“Nikaraguako borrokaren lidertzan emakume asko daude”

  • Tantaka eta lerroburuka heltzen dira, Euskal Herrira, Nikaraguan azken hilabeteotan gertatzen ari direnak. Herri-matxinada baketsua defendatzen dute batzuek, eta estatu kolpea egotzi, besteek, eta gatazkaren hiru bertsio daude gutxienez, mahai gainean: Daniel Ortegaren eta Rosario Murilloren gobernuarena, eskuin muturrarena eta ezker kritikoarena. Bitartean, lau gazte Europan barrena dabiltza, Nikaraguari Elkartasunezko Nazioarteko Informazio Karabanarekin, eta EAEko koordinatzailea da Sayuri Nishime (Managua, 1995).


2018ko uztailaren 19an - 08:34
Sayuri Nishime hitzaldietako batean (Argazkia: atari.eus)

Uztailaren 19an hitzaldia eskainiko du, 18:30ean, Tolosako kultur etxean, Nikaraguako gatazkan emakumeek hartu duten paperaz.

Zer gertatzen ari da Nikaraguan?

Batetik, sutea izan da Nikaraguako natur erreserba handienetako batean: Indio Maiz erreserban. 5.600 hektarea baino gehiago erre ziren, eta gobernuak larrialdi egoerarik ez dekretatu izanak haserrea piztu du ikasleen artean. Indio Maiz fundazioak, bide horretan, salatu du erreserbatik oso gertu errepide bat egitekoak direla, eta ozeano arteko kanal bat eraikitzeko aukerak ere badirela. Argi dago, beraz, interes falta horren zergatia zein den.

Gizarte segurantzaren erreformak ere ika-mika piztu du.

Bai. Pentsioak %5 murriztu nahi dituzte, argudiatuz, Nikaragua erabateko krisian dagoela. Pentsiodunak erreformaren aurka kalera atera ziren, eta ikasleek bat egin zuten aldarri horiekin, apirilaren 18an. Poliziak gomazko balak erabili zituen eta, sekulako haserrea piztu zenez, apirilaren 19an berriro atera ziren kalera; poliziak suzko armak erabili zituen orduan, eta lehenengo erailketa gertatu zen. 90 egunean, 360 pertsona baino gehiago erail dituzte jada; igandean bakarrik, 20 hildako, 6 herritan. Indarkeria asko gaiztotu da, eta hori giza eskubideen urratze bat gehiago da, FSLN alderdiak gobernuan daramatzan 11 urteotan. Errekurtso falta dagoela dioten bitartean, munizioa eta armak erosten ari dira.

Zein iritzi duzu gobernuaren bertsioaz?

Makillatutako bertsioa da. Herriaren eta anti-herriaren arteko banaketa egin nahi dute eta, beren esanak entzunda, badirudi 1980ko hamarkadan bizitzen jarraitzen dutela: gerra eta isileko estatu kolpea aipatzen dituzte, Nikaraguan sarraski bat ikusten ari garen bitartean. Eta armak beraiek bakarrik dituzte, ez barrikadetan lehen lerroan ari diren herritarrek. Zer egin dute, ordea, hasieratik? Hildakoak ukatu. Tamalez, gobernuak bere gain ditu komunikabideen %80 baino gehiago, eta beren bertsioa da gehien zabaltzen ari dena. Beste hedabideen gehiengoa enpresari batena da, eta presidentearen semeetako batek publizitate agentzia garrantzitsu bat du; guztiek ere bertsio ofizialari eusten diote. Dena den, sare sozialak ezin izan dituzte kontrolpean hartu, eta herritarrak gertatzen ari den guztia salatzen ari dira bertan. 

Munduak ba al daki Nikaraguan zer ari den gertatzen?

