Non dago palestinarren aurkako sexu-indarkeria "sistematikoaren” aurreko haserrea?

  • Armadak egindako genero krimenen gero eta froga gehiago dauden arren, Israelgo emakumeen kolektiboek ez dute aintzat hartu edo ukatu egin dute, neurri handi batean, NBEren gaitzespen txosten berria.


2025eko apirilaren 28an - 07:40
Omar El-Qataa

Joan den hilean, NBEko Giza Eskubideen Kontseiluarentzat egindako txosten batek baieztatu zuen –palestinarrek aspalditik dioten bezala–, urriaren 7tik Israelek sistematikoki erabili dituela sexu-indarkeria eta genero-krimenak emakume, gizon eta haur palestinarren aurka.

Ikerketa Genevan argitaratu zen, bi eguneko entzunaldi batean, bizirik atera zirenen eta lekukoen, gizarte zibileko ordezkarien, akademikoen, abokatuen eta medikuntzako adituen testigantza lazgarriekin batera. Nire ustez, mundu mailan berehalako arreta eta ekintza eskatzen duten funtsezko hainbat ondorio atera zituen. Lehenik eta behin, urriaren 7az geroztik, Israelgo indarren genero-indarkeria izugarri handitu da eskalan zein intentsitatean, eta praktika "sistematiko" bihurtu da. Krimen horiek zapalkuntza kolektiborako tresna bihurtu dira, familia eta komunitate palestinarrak barrutik suntsitzeko. Indarkeria etniko eta genozidioko beste kanpaina batzuetatik hartutako taktika bat: Bosnia, Ruanda, Nigeria eta Irak bezalako lekuetan, zeinetan emakumeen gorputzak gudu-zelai bihurtu ziren.

Bigarrenik, Israelgo atxilotze militarreko zentroak sexu-indarkeria mota izugarrienen epizentro bihurtu dira. Gazako preso palestinar biluzien irudietatik haratago, txostenak Sde Teiman bezalako esparruetako testigantzak jasotzen ditu, non presoek, legezko babesik gabe eta komunikabideen begiradatik urrun, bortxaketei, sexu-umiliazioei eta torturari aurre egin behar izan dieten. Zenbait kasutan, hala nola Adnan Al-Bursh medikuarenean, presoak hil egin ziren zaintzapean zeuden bitartean jasan zituzten sexu-abusuen ondorioz, txostenak jasotzen duenez.

Indarkeria etniko eta genozidioko beste kanpaina batzuetatik hartutako taktika bat: Bosnia, Ruanda, Nigeria eta Irak bezalako lekuetan, zeinetan emakumeen gorputzak gudu-zelai bihurtu ziren

Hirugarrenik, txostenak frogatzen du eremu digitalean palestinarren aurkako genero-indarkeriaren ugaritzea. Talde zaurgarriek, batez ere emakumeek eta gazteek, lotsa, doxing-a (informazio pribatua edo pertsona baten nortasunari buruzko informazioa Interneten bilatu eta argitaratzeko ekintza, normalean kaltea eragiteko asmoz) eta sexu-orientazioaren edo portaera pribatuaren esplotazioa pairatu dituzte, hertsatzeko eta larderiarako tresna gisa.

Laugarrenik, txostenak adierazten du genero-indarkeria ez dutela soilik soldaduek erabiltzen; kolono israeldarrek, sarritan armadaren babespean jarduten dutenek, sexu-jazarpena egiten diete emakume palestinarrei Zisjordanian, eta gizarte-palestinar barruko genero-rol tradizionalak esplotatzen dituzte zapalkuntza-metodo gisa.

Nazio Batuen Erakundeko Palestinako Lurralde Okupatuari buruzko Ikerketa Batzordeak egindako txostenaren ondorioak ez dira oinarritzen soilik bizirik atera direnen kontakizunetan, baita soldadu israeldarrek sare sozialetan egindako argitalpenetan ere. Delitugileek harrotasunez dokumentatzen dituzte gizonen mendeku ekintza "heroikoak": Palestinako emakumeen tiraderetan bilatzen dute, haien barruko arropekin argazkiak ateratzen dituzte, eta Gazako etxe okupatuen barruan pintada misoginoak egiten dituzte. Eduki horren zati handi bat gero gizarte-plataformetatik ezabatu bazen ere, NBEren txostenean artxibatuta dago etorkizunerako.

