‘Okrestra lurtarra’ animaziozko filma ostiral honetatik aurrera zinema-aretoetan

  • Apirilaren 8an estreinatuko da zinema-aretoetan Orkestra lurtarra animaziozko film luzea. Joseba Poncek eta Imanol Zinkunegik zuzendu duten lan hau egiteko asmoa 2014an jarri zen mahai gainean: “Luze jo du, baina merezi izan dute bideak eta lanak”, azaldu dute Lotura Films ekoiztetxeko kideek.

Orkestra lurtarra filmeko pertsonaiak (argazkia: Lotura Films).

2022ko apirilaren 07an - 07:40
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

“Lotura Filmsek orain arte egin duen lanik ‘txoro’ eta dibertigarriena” da Orkestra lurtarra. Harkaitz Canoren izen bereko haurrentzako liburuan (Elkar, 2013) oinarritu dira Joseba Ponce eta Imanol Zinkunegi zuzendariak animaziozko film luze hau egiteko, baina iragarri duten moduan, liburutik pantailara jauzi egiteko orduan “bestelako tratamendua” egiteko aukera izan dute, bai alor musikalean, baita istorioan ere.

Musikari talde berezi bat da Orkestra lurtarra filmeko protagonista. Arrakastaren bila dabiltzan bitartean biziko dituztenek, eta elkarren artean izango dituzten harremanek, bizitzaren aurrean har daitezkeen jarrera desberdinak islatuko dituzte: ameslariak, bizizaleak, harroak, eromantikoak, orojakileak, egoskorrak... filmak, pertsonaien ugaritasun horren bitartez, gizarte honek erakusten digun dibertsitatea eta horren eskutik maiz sortzen diren kontraesanak pantailaratuko ditu.

Orkestra bitxia

Musikari talde bitxi bat da filmeko protagonista eta pelikularen egileek soinu-banda asko zaindu dute

Talde bitxi honetako partaideei begiratzea besterik ez dago aniztasun hori ikusteko: Manu, adibidez, erratz-jolea da. Bai, erratz-jolea. Instrumentu berezi horrekin eta bere jarrera baikorrarekin, orkestra gailurrera eramaten saiatuko da. Ondoan izango du Krokanti, abeslari liriko biboteduna, serio itxurakoa, familia utzi eta abenturan joatea erabaki duena. Eta Aldika, kontrabaxu-jolea: bere betaurrekoekin den-denari adi egongo da filmean, urduri jartzen denean izan ezik. Zeren orduan, besapeetan azkura sentitzen hasten da eta, tira denok dakigun moduan ez da egoera erraza izaten hori.

Agertokiari beldurra dion Osoki perkusionista da musikari talde bitxi honetako beste partaide bat, Manu erratz-jolearen lagun mina, baina hura ez bezala, kexati hutsa. Eta Perfumetti anaiak, beti txukun jantzita, euren haizezko instrumentuak eskuetan: zirkuko musikari izan ziren, baina orain noraezean dabiltza, Presidente izeneko ahuntza lagun dutela. Trajeak gustuko dituen beste bat Salegi da. Tira, trajeak, dirua, luxua... eta afizio horiek dituen jende gehienaren antzera, iruzurgile profesionala da.  

Pertsonaia xelebreen taldea Kiriki izeneko txori perkusionista saltseroak, Estela pianista maiteminduak eta Aishak, Manuren lankide eta istorio kontalari trebeak osatzen dute.

Talde-lanaren fruitu

Ez dira hutsetik hasi Orkestra lurtarra egin dutenak: bi zuzendariek, Joseba Poncek eta Imanol Zinkunegik, aurretik Lur eta Amets filmean (2020) ere elkarrekin lan egin zuten. Baina proiektu bakoitza erronka berria da eta, animaziozko filmen kasuan, talde lan handia eskatzen du, bereziki irudiaren lanketari dagokionez. Orkestra lurtarra-ren kasuan hamar laguneko taldea aritu da proiektuaren animazio-alorrean: Javi Ojuel, Gorka Etxeberria, Enrique Morente, Arkaitz Alastuey, Aitor Etxebeste, Laura Dominguez, Mikel Louvelli, Ignacio Gonzalez Holgado, Jorge Madejón eta Jose Angel Lopetegi.

2014an Euskarazko Haur eta Gazte Literaturako Euskadi Saria irabazi zuen Harkaitz Canok filmaren izen bera duen liburuari esker, eta idazle lasartearra bera izan da gidoilaria, Eneko Olasagastirekin batera.

