Neandertalak


2023ko abenduaren 07an - 12:04

Garesti dago zinemara joatearen “luxua”. Aski garesti, neandertal talde bat atzean esertzen zaizunean batik bat, eta ohikoa bihurtu da azkenaldian. Ez dakit jendeak gero eta errespetu gutxiago ote duen gauza ororekiko, baina ez dut gogoan aretoetan hainbeste zarata eta distrakzioko garaia, eta bizitza osoa daramat butaken artean.

Begira zauden tokian beti ikusten duzu sakelakoren bat edo norbait behar baino tonu altuagoan hitz egiten. Liburutegian kalera botako zintuzkete, baina badirudi pantaila handiaren aurrean liskar egitera behartuta zaudela edo etsipena baino ez dela geratzen. Amorruz beterik zoaz, filmaz erabat gozatu ez duzulako sentsazioarekin. Ia hiru orduko metraje distortsionatua, hondoko murmurioak direla eta.

Garesti dago zinemara joatearen “luxua”. Aski garesti, neandertal talde bat atzean esertzen zaizunean batik bat, eta ohikoa bihurtu da azkenaldian

Ez naiz nor inori sarrera debekatzeko, baina askorentzat gozamen eta deskonexio tartea den hori baldarren edota denbora nola galdu ez dakitenen taberna-tertulia bihurtzeak zazpigarren artearen esanahia eraldatuko du.

Ozenki hitz egin nahi izanez gero, ez duzu zertan zure bizitza kontatu, ez dugu zortzi euro ordainduko horretarako. Zoaz ostatura eta barrena hustu ezazu, baina errugabeoi ez iezaguzu buruko minik eman. Gauza bera seme-alabekin zer egin ez dakiten eta arratsaldea pasatzeko hor sartzen dituzten gurasoentzat. Sentitzen dut, baina 5 urte nituenean ez zidaten uzten eskaileretan gora eta behera ibiltzen, loak hartzear daudenak marruen poderioz esnarazteko. Esan beharrik ez dago bekatua aita-amena dela, haien ondorengoak baino askoz kaskarragoak baitira modalei dagokienez.

Mesedez, ez zaitezte etorri zinemara.

Jon Otermin Benito

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Eguneraketa berriak daude