Genero-indarkeria ez dutela soilik soldaduek erabiltzen; kolono israeldarrek, sarritan armadaren babespean jarduten dutenek, sexu-jazarpena egiten diete emakume palestinarrei

Hala ere, bideo eta irudi horiek gaitzesgarriak eta kriminalak diren arren, zurbildu egiten dira txostenean dokumentatutako muturreko sexu-indarkeriarekin alderatuta. Bortxazko biluzte publikoak eta miaketa inbaditzaileak, emakumeei hiyab-a indarrez kentzea, sexu-degradazioa indarkeria gehiagoren mehatxupean filmatzea, bortxaketa-mehatxuak eta bortxaketak tortura-modu gisa: hori guztia duintasunaren aurkako atentatuak izateaz gain, eraso fisiko eta sexual sakona ere badira.

Txostenak dioenez, emakumeak eta gizonak izan dira krimenen jomuga, eta Israelgo komunikabideak horien normalizazioan inplikatzen ditu, sexu-indarkeria gerra tresna legitimo gisa defendatzen duten iruzkingile eta aurkezleei tokia egiteagatik. Adibidez, aipagarriak dira Eliyahu Yosian Misgav Institutuko kideak eskuin muturreko 14. kanalean egin zituen iruzkinak: "Emakumea etsaia da, haurtxoa etsaia da eta haurdun dagoen emakumea etsaia da" (14 Kanalak klipa Interneten argitaratu ondoren, 1,6 milioi bisita baino gehiago jaso zituen).

Batzordeari aurkeztutako testigantzen arabera, askotan emakume biktimei oso zaila egiten zaie abusuak salatzea. Adibide aipagarria da Israelgo kontrol militarreko postu bat, Hebronen: soldadu bat handik igarotzen ziren emakume palestinarren aurrena exibitu ohi zen. Eskolara bidean kontrol-postutik igaro beharko lukeen ikasle batek, ziur aski, abusu horiei buruz isilik egotea erabakiko luke, salatzeak ikasketak etetea ekarriko bailuke.

Gazako ugalketa osasun-zentroen aurkako erasoak Israelek genero arrazoiengatik egindako gerra krimenen beste aurpegi bat dira

Gazako ugalketa osasun-zentroen aurkako erasoak Israelek genero arrazoiengatik egindako gerra krimenen beste aurpegi bat dira. Txostenaren arabera, Israelgo indarrek eraso sistematikoa egin zioten Gazako ama-osasunaren azpiegiturari, ugalkortasunaren tratamendu-zentroei eta, izatez, ugalketa-osasunarekin lotutako edozein erakunderi. Ondorioetan jasotzen dira, halaber, emakume haurdun eta edadetuei tiro egin zieten frankotiratzaileak eta desinfektatzailerik eta anestesiarik gabeko zesareak egin behar izan zituzten medikuen kasuak.

Txostenaren ondorioetan oinarrituta, Ikerketa Batzordeko zuzendari Navi Pillayk-ek honakoa adierazi zuen: "Ondorio posible bakarra da Israelek palestinarren aurka sexu eta genero indarkeria erabili zuela, beldurra eragiteko eta autodeterminazio eskubidea ahultzen duen zapalkuntza sistema bat betikotzeko".

Esnatze gogorra

Urriaren 7an Hamaseko militanteek emakume israeldarren aurka egindako genero krimenak ikertzen zituen 2024ko martxoan argitaratutako NBEren txosten paraleloak ez bezala, oraingo txostenak ia ez du arreta mediatikorik jaso, ez Israelen, ez munduko gainerako herrialdeetan.

Ez gerra garaian emakume eta neskatoen aurkako genero krimenen gorakada dramatikoa, ez metodo horien erabilera sistematikoa izatea –eta ez soldaduek egindako ekintza isolatu hutsak–, ez da nahikoa izan Israelgo edo nazioarteko emakumeen erakundeek kontra egiteko, gaitzesteko edo gaia premiaz aztertzeko eskatzeko. Txostena Emakumearen Nazioarteko Eguna baino egun batzuk lehenago argitaratu izana ere ez zen nahikoa izan web-mintegiak, sinposioak edo hitzaldiak bultzatzeko mundu osoko unibertsitateetan, ezta legebiltzarretan emakumearen eskubideen aldeko premiazko eztabaidak bultzatzeko ere.

