argia.eus
INPRIMATU
Noain eta Amaiur oroimenean, Nafarroaren burujabetza aldarrikatu dute Iruñean
  • Nafarroa berriz Altxa ekimenak manifestazioa egin zuen joan den larunbat arratsaldean Iruñean, duela 500 urteko Noaingo gudua eta herritarrek Gaztelako konkistatzaileen aurrean egindako altxamenduak gogoan. 4.500 pertsonatik gora izan ziren bertan antolatzaileen arabera, eta Nafarroako atzoko eta biharko burujabetzak aldarrikatu zituzten.

ARGIA @argia 2021eko ekainaren 21a
Argazkia: @ekinklik

Antoniutti plazatik abiatu zen manifestazioa, Altxa Nafarroa. Soberania es libertad (burujabetza askatasuna da) goiburupean, eta Armadako etorbidea eta Yanguas y Miranda kalea zeharkatu ondoren Foruen plazan bukatu zuen.

Han hitz egin zuten Joseba Compains eta Amagoia Susperregi ekimeneko kideek. Compainsen esanetan, egungo Nafarroa intsumiso eta gorria bizi-bizi dago, bere etorkizuna erabakiko du eta “gero eta gehiago gara berdinen arteko errepublika eraikiko dugun herritarrak”. Gakoa erabakitzeko eskubidean dagoela azpimarratu zuen eta 78ko erregimenekoek horri diotela beldurra, badakitelako “nekaezinak garela”.

Amaia Susperregik gogoan izan zuen udan beteko dela Amaiurko Gazteluaren erorketaren bosgarren mendeurrena, eta hura “inbasioaren eta okupazioaren aurrean egondako erresistentziaren” sinbolo bilakatu dela. Manifestazioarekin ez dela ezer amaitzen ere gogora ekarri zuen, eta hura Nafarroak burujabetza lortzeko borrokaren etapa berri baten hasiera besterik ez dela”. Duela 500 urte borrokan aritu zirenei egin dakiekeen omenaldirik onena borroka harekin jarraitzea dela zehaztu zuen.

Ahotsa.info-ren ondorengo bideoan ikus daiteke mobilizazioaren laburpena:

Vox ere Getzen

Datorren larunbatean, ekainaren 26an, Noaingo Gudua oroitzeko ekitaldia egingo da Getzen, Noain 500 urte plataformak deituta. Larunbateko manifestazioaren ondoren, Voxek jakinarazi zuen egun eta ordu berean alderdia Getzen izango dela, baina Gaztelaren garaipenari omen eginez. Ondoren ekitaldi bat egingo dute Iruñean.