Nendo Dango: hazitik hasita mundua oihantzeko

  • Noizbait basoz beteta egon zen ludia berriro oihanez beztitu beharra dago, edonork dakienez. Itsasoaz gain, zuhaizpeetan datza bioaniztasuna, klimaren erregulazioa eta elikadurak ekoizteko beharrezkoa den lurzorua bera. Masanobu Fukuokak asmatutako “Nendo Dango” teknika gero eta gehiagok darabilte paraje elkorrak basoberritzeko.


2011ko urriaren 30ean - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:12
Irudiko neska-mutikoak ez dira Gueñesekoak, Kantabriako Maliano herrikoak baizik. Grupo de Scout Cachón taldeari hartu diogu blogetik. Nendo Dangotarako hautaturiko haziak nahasten dituzte buztinarekin eta konpostarekin, ondoren aste batzuetan lehort

Gueñesko (Bizkaia) Sodupe auzoko haurrek eta udal hartan basoen arduraduna den Joseba Garcia Lizarraldek  iraultza txiki bat ekarri zioten Euskal Herriari 2010eko otsailean. Julen Nafarrate kazetariak honela kontatu zuen Berrian: “Ezer egin barik, landatuz. Basoak birlandatzeko ohiz kanpoko bidea jarraitu dute Gueñesen. Zuhaitz Egunaren harira, gorostiak landatu dituzte Nendo Dango teknika japoniarra jarraituz”. Ereiteak bi krisiri aurre egiteko balio izan die gueñestarrei.

Kronikan Garcia Lizarraldek iradoki zion kazetariari duela bi urte Udalak murriztu egin behar izan zuela haur eta gaztetxoekin mendiak basoberritzeko zeukan aurrekontua.  Ekonomiak egin duen gainbeherarekin, 2011n ez dira aberatsago egongo. Landareak erostea baino merkeago ateratzen da haurrak mendira eraman, arboletatik edo orbel artetik haziak jaso eta haiek buztinezko pilotatxotan bilduta ereitea.

Nendo Dangok irauli nahi duen beste krisia ingurumenaren honda-tzea bera da. Munduak zuhaitzak eskas ditu. Eta baso berriak landa-tzen hasitakoan, efikazia gutxiko sistemak usatzen ditugu gizakiok: oso nekez haziko diren landareak sartzeko zulogintzan, lehendik indarra galduta dauzkaten lurzoruak lan horiekin gehiago andeatzen ditugu.     Nendo Dango teknika Masanobu Fukuoka (1913-2008) japoniarrak asmatu zuen. Soroetan zuhaitzak eta bestelako uztak ematen dituzten landareak uztartu eta elkarlanean modu ahalik eta naturalenean hazten saiatu zen Fukuoka, eta nekazaritza ekologikoaren lauzpabost erreferentzia nagusietako bat da. Permakulturan ari direnek aitortzen diote nagusitasuna, goldatu gabeko nekazaritzan ari direnetako gehienek bezala.

Mundua basamortutzeko bidean doala-eta asmatu zuen Nendo Dango, funtsean zera dena: ahalik eta modu erraz eta merkeenean lortzea ahalik eta zuhaitz gehien erne eta haztea, oihan berri iraunkorrak osatuz, zuhaitz, sastraka eta belarkiak batean ereinda bolatxoetan.

Teknika sinplea da. Buztinezko bai pilotatxo edo puxtarriak, edo bai opil txiki edo diskoak egin, barruan daramatzatelarik erein nahi diren haziak. Horrela pilota edo opiltxo bakoitzak barruan hiru hazi mota eramango ditu. Batetik, lehen euriekin erneko diren belar eta lekaleak. Horiekin batean zuhaixka eta sastraken haziak. Eta azkenik, aurrekoek antolatutako ekosisteman errazago erne eta sustraituko diren arbola eta zuhaitzenak.

Denbora batez idortzen utzi diren bolatxo hauek gero eramango dira baso berria sortzen ikusi nahi den lekura, jaurti aliritzira, eta aio, Pelaio. Naturak eginen du bere lana. Euriarekin, babesgarri eduki duten buztinetik hasiko dira ernetzen haziak bata bestearen segidan.

