“Ondo pasa nahi nuen oholtzan. Hori zen nire maxima”

  • Hainbat taldetan aritu ostean –Napoka Iria, Perlak, Dual Split…–, bakarkako proiektua abiatu zuen 2017an Miren Narbaiza musikariak: MICE.

MICE (Miren Narbaiza) eta Danele Sarriugarte, Bira Kulturgunean (Argazkia: Teresa Villaverde)

2023ko urtarrilaren 04an - 10:04
Azken eguneraketa: 2023-01-05 16:44
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Hainbat taldetan aritu ostean –Napoka Iria, Perlak, Dual Split…–, bakarkako proiektua abiatu zuen 2017an Miren Narbaiza musikariak: MICE. Aurten argitaratu du bigarren diskoa, eta Urdin Elektrikoaren zazpigarren edizioan, Durangoko Azoka hasi bezperan, harekin elkartu gara Bilboko Bira kulturgunean, Lautada hobeto ezagutzeko.

2017an MICE diskoa, 2019an Zilar printzak EPa, eta orain, 2022aren hondarrean, Lautada. Prozesu luzea izan omen da azken disko hau sortzekoa. Zer moduz geratu zara?

Uste dut ez naizela inoiz aritu horrenbeste denbora disko bat egiten. Hainbat arrazoirengatik asko luzatu da, baina onerako izan dela uste dut. Diskoa grabatzen hasi ginenerako, kantuak oso-oso landuta genituen, horretarako espazioa eduki dugulako, estudio bat, eta eduki dugu denbora kantuak ertz askotatik lantzeko eta patxadaz hartzeko. Beti ez da izan nahi genuen zerbait, baina uste dut horregatik ere onerako izan dela: hau da dagoena, lasaiago hartu beharko dugu; ezin dugu aurten atera, hurrengo urtean saiatuko gara. Iritsi da grabatzeko momentua, eta kantuen maketak izugarri politak iruditu zitzaizkigun. Grabazioaren itxiera magikoa izan da, eta emaitzarekin oso gustura geratu gara.

Desberdina izan da beste grabaketa batzuen aldean?  

Oso grabaketa polita eta kontzientea izan da. Disko batzuk jada grabatu ditut, eta denborarekin ikasi egiten duzu prozesuaz. MICErekin lehenengo diskoa grabatu nuenean, konturatu nintzen gauza asko itxita zeudela jada, baina nire buruan ez. Agian ahotsak berriro egin nahi nituen, baina hori jada pasata zegoen. Honetan pila bat gozatu dut, soinuaren eta ekoizpenaren mundua ere hobeto ezagutzen nuen, eta ez dut esango nora nindoan banekienik, baina banekien iradokitzen edo hitz egokiak topatzen. Beste kontu bat da diskoa egiten duzuneko lengoaia: lengoaia hori menderatzea oso interesantea da jakiteko nora joan nahi duzun, eta, batez ere, zure ondokoak uler dezan.

Adibide bat jarriko zenuke?

Ba une jakin batean nahi duzu kantua jaistea, edo hustea… Hori nola azaldu, nola egin? Ba proba dezakegu ahotsari efektu guztiak kentzen, edo ahotsa urruntzen… Gauza asko daude zuk esplika ditzakezunak, baina besteak ere ulertu behar ditu.

Diskoa aurkezten ari zarete. Ez zara gitarra jotzen ari.

Hainbeste urte gitarraren atzean, aldaketa bat nahi nuen.

Nolako aldaketa?

Oholtzan ondo pasa nahi nuen. Hori zen maxima. Ondo pasatzen nuen, baina gitarrak –edozein musika-tresnak– bi alde horiek ditu: babestu egiten zaitu, baina mendeko ere egiten zaitu, teknika ere behar da, eta aldi berean abestu eta jo… Batzuetan ez dizu lagatzen kontzentratzen ez ahotsean, ez gitarran. Dena den, ez da izan egun batetik besterako aldaketa: aurreko diskoaren biraren amaiera aldera, kantu batzuetan aparkatu egiten nuen gitarra, eta ikusten nuen egin nezakeen zerbait zela. Ikusten nuen hainbat taldetan abeslaria horrela zebilela, eta inbidia ematen zidan. Zer izan behar duen mugitzea nahieran alde batetik bestera! Eta pentsatu nuen probatu egingo nuela. Talde honek ere horretarako aukera eman dit. Bilatua izan da. Bi gitarra daude: batzuetan egin nezakeen nik zerbait, baina ez zegoen beharrik.