Hasieran, gertakarien oihartzuna ez zen Nikaraguatik bertatik ateratzen, baina, orain, nazioarteko komunikabideetan tarte bat zabaltzen ari da, han gertatzen ari dena azaltzeko. Horrez gain, informazio karabana bat sortu da: Nikaraguari Elkartasunezko Nazioarteko Informazio Karabana (Carabana Informativa de Soliradidad Internacional con Nicaragua). Gazte eta ikasle mugimenduko kideak dira, eta Europako hainbat hiritan barrena bira bat egiten ari dira. Besteak beste, Donostiako eta Bilboko udaletan izan dira, eta baita Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzian ere.

Nikaraguan, zein da emakumeen egoera soziala?

Azken 11 urteotan, ikusi dugu nola emakumezko polizia gehiago irteten diren kalera, emakumeen aldarriak itzali nahian; adibidez, martxoaren 8ko edo azaroaren 25eko martxak. Feminizidio tasa altua da, eta nerabeek haurdunaldi gehien dituzten herrialdeetako bat da. Adin txikiko horiek haurdun geratzen dira, kasu askotan, sexu abusuengatik, eta herrialdeak ez ikusiarena egin du horren guztiaren aurrean; nahiago dute ama gazteak direla esan.

Zein posizio hartu dute gatazkan?

Borroka honen lidertzan daude emakume horietako asko, elkarrizketa nazionalean. Jende askok uste du elkarrizketa nazionala ez dela sendoa, baina, egiazki, gure herriaren demokraziarentzat tresna bat da. Emakumeen Mugimendu Autonomoko ordezkaria ikusi dugu, emakumeen eta Nikaraguaren eskubideen alde oihuka; ikusi ditugu, era berean, emakume asko barrikadetan, eltze joka; eta, ikasle mugimenduko bozeramaile asko ere emakumeak dira. Eta, emakumeek diseinatu dituzte, elkarretaratzeetan segurtasuna bermatzeko estrategiak. Orain arte, historikoki, gizonezkoek eraman izan dituzte morteroak manifestazioetan, oso pisutsuak direlako, baina, orain, hori ere aldatu da: emakumeek ere morteroak hartzen dituzte lehen lerroan. Komunikazio tresna ere dira morteroak, polizia badatorrela iragartzeko.

Kaleko borrokaz gain, herritarren ahalduntzea ere bilatu dute?

Bai, herri-matxinada bat sortu nahi baitute, Nikaraguan eraldatze sozial eta ekologiko bat sortzeko. Nikaraguak gizarte patriarkal izatetik, ikuspuntu feminista duen herri bat izatera pasatu behar du, emakumeei parte hartze handiagoa emanez, eta benetako parekidetasuna sortuz. Esan izan baita, emakumeok hobekien bizi garen 12. herrialdea garela, eta 50/50 lege bat badugula, baina lege horrek ez ditu emakumeon beharrak benetan ordezkatzen: goi karguren batean emakume bat jartzen dute, politikoki zuzena izateko bakarrik, eta horrek ez du ezertarako balio, gero espazio horietan egitasmo guztiak gizonezkoek pentsatu eta garatutakoak baldin badira. 1979ko iraultzaren ondotik, alfabetizazioarena izan zen Nikaraguako proiektu garrantzitsuenetako bat eta, orain, beste alfabetizazio bat nahi dugu: badakigu irakurtzen eta idazten, baina ez dakigu emakumeei parte hartzeko espazioak uzten.

Karabanan ere badira emakumeak.

Lautik hiru, emakume gazteak dira, eta Nikaraguan gertatzen ari dena salatzen ari dira, ahots ozenez. Mehatxuak jasotzen ari dira horregatik, eta Nikaraguara itzulera tentsio handiz bizi behar izango dute, han zain izango baitituzte. Hala ere, egoera salatuz jarraitzen dute.

Jendeak nola hartzen du informazio hori?

