Pop musika eta neurri handi batean kultura oso bat irauli zuen The Velvet Underground & Nico diskoan jasotako Femme Fatale kantuak. Nico abeslari germaniarrak xuxurlatzen dituen doinuaren hitzak, hain zuzen, Edie Sedgwick modelo, aktore eta Andy Warhol artistaren musan oinarritzen dira. Sedgwick duela 50 urte zendu zen, 1971ko azaroaren 16an, barbiturikoen intoxikazioagatik, 28 urte baino ez zituela.
'Cause everybody knows (she's a femme fatale)
The things she does to please (she's a femme fatale)
She's just a little tease (she's a femme fatale)
See the way she walks, hear the way she talks
'Cause everybody knows (she's a femme fatale)
Femme Fatale (1966), Velvet Underground & Nico
The Factory arte estudioaren inguruan eratutako zalaparta artistikoaz gainera, Bob Dylan ere liluratu zuen Sedgwick-ek. Ondorioz, bien arteko harreman berezia ere loratu zen; hain zuzen, Dylanek zuzenenean gehien jo duen Just like a woman (Emakume bat bezala) kantuan aipatzen duen emakumea, “bere lainoarekin, anfetaminarekin eta perlekin”, Segwick da, musikariaren biografo ofizialek Joan Baez dela baieztatu izanagatik ere. “Emakume batek bezala egiten du maitasuna, baina neska bat bezala hausten da”, dio abestiak. Warhol tarteko bien arteko lotura kraskatu zenean –Dylan sekretuan ezkondu zela esan zion Warholek Sedgwicki–, pixkanaka-pixkanaka substantzia toxikoen lainoetan galdu zen Sedgwick. Halere, drogekiko lilurapenaren bidea hasia zuen. Hala Warhol nola Dylanek ez zuten berengandik deus konkreturik lortu: Hollywoodeko izarra izateko ametsa zapuztu zitzaion eta ez zuen diskoetxeen arreta ziztrinik eskuratu.
Etxe oneko umeak 1960ko hamarkadan bor-bor zegoen New Yorkeko gaueko begirada guztiak bereganatu zituen bere nortasun, edertasun, gaztetasun eta look-a tarteko. Sasoiko it girl nabarmenena izan zen, zoritxarreko amaiera bizi izan zuen arren.
Edith Minturn Sedgwick 1943. urteko apirilaren 20an jaio zen Kaliforniako Santa Barbaran finkatutako arrantxo batean. Eraikuntzan petrolioa aurkitu zuten 50eko hamarkadako hasieran, eta familia aberastu egin zen, jatorriz familia diruduna eta itzal handikoa izanagatik ere. Zortzi anaia-arreba ziren; Sedgwick zazpigarrena zen. Urre beltzak eragindako aberastasuna gorabehera, sendian hamaika gaixotasun jasan zituzten: buruko gaixotasunak, sexu-abusuak, heriotza goiztiarrak, suizidioak, egonaldiak psikiatrikoetan eta, Sedgwicken kasuan, toxikomania, anorexia eta bulimia. Buruko hamaika arazo zituzten bi anaia goiz hil zitzaizkion, eta aita maniako-depresiboa zen, eta Sedgwickek gerora aitortu zuenez, gurasoek klinika batean sartu zuten aita zerbitzari batekin sexu harremanak izaten ikusi zuela esan baitzuen.
1964. urtean iritsi zen Sedgwick New Yorkera, hain justu amamak Park Avenueko 14. zenbakian zeukan apartamentura. Hirian finkatu eta laster hasi zen modelo lanak egiten, eta modan zeuden klubetan ere ordu asko igaro zituen. Aldizkarietan agertzen hasi zen, besteak beste, Vogue eta Life argitalpenetan, baina sektoreak ez zuen guztiz onartu drogak hartzen baitzituen. Horrekin batera, iskanbilatsua, aldakorra eta jeinu handikoa zen. Haatik, modeloaren aldeko ahotsak azaldu ziren. “Gazte kulturaren eredu bat izan zen”, esan zuen Vogue agerkariko erredaktore buru Diana Vreelandek.
Sedgwickek estilo erabat pertsonala erakusten zuen janzterakoan, eta bere look-aren itzalak gaur arte iraun du: tonaka eyeliner, ile labur horaila, orratz-takoidun zapatak, belarritako nabarmenak, galtzerdi beltzak, soineko laburrak eta emakumeen eta gizonen arropa uztartzeko gaitasun paregabea. Itxura androginoa zuen, baina, era berean, oso femeninoa zen.