Eta zer moduz?

Egia esan, asko gozatzen ari naiz. Pixka bat dantza egiten… Eta zuk dantza egiten duzunean deigarria da nola jendea ere hasten den dantzan.

MICE sortu aurretik hainbat taldetan ibilitakoa zara. Napoka Irian ikusi zintugun asko, baina gero beste talde mordo batean jo duzu: Perlak, Joseba B. Lenoir Gang, Dual Split…

Bide berri bat hastea izan zen, halamoduz. Banentorren aipatu dituzun talde horietan guztietan ibiltzetik, eta pixka bat nekatuta nengoen: errepidea, astelehenetik ostiralera entsegu pila bat, asteburuetan boloak, askotan bi bolo egun berean. Momentu horretan beharra neukan ikasteko, beste gauza batzuk egiteko, Napoka Irian beti aurrean egotetik… Napoka Irian mikroa nik neukan, eta jendearekin harremana ere zurea da horrelakoetan. Gogoa neukan oholtzan beste rol bat edukitzeko: elektrika jotzen hasi nintzen, koruak egiten… Gustatzen zitzaidan, zeren atzean nengoen eta ez zen nire erantzukizuna: baxua jotzen, baita bateria ere batzuetan, saltsan. Baina egia da gero nekatu egin nintzela eta berriro idazten hasteko eta kantu berriak egiteko garaia iritsi zitzaidala. Eta pentsatu nuen: ba egingo dut nire taldea.

MICErekin hiru lan atera dituzu, eta uste dut nabaritzen dela ibilbide hori. Lehen diskoan, adibidez, hasieren potentzia agertzen da, baina baita zalantzak ere.

MICE hastea aldaketa izugarria izan zen. Pertsonalki ere aldaketa asko ari nintzen bizitzen. Orduan, lehen disko horretan, letrak ikustea besterik ez dago: oreka aipatzen da, “Ausardiarik ez”…

“Buelteri eusten”…

Mareatuta sentitzen nintzen askotan, eta gainera ez dugu jakiten bide berriek zer ekarriko duten. Badakizu non zauden, baina aukeratu egin behar duzu, eta diskoak energia hori guztia dauka. Pixka bat iluna da egia esan. Zein zen galdera?

Ea ados zauden nire interpretazioekin; uste dut hau aipatu izan dugula gure elkarrizketa extra-ofizialetan. Eta zer izan zen diskoa zuretzat. Ondoren Zilar printzak EPa atera zenuen: bi kantu zureak dira, beste bi bertsioak: Ruper Ordorikaren Orain barre, orain negar eta Delirium Tremensen Laino ilunak.

Momentu horretan Deliriumekoak oraindik ez ziren bueltatu, ez zuten jotzen.

Askotan jartzen dut kantu hori goizetan, indar pixka bat hartzeko. Edonola ere, EPko kantuak dantzagarriak dira, eta pixka bat bide horri jarraitu diozu Lautadan ere. Bueno, zilar printzen kontzeptua berriro agertzen da disko berrian, badirudi distirarantz zoazela.

Ze ondo, norbait konturatu da! Baina bai, nik horrela proiektatu dut disko hau. Argirantz, zerumugarantz. Pausa bat ere bada, paisaia bat; paisaia horrek ahalbidetu du hein handi batean diskoa bera. Proiektatu dut brillantinarantz, urrerantz, jostagarriagoa izan zedin, kolore gehiagorekin, zuzenagoa, letrak ere gordinxeagoak. Zirikatzaileagoa izatea nahi nuen eta metaforak erabili ditut, baina beste gauza asko nahiko berehalakoak izan dira, idazketan adibidez, eta horrela uztea erabaki dut, gainera. Ez da ezer pasatzen bulkada baten ondorioz gauzak atera zaizkizun bezala uzteagatik: indar hori daukate, batez ere zuretzat, eta gero zuk kantatu behar duzu. Egiaren alde egin behar dela uste dut; ez da saldu behar ez zaren zerbait.

