Azken egun eta asteotan, Corrugadosen gaiarekin, Azpeitiko herria eta Azpeitiko Udala zurrunbilo mediatiko baten erdian kokatu gaituzte. Azpeitiko alkatea naizen aldetik, hainbat kontu argitzeko betebeharra sentitzen dut:
Ezertan hasi baino lehen, beste behin esango dut, Azpeitiko Udalak interes handia duela Corrugados lantegia Azpeitian irekitzeko. Horrela adierazi dugu publikoki. Eta horrela jakinarazi diegu, bai Jaurlaritzari, bai Gipuzkoak Foru Aldundiari, baita Crystian Lay enpresari ere. Hasieratik, prestutasun osoa erakutsi dugu Corrugados lantegia irekitzeko aukerarik txikiena ere landu eta lanpostuen alde lan egiteko.
Oraindik inplikatutako erakunde guztion arteko bilera bakar bat egin gabe zegoenean, eta oraindik enpresak ez negozio planik, ez txosten teknikorik, ezta bideragarritasun planik ere aurkeztu ez duenean, gaia komunikabideetara eramatea erabaki zuen EAJk. Eta ikusi denez, geroztik lan gehiago eginarazi digute komunikabideei erantzuten, benetan enpresa martxan jartzen baino.
Sentsazioa daukat komunikabideetan egin ditudan adierazpenak ez direla izan beste batzuek, kasu honetan Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapena eta Azpiegituretako sailburuak, egindako adierazpenak bezain kontundenteak. Esan gabe doa, ni baino ohituago eta zailduago dagoela sailburua komunikabideen ibilian. Halere, hedabideetan bere mezua denbora gehiagoz eta ozenago zabaltzeak ez du esan nahi arrazoia duenik.
"Ni baino ohituago eta zailduago dagoela sailburua komunikabideen ibilian. Halere, hedabideetan bere mezua denbora gehiagoz eta ozenago zabaltzeak ez du esan nahi arrazoia duenik"
Nahiago nuke gaia komunikabideetatik atera eta diskrezioz lantzen ariko bagina. Izan ere, aitortuko dizuet, ez naiz batere gustura sentitzen inora ez garamatzan katramila mediatiko honetan. Nik arlo juridikoan dut formazioa. Hamahiru urtez izan naiz Gipuzkoako udal bateko idazkaria. Umiltasunez, baina uste dut badudala ezagutza udaletan ohikoenak diren prozedura administratiboen eta urbanistikoen inguruan. Izan ere, idazkariaren funtzioa da udalek hartzen dituzten erabakiei berme juridikoa ematea. Eta aitortuko dizuet askoz ere seguruago sentitzen naizela gai horien inguruko erabakiak hartzen komunikabideen aurreko joko honetan baino.
Corrugados Azpeitia enpresak 2014. urtean idatziz jakinarazi zion Azpeitiko Udalari jarduera bertan behera utzi zuela. Orain, lantegia martxan jartzeko asmoa dagoela jakinarazi digute; eta, beraz, zentzuzkoa dirudi ingurumen-baldintzak eta hirigintzakoak betetzea eskatzea, aukera horrek ziurtasun-maila lor dezan.
Ingurumen-betekizunak Eusko Jaurlaritzako dagokion sailaren eskumenekoak dira; eta, beraz, erakunde arteko errespetuagatik, ezer gutxi esango dut horri buruz. Salbu, datu objektibo moduan, 2008. urtean Corrugadosi eman zitzaion Ingurumen Baimen Bateratua, sei hilabeteko egikaritze-epearekin lotuta geratu zela, bertan ezarritako ingurumen baldintzak bete eta haiek nahitaez berrikusteko betebeharrarekin. Ingurumen baldintzak bere osotasunean beteta aritu zela dioen dokumenturik ez dago jasota udalean. Eta ez dakigu, dokumentuak berak jasotzen duen moduan baimen baldintzatu hau eman zenetik lau urtera ikuskapenik egin ote zen ere. Dokumentu horrek zortzi urtera zuen iraungitze data. Gai hori Eusko Jaurlaritzari dagokio, eta ez dugu sartu nahi, baina, logikoa denez, udalaren ikuskatzeko ahalmena eta eskumenaren baitan jarraipena egitea dagokigu.
Hirigintza arloan, gaia hobeto ezagututa, uste dut iritzia eman dezakedala. Lehenik eta behin, gogora ekarri nahi nuke urtarrilaren 27ko 14/2009 Dekretua – Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu saila –, zeinaren bidez behin betiko onartu baitzen Zarauzko (Urola Kosta) Eremu Funtzionalaren LPParen 1. aldaketa – Azpeitia, Trukutxo eta Amueko eremu hauei dagokienez:
I. eranskinean, Amue eremua jasota dago ( 1) dentsitate handiko bizitegi-garapen berriko lehentasunezko eremu gisa, eta Trukutxori dagokionez, 5. Jarduera Ekonomikoak Berriro Garatzeko Lehentasunezko Eremu gisa, berariaz aipatuta bertan instalazio siderurgikoaren proiektua sartu dela.
