Nagore Martinez: “Emakume presoentzat jarduera fisikoak eta kirolak zuen esanahia ezagutu nahi nuen”

  • Nagore Martinez zarauztarrak 2018an defendatu zuen bere nazioarteko doktoretza tesia: "Jarduera fisiko eta kirolaren esanahiak espetxean: emakume presoen ahotsak argitara"

Artikulu hau CC BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2019ko azaroaren 07an - 09:00

Nagore Martinez (Zarautz, 1990) zarauztarrak Gasteizen ikasi zuen Jarduera Fisiko eta Kirolaren Zientziak (EHU). Jarduera Fisiko eta Kirolaren Zientzien Ikerketaren masterra egin zuen gero eta master amaierako lanean hasi zen emakume atxiloentzat espetxealdian jarduera fisikoak zuen esanahien inguruan ikertzen. UPV/EHUko Oidui Usabiaga eta Valentziako Unibertsitateko Daniel Martosen zuzendaritzapean egin zuen.

Hasitako lana jarraitzeko Jarduera Fisiko eta Kirolaren Zientzien Doktoretza programan izena eman zuen. 2015ean Eusko Jaurlaritzaren Doktoretza Aurreko beka jaso zuen eta 2018ko uztailean defendatu zuen nazioarteko doktoretza tesia: "Jarduera Fisiko eta Kirolaren esanahiak espetxean: emakume presoen ahotsak argitara".

Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioan egin zuen lan, "Eskola Kirol Inklusiboa" Proiektua koordinatzen. 2018ko abenduan UPV/EHUn ordezkapenak egiten hasi zen eta egun, Bilboko Hezkuntza Fakultateko Musika, Plastika, eta Gorputz Adierazpenaren Didaktikaren Sailaren barruan.

Nagore Martinez

Espetxeratutako emakumeak eta jarduera fisikoa. Horixe izan duzu ikergai tesian.

Bai, egia esan nahiko gai ez-ohikoa da gure ezagutza esparruan, baina jarduera fisikoak eta kirolak izan dezaketen inpaktu sozialaren inguruan ikertzeko nahi bati erantzun nahi genion lanarekin. Eszenatoki zehatz batean: espetxeratutako emakumeak.

Adin txikiko zentro batean kirol esku-hartze bat egin nuen eta jarduera fisikoak eta kirolak askatasun eta askatasunik gabeko egoeran esanahi eta eragin desberdina izan zezakeela pentsatzera eraman ninduen. Master amaierako lana egiteko gai aproposa iruditu zitzaidan baina aldagai bat gehituta: generoarena. Espetxea eta jarduera fisikoa hitzak elkartzean gizonezkoaren irudia da lehenengo burura datorkiguna eta nik argi nuen emakumeen errealitatean sakondu nahi nuela. Batetik gai honetaz oso gutxi dakigulako, eta bestetik, kirola eta kartzela androzentrikoak izanda emakumeek arreta berezia behar zutela uste nuelako.

Zorte handia izan nuen gaia ikertzen hasi behar zuen lan talde batean sartu nintzelako. Bertan zeuden Oidui Usabiaga eta Daniel Martos zuzendari lanetan eta Nerian Martin doktoretza egiteko hastear.

Zenbat emakume espetxeraturen esperientzia jaso duzu? Nolakoa izan da prozesua?

Espetxealdia bizi izandako 16 emakumeren ahotsak jaso dira doktoretza-tesiaren emaitzak osatu dituzten sakoneko elkarrizketetan. Espetxeaz ikertzea ez da lan erraza. Batetik espetxearen beraren irmotasuna dago eta bestetik gizartean duen estigma. Gainera emakumeak espetxeratutako pertsonen gutxiengoa dira eta horri jarduera fisikoa eta kirola espetxean praktikatzea eta gaiaren gaineko ikerketa batean parte hartu nahi izatea gehitzen badizkiogu…zer esanik ez!

