Nafarroako artzapezpikua immatrikulatutako ondasunak itzultzeko prest, “epaile batek eskatzen badigu”

  • Iruñeko artzapezpiku Florencio Rosello eta Tuterako gotzain Joseba Segura Nafarroako Elizak immatrikulatutako ondasunak itzultzeko prest azaldu dira epaitegiek hala aginduz gero, baina inmatrikulazioak legezkoak izan direla defendatu dute.


2025eko apirilaren 01ean - 09:22
Azken eguneraketa: 12:45
Nafarroako Elizaren ordezkariak. Euskalerriairratia

Rosellok adierazi du immatrikulazioak "legearen arabera" egin zirela baina onartu du "epaitegian helegiteren bat" dagoela. Azaldu du bera Nafarroako Elizara heldu zenean, immatrikulazioen auzian "borondate irekia" zegoela, nahiz eta errealitatea "neurri batean itxia" izan. 

Artzapezpikuak adierazi du haiena dena soilik nahi dutela, baina, gaineratu du, "epaile batek esaten badigu hori ez dagoela ondo eta ez dagokigula, nik, gustura itzuliko nuke". Artzapezpikutzaren jarrera laburbildu du: "Baliabide bat badago eta itzultzeko eskatzen edo agintzen badigute, itzuli egingo genuke". Zehaztu du ez liratekela helegiteekin "Bruselara irtsi arte" borrokatzen ibiliko ere gehitu dute, euskalerriairratiak jaso duenez.

Eliza Katoliko ahalguztiduna

1946ko Hipoteka Legearen 206. artikuluak eta haren 1947ko Erregelamenduak Elizaren izenean ondasunak izenpetzea ahalbidetu zuten, Eliza eta gotzainak administrazio publikoaren eta notarioen maila berean jarriz. Erregimen Frankistak Eliza Katolikoarekin izandako adiskidetasunean datza lege hori, eta Recuperando koordinadorak azpimarratu bezala: " (Francok) bere boterea sendotzeaz gain, baldintzarik gabeko laguntzagatik saritu zuen Eliza Katolikoa".

1978ko Espainiako Konstituzioak estatuaren konfesionaltasuna berretsi zuenean ez zuen lege hori indargabetu. Are gehiago, 1998. urtean José María Aznarrek abantaila gehigarri bat eman zion Elizari: "Kultu-lekuak ere immatrikulatzeko aukera, erregimen frankista bera ere egiten ausartu ez zena", koordinadorak adierazi duenez. Legea bertan behera geratu zen 2015. urtean Giza Eskubideen Europako Auzitegiak (GEEA) emandako epai baten ondoren.

"Ez dago modurik apezpiku baten sinadurarekin zer immatrikulatu zen jakiteko"

Nafarroako artzapezpikuaren hitzek immatrikulatutako ondasunak itzultzeko prestasuna adierazten badute ere, Recuperando koordinadorako lehendakari José María Rosellek adierazi du ez dagoela modurik apezpiku baten sinadurarekin immatrikulatutako ondasunak zeintzuk diren jakiteko. Ondasunak berreskuratzeko beharrezkoa duten oinarrizko informazio gehiago ere lortzeko zailtasunak dituztela salatu du: "Elizak, ez du milaka higiezin eta finken inguruko informaziorik ematen, horiek ezagutzea eragozten duten deskribapen orokorregiak ematen ditu eta errealitatean higiezin ugari biltzen dituzten jabetzak, jabetza bakar gisa inskribatuta dituzte".

"Zalantzetatik at dauden dokumentu bakarrak higiezinen ohar sinpleak dira, baina horiek lortzeko bidea ia ezinezkoa izaten ari da", azaldu du.






 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: immatrikulazioak
Eguneraketa berriak daude