Modu honetan, bertsolaritzak Nafarroan eragiten duen ondarea biltzeko eta ikertzaileen esku jartzeko Nafarroako Bertsozale Elkarteak urteetan egindako lanak erakundeen aitortza eta finantziazioa jasoko du lehendabizikoz.
Urteak dira Nafarroako Bertsozale Elkarteak, bertsolaritza geroratzeko helburuari jarraika, dokumentazioa eta ikerkuntza bere jardunaren oinarritzat jo zituela. Ordutik, bertsolaritzak lurraldean eragindako ondarea biltzeko eta dokumentatzeko ahaleginean aritu da elkartea. Urtean zehar 200 bat bertsolaritza ekitaldi egiten dira Nafarroan, eta horien lagin garrantzitsu bat dokumentatzea (audio eta bideo grabazioak, argazkiak, kartelak, saioen transkripzioa, datu bilketa...) erronkatzat du bertsozale elkarteak. Era berean, bertsolaritzarekin lotutako pertsonen (bertsolarien, epaileen, gai-jartzaileen, antolatzaileen) biografiak eguneratzen dira urtero, eta hemerota antolatzen da, besteak beste.
Zeregin horretan, Xenpelar Dokumentazio Zentroaren (XDZ) ezinbesteko laguntza du elkarteak. 1991an sortua, bertsolaritzaren ondarea bildu, antolatu eta gizarteratzen du XDZk, maila guztietako eta ikuspuntu guztietatik egindako ikerkuntza bultzatzeko helburuarekin. XDZk ezarritako irizpideen arabera biltzen du ondarea elkarteak, Bertsolaritzaren Corpus garaikidea osatuz. Hala, bertsolaritza belaunaldiz belaunaldi transmititzeko oinarrizko funtsa osatzeaz gain, orotariko ikerketak gauza daitezen oinarri dokumentala ezartzen du.
Orain, lehen aldiz, Nafarroako Gobernuaren aitortza eta finantziazioa jasoko du lan horrek, bertsozale elkarteak eta Euskarabidea Euskararen Nafar Institutuak Nafarroako bertsolaritzaren dokumentazioa eta ikerkuntza programa garatzeko sinatutako hitzarmenaren bitartez. 2022ko azaroaren 10era bitarteko iraupena izango du hitzarmenak, eta 40.000 euroko zuzkidura du, 2022ko Nafarroako Aurrekontu Orokorren kontura. Hitzarmen horrek, aipatu bertsolaritzaren dokumentazioa baliabidez hornitzeaz gain, funts horretan oinarritutako eta berariaz Nafarroako bertsolaritza ikergai izango duen ikerketa lan bat ere aurreikusten du.
Gogoan hartu behar da Nafarroako Gobernuak, 2018. urtean, Kultur Intereseko Ondasun izendatu zuela bertsolaritza, Nafarroako kantu inprobisatuaren adierazpiderik nabarmenentzat aitortuz, eta zaindu eta transmititu beharreko ondare materiagabetzat hartuz. Orain sinatutako hitzarmen honek bultzada berri bat emango dio helburu horri, bertsolaritzak urtean zehar eragiten duen ondarea jasotzeko eta ondare hori biharko belaunaldi zein ikertzaileen esku uzteko oinarrizko bermeak ezarriko dituen heinean.
Astearte goizean aurkeztu dute Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finala, Illunben (Donostia) bertan. Larunbatean, abenduaren 14an, izango da saioa, 17:00etatik aurrera.
Gutxi ateratzen naiz azken urteetan. Askotan esan dut, badakit, baina badaezpada ere. Bertso saio batera joan naiz gaur. “Bejondeizula”. Bai, horregatik abisatu dut gutxi ateratzen naizela, pentsatzen dut zuek kultur ekitaldi askotara joaten zaretela, eta... [+]
19 urte ditu Maddik, Matematika Gradua ikasten ari da Leioan, EHUko Zientzia eta Teknologia fakultatean, musika ikasketak eginak ditu, eta gazteagatik ere, bertsolari iaioa da. Eta bertsolari ona baino hobea izateko zumitzak ditu, bateko eta besteko plazetan ikusi dugunez... [+]
Musika ondare tradizionala “berreskuratu, zaindu eta transmititzeagatik” irabazi du Eusko Ikaskuntzaren 2024ko saria Beltranek. Urte luzeetako “dibulgazio lan multidimensionala” aitortu nahi izan dio epaimahaiak.