Musikariak protagonista dituen pelikula izanda, soinu-banda ere oso kontuan hartzekoa da. Nork parte hartu duen begiratzea besterik ez dago alde horri arreta eskaini beharko zaiola ikusteko: filma zuzentzeaz gain, Joseba Poncek berak (Dut, Kuraia, Lisabö, JP Lohian) hartu du ardura hori. The Aggrohorns taldekoak ere aritu dira (Ion Celestino, Adrian Martinez, Pablo Maza), baita Joserra Senperena konpositore donostiarra ere.

Kantetan ahotsa jarri dutenen artean ere, izen ezagun asko: Libe Garcia de Kortazar (Neubat, Izaki Gardenak, Libe, Pasadena), Lide Hernando (Liher), Imanol Zinkunegi, Iñigo Etxarri, Joseba eta Julen Ponce, Mikel Kazalis (Estigia, Anestesia, Negu Gorriak, Kuraia...) eta Fer Apoa (El Corazón del Sapo, Kuraia, Estricalla...) entzun ahal izango dira abestietan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Marrazki bizidunak
2024-10-11 | Sustatu
Nostalgia baino gehiago: Son Goku euskaraz hasi zenekoa

Joan den astean bete ziren 35 urte Son Gokuk euskaraz lehen aldiz egin zuenekoa. 1989ko urriaren 4an izan zen ETB1n Dragoi Bola ematen hasi zirela (1984an abiatu zen anime hau Japonian) eta hura gogoratzeko ekitaldia egingo da Donostian urriaren 20an, igandearekin, lehenbiziko... [+]


Plano aldaketa azkar asko dituzten marrazki bizidunen eragin negatiboa aztertu dute

Denbora laburrean plano aldaketa asko dituzten marrazki bizidunek, alegia erritmo azkarreko hiperestimulazio audiobisualak eragin negatiboa du umeen arretan, hainbat ariketa mental egiteko gaitasunean eta autoerregulatzeko ahalmenean, ikerketa batek ondorioztatu duenez.


2023-08-22 | Ilargi Manzanares
Gookapi, haurrentzako euskarazko lehen plataforma interaktiboa

Gookapi.eus euskal ekoizpeneko marrazki bizidunen 1.000 minutu baino gehiago daude eskuragarri. 10 urtetik beherako haurrei zuzenduta dagoen euskarazko lehen plataforma interaktiboa da.


2023-08-18 | Ilargi Manzanares
Miyazakiren film berriak emango dio hasiera Donostiako Zinemaldiaren 71. edizioari

Irailaren 22an emango dute Kimitachi wa Do Ikiruka/The Boy and the Heron filma, Zinemaldiaren inaugurazio ekitaldiaren ondoren, Kursaaleko auditoriumean.


'Disney plus euskaraz' ekimena
Haurren paradisu txikiak erdaraz egiten du

Joan den mendeko 80ko eta 90eko hamarkadatan, haur euskaldunen erreferenteak ziren Arturo erregea, Heidi, Dotakon eta Dragoi bola. ETB1ean ikusten zituzten. Azken zortzi urteotan haurren ohiko telebista kontsumoa %40 jaitsi da. Orain marrazki bizidunak ordainpeko plataforma... [+]


2021-03-11 | ARGIA
Klik!: Umorea eta pop kultura uztartuz, alternatiba sozioekonomikoak sareratuko dituen web-seriea

Jendartean eraldaketa bultzatzea eta alternatiba sozioekonomikoez hausnartzea helburu duen animazio web-seriea abian jarriko dute datorren asteartetik aurrera Bira Produkzioak-en eskutik.


'Lur eta Amets' filma
Euskal Herriko historia, a zer abentura

Liburua, ipuinak eta orain pelikula: Lur eta Amets proiektuak hirugarren buelta emango du eta pantaila handian murgilduko da otsailaren 7tik aurrera. Denbora luze baten ondoren, haurrei zuzenduriko euskarazko animazio-film hezitzaile bat zinemetan estreinatuko da.


Burdeletik animera

Japonia, XVII. mende hasiera. Tokugawa shogunaldian herrialdea bateratu zenean, Edo garaia hasi zen. Gatazka luzeen ondoren, bakea iritsi zen Japoniara, hirietako burgesia entretenimendu gosez zegoen eta giro egokia sortu zen arte eta kultura jardunetarako.


2020-01-07 | ARGIA
‘Lur eta Amets’ animaziozko filma estreinatu aurretik, haurrentzako ikuskizuna herriz herri

Euskal Herriko historia haurrei ezagutarazteko lagungarria izango den filma otsailaren 7an estreinatuko da aretoetan. Aurretik, hainbat herri eta hiri bisitatuko ditu pelikularekin lotutako ikuskizunak.


Eguneraketa berriak daude