Naziometroa, emantzipazio estrategiaren neurri?


2021eko martxoaren 29an - 08:26

Munduan preziatua den wolframioa Bergarako laborategian aurkitu zuten Elhuyar Etxenike anaiek, 1783an. Metalik indartsuena da wolframioa, fusio, haustura eta korrosioari erresistentziarik handiena diena. Metafora aproposa, Telesforo Monzon abertzale bergararra zenaren etxean, bere ondarea kudeatzen duen fundazioak TM eLab deritzon "Euskal Herrigintza Laborategia" eratzeko, helburu zehatzarekin: euskal estatua berreskuratzeko estrategiak lantzea.

Laborategietan instrumentuak behar dituzte ikerlariek, non diren neurtzeko; terrenoa ezagutzeko. TM eLab-en instrumentu propioa garatu dute independentzia nahiaren neurketak egiteko. Naziometroa du izena, eta EHU-ko Parte Hartuz ikerlari taldearekin batera egindakoa da. Batzorde zientifiko batek egiten du inkestaren analisia, eta Naziometroaren zehaztasun zientifikoa bermatzea du xede. Jakina baita neurketak berak baldintzatu egiten dituela emaitzak. Ikerlarien eskarmentu, intuizio eta interpretazio eta proiekzio gaitasunen araberakoa izango da esperimentuaren emaitza.

Goazen inkestaren planteamendura: Euskal Estatua, berreskuratzekotan, "autodeterminazio erreferendum" baten bidez egingo dugula iradokitzen digu. Batzorde zientifikoak ez du beste biderik proiektatu. Emaitzen titularra, honakoa: “Autodeterminazio erreferendum adostu eta ofizial baten testuinguruan nagusi dira Euskal Estatuaren alde agertzen direnak (%42)”. Paris eta Madrilen baimena izateari deritzote "adostu eta ofizial". Zientifikook zilegizko autoritatetzat dituzte Paris eta Madril, zer eta independentzia kausarako! Laborategiak kutsatua dirudi.

Datuetan badira bi esanguratsu, laborategia bakarrik ez, gizartea bera ere kutsatuta gaudela adierazten dutenak. Kolonizatuak, alegia. Lehena da, erreferenduma "adostua eta ofiziala" ez denean, independentziaren alde jende gutxiago gaudela. Sumisioa bistarazten du: norbere desirak eta beharrak asetzeko, inoren baimen beharra. Mendekuaren beldurra ere bai, agian. Ez daukagu berdinen arteko erlazio bat. Botere harremana asimetrikoa da, eta menpeko, gu. Ezer berririk ez: egoera ez da demokratikoa, biolentoa baizik. Kuartelekin gogorarazten digute.

Bigarrena %37aren datu ezkutua da. Horrenbesteko proportzioan daude Euskal Herrian, etorkizun politikoa erabakitzeko eskubidearen alde EZ direnak: hamarretik lau, ia. Irudikatzen duzu, laborategiko probetatxoan euskal lurretan bizi garen denok sartu, eta likido gris honen neurria nolakoa den?

Nola, 18 urtetik gorako milioi bat pertsona, eskubide baten alde EZ, XXI. mendeko Euskal Herrian? Milioi bat! Zein maila kultural eta politiko daukate? Zein maila gizatiar, eskubide baten alde ez egoteko? Zein ideologia? Bistan da, kimika desberdinekoak direla, eta beren funtzioa betetzen dutela gure askapenaren kausan: inhibidoreak dira.

Izan ere, nortzuk dira eskubideen alde historikoki azaldu ez direnak? Inperialistak, kapitalistak,  matxistak, faxistak... posesibo egozentristak, denak: "NI naiz jaun eta –besteen– JABE" pentsatzen dutenak. Boterekeriatik ikusita, (besteen) eskubideak arriskutsu dira: besteen bizkarren gainean eraikitako norbere status quoa auzitan ipintzen baitute. Nola utziko dio honelako (subjektu) batek bere statu quoaren inguruan "azpiko" (objektu) bati erabakitzen? Horrelako aukerarik buruan sartu ere ez zaio egiten (besteen) "jabe" dela sinisten duenari. Bada, askotxo dira, probintziatan zatikatutako Euskal Herriaren puskak BERE direnaren ideia daukatenak. Frantziar eta espainiar ikuspuntu edo ideologiatik, bistan da. Guk erreakzionatzea ekidin nahi duten inhibidore kimikoak, kolonoak dira ideologikoki.

Ba ote dauka zentzurik horrelako espezimenek, BEREn jabetzako objektutzat gauzkatenek, gure erabaki batean –beraiekiko independentziarenean, hain justu– parte hartzeak? Inkestaren planteamendua eta analisia egin dutenendako bai, antza. Eskarmentu gutxikoa ote da batzorde zientifikoa independentzia gaietan? Inkontzienteki kolonizatua, hauek ere, besteok bezala? Zientzialariak ere ez baitaude birusetik salbu.

Bada hori, tratu txarrak jasotzen dituen emakumearen gizonarekiko independentzia erabakia, lehenik beronekin adostu behar duela nola egin, hau baita bere eta ofizialtasunaren jabe. Eta balizko erabakiaren norabidea arriskutsua ez gertatzeko –gizonari, bistan da–, gizonak berak ere erabakian parte hartuko duela (kolonoen bidez): biek bozkatuko dutela emakumearen independentzia. Eta emakumeak, irabazteko, bi bozkaren %51 beharko dituela: harrapazan! Botere harreman asimetriko bat, zilegi ez den menperakuntza bat, demokraziaren sinbolo bihurtu den bozketa baten –parte-hartzaile, bai– bidez zurituz. Estrategia, bada. Zeinena, baina?

