2021az geroztik, Nafarroan, eoliko- eta eguzki-poligonoen makroproiektu ugari jasaten ari gara. Sortzen duten ingurumen-inpaktuek, plangintzarik ezak eta haren ezarpen kaotiko eta irrazionalak alegazioak egiteko lan handia egitera behartzen gaituzte. Horrela, jadanik, maiatzaren amaieran, 36 proiekturi aurkeztu dizkiogu alegazioak.
Hainbat arrazoi garrantzitsu daude energia berriztagarriak garatzeko modu hori zalantzan jarri eta arbuiatzeko. Alde batetik, biodibertsitatearen galeran eragiten duten ingurumen-inpaktu handia, parke eolikoetan hiltzen diren hegazti kopuru handiak adierazten duen moduan. Bestetik, landa- eta natura-eremuetan ezarri nahi dituzten industria-instalazio horiek berekin dakarte nekazaritza-lurzoru emankorrak desagertzea, edo ekosistemak desegituratzea bideak eta bestelako azpiegiturak zabaltzean.
Arrazoi horiekin batera, ezinbestekoa iruditzen zaigu industrialde berri horiek proiektatzen ari diren aurreikuspen- eta plangintza-faltari erreparatzea. Esan dutenez, makroinstalazio horiek beharrezkoak dira klima-aldaketaren aurkako borrokan, eta abian jarritako trantsizio energetikoan protagonista izan behar dute. Baina, aldi berean, ikusten ari gara nola trantsizio hori egin nahi duten eman beharreko funtsezko urratsak aurreikusi gabe. Adibidez, ez dago plan argirik industrian erregai fosilen kontsumoa ezabatzeko edo murrizteko; garraiorako dauden planek ere gabezia ugari dituzte; auto elektrikoaren aldeko apustua ia esklusiboa da; eta beste aukera batzuk, hala nola trenbide-zerbitzuak hobetzea eta erabiltzea, erabat ahaztuta daude.
"Ezinbestekoa iruditzen zaigu industrialde berri horiek proiektatzen ari diren aurreikuspen- eta plangintza-faltari erreparatzea"
Baina ez dago planifikazio falta bakarrik trantsizioa egiteko orduan, erregai fosiletatik energia berriztagarriekin elektrifikazio ia oso batera. Era berean, eta batez ere, energia berriztagarri horiek sortzeko planten instalazioan erabateko planifikazio falta gertatzen ari da. Sektore horretan, enpresa pribatuek erabakitzen dute instalazio horiek non eta zein tamainatakoak diren, eta Nafarroako Gobernuaren zeregina enpresek "planifikatutakoa" errebisatzera mugatzen da. Kasu gutxi batzuetan bakarrik iritsiko da Gobernua enpresek ingurumen-arrazoiengatik dituzten asmoetako batzuk murriztera.
Adibidez, egungo Nafarroako Energia Planak adierazten duenari erreparatuko diogu. Eolikoen kasuan, planak ezartzen zuen 2018 eta 2030 bitartean bikoiztu egingo zela parke eolikoen kopurua. Horretarako, Nafarroako eremu eoliko potentzial berriak ezarri zituen. Bada, gaur egun, planaren indarraldia amaitzeko 9 urte falta direnean, energia eolikoa ekoizteko ahalmenaren bikoizketa lortuta edo lortzear egongo litzateke, eta parke eolikoak aurreikusita zeuden eremu berriak, guztiak ia okupatuta egongo lirateke, aurreikusi gabeko eremuetan ezartzera iritsiko direlarik.
Eguzki-energia fotovoltaikoari dagokionez, planifikazio falta are eskandalagarriagoa da. Plan Energetikoak ia ez zuen kontuan hartzen, hiri eta industrialdeetako teilatuetan energia mota hori instalatzeko dagoen ahalmen garrantzitsua adieraztera mugatuz. Eta, hala ere, enpresak proiektu handiak aurkezten ari dira, natura- eta nekazaritza-azalera handia hartzen dutenak eta ingurumen-inpaktu larriak dituztenak. Bien bitartean, teilatuetan eta urbanizatutako beste eremu batzuetan instalatzeko lehentasunezko bultzada eta laguntza falta nabarmena da.
Horrela, enpresa pribatuek dagoeneko "planifikatuta" dituzte eoliko eta eguzki poligono kopuru izugarria. Urte honetan alegazioak aurkeztu dizkiegun proiektuei soilik erreparatzen badiegu, ikusiko dugu 700 Mw inguru parke eolikoak direla eta 1100 Mw baino gehiago eguzkikoak. Zifra horien arabera, 175 aerosorgailu berri instalatuko dira, eta 2.000 hektarea baino gehiago estaliko dituzten eguzki-plakak (ia 3.000 futbol-zelai). Baina denborak aurrera egin ahala, eta egunetik egunera proiektu berriak aurkezten direnez, zifra errealak are handiagoak izango dira. Beraz, ez dago inolako plangintzarik.