Metaforak aipatu dituzu eta, esan behar nizun espazioak eta denborak indar poetiko eta adierazkor handia daukatela zure diskoetan. Kontzeptu espazialak, tenporalak, naturako elementuak behin baino gehiagotan aipatzen dituzu. Inspirazioa dira zuretzat?

Oso kontzeptu politak eta mamitsuak dira. Disko honetan, baina aurretik ere bai, niri natura oso estimulantea iruditzen zait, oso inspiratzailea. Mendi buelta bat eman besterik ez dago ikusteko zer den, eta hortik zenbat gauza idatz daitezkeen eta zelan laguntzen dizun perspektiba hartzen. Geroz eta zementuzaleagoak eginarazi gaituzte, eta ni zementuzalea naiz, baina onura egiten dit kontraste horrek, eta zaratatik urruntzeak ere asko ematen dit.

Eta kantuetarako oso gauza polita da. Naturari abestea ederra da: oso gauza gutxi edo ia ezer esan gabe, deskribapen hutsa kantu bat izan daiteke. Orain, adibidez, obsesio txiki bat daukat eta oraindik ez dut gauzatu guztiz, baina konturatuko zineten eguraldi-iragarpenak berak ze poetikoak diren. Oso poetikoak. Eguzkiñe Iturriotz entzuten dudanean, askotan, esaten duenean, “gaur goizean ostarteak sartuko dira”: deskribapen hutsa poesia da. Horrekin egin zenezake kantu bat.

Nola hasten zara kantuak egiten?

Kantu bat egiteko modu asko dago. Nik beti egin izan dut jo, gero patroi bat sortzen zait, edo sortzen dut, eta kilika pixkatxo bat egiten badit zerbaitek, hor geratzen naiz, tematzen naiz, eta hasten naiz kantatzen.

Disko honetan denbora gehiago pasa dut idazten; hala ere, gutxi. Askoz ere gehiago egin nezakeen, baina idatzi dut, eta gero sartu ditut letrak ideietan. Buelta asko eman dizkiet hitz batzuei, beste batzuk bere horretan geratu dira. Lehen aldia da eduki dudana libretatxo bat, idatzi gauza bat, garbira pasa, hurrengoan berriro… Pila bat orrialde kantu berarekin, puzzlea osatu arte. Eta lehen aldiz abiatu naiz ordenagailutik, beste estimulu batzuk bilatu nahi nituen, ze azkenean gitarrarekin ere bizio asko ditut, beti daukat jotzeko modu berdina, edo akorde-joera berdina: mi minor. Anariri esker ere bai.

Anarik egin zuen Izar&Star ziklo bat mi minorra erabiltzen duten egileekin-eta, ezta? Nick Cave, Low…

Mi minor oso erraza da jotzeko, bi atzamar bakarrik behar dira, eta akorde minorrek badaukate halako tristura eta esperantza, dena batera. Gitarra jotzen hasten garen guztioi asko gustatzen zaigu, oso señoriala da, badirudi norabait zoazela. Horregatik, saiatu naiz beste modu batera hasten, soinu ezberdinekin, eta hori guai dago. Nire helburua beti da egin ez dudan zerbait egitea: bide hau egin badut, agian bueltatuko naiz, baina badaude beste bide batzuk ere, eta orduan banoa horietara, beste mota bateko kantuak imajinatu, ideiak hartu, musika asko entzun, eta ea.

Proiektu honi buruz galdetzeaz batera burura etorri zait MICEren lehen diskoa atera zenuenean Xalba Ramirezek Argiarako egin zizun elkarrizketako goiburua: “Talde inpertsonal eta plastifikatu asko dago”. Norbere bidetik, bide esploratu gabeetatik jotzea zailagoa da?

