Nazario Luque Vera (Castilleja del Campo, Sevilla, 1944) Espainiako komiki-munduko artista kontrakultural ospetsuenetako bat da. Sevillan Filosofia eta Letrak ikasi eta irakasle ibili ostean, 70eko hamarkadaren hasieran Bartzelonan finkatu zen, eta lehen urratsak eman zituen komiki underground-aren munduan. Bertan sortu zuen El Rrollo taldea, Javier Mariscal, Farry eta Pepichek artistek osatua, besteak beste; euren komikiak editatu eta banatu zituzten. Garai hartan argitaratu zituen San Reprimonio, Sábado sabadete eta Purita obrak, besteak beste. 1980ko hamarkadan El Víbora aldizkariagaz elkarlanean hasi zen, eta han argitaratu zituen bere komiki gehienak. Horien artean nabarmentzekoa da Anarcoma, 70eko eta 80ko hamarkadetako Bartzelona zitalean mugitzen den detektibe trabesti baten gainekoa.
Europako beste zenbait aldizkarigaz ere elkarlanean ibili zen, berbarako, Makoki argitalpenagaz. Azken horretan argitaratu zuen Alí Babá y los 40 maricones, bere lan gorentzat jotzen dena, eta horregaz amaitu zen bere ibilbidea komikiaren munduan. Une horretatik aurrera, pinturan ibili zen, 2008ra arte. Orain bere autobiografia zatika publikatzen eta argazkiak egiten dihardu.
Zuloa liburu-denda
Bere aldetik, Zuloa liburu-denda leku berezia da komikiaren munduan, Gasteizen eta Gasteiztik kanpo. 1987an ireki zuten liburu-denden kontzeptu berri baten ideal hori, hiriko proposamen kultural ezberdinek presentzia izango zuten lekua. 1998an Hedegile kaleko 21. zenbakira lekualdatu zuten, eta han egon da ordutik, Txintxu San Martínek eta Sara Elíasek zuzenduta. Komiki-munduan espezializatuta dago, eta kultur erreferentzia bat da, bai duen eskaintzagatik, bai bertan egiten diren jarduerengatik; izan ere, erakusketak eta komikien, liburuen eta diskoen aurkezpenak antolatzen dituzte bertan, besteak beste. Ireki zutenetik, sari garrantzitsuak lortu izan ditu, adibidez, Hezkuntza eta Kultura Ministerioak 1989an Liburu-dendek egindako Kultur Hedapenerako Lan Onenari emandako Saria, eta Eusko Jaurlaritzaren Hiri-inguruneak Dinamizatzearen 2015 Saria.
Raquel Córcoles
Komiki Azokaren aurtengo kartela Raquel Córcolesek (Reus, 1985) egin du. Autore katalanak 2011n hasi zuen bere ibilbidea komikiaren munduan, El Jueves aldizkarian, eta Cuore, GQ eta El País argitalpenetan ibiltzen da elkarlanean, haren komikiak bertan argitaratzen baititu. Sortzaile lanak utzi zituenean, Carlos Carrerogaz batera buru-belarri heldu zion bere proiektu pertsonalari, Moderna de Pueblo-ri. Proiektu horretan gidoiak sortzen ditu, ilustrazioak egiten ditu eta edukiak zuzentzen ditu. Haren blogeko pertsonaia 2010ean sortu zen, eta berehala fenomeno birala bihurtu zen. Hari esker lortu zuen Connecta’t al còmic izeneko beka, lehen eleberri grafikoa argitaratzeko aukera eman ziona: Soy de pueblo. Haren komikiak herritik hirira arrakasta bilatzera doan hogei urte inguruko neska baten ingurukoak dira, eta herriagaz konektatzeko helburua duten egoerak parodiatzen dituzte. Horren ostean beste hiru obra argitaratu ditu: Los capullos no regalan flores (2013), El cooltureta (2014) eta Idiotizadas: de cuento de hadas a empoderhadas (2017).
Jarduera ugari azokan
Getxoko Komiki Azoka komikizaleen topagunea izango da. 17. ekitaldi honetan gune bitan banatuko da. Batetik, Areetako Xake plazako karpan merkataritza-gunea egongo da. Bertan, 43 saltoki aurkitu ahal izango dituzte bisitariek, eta horietan egongo dira ordezkatuta, besteak beste, komiki-dendak, liburu-denda espezializatuak, argitaletxeak eta bederatzigarren arteagaz lotutako beste sektoreak.
Bestalde, Romo Kultur Etxeak jarduera-programa bizi-bizia hartuko du eta bertan, hiru egunez, nobedadeen aurkezpenak, berbaldiak, mahai-inguruak, proiekzioak eta tailerrak izango dira, besteak beste. Fanzineentzako gunea ere kokatuko dute bertan.
Ohi denez, artista ospetsuek bisitatuko dute Getxo, horietako batzuk nazioartean sona handia daukatenak, eta berbaldietan eta aurkezpenetan parte hartuko dute; sinadura-saioak ere egingo dituzte, zaleek gustukoen dituzten egileak ezagutzeko aukera izan dezaten. Sinatze-txandak Romo Kultur Etxean zein karpako saltokietan izango dira.
Aurtengo gonbidatuen artean nabarmendu behar dira, berbarako, Jason Lutes, Camille Jourdy, Marcos Martín, Natacha Bustos, Mamen Moreu, David Rubín, Anabel Colazo, Javier Pulido, Raquel Alzate. Horiekaz batera, beste komikigile askok ere parte hartuko dute. Esaterako, Javier Rodríguez, Javier Pulido, Raquel Alzate, Rayco Pulido, Paco Alcácer, Elisa McCausland, Josep Busquet eta Jordi Bayarri. Egile gonbidatuen artean Nazario aipatu behar da bereziki, Espainiako underground komikiaren adierazle nagusietariko bat, hain zuzen ere. Gasteizko Zuloa liburu-dendagaz batera, omenaldia egingo zaio Getxon.
Komiki-erakusketak ere ez dira faltako. Hala, Bizkaia Zubian David Leoneren Caóstica izeneko erakusketa egongo da eta Romo Kultur Etxean, berriz, Marcos Martínen lanak izango dira ikusbide. Azokako karparen inguruan, Asisko egileri dedikatutako erakusketa egongo da eta, azkenik, Algortako Torrene Aretoan euskal komikiaren historia 1975etik gaur egun arte ezagutu ahal izango dugu.
Albiste honen zati bat Hiruka.eus-ek argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.