Fukuokak bi txori jo nahi zituen koxkorrokin. Batetik, ahal bezain gutxi urratu lurra, nekazaritzan ere zerabilen Wu-Wei (Ez egin) taoistari jarraiki. Bestetik, ahalik eta zuhaitzik gehiena erein. Munduaren idortzeak kezkatzen zuen. Azken elkarrizketetako batean kazetari bati bukaeran bota zion: “Esaten dizut liburuak harrika botatzeko, ez duzuela hainbeste pentsatu behar. Artikuluan jar ezazu nahi duzuna, baina azken lerroetan ipini: ‘Elkarrizketa honek ez du ezertarako balio’. Buztinezko bolatxoak erein behar ditugu fite, ez zaigu-eta astirik geratzen”.

Alternatiba: sastrakak kimatzea

Munduan basamortu bilakatzen ari diren eremuetan erraz eta zabal usatzeko modukoa da Nendo Dangoa. Fukuoka beraren ametsa horixe zen, hain zuzen, hazi bolatxoak modu masiboan ereitea, baita hegazkinak eta helikopteroak erabiliz ere, buztinezko pilotak modu ia industrialean ekoizturik.

Zuhaitzak eta soroa integratzen dituzten laborantza teknikak gero eta zabalduagoak daude mundu osoan. Basoetan milaka urtez ondu den lurrean hazten baitira gizakion elikadura bermatzen duten landareak. Mende luzeetako ustiatze ezjakinaren ondoren, soroek basoen laguntza eskatzen dute denetan.

Zuhaitz adaxka txikituak (BRF Bois Raméal Fragmenté, frantsesez) asko lezake lurrak zaharberritu edo sendatzeko prozesuan. Horrek esplikatzen du zuraren eta sutarako egurraren beharraz gain, prefosta-  mundu osoko nekazari askoren artean zuhaitz landaketa edo ereiteak piztu duen interesa. BRFa egiteko ez dira zuhaitz handiak behar, 7 zentimetroko diametroa baino txikiagoko adaxkak birrintzen dira. 

Basamortuak gizakia behartu duen erlojupeko lasterketan asko ari dira munduan saiatzen. Hil berria da Wangari Maathai nobel saridun kenyatarra, sortu zuen Green Belt Mouvementen bidez lortu duena Kenyan eta Afrikako beste herrialde batzuetan milioika zuhaitz berri landatzea, funtsean baserrietako emakumeek beren gain hartutako lanarekin. Horiek gehien bat mintegietan ernetako zuhaitz txikiak landatzen dituzte. Baina nola lortu basoak are gehiago ugaritzea?

Irailean Jordanian burutu dute permakulturaren nazioarteko 10. biltzarra. Permakultura mugimendu zabal eta anitza da mundu osoan (Australian sortu zuen Bill Morrisonek) eta bi hitzetan esanda, gizakiak bere behar guztiak modu iraunkorrean asetzeko moduak lantzen ditu. Jordaniakoan ura zuten min-tzagai nagusi, baina hizlarien artean   Tony Rinaudo-k lezio interesgarri hau aurkeztu zuen: Basamortutzeari gaina hartuz eremu idorretan.

Australiako World Vision Gobernuz Kanpoko Erakundeko kide den Rinaudok erakutsi zituen FMNR Farmer Managed Natural Regeneration (Laborariek kudeatutako naturaren lehengoratzea) sistemarekin lortutako fruituak. Kasik erabat idortutako parajeetan ere geratzen dira sastrakak, zuhaitz txikiak edo ebakitako arbolen ipurdietan nola edo hala bizi diren kimuak. Puja ahulok zaindu, kimatu eta ugaritzetik sortzen dituzte baso berriak FMNR teknikarekin.

Herri bakoitzean baserritarrek mugatzen dute oihandu nahi duten eremua, hautatzen zein adar utzi aurrerako eta zein kimatu, landare gazteak aziendetatik babesteko neurriak hartzen, suak borrokatzen, eta abar.

Auzolanak urte gutxitan ematen dituen fruituak erakutsi zituen Rinaudok diapositibetan, abantailak aletuz: egurra hurbildu herrietara bilketara joan behar duten haur eta emakumeen mesedetan, etxegintza eta tresnetarako zura, elikadura ugaritzea, lurzoruaren kalitatea hobetzea, higadura gutxitu eta lurpeko urak eta iturriak aberastea, basoko hegazti eta piztiak itzultzea, eta abar.

Hazi ereitea eta kimaketa buru-tsua, batek ez du bestea kentzen. Fukuoka bietan ariko zen gustora, naturari lagunduz gizakiaren ahalik eta indar txikienez. Wu-Wei, alegia.

Informazio gehiago:

 - Nendo Dango ingelesezko Wikipedian.

