Igandean Altsasun izanen da Nafarroa Oinez festa handia. Lau kilometro eta erdiko ibilbidea eta lau gune izanen dira igandeko jai handi horretan: Bizi, Kanta, Txio eta Dantza.
Iñigo Aritza Ikastolak igande honetan Nafarroa Oinez 2018 antolatzeko erronka du esku artean. Erronka handia ikastola txiki batendako: Iñigo Aritzak 370 ikasle baino ez ditu, eta Burundako lau herriei ematen die zerbitzua, Altsasu, Urdiain, Olazti eta Ziordia. Oinezeko lekukoa eramaten duen laugarren aldia izango da ikastolarendako. Izan ere, 1981ean Nafarroan euskararen aldeko jaia antolatu zuen lehen ikastola da gurea.
4,5 kilometroko ibilbidea
Zirkuituak lau kilometro eta erdi ditu, eta ez du aparteko arazorik egiteko, aldapa gutxikoa baita. Txangoan, gainera, aukera dago inguruan oso ohikoak diren harizti eta pagadiak ikusteko. Mugikortasun arazoak dituzten pertsonek, gainera, badute beste aukera bat, gurpildun aulkian egiteko modukoa. Beste zirkuitu horren luzera txikiagoa da, baina, hala ere, gune guztietara iristen da. Koloretan adierazita daude ibilbide ezberdinak: irisgarritasun osokoa, irisgarritasun ertainekoa eta ororendako irisgarria ez dena. Lau gunetan banatuta dago ibilbidea, Bizi, Kanta, Txio eta Dantza, eta horietako bakoitzean jarduera askotarikoak topa daitezke.
Egitarau irekia eta guztiendako pentsatua
Aurten, gune ezberdinetan aurkezten dugun eskaintza zabalaren barruan, aipagarriak dira ondoko musika taldeak: Tximeleta, Zartako-k, Moonshine Wagon, Oihan Vega, Anita Paker, Demode Quartet, Amaren Alabak, Trikiteens edota Gauargi, besteak beste. Bereziki azpimarratu nahi ditugu hurrenenez hurren katalaneraz eta galizieraz abestuko duten beste bi talde hauek: Xabi Sarria i el Cor de la Fera eta Ezetaerre. Baina jaiak proposatzen duena musikatik haratago doa. Alde batetik, aurten ere kirolari garrantzia eman nahi diogu, eta Erronka ekimena aipatu nahi dugu. Ekimen hori gunez gune egiten den lehiaketa da, eta Nafarroako ikastola guztietako taldeek parte hartzen dute kirol eta trebezia ardatz duten probatan. Eta, bestetik, entretenimendua eta formazioa batzen dituen beste jarduera bat: robotika tailerra. Bertan izena ematen duten haurrei robot bat programatzen erakutsiko zaie.
Proposamen inkusiboa
Ezbairik gabe aurtengo edizioaren erronka nagusia Oinez inklusibo bat egitea izan da, aurrekoekin alderatuta berezia egiten duena. Urte osoan zehar egindako ekitaldi eta jarduera guztietan inklusibitatearen marka jartzen ahalegindu gara. Egunari agokionez, esan dugu ibilbideak ere kontuan hartzen dituela behar bereziak, baina ez hori bakarrik. Izan ere, eskaintzen ditugun zerbitzuak edota informazio panelak ere behar bereziak dituzten pertsonendako egokituta daude. Ildo horretan, azpimarratu nahi genuke eskaintza gastronomikoa, zeliako eta beganoendako menu berezituak eskainiko ditugun aldetik.
Trafiko plana
Altsasu bidegurutze batean kokaturik dago, A-1 eta A-10 autobideak batzen diren gunean eta Gipuzkoa, Araba eta Nafarroa elkartzen diren tokian. Trafiko plana egokiturik dago lurralde horietako bakoitzetik etortzen diren ibilgailuak ahalik eta zirkuitutik gertuen aparkatzeko. Herri sarrera bakoitzean aparkalekuak ezarri dira horretarako.
Gainera, Renfek indartu egin du ohiko zerbitzua, eta tren gehiago jarri ditu bai Irundik eta bai Iruñetik etorri ahal izateko. Nolanahi ere, esan beharra dago Altsasuko geltokia ez dagoela herrian bertan, eta bigarren gunera joateko, hau da, hurbilen dagoen gunera joateko, kilometro eta erdi dagoela eta oinez egin beharko dela. Beraz, ume txikiak dituzten familiek kontuan hartu behar dute hori. Gogoan izan joan-etorriko txartelak eskuratzea dela gomendagarriena itzulerakoan arazorik ez izateko, eta komeni dela azken trenari ez itxarotea tokiarekin arazorik ez izateko.
Foruzaingoak gogorarazi du, ezarritako azken segurtasun protokoloen arabera, eta aurreko jai jendetsuetan egin den moduan —sanferminetan edo xabierraldian, esate baterako—, indartu egingo dela agenteen presentzia eta dagozkion segurtasun neurriak hartuko direla.