Oro har, gertatzen ari dena entzuteko gogoz bertaratzen da jendea. Erailketak hasi zirenean kolpe handia jaso genuen, bai baitakigu aurrekari historikoak ditugula: Nikaraguaren askatasuna lortzeko borroka bat izan zen eta, orain, berriro borrokatu beharra daukagu. Baina, kasu honetan, herri-matxinada baten alde borrokatu nahi dugu, ez herriak armak hartzearen alde. Iraultza garaian, Euskal Herriak elkartasun handia eskaini zion Nikaraguari, bi prozesuen artean antzekotasun handiak zirelako; euskal herritar askok, El Salvadorreko eta Honduraseko herritarrekin batera, parte hartu zuten 1979ko iraultzan eta, ondoren, garaipena ospatu. Ordea, harrezkero, jende askok ez du Nikaraguan gertatu dena jarraitu, eta honek guztiak ezustean harrapatu ditu. Gu ez gaitu harritu, egunero ikusten dugulako diktadura nola areagotzen den, erregimena indartzeko. Horrela, alde batetik, elkartasuna sortzen ari da eta, bestetik, bada gu iraintzera bertaratzen den jendea ere, iraultzaren irudi erromantiko hori dutelako. Daniel Ortega presidentearen diskurtsoa errepikatzen dute, esanez, mobilizazioak eskuin muturrak deitutakoak direla, eta CIAk babestuak; pentsa, informazio karabana Espainiako gobernuak finantzatu duela ere esan dute. 1979ko iraultzarekiko maiteminak askori ez die uzten ikuspegi kritiko bat izaten. Daniel Ortega presidenteak eta Rosario Murillo presidenteorde eta emazteak zikindu dute gure ondare historikoa: sandinistatzat jotzen dute beren burua, baina, egiazki, Sandinoren izena zikintzen ari dira. Erabateko diktadura sortu dute, eta posizio horretatik gobernatu nahi dute.

Bukatzeko: zein etorkizun aurreikusten duzu Nikaraguarako?

Baikorrak gara, baina Nikaraguaren berreraikitzea prozesu luzea izango da. Gobernuak egitura sendoa osatu du, eta zaila da eragin hori guztia desagerraraztea, txoko guztietaraino iritsi baitira. Ustelkeria sare bat sortu dute eta, adibidez, Herritarren Botererako Kontseiluak sortu dituzte, mobilizazioetan parte hartzen duten nikaraguarren izen-abizenak lortzeko; unibertsitateei ere, autonomia kendu diete. Hala ere, orain, Ortega eta Murilloren dimisioa da eskaera nagusia. Hauteskunde Kontseilu Gorena berregituratzea eta magistratu berriak izendatzea nahi dugu, hauteskunde aske eta gardenak izan ditzagun. Horren ondoren, has dadila Nikaraguaren berreraikitzea: gertatu dena behar bezala epaitu; ahots kritikoei lekua utzi; emakumeen parte hartzea bermatu; LGTBIQ mugimenduaren baztertzea desagerrarazi; eta, nekazari eta indigenekin bat egin. Herritarrek kalera ateratzea erabaki baldin badute, izan dadila, benetan, egoera errotik aldatzeko.

Albiste hau Tolosaldeko ataria-k argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Internazionalismoa
2024-12-19 | Axier Lopez
Palestinaren askatasunaren aldeko 10 orduko elkarretaratzea egingo dute Lekeition

Israel entitate sionista Palestinan egiten ari den "genozidio eta sarraski terrorista" salatzeko Lekeitioko hainbat eragilek txandakako hamar orduko elkarretaratzea egingo dute abenduaren 28an.


Kilometro zero

Berriki Pierre Carles dokumental egile engaiatuaren azken lana ikusteko aukera izan dut. Guérilla des FARC, l'avenir a une histoire (FARC gerrilla, etorkizunak historia du) du izena eta Kolonbian mende erdi baino gehiago iraun duen gatazka armatuaren kontakizun... [+]


2024-12-06 | Hala Bedi
Xabi Losada, Palestinarekin Elkartasuna
“Israelgo estatu terrorista ez da soilik harreman militarren bidez sostengatzen”

Palestinarekin Elkartasunak "sionistekin harreman oro etetera" deitu du. Kanpaina bat jarri dute abian Euskal Herriak Israelgo estatu terroristaren bizirautea bermatzen duten harreman militar, diplomatiko eta kulturalak seinalatu eta hauen etetea exijitzeko. Pasa den... [+]


2024-11-18 | Euskal Irratiak
Palestinar herriari elkartasuna helarazi diote Makeatik

Palestina, mediatikoki aurkeztua ez den bezala, aipatu zen joan den larunbatean Makean, mintzaldi, tailer, merkatu eta kontzertuen bidez.