Hemen, Israelen, erreakzioak isiltasunetik erabateko ukapeneraino joan dira. "NBEk Nukhbako eta Hamaseko terroristak babesten ditu", adierazi du Hagit Pe 'er-ek, Na' amat Israelgo emakumeen elkarteko presidentea

Hemen, Israelen, erreakzioak isiltasunetik erabateko ukapeneraino joan dira. "NBEk Nukhbako eta Hamaseko terroristak babesten ditu", adierazi du Hagit Pe 'er-ek, Na' amat Israelgo emakumeen elkarteko presidentea. "Kirats antisemita nabarmena duen txostena da. Hamasek Israelgo emakumeen eta gizonen aurka egindako sexu-sarraskiari erantzuteko errealitate alternatibo eta alderantzikatua sortzeko ahalegina da, nazioarteko erakundeek, mundu osoko emakumeen erakundeak barne, isiltasun deigarria gordetzen duten bitartean. Edozein sexu-indarkeria gaitzesten duten erakundeak, dira horiek, biktimak emakume israeldarrak eta juduak izan ezean ".
Txostenaren ondorioak Ruth Halperin-Kaddari irakasleari eta Sharon Zagagi-Pinhas fiskal militar buru ohiari ere azaldu nizkien. Proiektu hori Hamasen sexu-indarkeria dokumentatzeaz arduratzen da. Haiek ere baztertu egin zuten, "Israeli zilegitasuna kentzeko kanpainan beste urrats bat" dela iritzita.

"2020an sortu zenetik, [Palestinako Lurralde Okupatuari buruzko NBEren Ikerketa Batzordeak] alde bakarreko eta israeldarren aurkako joera hartu du bere jarduera gehienetan, eta hori argi eta garbi islatzen da txosten honetan", adierazi zuten Halperin-Kaddarik eta Zagagi-Pinhasek nire galderari erantzunez.

"Nola konpara daitezke txosten honetako baieztapenak Hamasek urriaren 7an sistematikoki eta nahita egindako indarkeria-krimen basatiekin: bortxaketa izugarriak, genitalen mutilazioa eta baita gorpuei eragindako sexu-indarkeria ere?", jarraitu zuten. "Erabat tamalgarria da, Hamas gerra-arma gisa sexu-indarkeria egiten duten erakundeen zerrenda beltzean sartzeko neurriak hartu beharrean, Batzordeak beste bide bat aukeratu izana".

"Salaketei beraiei dagokienez", gaineratu zuten, "Hamasek ez bezala –bere krimenak sistematikoki ukatzen baititu–, salaketa horietakoren batek oinarririk badu, Israelgo agintariek behar bezala ikertu beharko dituzte".

Israelgo emakume askok bezala, gerra honetan nik ere iratzartze feminista oso gogorra izan dut. Kamarada emakume palestinarrak galdu ditut, Hamasek Israelgo emakumeen aurka urriaren 7an egindako indarkeria gaitzetsi izana gustuko izan ez dutenak. Eta lagun juduak galdu ditut, Gazako emakumeak helburu legitimotzat jotzen zituztenak.

Gogoeta mingarri baten ondoren, emakume baten gorputzaren aurkako edozein indarkeria, izan palestinarra edo israeldarra, gertaera higuingarritzat salatzeko emakumeok landu behar dugun indarra eta kemena ulertu dut. Ez litzateke beharrezkoa izan behar ama bakar bat ere ez litzatekeela hil behar azaltzea –bere semea ilegorria izan edo azal ilunekoa, begi berde edo marroietakoa izan–, eta haur bakar bat ere ez litzatekeela elikatu behar botere eta aberastasun gose diren gizonen gerra-makineria aseezinarekin.

Emakumeek –gazteek eta adinekoek, amek eta alabek, feministek eta baita beren burua feministatzat ez dutenek ere– ahotsa altxatu eta esan behar dugu: nahikoa da gerrarekin. Aberri hau ez da gure gorputzetan askatuko, eta ez du merezi gure sabelen hondoratzearen hondarretatik inolako etorkizunik eraikitzea.

(Artikulu honen egilea Samah Salaime da, eta +972 Magazine hedabidean argitaratu zen jatorriz, ingelesez.

CTXT hedabiderako Paloma Farrek itzuli du gaztelerara, eta ARGIAk euskarara azken horretatik)


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gazaren aurkako sarraskia
2025-04-22 | ARGIA
Israelek hildako 15 langile humanitarioen ikerketa-txostena gezurrez josita dagoela salatu dute

Hamabost langile humanitario hil zituen Israelgo armadak martxoaren 23an, terroristak zirela eta ez zutela euren burua identifikatu argudiatuta. Bideo batek bertsio hori gezurtatu ostean, gertatutakoaren barne-txostena egin dute Israelgo Defentsa Indarrek, baina bertan esaten... [+]


Microsoftek bi langile kaleratu ditu multinazionalak Israelekin dituen harremanak salatzeagatik

Bi langileek Microsoften 50. urteurreneko ekitaldia moztu zuten ostiralean, eta enpresako buruei Gazako genozidioan duten papera leporatu zieten. Adimen artifizialarekin eginiko armak saltzen dizkio multinazionalak Israelgo armadari.