Kontua da ahozabala naizela, berotu egiten naiz, mikro bat eman eta… Ziur aski amorratuta egongo nintzen zerbaitekin. Inpertsonala oso gauza subjektiboa da, gainera. Kontua da musikan denetatik dagoela eta zintzotasuna ikusten da emaitzan ere. Musika oso gauza abstraktua da, baina begietara begiratzen dizu. Ez dakit nola esplikatu… Ezin diozu trufarik egin. Ezin diozu adarrik jo –bizitzari, oro har–: zuk ikusiko duzu zer jokori heltzen diozun, baina musikak ere ikusten zaitu. Nik behintzat hori sentitzen dut. Bizitzan egiten diren aukera asko bezalaxe, zuk dakizu eta zuk ikusiko duzu, eta zu lasai bazaude egiten duzunarekin, ba aurrera.

Eta zuk zer bide aukeratu duzu?

Saiatu naiz nire bidea zintzotasunez bizitzen eta lar ase ez geratzen, momentuan momentukoak egiten eta zintzo jokatzen. Niretzat hain da oinarrizkoa musikan… adarrik ez zaio jo behar musikari. Ondo tratatu behar den zerbait da, goxo, eta gainera, egin dezakezu nahi duzuna, mila musika mota dago, begira jendeak zer gauza diferenteak egiten dituen! Oinarriak beti dira berberak, eta begira zenbat lekura irits zaitezkeen, aukeratu zurea, baina niretzat premisa da honakoa: egin ezazu honestitatez.

Zintzoa izanez.

Bai, nire ustez hori da ezinbestekoa, eta emaitzan igartzen da. Nik behintzat igartzen dut, suposatzen dut beste arlo askotan bezala. Artean, oro har, oso inportantea iruditzen zait hori. Gainera, elkarrizketa bat da, jendeari erakusten diozun zerbait. Ez da nahastu behar purutasunarekin, e? Nahi duzun bezala egin, baina egiten duzun hori egin sinetsita, nahiz eta agian ez den jendeak nahi duena. Zu plazara ateratzen zara, eta jendeak agian jarraituko zaitu, edo agian ez.

Lehen aipatu didazu zuretzat Pikara oso inportantea izan zela feminismoa irakurtzen hasteko. Zein izan da feminismoaren eragina zugan? Zure letretan, egoteko moduan… Niri gauza bat datorkit burura: Napoka Iriaren Negua kantuari letra aldatzen zenion zuzenekoetan kantatzen zenuenean.

Feminismoak pila bat eman dit. Ematen dizu, kentzen dizu. Eman didanez, kendu behar izan ditut gauza pila bat, denok bezala. Feminismoarekin lehen harremana, kontzienteki, Pikarari esker eduki nuen. Orduan kazetaria nintzen oraindik, Soraluzeko herri aldizkarian: ez dakit zein urte zen baina esango nuke hasi berri zegoela Pikara, online. Hor hasi nintzen irakurtzen, inguruan ez neukan lagun feministarik, edo ez behintzat hitz hori erabiltzen zutenik ahoan, eta lagundu zidan pila bat, lagundu zidan ikusten nola idazten nuen. Konturatu nintzen oso pertsona erromantikoa naizela, izutzeraino erromantikoa, horren alde txar guztiekin. Orduan konturatu nintzen idazten nuela idazten nuen bezala. Negua kantuak dio: “Ez naizela aske nirekin ez zaudelarik”. Ba hori. Eta pentsatu nuen, behintzat kantatuko dut beste modu batean: “zu gabe ere banaizela”, nola ez.

Ordutik aurrera, zintzotasunez jokatzen saiatu naiz. Askotan musikan esaten dituzu gauzak zuk oraindik ez dituzunak haragitu, baina adierazten dutenak norantz joan nahi duzun. Adibidez, Napoka Iriaren azken diskoan saiatu nintzen jendearen larruan jartzen, eta hori guztia aplikatzen. Kontra kantua autodefentsari buruzkoa da, bere modura idatzia, baina, berez, hori da. Ez ezetz, zioen. Orain aldatu egin da leloa, bai baietz, baina orduan zen ez ezetz da.

Orain bertsioren bat jotzen baduzu alda dezakezu.

Bai. Napokaren azken diskoan badago bidea bakarrik hasteko nahi hori: zauriak laztandu, erantziz jantzi… sinbologiak zerikusia du horrekin. Nik uste dut feminismoak gauza ederrak ekarri dizkigula eta laguntzen digula imajinatzen nahiko genukeen mundu hori.