Planifikazio falta horren eta horrek dakarren arduragabekeriaren erakusgarri, azken asteetan absurdotik gertu diren bi adibide nabarmen ezagutu ahal izan ditugu:
1. Green Capital Power enpresak Joluga parke eolikoa sustatzen du Eslaba, Ezporogi, Sada, Leatxe, Oibar eta Irunberri udalerrietan. Aski ezaguna denez, Nafarroako Erdialdea, eta zehazki Alaitz eta Izko mendilerroen ingurua, gaur egun parke eolikoz gainezka dago. Hori dela eta, eta inguruko parkeetan haizeak hartzean sortzen diren elkarreraginen ondorioz, poligono berriak instalatzeak interferentziak sortzen ditu jada instalatuta daudenetan. Horregatik, Acciona enpresak, Uzkita, Ibargoiti, Izco, Lerga eta Txutxu parke eolikoen jabeak, alegazio bat aurkeztu dio Joluga parkearen proiektuari, haren instalazioak aipatutako parkeen ekoizpena murriztuko lukeelako. Bere idatziaren arabera, Accionak bere parkeen errendimendua urtean GWH 1 baino gehiago jaistea espero du.
2. Aalsmeer Tejeria enpresak La Tejeria parke eolikoa sustatzen du Fontellasen. Hala ere, Enerfin Sociedad de Energía enpresaren Volandin parke eolikoaren proiektua, duela zenbait hilabete izapidetzen hasi zena eta Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuaren oniritzia jaso duena, leku berean kokatuko litzateke. Horrela, La Tejeria proiektuko bi haize-sorgailu Volandinek aurreikusitako hiru makinetatik hurbil kokatu nahi dira, partzela berdinetan. Era berean, Nafarroako Gobernuko Ingurumen departamentuak Volandin proiektuko beste birentzat ukatu dituen kokapenak ia leku berberetan jartzea aurreikusi ditu ere Tejeria proiektuak. Parke eolikoetarako lehentasunezko kokalekuak gero eta urriagoak direla ikusten da.
"Nafarroako Gobernuak amore eman du enpresen aurrean, haiei gure lurrak oparituz erokeriak egiteko. Energia enpresa handiei eta inbertsio funtsei soilik ematen die laguntza"
Uste dugu, beraz, beharrezkoa dela plangintza demokratiko bat egitea energia berriztagarrietarako instalazio horiek egiteko. Ikusten ari gara nola gobernua plangintza hori enpresa pribatuen mende uzten ari den, eta enpresa horiek ingurune naturala eta herritarren energia-beharrak kudeatzen dituzte soilik haien interes ekonomikoen arabera. Era berean, ikusi dugu egungo Nafarroako Energia Plana hutsaren hurrena bihurtu dela, bertan egiten ziren aurreikuspenak erabat gaindituta baitaude.
Egiazko plangintza batek aukera eman behar luke energia berriztagarriak zenbat, non eta nola garatu behar diren eztabaidatzeko eta baloratzeko; energia-kontsumoaren murrizketari aurre egiteko balio behar luke, oligopolio elektrikoa eta haren espekulazio-jardunbideak geldiarazi behar dituen prozesu batean; lehentasunez bultzatu beharko lituzke erabakiak deszentralizatzea eta deskontzentratzea, tokiko eta eskualdeko ekoizpenaren demokratizazioa, ekoizpen eta kontsumo puntuen arteko hurbiltasuna, eta tokiko abeltzaintza-baliabideak eta enplegua ahalik eta gehien babestea, ahalik eta gehien zainduz lurraldeko biodibertsitate-guneak.
Hala ere, Nafarroako Gobernuak amore eman du enpresen aurrean, haiei gure lurrak oparituz erokeriak egiteko. Energia enpresa handiei eta inbertsio funtsei soilik ematen die laguntza, herritarrok menpekoago bihurtuz eta energiaren fakturak inposatuz. Azken finean, krisi sozial, ekonomiko eta ekologikoan murgildu gaituen eredua mantendu egiten dute.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.