2024-10-29 | Leire Ibar
Baldintzapeko askatasunean aske geratu dira bi preso iruindar

Josune Arriaga eta Aurken Sola, hurrenez hurren, hamalau eta hamasei urteko espetxealdien ostean, baldintzapeko askatasunean irten dira kalera Espetxe Zaintzako Epaile Zentralaren ebazpenaren bidez.


2024-10-03 | Gedar
24 orduko barauak egingo dituzte aste honetan Euskal Herrian, Palestinarekin elkartasunez

Ostegun arratsaldean hasiko dira baraualdiak, eta bost gune antolatu dituzte ekimenari lotuta: Bilbon, Altsasun, Donostian, Gasteizen eta Iruñean. Larunbat eguerdian, berriz, manifestazio handi bat egingo dute Bilbon, palestinar erresistentziarekin elkartasunez eta... [+]


Palestinarekin elkartasunean manifestaziora deitu dute urriaren 5ean Iruñean

Su etenaren aldeko kolektiboek, osasun langileek, suhiltzaileek, kirolariek…bat egin dute Golem zinemetatik irtengo den protestaren deialdian. Duela urtebete gogortu zen sarraskia salatu eta 76 urtez luzatu den Palestinarren borrokari elkartasuna adierazteko manifestazioa... [+]


2024-08-08 | ARGIA
Venezuelako Askapenaren brigada
“Herriak eta gobernuak ez dute atzerapausorik onartuko”

Venezuelan dauden Askapena talde internazionalistaren brigadistekin hitz egin du ARGIAk, hauteskundeen osteko egoeraz eta etorkizunaz.


EH Bizirik-ek eta Askapenak Italiako AHTaren aurkako borroka ezagutuko dute uztaileko brigadetan

Euskal Herria Bizirik eta Askapena brigada bat antolatzeko elkartu dira. Europan lurraldearen defentsan dauden bi borroka bisitatuko dituzte: Lurraren Altxamenduaren borroka Frantziako Estatuan, eta NO TAV mugimendua Italian.


2024-07-02 | Gedar
Bidasoko suhiltzaileak Palestinako bandera kentzera behartu ditu Gipuzkoako Aldundiak

Maiatzean jarri zieten debekua, berriki salatu dutenez. Larunbatean, Palestinarekin elkartasunez mobilizatu ziren Hego Euskal Herriko parke denetako suhiltzaileak.


2024-06-05 | Axier Lopez
Jaurlaritzaren eta Israelen arteko “lankidetza” salatu dute Bilbon

Uribe Kostako Palestinaren aldeko Khalas! elkartasun taldeko hainbat kidek salaketa ekintza egin dute Eusko Jaurlaritzak Bilbon duen egoitza barruan. Jaurlaritzak Israelekin dituen harremanak azaleratu eta salatu nahi izan dituzte.


Israel Olinpiar Jokoetatik baztertzeko eskatu du Nafarroako Parlamentuak

Contigo-Zurekin taldeak proposatutako ebazpena onartu du Nafarroako Parlamentuak, EH Bildu eta Geroa Bairen aldeko bozkekin. Israelek Gazan duen jarrera genozida salatu eta neurriak hartzeko eskatu dio Parlamentuak Nazioarteko Olinpiar Batzordeari.


“Badira hartzea merezi duten arriskuak, genozidioa gelditu behar dugu”

Hiru militante euskaldun itsasoratuko dira Gazara bidean apirilaren 21ean, Turkiatik irtengo den Askatasunaren Ontzidian: Pili Revilla, Agus Gorbea eta Mikel Zuloaga ‘Mikelon’. Ostegunean hartu dute Bilbotik Istanbulera eraman dituen hegaldia, eta bi egun lehenago... [+]


Eguneraketa berriak daude