Drumkopters taldeari buruz galdetu nahi dizut amaitu aurretik. Kortak, Txinik eta zuk osatzen zenuten. Disko bat bakarrik atera zenuten baina itzela izan zen gutako askorentzat. Gauzak beste modu batera egiteko intentzioa nabaritzen zitzaizuen, eta bestelako giro bat sortzen zenuten. Oso queerra.

Hori izan da nire kuadrilla queerra. Kristoren gozamena izan zen, lehen aldia nuen emakumez bakarrik osatutako talde batean, konpartitzen genituen gauza pila bat, min asko, terapia eginez elkarrekin askotan, eta amorru horiek benetan kantuetan ipintzen genituen, eta oihuka kantatzea gozamena zen, mozorrotu egiten ginen… Etxe bat eraiki genuen hor, erabat, eta asko ikasi nuen beraiengandik. Lehen esan dut ez neukala lagun feministarik, bakarrik gauza asko irakurtzen nituela Pikaran, eta bat-batean haiekin topo egitea kristona izan zen. Gainera, bollerak…

Zarautzen izan zen, MEFSST! [Musika Errebolta Feminista] jaialdiaren giroan.

MEFSST! mugarria izan zen musikari askorentzat.

Nola oroitzen duzu garai hura? 

Oso aberasgarria zen, oso indartsua, asko ginen, eta nabaritzen zenuen energia handia zegoela. Emakumez bakarrik osatutako jaiak, taldeak, parrandak… Marabilla bat zen. Oso oroitzapen polita daukat, eta Zarautz oso potentea izan da niretzat. Perlak ere han zegoen. Uste dut hor bide asko zabaldu zela, orain ere Ginger dago, Managaitz… Ondo dago Zarautz bezalako herri batean izatea, herri hain turistifikatuan; agian horrexegatik da.

Putzuzulo gaztetxean gertatu ziren gauza horietako asko. Horrelako espazioen galera kezkatzekoa da.

Bai, okupatzen jarraitu beharko da.

Amaitu aurretik, aipatuko dizkidazu zure erreferenteak? Hiru, adibidez.

Hasieran hainbat eduki nituen, baina konektatu nindutenak sorkuntzarekin, gitarra hartu eta lehen akordeak jotzera eraman nindutenak, ba… Anari asko entzun nuen 13-14 urterekin. Habiak diskoa asko entzun nuen, eta haren kantuak jotzen nituen. Orain erreferentea izaten jarraitzen du, baina garai hartan, batez ere, eredu handia izan zen. Handik urte askotara ezagutu dut, eta uste dut gure belaunaldiarentzat bide bat zabaldu duela. Gero beste pila bat jende dago. Gaur egun, gazteen artean ere bai, iruditzen zait J Martinak erabat apurtu duela eszena.

Egin zuten Neguaren bertsio bat.

Bai! Asko gustatzen zait beraien rolloa. Eta gero kanpoan, ba, PJ Harvey noski asko gustatzen zait, eta oraindik gauza asko ditut bereak, eta disko honetan baditut, badakit. Presente daukat, eta niretzat jainkosa bat da. Asko daude, baina PJ eta Anari nire parte dira. Badaude adin erabakigarriak, eta orduan, batez ere, asko entzun nituen. Haiei esker ere hemen gaude.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Musika
2024-11-22 | Iker Barandiaran
Burmuinen borborra ezin eutsi

Deus
Kaskezur
Usopop, 2024

-----------------------------------------------------

Deus dugu galtzeko” diote baztandarrek. Eta hala da. Disfrutatzeko egin dute beti musika, haziz joan diren lau musikari trebeen arteko joko eta jolasean. 2008an taldea sortu zutenetik... [+]


Añube
Elkar besarkatzeko musika

Aspaldi ezagutu genuen gaur gaurkoz Añube taldeko abeslari den Aitor Bedia Hans. Garai berean adiskidetu ginen egun Añube taldeko gitarra jotzaile ohia den Beñat Gonzalezekin. Unibertsitateko garaian izan zen, Debagoienako bi gazteak musika zainetan... [+]


