Norteko Trenbidearen azken habeak liburu berri batean

  • Beasaindik Otzaurteraino doan trenbidearen eraikuntza eta historia aztertu dute Pello Joxe Aranburu eta Luis Mari Intzak. Liburua ikerlan zabalago baten bigarren zatia da eta hilaren 17an aurkeztuko dute Zegaman. Otzaurteko pasabideak buruhauste ugari eman zien XIX. mendeko ingeniariei eta tunel luzeen eraikuntzak sortutako istripu, zailtasun eta istiluak herritarren gogoan geratu dira.


2008ko uztailaren 09an - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:12
Trenbideko langile taldea barrakoietan

Norteko Trenbideak Gipuzkoan egindako ibilbidea bi zatitan bereizi behar da garbiro: Irundik Beasainera artekoa eta handik Otzaurtera egiten duena. Lehena lauagoa da eta bigarrena, aldiz, malkarragoa; bi zatiak “planteamenduz” erabat ezberdinak direla dio Pello Joxe Aranburu ikerlariak eta eraikitzeko garaian ere horrela ikusi zuten ingeniariek. Horregatik argitaratu dute azterlana bi liburutan. Hilaren 17an aurkeztuko dute egileek bigarren liburua, Zegamako kultur etxean, arratsaldeko 20:00etan.

 

Hain zuzen, herri horretan jarri ziren Paris-Madril bidea egiten zuen trenbidearen azken habeak 1864an. Otzaurtetik Legazpiko Brinkola auzora arte 13 tunel egin behar izan zituzten, luzeena 3,2 kilometrokoa eta horiek egiteko Italiatik, Belgikatik, Espainiatik eta Frantziatik etorritako milaka langileren esku indarra behar izan zen: “Ez etxe, ez taberna, ez denda... basamortua zen hura langileentzat eta negu gorrian elurretan egin behar izaten zuten lan” dio Aranburuk. Jakina, tunelak egiteko teknikak ere ez ziren berdinak XIX. mendean. Mendi gainean 3m diametroko eta 500m sakoneko zulo handiak egiten zituzten beherantz eta putzu horien arteko loturak hondeatuz lortzen zuten tunela egitea. Gaur egun oraindik geratzen dira putzuetatik ateratako harri pilak tunelen gainaldean, guztira 160.000 metro kubo harri atera zuten-eta. Horrelako teknika arriskutsuak erabiltzeak –putzuen barnean argi elektrikorik gabe egiten zuten lan, pala eta pikatxoiez– istripu eta hildako ugari eragin zuen langileen artean. Obra erraldoia egiteko nolabaiteko azpiegitura sortu behar izan zuten sustatzaileek: langileentzako kanpamendu edo “saletxeak”, kantinak, ospitaleak, karea egiteko “labetak” eta baita langile kristau protestanteentzako hilerriak ere. Horren guztiaren aztarnak ikus daitezke gaur gaurkoz Oazurtza izeneko mendian eta inguruetan.

 

Bestalde, Zegama bezalako herri txiki batera hainbeste langile kolpean joan izanak sekulako ohitura aldaketa ekarri zuen eta askotan istiluak izan ziren talde ezberdinen artean, hilketak eta guzti. Zegamatarren memoria kolektiboan trenbidearen eraikuntzak leku zabala izan du. Gainera, gaur egun, ez dira gutxi inguru horretan abizen italiarra –Piamontekoa– edo frantsesa dutenak. Egileek ahozko historia eta idatzizko dokumentuak partekatu dituzte eta baieztatu ahal izan dute herritarren memorian zeuden hainbat uste egiazkoak direla. Esaterako, trikitia Piamontetik ekarria izan zela, Busca Pretto familiaren ahotik jasoa izan den bezala; edo milaka izan zirela tuneletan lan egin zutenak –horietako askoren izen abizenak irakur daitezke liburuan–.

 

Norteko Trenbidearen eraikuntza, ebaluaketa eta ondorioak. II. Liburukia lan mardula da, artxiboko dokumentazio ugari dakarrena ia 500 orrialdetan. Gainera, liburu barruko informazioa osatzeko, trenbidearen plano eta argazkiak dakartza CD batean, Luis Mari Intzak moldaturik. Liburuak EuskoTren eta Irizar enpresen laguntzaz gain, Zegama, Legazpi, Ormaiztegi, Urretxu eta Beasaingo udalen babesa izan du eta jatorrizko euskarazko bertsioarekin gaztelerazkoa ere kaleratu dute.

 

Informazio gehiago:


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Trenaren etorrera
Trenak egindako bidea
Trenbideen eta trenaren jatorria Ingalaterran dago. Herrialde hartan jaio zen industrializazioa eta bertako meategietan erabili zen errailen sistema beste inon baino lehenago, gurdiak garraiatzeko; hasieran egurrezko errailak eta gero burdinez egindakoak. James Wattek lurrin... [+]

Norteko trenbidetik bi errailen gainean
Hiru japoniar hurbildu ziren Alkizako baserri batera, bi kazetariak ziren, bestea Madrilgo taxilaria -eta itzultzailea, halabeharrez-. Urruzola baserriko bizitza bitxia iruditu zitzaien nonbait, Yes aldizkarian jartzeko perla bat, eta han aritu zen Pello Joxe Aranburu, baserriko... [+]

LEGAZPI
Legazpiko mendietan gentilen lekukotasuna aurki dezakegu, Neolitikoko eta Brontze Garaiko tumulu eta trikuharrien bidez, baita gentiletxe edo gentilola izena duten Erdi Aroko eraikuntzen bidez ere, zeren jakina denez, soilik gentilek zekiten burdina lantzeko teknikaren... [+]

Eguneraketa berriak daude