Lester Persky publizitate ekoizlearen apartamentu xarmagarrian ezagutu zuen Sedgwick Andy Warholek. Etxebizitza horretan 60ko hamarkadako New York hiriko elite sozial eta intelektuala biltzen zen. Frantziar jatorriko Isabelle Collin Dufresne Ultra Violet artista estatubatuarra apartamentu horretan zegoen, eta ondokoa esan zuen modeloaren dantzarako ahalmen erakargarriaz jabetu zenean: “Glamour-a arnasten du. Glamour hitza beretzat sortu da”. Warhol supituan maitemindu zen Sedgwickekin, eta festatik atera baino lehen honela esan zion: “Film bat egin nahi dut zurekin”. Hartara, Warholek zuzentzen zuen The Factory unibertsoko ohiko bisitari bilakatu zen, eta leku aproposa aurkitu zuen bere adikzioetarako.
Warhol etorkinez osatutako familia eslovakiar xume batean jaio zen. Hori dela eta, bere ondoan nahi zituen etxe oneko neskak, Europan barrena bidaiatzen zuten, frantsesez zekiten eta goi-mailako joskintzaz janzten ziren neskatoak. Etxe oneko musa horiek bereganatu egiten zituen, bere pelikuletako aktore-zerrendetan txertatuz. Sedgwickek, hain justu, Warholen hainbat filmetan parte hartu zuen; tartean, Kitchen, Bitch, Horse edo Space. Guztiak esperimentalak, eta zirkuitu komertzialetik urrun pantailaratzen zirenak.
Bien arteko harremana oso estua izan zen, erabat sinbiotikoa, baina baita kaltegarria ere: modeloak bere egin zuen Warholen ile zuria eta pop artistak Sedgwicken estetika hartu zuen; tartean, leotardoak eta alkandora handiak janzten hasi zen. Hain antzekoak bilakatu ziren, ezin baitziren bereiztu. Horiek horrela, erlazioak ez zuen askorik iraun; Warholek, besteak beste, Sedgwick moldatu nahi zuen, bera izan ez zen emakume bihur zedin.
New Yorkera iritsi eta hilabete gutxira ohartu zen Sedgwick oinordetzen jaso eta aurreztutako diru guztia xahutzen ari zela parrandetan, oihaletan eta substantzia toxikoetan. Egoera finantzario kezkagarri horretan ezagutu zituen, hain zuen, Bob Dylan musikaria eta bere kolaboratzaile Bobby Neuwirth eta Albert Grossman. Taldeak Sedgwick jaso zuen, eta bidenabar, bere kuartelera eraman zuen, hain zuzen, garaiko hainbat sortzaile hartu zituen Chelsea Hotel mitikora. The Factory eta Chelsea Hotelen arteko edo Warholen eta Dylanen arteko lehia gordina omen zen. Hala, Dylanen inguruak Warhol erasotzeko baliatu zuen Sedgwick: “Benetan ez zizun ordaintzen filmetan egindako lanagatik? Doan aritzen zara Warholentzat?”. Horiek horrela, modeloak dirua exijitu zion Warholi. Hark filmak garestiak zirela azaldu zion, eta ez zuela aktoreak ordaintzeko adina diru, baina sustapenerako baliagarriak zirela argudiatu zion. Hartara, bien arteko harremana nabarmen hoztu zen, garaiko pop bikote perfektua ezereztu arte. Sedgwick, gainera, drogen amesgaiztoan galtzen hasia zen: pilula zaparrada, krisi franko eta ugerra nonahi.
1966. urtean, Warhol ezagutu eta hamabost hilabetera, bien arteko harremana kraskatu zen, eta modeloa Dylanen ondoan finkatu zen, Blonde on blonde maisulanean modeloan oinarrituko bizpahiru kantu grabatu arte. The Factoryko gauak Chelsea Hoteleko gauekin ordezkatu zituen Sedgwickek, eta Dylanen ingurutik itxaropenezko mezuak baino ez zituen jaso, arrakasta laster lortuko zuelakoan. Halere, ez zen horrelakorik gertatu, babes gutxi lortu baitzuen. Zine komertzialak iskin egin zion, eta diskoetxeak eta ekoizleak ez zitzaizkion sekula gerturatu. Bada, The Factoryko musa eta Dylanen kantuetako neska ederra auto-suntsitu egin zen: goizetan droga bizigarriak hartzen zituen eta gauetan droga lo-eragileak irensten zituen; 20 urteko zonbi bilakatu zen.