Gure lehen asmoa ikerketa espetxean egitea zen baina baimena lortzea ezinezkoa zenez beste estrategia bat erabili behar izan genuen informazioa lortzeko: momentuan espetxean ez zeuden emakumeak elkarrizketatzea. Horretarako preso ohiekin lan egiten duten elkarteekin jarri ginen harremanetan. Hauen bitartez lortu genituen lehen elkarrizketatuak eta gero "elur bolaren" eraginez joan ginen gainontzeko elkarrizketatuak lortzen.

Elkarrizketa prozesua makal joan bada ere oso aberasgarria izan da. Pertsonalki, emakume desberdinak ezagutzeko aukera eman dit eta asko ikasi dut beraiekin. Eta noski, beraien testigantzarik gabe ez zen ikerketarik egitea posible izango, beraz, beste behin eskerrik asko.

Emakumeen testigantzak jaso dituzu tesian. Askok azpimarratzen dute espetxe aldian jarduera fisikoak eta kirolak dituen onurak.

Elkarrizketatutako emakumeen profila desberdina izan zen. Elkarrizketak espetxetik kanpo egin ziren eta zigorra beteta edo zigorra betetzear zeuden eta hirugarren graduan zeuden emakumeak elkarrizketatu ziren. Espetxeratutako emakumeen jatorria ere desberdina izan da baina Espainiar Estatuak kudeatutakoko espetxeetan bete zuten guztiek zigorra elkarrizketatutako emakume batek izan ezik.

Elkarrizketetan jarduera fisikoak zenbait onura eragin zizkiela ondorioztatu genuen eta bost multzotan sailkatu genituen: onura sozialak, psikologikoak, fisikoak, eraldaketakoak eta mikro-erresistentziakoak.

Harreman sozialei dagokienez, "hautatu gabeko tokian lagunak aukeratzen" laguntzen ziela aipatu zuten emakumeek. Beraien artean harreman sare berriak sortzen zirela kontatu ziguten, jarduera fisikoa eta kirola egiten zuten bitartean bestelako harreman zein elkarrizketa mota batzuk sortzen zirela.

Onura psikologikoak direla eta, emakume batzuentzat jarduera fisikoa eta kirola lagungarria zen depresioari eta familia banaketari aurre egiteko. Baita espetxeko kaos eta nahasmenetik ihes egiteko eta beraien pentsamenduetan murgiltzeko. Zigorretik eta espetxetik mentalki "ihes" egitea lortzen zutela zioten.

Onura fisikoak ere eragiten zituela aipatu zuten: energia negatiboak edota tentsioa askatzeko lagungarria zela, baita pisua galtzeko edo tonifikatuago egoteko... Finean, osasuntsuago sentitzen ziren batzuk.

Eraldaketari dagokionez, espetxea atzean utzita askatasuneko bizitzari aurre egiten lagundu zien batzuri jarduera fisikoak eta kirolak: kirol batean murgildu eta harreman sare berriak sortu zituztelako, drogetatik aldentzen lagundu zielako edota espetxean sortutako interesari jarraitu eta profesionalki horretan formatu direlako.

Azkenik, jarduera fisikoa eta kirola "mikro-erresistentziarako" arma gisa ere agertu da ikerketan. Espetxeko egunerokotasuna etengabeko botere-negoziaketan oinarritzen da eta emakumeek espetxeari aurre egiteko eta beraien egoera hobetzeko estrategikoki erabiltzen zutela ikusi da. Bazekiten, esaterako, espetxe zaintzak "ondo" ebaluatzen zuela jarduera fisikoa eta kirola egitea, eta hori baliatu egiten zuten, euren txostenetan "puntuak" lortzeko baimen edo gradu aldaketei begira. Era berean, presoen arteko mezu pasa edota trapitxeoentzat ere espazio bikaina bihurtzen zen kiroldegia.

"Droga osasuntsu" bezala ere definitu du emakumeetako batek, denbora azkarrago pasatzen laguntzen ziolako eta baita errealitatetik ihes egiten. Jarduera fisikoa denbora azkarrago pasatzeko erreminta gisa behin eta berriro agertu da elkarrizketetan. Kondena, denbora baino ez denez, zigorra eramangarriagoa egiten zien batzuei.