Punto Bobo liburuaren irakurketan murgilduta, Itxaso Martin Zapirain egilearen Eromena, Azpimemoria eta Isiltasunak Idazten ikerketa lanean sentitu nuen egiazkotasun eta maila etikoarekin egin dut berriz ere topo. Eta hortaz, hara bueltatu. “Oihu izateko jaio zen isiltasun... [+]
Dirudienez, Euskal Herrian migrazioa arazo bilakatu da azken bi hamarkadetan. Atzerritarrez josi omen dira gure lurrak. Gure kultura arriskuan omen dago fenomeno “berri” horren ondorio. Lapurretak, bortxaketak, liskarrak… Bizikidetza arazo horiek guztiak... [+]
Azken hamarkadetan euskararen biziberritzeak duen erronka handienetakoa, euskararen ezagutzaren unibertsalizazioarekin batera, erabilerarena da. Askotan, gazteen euskararen erabileran jarri ohi dugu fokua, baita euskararen erabilerak izan duen eta izan dezakeen bilakaeraren... [+]
Gaur buruko minez iritsi naiz etxera. Ostiral iluntze hotz bat da; ez du euririk ari, baina haizeak bota ditu lurrera bi kontainer eta korapilatu dit ilea. 23:39 dio telefonoak. Lagunekin afaldu dut gure ostiraleroko tabernan. Barre asko-asko egin dugu, eta bihotza bete-beteta... [+]
Goizean jaiki orduko hasten dira desegokitasunak. Beharbada lotarako erabili duzun lastaira ere ez zen egokiena. Baina, ezin ba idatzi desegoki sentiarazten nauten guztiez. Horregatik, udaberriko ekinozioa –egunaren eta gauaren arteko oreka– dela eta, oraindik ere,... [+]
Ez da gauza berria politikari profesionalak gizarteko arazoak estaltzeko ahaleginetan ibiltzea. Azkenaldian Denis Itxaso -EAEko Etxebizitza sailburua- entzun dugu etxegabetzeei garrantzia kenduz eta aditzera emanez gurean bazterreko fenomenoa direla; eta Begoña Alfaro... [+]
Antropozentrismoaren aldaera traketsena eurozentrismoa izan zen. Europako mendebaldea, geografikoki, Kontinente Euroasiarraren penintsula txiki bat besterik ez da, baina lau mende luzez gertaera demografiko, teknologiko eta ideologiko batzuk zirela medio, bazter horretako... [+]
Badakizuenok badakizue, beste gauza asko bezala, euskararen aldeko borrokan ere politikoek, eragile batzuek eta hedabideek beraien antzezlana saldu nahi digutela, benetakoa balitz bezala.
Lehen urtean pozik jaso nuen, "Euskaraldi" hau. Zer edo zer zen, ezer ez zegoela... [+]
Euskarak, mendez mende, zapalkuntza sistematikoa jasan du, eta oraindik ere borrokan dabil egunerokoan bere leku duina aldarrikatzeko. Hizkuntza baten desagerpena ez da inoiz berez gertatzen; planifikazio politiko eta sozialak eragiten du zuzenean. Euskaldunoi ukatu egin izan... [+]
Oldarraldia ari du EAEko administrazioa euskalduntzeko erabakien aurka, berriz ere, enegarren aldiz. Oraingoan berrikuntza eta guzti, espainiar epaitegiak eta alderdi eta sindikatu antieuskaldunak elkarlanean ari baitira. Ez dira izan akats tekniko-juridikoak zuzentzeko asmoz... [+]
Igande gaua. Umearen gelako atea itxi du, ez guztiz. Ordenagailu aurrean esertzeko momentua atzeratu nahi du. Ordu asko aurretik. Zazpietan jaiki da, eta, bihar ere, astelehena, hala jaikiko da. Pentsatu gabe ekiten badio, lortu dezake gauak pisu existentzialik ez izatea. Akats... [+]
Naomiren etxeko eskailerak igotzen ari dela datorkion usainak egiten dio memorian tiro. "Ez da sen ona, memoriaren eta emozioaren arteko lotura da. Baldintzapen klasikoa", pentsatzen du Peterrek bere golkorako Intermezzo-n, Sally Rooney irlandarraren azken eleberrian... [+]
Joan den urte hondarrean atera da L'affaire Ange Soleil, le dépeceur d'Aubervilliers (Ange Soleil afera, Aubervilliers-ko puskatzailea) eleberria, Christelle Lozère-k idatzia. Lozère da artearen historiako irakasle bakarra Antilletako... [+]
Aspaldi pertsona oso zatar bat ezagutu nuen, urrun izatea komeni den pertsona horietako bat. Bere genero bereko pertsonengana zuzentzeko, gizonezkoengana, “bro” hitza erabili ohi zuen. Edozein zapaltzeko prest zegoen, bere helburuak lortzeko. Garai hartatik hitz... [+]
2020. urteko udaberrian lorategigintzak eta ortugintzak hartutako balioa gogoan, aisialdi aktibitate eta ingurune naturalarekin lotura gisa. Terraza eta etxeko loreontzietan hasitako ekintzak hiriko ortuen nekazaritzan jarraitu du, behin itxialdia bareturik. Historian zehar... [+]