Primeran pasa, pasatu gabe
Azkenik, aipatu gure desioa dela jaia normaltasun osoz gozatzea. Horregatik uste dugu ez dagoela soberan gogoratzea portaera matxistak, eta, areago, erasoak, baztertu behar direla, eta horiei aurre egin behar zaiela. Helburua da denok, emakumezkoak eta gizonezkoak, askatasun eta errespetu osoz gozatzea euskararen festaz.
Boluntarioen lan eskerga
Nafarroa Oinez ez da egun batera mugatzen. Duela urtebete ari dela boluntario talde bat lan eskerga egiten, areago azkeneko egun hauetan. Horiek horrela, eskerrak eman nahi dizkiegu igandean, festaz gozatzeaz gain, lanera etorriko direnei.
>>> Artikulu hau Euskalerria Irratiaren webgunetik ekarri dugu gurera, CC-BY-SA lizentzia baliatuta.
Bi eguneko egitarau oparoa osatu du Zangozako ikastolak urriaren 19rako eta 20rako: 3,5 kilometroko ibilbidea, hiru gune eta hamaika ekitaldi Nafarroako ikastolen festa handirako.
Etxarri Aranatzen, Andra Mari ikastolak antolatu du 2023ko Nafarroa Oinez, Hotsein lelopean. Festaz gain, bi aldarrikapenek hartu dute tokia: euskara ofiziala izatea Nafarroa osoan eta Euskal Herri osoan euskaraz bizi ahal izatea. Hurrengo Nafarroa Oinez Zangozako Ikastolak... [+]
Etxarri Aranatzeko Andra Mari Ikastolak aurkeztu du asteartean “Nafarroa osoan bai!” kantua, San Ferminetarako prestatu duten Oinez Txokoarekin batera. Joseba Tapiak konposatu du musika, eta Maddalen Arzallusek egin du letra.
Euskararen Foru Legeak nafarrak diskriminatzen ditu, eta hizkuntza eskubideak esleitzen zaizkie bizi diren eremuaren arabera. Bada, duela urte batzuk ereiten hasi ziren hamaika ekimen zonifikazioari aurre egiteko, eta udazken honetan inoiz baino indartsuago hasi dira euskarari... [+]
Urriaren 16an jendetza bildu da Tafallan Nafarroa Oinez ospatzeko. Egunaren arrakasta nabarmendu du antolakuntzak, "bai bertaratu den jendearengatik, bai eta normaltasun osoz igaro den jaiegunarengatik ere". Eskerrak eman dizkie, batetik, Tafallan "euskara... [+]
Lizarra Ikastolaren laugarren Nafarroa Oinez izanen da aurtengoa. Erabat berezia, egoerak hala aginduta, baina bereziki alaia pandemia osteko lehena delako larunbat eta igandean eginen den festa. Lizarra Ikastolara joan gara irratsaio berezia egitera eta handik pasatzeko... [+]
Ikastolen Elkarteak datak zehaztu ditu: Herri Urrats irailaren 20an Senperen, Kilometroak urriaren 4an Amasa-Villabonan, Araba Euskaraz Amurrion eta Ibilaldia Elorrion urriaren 18an. Aldiz, Lizarrako ikastolak eta Nafarroa Oinez fundazioak adierazi dute ez direla baldintzak... [+]
Tuterako Argia Ikastolak antolatu du 2019ko Nafarroa Oinez. Jendetza bildu zen urriaren 20an eta egitaraua betetzea lortu zuten, baina arratsaldean euritara jo zuen eta uste baino askoz jende gutxiago hurbildu zen.
Nafarroa Oinez antolatzeaz arduratu da aurten Tuterako Argia Ikastola, baina ez da prestatzen duen ekitaldi bakarra: urtero, Euskal Herri osoko ikasleak batzen ditu Bardeetako Bizikleta eta Orientazio Martxan. Bizikleta aitzakiatzat hartuta, elkar ezagutzea, euskara bultzatzea... [+]
Atzo bete ziren 25 urte Guardia Zibilaren 30 patruila Berako Labiaga ikastolak antolatutako Nafarroa Oinezen ibilbidean sartu eta jendearen kontra oldartu zirela. Espainiako Gobernuarentzat «neurriko» jokabidea izan zuten; herriko bizilagun eta eragile gehienentzat,... [+]
Iñigo Aritza ikastolak hartu du aurten Lesakako Tantirumairu ikastolak emandako lekukoa. Antolatzaileek eguna “zoragarria” izan dela esan dute “Nafarroa Oinez BIZItzeko”.
3,5 kilometro luze eta lau gune dituen ibilbidea prestatu dute eta hainbat ekialdi izanen dituzte igandean.
Nafarroa Oinezeko prestaketen azken txanpan buru-belarri harrapatu ditugu Lesakako Tantirumairu ikastola eta bertako zuzendari Maria Luisa Etxeberria. Ikastetxean jasangarritasunari lotuta abian dituzten proiektuez galdetu diogu.
Nafarroako Ikastolen Elkartearekin eta aurtengo Nafarroa Oinez antolatu duen Tantirumairu ikastolarekin batera, 2015ean suten batek kiskalitako herri lurrak basoberrituko dituzte.