskundeen ondoren zabalduko den aro berri honetako alkatea "konponbidearen alkate bilakatzea" espero du Guztion Alardeak.


Guztion Alardeak egindako proposamenekiko desadostasuna agertu du Alarde Fundazioak

Bilera izan berri dute bi aldeek. Guztion Alardeak bere diagnostikoa eta zenbait gogoeta plazaratu zituen bilera horretan, eta fundazioak hauekiko desadostasuna agertu zuela esan dute.


2022-09-08 | ARGIA
Jaizkibel konpainiak aurrera egin du aurten ere: “Inoiz ez genuen plaza horrela bete”

Hondarribiko alardean konpainia parekide bakarrak egindako desfilea oso jendetsua izan da eta txalo artean hartu dute ibilbidean zehar.


2022-07-07 | ARGIA
Guztion Alardea elkarteko 64 emakumek alardean parte hartzeko eskakizun formala egin dute

Alarde fundazioari eta Hondarribiko Udalari bideratu diete alardean parte hartzeko eskakizuna, kantinera bezala ez ezik, soldadu gisa ere bai. Guztion Alardea elkarteak eman du urratsaren berri. Alarde baztertzailearen bueltako gazteek sortu zuten elkartea, defendatzen baitute... [+]


2021-09-08 | ARGIA
25. urteurrenean, Jaizkibel Konpainia alardeko konpainia bat gehiago izateko eskaeran berretsi da

Koronabirusagatik desfilerik gauzatu ez den arren, Jaizkibel Konpainiak kaleak hartu ditu. Elkarretaratzea egin dute alarde parekidea aldarrikatzeko, eta uztailean egindako proposamena berriz plazaratu dute: datorren urtean alardeko konpainia bat gehiago izatea.


2021-09-07 | ARGIA
Jaizkibel konpainiaren 25. urteurrena gogoratuko dute Hondarribian

Emakumeek ere alardean desfilatu ahal izatea helburu, duela 25 urte atera zen lehen aldiz Jaizkibel konpainia Hondarribian. Aurtengo irailaren 8an ez da alarderik izango, baina elkarretaratzea egingo dute, “1996 urrun hartan, alarde parekidearen aldeko aldarria kaleratu... [+]


Jaizkibel konpainiak alardearen formatu tradizionalean hartu nahi du parte

Emakumeak onartzen dituen konpainiak desfile nagusiaren barruan egon nahi du 2022tik aurrera. Hondarribiko alardearen auziari konponbidea bilatzeko pausoa dela adierazi du elkarteak.


Eguneraketa berriak daude