Euskal Herrian Euskarazek manifestazioa deitu du apirilaren 6rako, 11n EHEko bi kide epaituko dituztelako. Hiriburuetatik autobusak antolatzen ari dira. Bi helburu bete nahi dituzte, batetik, epaituak izango diren bi kideei babesa erakustea, eta bestetik, euskararentzat justizia eskatzea. Baionan, justizia auzitegiaren aurrean hasiko da manifestazioa 11:30ean.
Intza Gurrutxaga EHEko kideari elkarrizketa egiteko baliatu dugu egoera. Gurrutxagaren ustez, oldarraldi politiko eta judizialak euskaldunak aktibatu ditu, baina aurrera bezala, atzera egiteko arriskua ere sumatu du, adibidez, hainbat administraziotan.
Apirilaren 6rako manifestazioa deitu duzue Justizia euskararentzat lelopean. Zein dira helburuak?
[2024ko] Abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean, EHEko bi kidek [Gorka Torre eta elkarrizketatua bera] ekintza bat egin genuen Baionako justizia jauregira igota. Justizia euskararentzat idatzi genuen. Gaur egun jasaten dugun zapalkuntza bistaratzeko egin genuen eta euskararentzat justizia aldarrikatzeko.
Egunean bertan jarri ziguten epaiketarako eguna, apirilak 11, eta erabaki genuen erantzun kolektibo sendo bat eman behar zela, baina ez soilik bi ekintzaileei babesa emateko. Beraz, apirilaren 6ko manifestazio nazionala da bi kideoi elkartasuna eta babesa adierazteko, eta hortik haratago, euskararentzat egiazko justizia aldarrikatzeko. Justizia euskararentzat horretan sartzen da auzitegian euskaraz aritu nahi dugula, Euskal Herri osoan euskara ofizial izatea nahi dugula, hezkuntza euskalduna, azterketak euskaraz… Edonon eta edonoiz euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatzen dugu. Era berean, kaleak astindu nahi ditugu, EHEk beti uste izan du oso garrantzitsua dela kaleak hartzea, euskararen borroka kalean ikus dadila.
Desobedientzia, intsumisioa, konfrontazioa... erabiltzea aldarrikatzen duzue, eskubide urraketen aurrean.
Desobedientzia ekintzak izugarrizko tresnak dira jasaten dugun zapalkuntza bistaratzeko. Ekintza horien bidez, oso ondo ikusten dira, legalki eta marko juridiko eta politiko honetan, euskaldunok dauzkagun zapalkuntza guztiak. Desobedientzia aldarrikatzen dugu, baina modu arduratsu batean eginez, eta ahal dela kolektiboki antolatuz egin beharreko ekintzak direla uste dugu. Euskararen gaia politizatu behar da. Erabilera geldituta dagoela eta horrelakoez hizketan gabiltza askotan, baina hori gertatzen da egiturazko zapalkuntza jasaten dugulako, eta euskararen aldeko borroka hortik egin behar dugu, zapalkuntza bistaratuz. Euskara politizatu behar da, desobedientzia ekintzak egin, konfrontatuz, baina arduraz jokatuz bistaratu behar dugu jasaten dugun zapalkuntza. Eta salatu, eta eskatu jauzi bat hizkuntza politiketan. Bestalde, EHEk eragile independentistatzat du bere burua, ezinbestekoa ikusten duelako marko juridiko-politiko propio bat garatzea. Euskararen aldeko borroka independentziaren bidetik egin beharko dugu.
"Euskalgintzak aldarrikatzen dituen horiek aurrera ez badira eramaten, erantzuleak seinalatu behar dira"
Euskalgintza beste modu batez ari dela diozue. Politikoki hain zuzena ez dela izan behar diozue, disruptiboagoa izan behar dela, ez hain neurtua. Epelegi ari da euskalgintza?
Zorrotzagoak izan behar gara eta konfrontazioa bilatu behar dugu.
Badago epelkeria, eta gauza bakoitza bere izenez aipatzeko eta kritika egiteko eskuak lotuta dituzte, edo hori esateko ezintasunak. Aipatu izan dugu euskalgintzaren burujabetzaren garrantzia. Azken finean, euskalgintzak aldarrikatzen dituen horiek aurrera ez badira eramaten, erantzuleak seinalatu behar dira, eta neurri batean, beldur batzuk gainetik kendu behar ditugu. Gauza batzuk zuzenak ez direnean adierazi egin behar da, nahiz eta batzuentzat gustuko ez izan.
EHEn saiatzen gara erantzuleak seinalatzen, eta zorrotzagoak eta politikoki hain zuzenak izan gabe euskarak biziberritzeko behar dituen politikak eskatzen ditugu. Ez dugu ikusten euskararen afera erdigunean dagoenik eta euskalgintzak hainbat aldiz eskatu du euskara erdigunean jartzea. Hor egon behar dugu eta epelkeriak albo batera utzi.
Kalea berreskuratzea azpimarratzen duzue, kontzientzia pizteko beharra dagoela.
Egia da euskararen aldeko borroka azken urteotan apaldu egin dela edo maila batzuk atzerago gelditu dela. Gizartean lasaitze bat egon da. Bazirudien lortu genituela eskubide batzuk eta erlaxatu gintezkeela, baina ikusten ari gara ezin garela erlaxatu, eta lortutako eskubide batzuetan atzerapausoak eragin nahian dabiltzala. Hori guztia marko orokorrago batean kokatzen dugu. Eskuin muturra eta faxismoa goraka doaz eta atzerapausoak eragin nahian dabiltza, ez soilik hizkuntza eskubideetan, baizik eta eskubide guztietan: emakumeenak, langileenak, LGTBI mugimenduarenak... Hor kokatzen dugu euskaldunon kontrako oldarraldi hau guztia ere.