Baina oztopoak ere baditu.

Bai, eta ez gutxi gainera! Ikerketan kanpoko eta barneko oztopoako identifikatu genituen.

Kanpoko oztopoei dagokienez lehen oztopo handiena instituzioa bera izan zen, honen zurruntasuna: ordutegi, baimen, zerrenden eguneraketa, mugimendu aukera, zigor gradua...beste hainbaten artean. Baliteke modulua eta kiroldegia banatzen duten distantzia txikia izatea, baina sarbideak, giltzak, baimenak, ateak irekiko dituen norbaiten borondatea... Sarritan ez da hain erraza izaten espetxean horrekin topatzea. Bestalde, ez dirudi presondegi-erregimenak emakume atxiloentzako jarduera fisikoa eta kirola sustatzen duenik. Emakume batek esan zigun gizonezkoen siesta orduan ateratzen zirela kiroldegira, gizonezkoei espazioa "ez kentzeko".

Barneko oztopoetan berriz, adina, motibazio falta eta ezagutza falta agertzen ziren besteak beste. Horrez gain, etengabe zainduta sentitzearen sentsazioarekin batzuk lotsatuta edo jazartuta sentitzen ziren. Kiroldegira joatea jarduera fisikoaren beharrarekin baino ligatzearekin lotzen zela ere aipatu ziguten. Tesguinguruaren konnotazio sexista agerian uzten du honek beste behin ere. Ikerketa honen ondorioak beste ikerketa batzuekin bat datoz: emakumeen kolektiboa da espetxean jarduera fisikoan eta kiroletan gutxien parte hartzen dutenak.

Emakumea izatea handicap-a ere bada jarduera fisikoa eta kirola espetxean egiterako orduan.

Bai. Zenbait ikertzaile feministek adierazi bezala espetxeak androzentrikoak dira eta generoa eraikitzen duten beste instituzio bat dira. Egunerokotasunean botere harreman patriarkala ezartzen dute, eta hortaz, emakumeak diskriminazio egoera konstante batean bizi dira. Egiturazko arazo bat da, eta jarduera fisikoa eta kirola horren isla bat da.

Jarduera fisikoa eta kirola gizonezko presoek gehiago behar dutela uste da eta hor ere pentsamendu sexista gordetzen da. Honen harira, elkarrizketatu batek jarduera fisikoaren beharra sexualitatearekin konparatzen zuen. Gizonezkoek "behar" horiek izatea naturala zela pentsatzen zuen espetxe zaintzak, eta emakumezkoak horien beharrik ez zutela.

Arkitekturak ere argi erakusten du. Mixtoak diren espetxeetan emakumezkoen patioen tamaina askotan gizonezkoenaren ia erdia da. Honek emakumeei mugitzeko aukera mugatzen die. Gainera espetxeetan, feminitate tradizional bati lotutako tailer estereotipatuak eskaintzen dituzte. Elkarrizketatu batek azaldu zigun kide batek espetxeko zuzendariari pala eta pilota eskatu zizkiola eta zuzendariak josteko makina patioan zuela gogorarazi ziola. Pentsatzeko era aldatu ezean ezer ezingo dela aldatu zioen elkarrizketatuak.

Jarduera fisikoa eta kirola sustatzen dira espetxeetan?. Oraindik badago zer hobetu?

Kontuan hartu behar da espetxe bakoitza errealitate ezberdin bat dela. Hala ere, gure ikerketen emaitzen eta aztertutakoaren arabera, espetxe batzuetan jarduera fisikoa eta kirola sustatzeko saiakera urri batzuk badaudela ikusi da; batez ere emakumezkoen espetxeetan. Hala ere, espetxe mixtoetan, gizonezkoei begira osatzen da eskaintza eta emakumezkoen aldeari ez zaio garrantziarik ematen normalean. Beraz bai, asko dago hobetzeko eta egiteko, eta lehen pausua emakumeen interes eta beharrak entzutea da.