II. eranskinean – Ingurumen-inpaktuaren baterako ebaluazioa –, mota honetako gogoetak jasotzen dira:
• Proposatutako lurralde-plangintzaren aldaketaren oinarria da lurralde-antolamenduan garapen jasangarriaren printzipioa txertatzea, lurraldearen harrera-gaitasuna, behar sozioekonomikoak eta ingurumen- eta hirigintza-ikuspegia kontuan hartuta. Oinarrizko irizpide horietatik abiatuta, eta EAEko, Espainiako eta Europako ingurumen-politikaren printzipio gidariekin bat etorriz, Corrugados Azpeitia enpresaren galdaketa-instalazioak birkokatzeko premiei erantzuten zaie, eta, aldi berean, egungo araudiarekin eta ingurumen-balioekin bat datozen ezarpen-baldintza modernoak bilatzen dira.
• Ezarpen berrirako eta alternatibak bilatzeko ingurumen-irizpide estrategiko gisa, abiapuntuko premisak dira babes bereziko espazioei edo inguruneei ez eragitea; bizitegi-guneetatik urruntzea.
• Egoera horretan, Trukutxo eremua, 25 Ha inguruko azalerarekin, proposatutako eskariari erantzuteko gai dela baieztatu da, aipatutako bideragarritasun eta ingurumen-irizpide estrategikoen arabera, interes publikoaren mendeko printzipioen arabera eta dagokion Ingurumen Inpaktuaren Baterako Ebaluazioan (IEBE) aurreikusitakoaren arabera. Posible da Azpeitia hirirako Amue eremua berreskuratzeko. Lurralde-plan partzial bat udalaz gaindiko antolamendua bilatzen duen hirigintza-tresnatzat hartzen da, eta, ondorioz, nahitaez eragin behar dio, Azpeitiko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean haren zehaztapenak gailentzen baitira.
Azpeitiko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak, EHBilduk eta EAJk 2013an aho batez onartutakoak, arau-hierarkiagatik ezin zitekeenez bestela izan, zehaztapen horiek jaso zituen. Eta, ondorioz, horiek aplikatu beharreko arau bilakatu dira.
Jarraitu nezake argumentu juridikoak ematen, baina gutun ireki honek ez du gehiagorako ematen. Hedabideetan, adierazpen laburren bitartez eztabaida juridiko bat emateko aukerarik ez dagoen bezalaxe. Horregatik, sailburuak publikoki debate juridiko honekin jarraitu nahi badu, gutxienik, eskatu nahi nioke, egin dezagula baldintza berdinetan: errespetuz, aurrez aurre eta beharrezkoa den denbora tartearekin. Azpeitiarren interesekoa litzatekeelakoan, Azpeitiko Udala prest legoke eztabaida publikoa gauzatu ahal izateko beharrezkoak diren instalazio eta baliabide guztiak jartzeko.
Bitartean, sailburuari Azpeitiko Udalarekiko eta Azpeitiko herriarekiko errespetua eskatzen diot. Azpeitiko Udalarekiko, bere eskumenetatik harago joanez udalen autonomia zalantzan jartzea larria litzatekeelako. Azpeitiko Udaleko teknikari eta ordezkari politikoon zintzotasuna eta ardura publikoa zalantzan jartzea ez delako onargarria. Eta Azpeitiko herriarekiko, bere garaian Corrugadosen itxiera dramatikoa izan zelako, langileek eta beren familiek, azpeitiarrek, sufritu zutenarekiko errespetua behar delako. Orain, proiektu errealik gabe, gaia astintzeak lehengo zauriak ere berritu ditzakeelako.
Ez nuke amaitu nahi, elkarlanerako eskua luzatu gabe. Gutunaren hasieran esan bezala, Azpeitiko Udala prest dago, beharrezkoak diren baldintza guztiak beteta, Corrugadosen irekieraren alde lan egiteko. Benetan borondaterik eta proiektu industrialik balego, eseri eta jarri gaitezen buru belarri lanean. Eman diezaiogun bultzada berri bat Azpeitiko herriari.
Eskerrik asko.
* Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea da
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.