Fermin Muguruza
“Aldatzeak eta mugitzeak pizten dit grina”

Irungo ospitale zaharrean jaio zen Fermin 1963an, Muguruza Ugartetarrenean. Azken hamarkadetan euskal musikan eragin nabarmena izan duen artista da. Ez alferrik, bera izan da Kortatu eta Negu Gorriak taldeetako abeslaria eta alma mater-a, Esan Ozenki zigilu independentearen... [+]


2024-11-19 | Jon Torner Zabala
Fermin Muguruza: “Pradales lehendakaria bere Justizia Sailarekin ados dagoen jakin nahiko nuke”

Fermin Muguruzak kontzertua eskaini zuen pasa den larunbatean Martuteneko kartzelan, Iñaki Pikabea 'Piti' eta Joseba Sarrionandia ETAko kideek espetxe horretatik ihes egin eta 39 urtera. Orain, kontzertua dela-eta hainbat jenderen kexak jaso ostean, Eusko... [+]


Kronika: Artea eta politika
Hoberena etortzeko dago-eta

Oasi bat hiri erdian

Kutixik jaialdia
Non: Intxaurrondoko Kultur Etxean, Donostian.
Noiz: Urriaren 26an.

---------------------------------------------

Donostialdean sortutako musika ekimena da Balio Dute, autogestioa zimendu eta lan-tresna gisa hartuta, "musikariak prekario, bakarti eta... [+]


Don Pasquale garaikidea pizza artean

Donizettiren Don Pasquale opera
Taldeak: EOS eta Bilboko Operako Abesbatza.
Bakarlariak: S. Orfila, M.J. Moreno, F. Demuro, D. Del Castillo, P.M. Sánchez.
Eszena-zuzendaria: Emiliano Suárez.
Eszenografia: Alfons Flores.
Lekua: Euskalduna Jauregia.
Data:... [+]


Euskal musika eszena: zer da, baldin bada?

Gasteizen, Jimmy Jazz aretoaren hamabosgarren urteurrenaren harira, hitzaldi-ziklo bat antolatu dute lau astelehenez jarraian. Aurrekoan artez eta politikaz mintzatu baziren, azaroaren 4an euskal musika eszena izan dute hizpide. Ea existitzen den, eta existitzen bada nolakoa ote... [+]


2024-11-05 | Leire Ibar
Juan Mari Beltran musikariak jasoko du aurtengo Manuel Lekuona Saria

Musika ondare tradizionala “berreskuratu, zaindu eta transmititzeagatik” irabazi du Eusko Ikaskuntzaren 2024ko saria Beltranek. Urte luzeetako “dibulgazio lan multidimensionala” aitortu nahi izan dio epaimahaiak.


Baigorri-Tafalla senidetze eguna
Liturgia ez-katoliko bat Urdozeko kaperan

Kasu Hegoaldeko begirada horri. Lehen-lehenik desmitifikatu larre berde, etxe zuri eta teila gorrien lur ederrekiko miresmen itsua, halako maitasun inkondizionala, hizkerari eta ustezko bizitzeko manerari loturiko fetitxismoa. Utz, Ruper Ordorikari sarri entzun gisan,... [+]


2024-11-01 | Hala Bedi
Gorka Erostarbe (Badok)
“Edukiak gorantz egin du eta sorkuntza aldetik une polita bizitzen ari da euskal musika”

Badok-ek, Berriako musika atariak, 15 urte bete ditu. Bi ekitaldi ezberdin antolatu dituzte urteurrena ospatzeko, bata Hendaian azaroaren 16an eta bestea Durangoko Azokan. Hainbat artista izango dira bertan. Euskal musikaren gaur egungo egoeraren erradiografia txikia ere eskaini... [+]


2024-10-31 | Iker Barandiaran
Izan ginelako… landuko dugu!

Laberintuak
Maniaks
Autoekoizpena, 2024

------------------------------------------

Ohikoa da gaztaroaren borborrean musika taldeak sortzea, eta non eta Arrasaten are gehiago. Baina talde bat sasoian eusteak esfortzu eta konpromiso handia eskatzen du, eta tira egin ezean... [+]


Eguneraketa berriak daude