Demokraziaren "festa" deiturikoetan nekez kenduko ditugu menperatzaileak gainetik. Egoera, bere jatorrian, demokratikoa ez delako, %100 gure esku ez dagoelako

Gurea ez. Hobe luke emakume horrek, menperakuntzaz ohartzen denean, ahalduntzen hastea. Gizon bortitzari bizkar eman, agian beste eragile batzuekin elkartu, bere lanketa pertsonalerako gunea eratu... giro toxikotik kanpo, autoestimu eta boterea lantzeko. Burujabe eta aske denean erabakiko du gizon harekin zein harreman izan. Emakumea gara gu. Demokraziaren "festa" deiturikoetan nekez kenduko ditugu menperatzaileak gainetik. Egoera, bere jatorrian, demokratikoa ez delako, %100 gure esku ez dagoelako. "Gu" kontzeptua bera distortsionatuta agertzen zaigulako, erroldatu guztiak batzen baititu Naziometroaren errelatoan.

Ikusitakoak ikusita, Naziometroak –ala ez–, zergatik ez euskal herritar, elkarte, alderdi, sindikatu, eskola, ikastola, unibertsitate, erakunde, komunikabide eta abarren kolonizazio maila ideologikoa neurtu? Zenbat berri arrotz? Hau da, zenbateraino gaude gu geu gristuta? Zenbaterainokoa da gure inhibidore rola? Beronen alderantzizkoa izango da independentziarako daukagun prestutasun psikologikoa, heldutasun maila.

Deulofeu katalan kimikariak Historiaren matematikak aztertu zituen. Bere kalkuluen arabera, hamarkada honetan irekiko zaigu urrezko aukera bat. Zortzi urte ditugu loturak askatu eta askapen prozesua osotzeko. Kimikariek gehien preziatutako elementua probetatxora isurtzen hasiak gara honez gero: katalizatzailea. Inhibidorearen kontrako rola jokatzen du honek, prozesua abiaraziz. Energia preso (potentzial) daukaten harresiak higatzen ditu, eraiste neurtu batean, energia emeki-emeki askatu eta bide naturala segi dezan, norbere zatiak fusionatuz, lotura toxikoak deseginez, eta harreman nutritiboak bilatuz. Kontzientzia da katalizatzaile. Argi emanazio bat izanen da emantzipazioa.

* Aitziber Zugarramurdi, Helena Xurio, Igor Biribai eta Iñaki Idigoras

 

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Euskal herriarentzat nolako Estatu bat nahi dugu?

Bagira prozesuaren emaitza, Herri bidea bide-orria izan zen. Bide-orri honetan, abertzaleen helburua herriari boterea itzultzea dela aipatzen da, eta boterea itzultzeko, herriari burujabetza maila maximoa emanen dioten instituzioak herriari eskaintzea adierazten da. Zehazten da... [+]


Ez da gelako elefante bakarra

Hizpidea jarri zuen Pello Salaburuk sare sozialetan, aipatuta hemendik hamabost urtera etorkinen pisua Bizkaian biderkatu egingo zela, biztanle guztien %22 izateraino, eta hori badela “zinez euskararen mehatxua”. Jakina, horrela botata, beste zehaztasunik gabe, azkar... [+]


2024-07-24 | Itxaro Borda
Estres test

Laugarrenez altxatu da eguzkia Baionako besten eremu setiatuan eta uste dut, septentrioko Euskal Herri honetan, hatsa hobekiago hartzen dugula, batez ere gure hiru diputatuak Fronte Herritar Berrikoak direlako eta olde beltz-kakia hirugarren postura zokoratu dugulako. Bi gauza,... [+]


2024-07-24 | Ahoztar Zelaieta
JELkumeak

Joseba Diez Antxustegi EAJk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramaile berriaren iritziz, Imanol Pradales lehendakariak "esperientzia handiko emakumez eta gizonez osatutako gobernua osatu du, sektore profesionaletan errespetatuak eta Euskadirekin konpromisoa hartu... [+]


2024-07-24 | Tere Maldonado
Hezkuntza sailburuari gutun irekia I

Pedrosa andere agurgarria:

Zorionak, Hezkuntza sailburu izendatu zaituztelako. Ez da ardura berria zure gainean izango duzuna aurrerantzean. Ederto ezagutu behar duzu Hezkuntza Saila, lau urte sailburuorde eman ostean. Ikasturtea bukatuta, kontu batzuk gogoratu nahi nizkizuke... [+]


Trump presidenteordea eta Putin ukrainar presidentea

Joe Bidenen narriadura kognitiboaren eztabaidak bi urte inguru ditu. Batzuetan portaera bitxia zuen, beste batzuetan ez zitzaion ondo ulertzen edo egiak ez ziren gauzak esaten zituen, semea Iraken hil zitzaiola, adibidez. Halere, establishment liberalak bere egoera kognitiboari... [+]


Materialismo histerikoa
Ilara on

Ilarei buruzko artikulu bat irakurri nuen duela bizpahiru egun, Guillem Martinezena, eta ez dakit ondo ulertu nuen. Kontatzen zuen etxe azpian ezer berezirik ez zuen izozki denda bat daukala, eta azken aldian ireki orduko izaten duela jendea, bata bestearen atzean ordenatuta,... [+]


Teknologia
Arreta hezten

Ez dut oso argi gure bizitzak gidatzeko, banaka, botere nahikoa dugun, baina saiatzen jarraitu behar dugula bai. Taldean gauza asko egin badaitezke ere, egunero gure buruarekin borroka bakartia dugu aurrera egiteko. Gizaki gehienok, bizitzea den norabide bakarreko ur... [+]


Eguneraketa berriak daude