Emakume hezitzaileek greba egingo dutela-eta, oro har ikastetxeetan lanketa inportante bat geratu da bazterrean: zaintzaren ikuspegia familia-elkarteekin hitz egitea eta aitekin adibidez zaintza kolektiboak antolatzea. Hurrengo ediziotarako erronka hori dutela azaldu digu STEILAS sindikatuko Ana Perezek.
Gehiengo sindikala elkartu eta lau orduko greba diseinatu zuten, “emakumeek egiten dituzten lan asko oso prekarioak direla kontuan hartuta, 8 ordukoa baino 4 orduko greba egitea errazagoa izango dutelakoan”, azaldu digu Perezek, baina hortik harago, lehenengo edizio honetan sindikatu moduan aurre-lanketarako nahikoa denborarik izan ez dutela aitortu digu. Ikasleekin, hori bai, greba feministaz eta helburuez gogoetatzeko unitate didaktikoa atera dute: Eskolan ere emakumeok planto.
Ikastetxe batzuetan norbanako aukera moduan planteatu da greba, bilera kolektiborik gabe eta oso ikuspegi indibidualistatik; beste batzuetan irakasle klaustroak egin dituzte eta nagusitu den ideia da emakume irakasleek greba egiten duten bitartean, gizonezko irakasleak arduratuko direla eskolara doazen ikasleez; ikastetxeko zuzendaritza ere txandaka hartuko dute gizonek (zuzendaritzako norbaitek egon behar baitu uneoro, arauz). Curriculuma jarraitzea baino, zaintza bermatzea izango litzateke lehentasuna, klaseak normal emateko zailtasunak egon daitezkeela aurreikusita. Bada ixtea erabaki duen ikastetxerik ere, irakasle gehienak emakumeak izanik eta greba egingo dutela ikusiz, geratuko liratekeen gizon hezitzaileek ikasle guztiak ezin dituztela hartu argudiatuta.
Itxi egingo dituzten ikastetxeetako ikasleez zein arduratuko da egun horretan? Eta hain lanbide feminizatuan (zer esanik ez Lehen eta batez ere Haur Hezkuntzan), ikastetxe batzuetan egongo den panoramaren aurrean, haur guztiak joango al dira eskolara? Jangela orduak egongo ez direla ohartarazi duten ikastetxeetan, umeen bila zein joango da?... Irakasleen klaustrotik harago, guraso eta familia elkarteekin landu beharreko gaia izan behar duela uste du Ana Perezek, eta puntualki hainbat lekutan planteatu dituzten alternatibak eskola komunitate guztietan eztabaidatu beharreko ariketa direla: esaterako, ikastetxeko haurren zaintza kolektiboak antolatzea gizonek, bertako aita direnek (eta ez direnek), bakoitzak duen ordutegiaren arabera txandaka.
“Zaintza afera kolektiboa dela argi izan behar dugu”, dio Perezek, eta horrelako greba baten aurrean eskolak eta etxeak gogoeta batera egitea ezinbestekoa dirudi. Bestela, asmatu itxi dituzten ikastetxeetako ikasleen ardura zeinek hartuko duen egun osoan, edo nor joango den martxoaren 8an haurraren bila, jangela-orduan zaintzarik ez dagoen tarte horretan, zein hurbilduko den arratsaldean eskola atarira haurrak hartzera...