Euskararen aldeko sareak ehuntzeko Erriberan Euskaraz ekimena sortu dute Nafarroa hegoaldean

  • Prentsaurrekoan, maiatzaren 17an ospatuko duten Erriberako Euskararen Egunaren inguruko argibideak eman dituzte. Ume, gazte zein helduentzat zuzendua izango da. Ekimena, Erriberan egiten diren ekimenetan indarrak biltzeko eta euskararen normalizazioaren alde saretzeko sortu da. 


2025eko martxoaren 24an - 14:12
Azken eguneraketa: 15:39
Prentsaurrekoaren irudiak. EITB

Pasa den urteko Korrika Erriberatik zebilela, bertako herrietako zenbait kolektibok ekimena aurrera eramateko hautua egin zuten. Kolektibo horietan egiten diren ekimenak batzeko eta koordinatzeko helburu zuen taldeak; "azken finean, indarrak biltzeko", prentsaurrekoa eman duten kideen arabera. Aldi berean, euskararen normalizazioaren alde sareak sortu eta horiek aldarrikatzeko egin dutela adierazi dute

Erriberako Euskararen Eguna helburu horiei jarraiki sortu dutela jakinarazi dute. Bi urtean behin eta "modu ibiltarian" egingo den ekimena izango dela, eta lehenengo edizioa maiatzak 17an Arguedasen (Nafarroa) egingo dela, ezagutarazi dute. Eskerrak eman dizkiote Arguedaseko udalari jartzen ari den "prestasun eta erraztasunengatik".

"Gure hizkuntzari bultzada" eman nahi dioten talde eta pertsonei lekua egin nahi dietela esan dute. Horretarako eguneko antolaketan "modu aktiboan" parte hartzera animatu dute jendea, "edo besterik gabe, Erriberako Euskararen Egunaz gozatzea". Ekimenean "bertako kultura" oinarri izango dela adierazi dute, "bertako gaitero eta kantariak izango dira kaleak alaitzen". Artisau azoka bat antolatu dutela ere esan dute, "Nafarroako beste tokietako ekoizleekin".

Haurrentzako tailerrak, txokoak, jolasak, pailazoak eta "sorpresak" izango direla iragarri dute. Gazteentzako aldiz, arratsaldean "herri jolasak" eta "herrien arteko desafioak" antolatu dituztela adierazi dute. Gaualdean musika izango dela esan dute, erromeria bat eta zenbait DJ. Ekimena ekonomikoki "sostengatzeko", haien logoa duten zapi eta kamisetak saltzen ari direla eta zozketak egingo dituztela ezagutarazi dute. 

"Erribera euskalduna aldarrikatzeko, nafarrak garela aldarrikatzeko eta euskaldunak garela aldarrikatzeko ikusiko dugu elkar Arguedasen", adierazi dute kideek. Prentsaurrekoa "gora euskara gora Erribera" oihuz amaitu dute, "Euskaraz Erriberan ere!" aldarriarekin batera. Haien aurrerapenen berri izateko, haien sareetan jarraitzeko deia zabaldu dute.
 





 

 


 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Erriberan Euskaraz
Eguneraketa berriak daude