Hala ere, ezin dugu ahaztu, kartzela, kartzela dela, eta kirolak askotan ikuspegi erromantikoegia hartzen duela, guztia konponduko balu bezala. Jarduera fisikoak zenbait onura sortu ditzakeela argi izan arren egiturazko arazoei erreparatu behar zaie lehenengo. Bide horretan, jarduera fisikoa bidelagun izan daiteke, bergizarteratze prozesua leuntzen edota espetxealdia eramangarriagoa egiten.

UPV/EHUko eta Valentziako Unibertsitatean egin zenuen tesia.

Nire zuzendaria eta ko-zuzendaria aurretik ezagutzen ziren. Harreman ona dute eta Danielek bere tesia jarduera fisikoak espetxean zuen esanahiari buruz egin zuenez aitzakia ederra izan zen unibertsitateen arteko tesi bat egiteko.

Esperientzia izugarri ona izan da prozesu osoan zehar zuzendariak ere izugarriak izan direlako. Valentzia urrun xamar dagoen arren, urtero bildu gara kongresu edo bestelako konturen bat medio, eta bitartean skype bidez izandako bilerak eta emailez bidalitako zuzenketek distantzia xamurtu dute.

Valentziako Unibertsitateko ikerketa taldea ezagutzeko eta beraiekin harremana estutzeko aukera eman digu honek. Egia esan, interesgarria da arlo berdineko beste unibertsitateak nola aritzen diren ikustea. Horrelako elkartrukeetatik asko ikasi daitekeela uste dut.

Txiotesian parte hartu zenuen. Nola bizi izan zenuen esperientzia?

Oso polita egia esan, ondo pasatu nuen eta interesgarria izan zen gure inguruan zer nolako lanak egiten diren ikustea. Guztia euskaraz gainera. Proiektu interesgarria iruditzen zait eta hemendik ere eskerrak eman nahi dizkizuet horrelako espaziok sortzeagatik. Eskuartean dituzun epe laburrerako proiektuak...

Tesian sakondu gabe gelditu ziren hainbat alderdiri erreparatu nahi diegu, droga erabiltzaile diren emakume atxiloen jarduera fisiko eta kirol esperientzien inguruan eta baita preso egonik jarduteak ematen zuen askatasun sentsazioaren inguruan. Horixe orain esku artean ditugun asmoak...ikusiko dugu nola amaitzen den!


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Espetxe baldintzak
2024-11-19 | Gedar
Kartzelatik irtetean ematen zen diru-laguntza apurra desagerrarazi dute Espainiako Estatuan

Nafarroako Salhaketak jakinarazi duenez, laguntza hori ezinbestekoa zen preso egondako pertsonek "gutxieneko oinarri ekonomiko bat" eduki zezaten, "askatasunean bizitzen hastera igarotzean". 480 eurokoa baino ez zen subsidioa.


Basauriko espetxeko preso bat hil dela jakinarazi du Salhaketa elkarteak

Presoa ziegan aurkitu dute hilik ostegun iluntzean. Eusko Jaurlaritzak esan du suizidio kasu baten aztarnak dituela. Gainera, Jaurlaritzak 2021ean espetxeen eskumena jaso zuenetik hiltzen den zazpigarren presoa da.


Beste preso bat hil da espetxean, oraingoan Basaurin

Ostiralean aurkitu zuten hilotz, “gaindosi” zantzuekin, Naiz-ek argitaratu duenez. Jaurlaritzak ez du heriotza baieztatu asteartera arte, eta autopsiaren emaitzen zain dagoela adierazi du. EAEko espetxeen eskumena hartu zuenetik espetxean hiltzen den seigarren presoa... [+]


“Kartzelak gaixotzen du eta kartzelak hiltzen du”

Espetxeetako osasun zerbitzuaren gabeziez mintzatu da Libertad Francés Lecumberri, Salhaketa Nafarroa elkarteko koordinatzailea: “Osasun arloko langileak espetxeko logikekin eta irizpideekin kutsatzen direnean, zenbait eskubideren bermatzaile izan beharrean,... [+]


2024-03-18 | Gedar
Kataluniako 5.000 preso konfinatuta izan ditu Generalitateak

Kartzeletako funtzionarioen protestak aitzakiatzat hartuta, milaka preso erabat giltzapetuta eduki dituzte Kataluniako sei espetxetan.