Azken urteetan euskaldunak lasaitu egin gara, larrialdi egoeran gaude, eta horri aurre egiteko politika zorrotzak behar ditugu. Bada momentua euskararen borroka lehen planora ekartzeko. Eta lehen planora ekartzeko ez soilik instituzioetatik. Horrez gain, kalera atera behar dugu. EHEren helburua beti izan da kaleak astintzea eta kaleak astintzeko kalean egon behar da, euskaltzaleak aktibatu behar dira . Horrek eskatzen du eguneroko lana, erasoren bat dagoenean erantzutea, Tolosakoan bezala. Kaleak hartzeko jendea piztu behar da, eta jendea pizteko kalean egon behar da. Saiatzen gara urtean zehar egiten ditugun egitasmoak eta ekintzak kalera ateratzen, eta euskaltzaleak, neurri batean, horren bitartez aktibatzen.
"Inguruan sumatzen da aktibazioa, baina ezin da ukatu oldarraldiak eraman gaitzakeela beste aldera"
Oldarraldi judizial, politiko, mediatiko eta abarren ondorioz kontzientzia berpizten ari al da?
Sumatzen dut badagoela pizte bat. Gauza txar guztiek daukate alde ona eta ikusten ari gara oldarraldi honekin badagoela aktibazio bat. Baina aldi berean, eta honetaz ohartarazi behar da, oldarraldi honen aurrean, administrazioetatik adibidez, koldarraldia dator. Oldarraldiaren aurrean koldartuz, etor daitezkeen epaiei aurrea hartu eta atzerapausoak ematea gerta daiteke. Bizkaiko Foru Aldundiak, adibidez, hizkuntza eskakizunak erdira jaitsi nahi ditu. Horren aurrean harroaldia aldarrikatzen dugu, oldarraldiaren aurrean atzerapausorik ez egitea.
Inguruan sumatzen da aktibazioa, baina ezin da ukatu oldarraldiak eraman gaitzakeela beste aldera.
"Poloniar bat etortzen bada eta bost urte pasako baditu proiektu batean, joder agian ez zaio egoki irudituko seme-alabek euskaraz ikastea, ezta?", bankuko lehendakari Anton Arriolak adierazi duenez. Euskalgintzako eragileek gogor kritikatu dute eta esandakoa... [+]
Ba al dakizue frantses batzuk harritu egiten direla mugaren alde honetan ere euskaldunak bagaudela jakitean? Ba bai, harrigarria bada ere, behin, Donostian, frantses batzuei entzun nien sinetsi ezinik beren buruari galdetzen: “Saint-Sébastien est au Pays... [+]
Gasteizko 1 zenbakiko Auzitegi Kontentzioso-Administratiboak emandako epaia berretsi du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak. Lan poltsan parte hartzeko euskara maila altuenaren baliokide diren 3. eta 4. eskakizunak indargabetu zituen Gasteizko Auzitegiak.
Euskal Herrian Euskarazen arabera, Tolosako tren geltokiko segurtasun agente batek eraso egin zion militante bati, agenteari euskaraz hitz egiteko eskatu ziolako. Tolosako alkateak "kezka" adierazi du eta azalpenak eskatuko dituela jakinarazi.
Euskarazko B2 eskakizuna zuten bi udaltzain lanpostu baliogabetu zituzten epaileek iazko urtarrilean, euskara eskatzea "diskriminatzailea" izan zitekeela iritzita; eta aitzineko astean, Donostiako Udalak aurkezturiko helegitea ez aztertzeko erabakia hartu du EAEko... [+]
Donostiako Udalak 2024ko irailean helegitea jarri zuen, urte bereko urtarrilean epaileek bi udaltzainen B2 hizkuntza eskakizuna baliogabetu zutelako. EAEko Auzitegi Nagusiak helegitea ez du tramitera ere bideratuko, “kasaziorako interes objektiborik” ez dagoelako... [+]
Eusko Jaurlaritzak isunak kendu dizkie ertzainei euskaraz hitz egiteagatik zigortuak izan ziren Donostiako herritarrei. Manex Ralla eta Amaia Abendaño dira herritar horiek, isunak kendu dizkietela baieztatu diote hedabide honi.
Ostegun honetako Udal Osoko Bilkuran eztabaidatu eta bozkatuko dira Amurrioko Udaleko 2025erako aurrekontuak eta, beste behin ere, Udal Gobernuak uko egin dio Aiaraldea Komunikabidearen hitzarmen eta dirulaguntza berrezartzeari.
Arkitektoen elkargoaren helegitea dela eta, Donostiako Udalak atzera bota du kontratazio espedientea.
Euskalgintzaren Kontseiluak eta Bizkaiko Foru Aldundiko langileak elkarretaratzea egin dute langileen egonkortzearen eta euskalduntzearen alde.
Baionako eta Donostiako epaitegiak margotu ostean, ostegun gauean Eibarko epaitegian pintaketa egin dute zenbait ekintzailek. "Oldarraldia gelditu" idatzi dute eta pintura berdea jaurti diote eraikinari. Abenduan, CCOO sindikatuaren egoitza ugari margotu dituzte, baita... [+]
"Euskalduna ez den pertsona bat –Nagore de los Rios– hautatu du EITBko zuzendaritza nagusiak Eitb.eus eta Social Media atalerako zuzendari posturako, eta, ondorioz, euskaraz ez dakien pertsona bat izendatu dute helburuen artean euskararen... [+]