Israelek eginiko beste sarraski bat atera da argitara: Rafahn hamabost osasun langile hil eta ondoren hobi komun batera bota zituen

Palestinako Ilargi Gorria larrialdi zerbitzuak baieztatu du gorpuei eginiko autopsiak erakusten duela soldadu israeldarrek tiro egin zietela medikuei. Hil aurretik osasun langileetako batek soldaduek eraso egin zien unea grabatu zuen mugikorrarekin, eta bideoan ikus daiteke... [+]


Netanyahuri babesa erakutsi eta Nazioarteko Zigor Auzitegiko kide izateari utziko dio Hungariak

Gergely Gulyas Hungariako Presidentetza ministroak eman du erabakiaren berri, Hagako auzitegiak atxilotze agindua ezarrita dion Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa herrialdera heldu den egun berean. Israelgo armadak Gazako eremu gehiago hartzeko asmoa duela... [+]


2025-04-03 | Gedar
Israel Premier Tech talde sionista Lizarrako txirrindularitza-lasterketa batetik kanporatzea lortu dute

Palestinarekin Elkartasuna plataformaren ekimenez, txirrindularitzarekin lotura duten 70 bat pertsonak eskatu dute talde sionistak ez dezala txapelketan parte hartu, eta lortu dute.


Israelgo presondegietako torturak argira ekarri ditu The Independent komunikabideak

Lekukotasunak, autopsia txostenak eta atxiloaldian izenpeturiko adierazpenak bildu ditu The Independent komunikabide britainiarrak. 2023ko urriaren 7az geroztik 70 palestinarrek dute bizia galdu Israelgo presondegietan. Palestinar presoen alde dabilen Addameer elkartearen... [+]


Elkarretaratzeak egin dituzte Euskal Herriko dozenaka hezkuntza zentrotan, Israelek hildako haur palestinarrak oroitarazteko

Gure Haurrak ere Badira ekimenak deituta, Israelek azken egunetan Gazan hildako gehienak haurrak direla salatu dute. Gobernuei eta erakundeei Israelekin harreman oro etetea ere exijitu diete, "genozidio honen aurka argi eta tinko" lerratu daitezen.


Askatu dute kolonoek jipoitu eta militarrek atxilotutako Oscar saridun palestinarra

No other land dokumentalaren zuzendari Hamdan Ballal kolono sionistek jipoitu zuten astelehenean bere herrian, beste hainbat palestinarrekin batera, eta Israelgo militarrek eraman zuten atxilo ondoren. Astarte goizean askatu dute.


Israelek gogortu egin du Gazaren aurkako erasoaldia, eta Netanyahu zerbitzu sekretuetako burua kargugabetzen saiatu da

Asteartean menia apurtu zuenetik gutxienez 650 palestinar hil dituzte sionistek, Al Jazeeraren arabera. Netanyhauren gobernuak Shin Bet zerbitzu sekretuetako buru Ronen Bar kaleratzeko erabakia hartu du, baina Auzitegi Gorenak kaleratzea geldiarazi du.


2025-03-24 | Irutxuloko Hitza
Donostia, berriz ere, Palestinaren alde

Milaka pertsona bildu dira larunbat honetan Palestinako herriari elkartasuna adierazteko eta “Israelek Gazan egindako genozidioa” amaitzeko eta Benjamin Netanyahuren gobernuak su-etenari berriro ekiteko eskatzeko. Gernika-Palestina herri ekimenak deitu du martxa,... [+]


Israelen genozidioa salatzeko protesta andana antolatu dute

Palestinarekin Elkartasuna plataformak osteguna, ostiral eta larunbatean eginen ditu protestak, Israel genozida. Palestinar erresistentzia aurrera! lelopean. Gernika-Palestina-k ere manifestazio nazionala antolatu du larunbaterako Donostian. Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak... [+]


2025-03-19 | ARGIA
Egun bakarrean azken urtean Gazan hildako haur kopuru handiena eragin du Israelek

500 palestinar hil ditu Israelek, horietatik 130 baino gehiago adin txikikoak, su etena apurtu eta bigarren egunean. “Hasiera baino ez” dela ohartarazi du Netanyahuk.


Israelek su etena apurtu du eta 400 hildakotik gora eragin ditu Gazan

Israelek eraso masiboak abiarazi ditu berriro ere Gaza osoan: Khan Younis eta Rafan Gaza hegoaldean, Gaza Hirian iparraldean eta eta Deir el-Balah-n erdialdean. "Familiak seme-alaben gorpuzkiak eskuetan zituztela iristen ziren ospitalera", adierazi du lekuko batek.


Eguneraketa berriak daude