 


Zaballako espetxean hildako Oroitz Herreroren senideak
“Gu horrela tratatu bagaituzte, zer ez dute egingo espetxe barruan”

Iragan astean Oroitz Herrero 26 urteko irundarra hilik aurkitu zuten Arabako Zaballa espetxeko bere ziegan. Eusko Jaurlaritzaren arabera “heriotza naturala” izan zen. Gaztearen senideek ARGIAri adierazi diote, ordea, Herrerori ez diotela arreta mediku egokirik eman... [+]


2024-02-07 | Hala Bedi
Preso bat hil da Zaballako espetxean, bi urtean hirugarrena

Eusko Jaurlaritzak espetxeen transferentzia bere gain hartu zuenetik, duela bi urte eskas, laugarren heriotza izan da euskal kartzeletan, hirugarrena Zaballako espetxean.


Espetxeko azken heriotza “izebergaren punta” besterik ez dela dio Salhaketak

Salatu du larunbatean bere burua urkatu zuen presoari ez zitzaiola suizidioen aurkako protokoloa ezarri eta ziegan bakarrik zegoela, aurreko egunetan “ondo ez zegoela” adierazi bazuen ere. Azpimarratu du Jaurlaritzak espetxeen eskumena hartu zuenetik bere buruaz... [+]


Preso bat topatu dute hilik berriro ere Zaballa espetxean

Salhaketa Arabak eman du heriotzaren berri. Elkartearen arabera, 47 urteko jatorri hegoamerikarreko gizonezkoa da hildakoa, eta bere burua urkatu du. Jaurlaritzak espetxeen eskumena hartu zuenetik Arabako espetxean hiltzen den bigarren presoa da.


Amaitutzat eman dute gose greba preso politiko maputxeek, 100 egun igaro ostean

Maiatzean ekin zioten gose grebari 17 preso politikok. Haien eskubide kultural eta territorialak errespetatzea, lege antiterrorista bertan behera uztea, Lanaren Nazioarteko Erakundearen 169 hitzarmena onartzea eta preso politiko maputxeen askatasuna exijitu dituzte.


2023-07-26 | ARGIA
31 preso hil dira Ekuadorko espetxe bateko liskarretan

Pasa den larunbatean (hilak 22) hasi ziren presoen arteko borrokak Ekuadorko Guayaquil hiriko Litoral espetxean. Iturri ofizialek jakinarazi dute 31 preso hil direla, eta hamahiru zauritu –baita polizia bat ere–. Poliziak eta Armadak "kontrola" berreskuratu... [+]


Gutxienez 41 emakume hil dira espetxe batean Hondurasen

Presoen arteko liskar batek eragin ditu hilketak, polizia iturrien arabera. Azken urteetan Honduraseko espetxe batean gertatu den ezbehar handienetarikoa da.


Presoen suizidioa: zer gertatzen da kartzela barruan?

Preso dauden pertsonen artean portaera suizida areagotu egiten da, faktore psikologiko eta soziodemografikoengatik. Hego Euskal Herrian, 2023an, bi presok egin zuten beren buruaz beste astebetean. Orain gutxi, Eusko Jaurlaritzak “laguntzarako presoen” irudia... [+]


Frantziako presondegi guztiek giza-eskubideak urratzen dituzte

Iragan urteko Frantziako Estatuko presondegien bilanak egoera gordina utzi du agerian. Dominique Simonnot txostenaren arduradunak azpimarratu du kartzelak jendez gainezka direla, beren edukieraren %200eraino batzuetan. Gain populakuntza horri lotzen dizkiete baldintza oker... [+]


Eguneraketa berriak daude