Hartara, etxera bueltatu zen, baina drogekiko mendekotasunak bere horretan zirauen. Bere bizitzako azken urteak psikiatrikoetan, kartzeletan eta errehabilitazio-zentroetan igaro zituen. Egoitza horietako batean ezagutu zuen Michael Brett Post, zeinarekin ezkondu zen hil baino hilabete batzuk lehenago. 28 urterekin hilda aurkitu zuten bere etxean, drogak tarteko. Warholi Sedgwick zendu zela esan ziotenean, hauxe erantzun zuen: “Nork jasoko du Edieren diru guztia?”.
Olatz Salvador
Noiz: martxoaren 15ean.
Non: Deustuko jaietan.
------------------------------------------------
Martxoak beti du deustuarrontzat kolore berezia; urtero ospatzen ditugu jaiak, San Jose egunaren bueltan. Bi asteburu bete festa, eta urtetik urtera Deustuko... [+]
Antifa hardcore
Lee-Kore + Hoben
Autoekoizpena
---------------------------------------------------------
Tamalez ez da ohikoa Arrasaten hardcore kontzertuak egitea, bestelako musika eszenak nagusitzen direlako. Hala bada, joan den larunbatean herriko gazte batzuen... [+]
Zero. Transhumanismoa ate-joka erdi aro berrian
Aitor Zuberogoitia
Jakin, 2024
-----------------------------------------------------------
Hasieran saiakera filosofiko-soziologikoa espero nuen, baina ez da hori liburu honetan aurkitu dudan bakarra. Izan ere, biografia... [+]
Hunkituta eta ilusioz egin dut Iruñetik Oronozerako bidea. Maite dut Olaia entzutea, baita hizketan ere. Herriko farmaziaren ondoan autoa utzi eta balkoitik agurtu naute hark eta bere zakur Arak. Grabagailua martxan jarri aurretik, bueltaxka egin dugu frontoira eta Arak... [+]
Adolfo Bioy Casares (1914-1999) idazle argentinarrak 1940an idatzitako La invención de Morel (Morelen asmakizuna) eleberria mugarritzat jotzen da gaztelaniaz idatzitako literatura fantastikoaren esparruan. Nobela motza bezain sakona da, aparta bere bakantasunean, batez... [+]
Anton Txekhov, Raymond Carver eta Alice Munroren ipuingintzari buruzko mahai-ingurua egin dute Iker Sancho, Harkaitz Cano eta Isabel Etxeberria idazle eta itzultzaileek, Ignacio Aldecoa zenaren ipuin literarioaren jaialdian, Gasteizen. Beñat Sarasolak gidatuta, autore... [+]
No other land dokumentalaren zuzendari Hamdan Ballal kolono sionistek jipoitu zuten astelehenean bere herrian, beste hainbat palestinarrekin batera, eta Israelgo militarrek eraman zuten atxilo ondoren. Astarte goizean askatu dute.
Bizitza eztia
Verde Prato
Plan B Records, 2024
--------------------------------------------------------------
Ousmane Sembène zinemagile senegaldar ospetsuari galdetu zioten ea bere pelikulak Europan ulertzen ote ziren. Erantzuna, epikoa: “Izan gaitezen... [+]
Ihes plana
Agustín Ferrer Casas
Itzulpena: Miel A. Elustondo
Harriet, 2024
---------------------------------------------------------
1936ko azaroaren 16an Kondor legioko hegazkinek Madrilgo zenbait museori egin zieten eraso. Eta horixe bera da liburu honetara... [+]
Inoren Ero Ni + Lisabö
Noiz: martxoaren 14an.
Non: Gasteizko Jimmy Jazz aretoan.
----------------------------------------------------
Izotz-arriskuaren seinalea autoko pantailatxoan. Urkiola, bere mendilerro eta baso. Kontzertuetara bideko ohiko errituala: Inoren... [+]
Iruñeko Zaldiko Maldiko Elkartean eta Baigorriko Bixentainean aurkeztu da aurtengo Nafarroaren Eguna, egun berean. Ohi bezala, apirileko azken igandearekin bat egingo da festa Baigorrin, eta horrez gain, apirilean hainbat ekitaldi egingo dira eskualdean.