Euskalgintzaren Kontseilua hizkuntza larrialdia bizi dugula ohartarazten ari da azken astetan. Urte dezente pasa dira euskararen biziberritze-prozesuaren egoera bidegurutzean, errotondan, inpasse egoeran eta antzeko hitzekin deskribatzen hasi zenetik, hizkuntza politikek... [+]
AEBetako agintaldi berriak ekonomiaren esparruan ekarriko duena zehaztea ez da lan erraza. Estrategia ekonomiko berriaren ardatza liberalismoaren eta kanpo sektorerako protekzionismoaren arteko uztarketa bitxia izango da. AEBetan aldian-aldian halakorik gertatu den arren,... [+]
Lanbidek Diru-sarrera Bermatzeko Errentetako iruzurraren aurkako kanpaina jarri du martxan, eta salaketetarako buzoi anonimoa sortu du. Jaso dituen kritikei erantzunez, adierazi du buzoi hau salaketak eta jakinarazpenak ordenatzeko tresna huts bat dela. Ez du ez klase... [+]
Azken 15 urteetan dugun Internetak hartu duen bilakaera ikusita, duen eredu teknologiko eta negozio ereduari lotuta, gizatasunaren alde txarrenak areagotzeko tresna dela pentsatu dezakegu. Ideia horrekin konforme ez dauden eragileak sortu dira mundu osoan zehar. Honako... [+]
Gutxi ateratzen naiz azken urteetan. Askotan esan dut, badakit, baina badaezpada ere. Bertso saio batera joan naiz gaur. “Bejondeizula”. Bai, horregatik abisatu dut gutxi ateratzen naizela, pentsatzen dut zuek kultur ekitaldi askotara joaten zaretela, eta... [+]
2006. urtean, Baltasar Garzonek, orduko epaile izarrak, errebelazio moduko bat izan zuen, eta jardunbide bat idatzi zuen, terrorismoagatik inkomunikatutako atxilotuen eskubideak bermatzeko. Epaile berak ehunka atxilotu inkomunikatu pasatzen ikusi zituen bere aretotik, horietako... [+]
Bihotzean ditudan oroitzapenik politenetakoak dira. Euskal Filologia egiten ari nintzen garai hartan, eta Arbizuko elkarte batera joan ginen Ruper Ordorikaren kontzertu batera. Han zeuden Rikardo Arregi Diaz de Heredia eta Juanjo Olasagarre. Ez nintzen Arregiri esatera ausartu... [+]
Duela gutxi, larrialdi klimatikoa zertan zetzan galderaren aurrean, zientzialari batek erantzun bikain hau eman zuen: “Begira, larrialdi klimatikoa hauxe da, zure mugikorrean muturreko fenomeno meteorologikoei loturiko gero eta bideo gehiago ikusten dituzu, eta konturatzen... [+]
Esaten da Simone de Beauvoir-ek idatzi zuela zapaltzailea ez litzatekeela hain indartsua izango zapalduaren lerroetan konplizerik ez balu. Niri oso normala iruditzen zait... zer nahi duzue, ba? Zapalduta zaudenean, ulergarria ere bada zure kondizio hori hobetu nahi izatea, eta... [+]
Azaroaren 25ean, Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Egunean, Steilas sindikatuko Idazkaritza Feministak kartel bat argitaratu du: Gure gorputza gudu zelai bat da du leloa, eta Hego Euskal Herriko ikastetxe guztiek jaso dute. Gatazka armatuetan emakumeek eta adingabeek... [+]
Mundu-mailan antifeministak eta arrazistak diren gorroto-diskurtsoak larriki areagotzen ari diren testuinguruan bizi gara. Mundu zabalean sare sozialek zein agenda
politikoek txertatzen dituzte eskuin-muturreko narratibak. Arrazismoa eta antifeminismoa tokian tokiko... [+]
Askotan gertatu izan zait etxetik lanbroari so egon ostean, blai bukatuko dudala jakin arren, aterkirik ez hartzea. Zergatik ote? Beharbada, aterkia hartzeko gogorik eza? Beharbada, bustiko ez naizen itxaropena? Kontuak kontu, ondorioa beti berbera izan da. Esaerak dio, euri... [+]
Gogoan daukat, 16 urterekin, Bergarako epaitegi aurrean egindako euskararen aldeko elkarretaratze batean identifikatu ninduela Ertzaintzak lehen aldiz. Euskal Herrian epaitegiak euskalduntzeko aldarria zilegi zela pentsatzen genuen, baina, orduan ere, faltako zen baimenen bat,... [+]
Tanta hotzak Valentzian eragindako hondamendiak irudi lazgarriak utzi dizkigu; batetik, izan dituen berehalako ondorioengatik, eta, bestetik, nolako etorkizuna datorkigun aurreratu digulako: halako fenomeno klimatiko muturrekoak gero eta ugariagoak eta larriagoak izango direla,... [+]