- Nendo Dango nola egin eskuliburua gaztelaniaz (PDF)

- Neska hauek “guerrilla gardening” egiten dute alferrik dauden lurretan hazi pilotak ereinez.

- Auzolaneko baratzean hazi opiltxoak egiten.

- Farmed Managed Natural Regeneration Wikipedian.

- FMNR Tony Rinaudok esplikatuta.

- FMNR Yotubeko bideo honetan Tony Rinaudok azalduta.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Nendo Dango
Masanobu Fukuoka: lasto izpi batean datza iraultza
Ez bakarrik pozoirik eta ongarri sintetikorik gabe, soro-baratzeak goldatu eta jorratu gabe lantzea aldarrikatu zuen Masanobu Fukuokak, nekazaritza naturalaren aitzindariak. Laborantzak naturarekiko errespetuan eta gizakiaren garatze espirituzkoan oinarritu behar duela zioen.

2015-01-28 | Estitxu Eizagirre
Zabortegi bat berreskuratzeko modu onena

Zangozan landatutako 1.000 horiekin, dagoeneko 20.000 zuhaitz inguru dituzte Nafarroako ikastolen Oinez Basoek. Argia Egunean (Usurbilen iazko irailean) eginiko hazi eta buztin bolak izan ziren zabortegiko lurrak berreskuratzeko argiazaleon ekarpena.


2015-01-14 | Estitxu Eizagirre
Larunbatean 1.000 zuhaitz landatuko dituzte Zangozako Oinez Basoan

Nafarroako Ikastolen Elkarteak eta bertako ikastolak antolaturik, Zangozako zabortegi zaharreko lurra berreskuratuko du basoak, “La Celada” deituriko parajean. Bertan jaurtiko ditugu Argia Egunean haziz eta buztinez eginiko nendo-dango bolaxkak ere.


2014-09-18 | Estitxu Eizagirre
ARGIA Eguna
Bizi egun bat ARGIAren baloreetan

Jasangarritasuna, parekidetasuna, lurraldetasuna, euskaltzaletasuna eta parte-hartzea. Bost balio horiek hartu ditugu kontuan egitaraua adosterakoan, oholtzaratuko diren izenak bilatzerakoan, zerbitzatuko ditugun elikagaiak hautatzerakoan...Hona irailaren 27an Usurbilen... [+]


ARGIA Eguna
‘Nendo Dango’: argiazaleon aleak ama lurrari biziberritzen laguntzeko

Zuhaitz, sastraka eta beste landareen haziak nahastu buztin eta konpostetan, bola txikitan bildu eta erein. Beste edozein jolas bezain atsegina da Argia Egunean praktikatuko dugun Nendo Dangoa eta, gainera, gizakiok antzutu ditugun lur eremuei arnas berria itsatsiko diegu.


Hasi Nendo Dango atelierrerako haziak biltzen

Nendo Dango tailerra dago antolatuta, beste hainbat ekitaldiren artean, irailaren 27ko ARGIA Egunerako Usurbilen. Teknikaren zehaztapenak “Hazitik hasita mundua oihantzeko” kronikan azalduta daudenez, hona laburpena.


2014-07-23
ARGIA Eguna irailaren 27an Usurbilen
ARGIA ezagutzeko festa, oso gure erakoa

Euskaltzaleak, ARGIAko irakurleak, langileak, kolaboratzaileak, harpidedunak, blogariak, sare sozialetako jarraitzaileak... azken finean, ARGIAren inguruan batzen garen komunitatea elkar ezagutu eta egun eder bat pasatzeko aukera emango digu aurten berreskuratuko dugun ARGIA... [+]


Nengo Dango
Hazitik hasita mundua oihantzeko

Noizbait basoz beteta egon zen ludia berriro oihanez beztitu beharra dago, edonork dakienez. Itsasoaz gain, zuhaizpeetan datza bioaniztasuna, klimaren erregulazioa eta elikadurak ekoizteko beharrezkoa den lurzorua bera. Masanobu Fukuokak asmatutako “Nendo Dango”... [+]


2008-12-21
Masanobu Fukuoka: lasto izpi batean datza iraultza

Ez bakarrik pozoirik eta ongarri sintetikorik gabe, soro-baratzeak goldatu eta jorratu gabe lantzea aldarrikatu zuen Masanobu Fukuokak, nekazaritza naturalaren aitzindariak. Laborantzak naturarekiko errespetuan eta gizakiaren garatze espirituzkoan oinarritu behar duela zioen.


Eguneraketa berriak daude