Nafarroako Mendialdetik milaka lagunek hartu zuten Amerikarako norabidea XIX. mendean, artzaintzan edo beste zereginetan bizibidea ateratzeko. Raquel Idoate historialariak haietako 4.000 ingururen historia berreskuratu du bere tesian: bidaia nola egin zuten, zertan inbertitu zuten, herentziari buruzko paperak, norekin ezkondu… Baina alderdi ezezagunago bat ere deskubritu du Idoatek, migratzaile horiek esklabotzarekin zuten lotura erakusten duten frogak: “Idazki oso interesgarriak dira, zenbait nafarrek Kuban izan zituzten kafe eta azukre negozioen barruan esklabo salmentaren testuinguruan egindakoak”, dio.
Abiapuntu horretatik, Bortzirietan barrena Iruñeraino eramango gaituen ibilbidea egin dezakegu, herriz herri, esklaboak han, esklabistak hemen. Lan horri esker badakigu, adibidez, 1866an Jacobo Ordoqui lesakarrak (1) “Kubako mulato bat” libre uzteko agindu zuela, jabea zelako noski. Edo garai beretsuan Berako (2) Felipe Elzaurdiak Vera izeneko azukre-ola handia saldu zuela Kubako Cárdenas probintzian, bertan lan egiten zuten 40 esklaborekin: 22 urteko Timeo, 37ko Leandra, soilik bi urte zituen Bartolo... kreoleak, lucumíak, yangak, macuak eta asiar “kolonoak” zituen jabetzan beratarrak.
Ezagunagoa dugu Martín Belarraren kasua, Igantzikoa (3) jaiotzez, nafar diputatu izana, giza trafikoan jardun zuen eta 1833an 700 esklabo garraiatu zituen Antilletara, Cazador Santurzano itsasontzi ezagunaren espedizioan. Etxalarren (4) eta Arantzan (5) ere baditugu kasuak. Azkeneko honetakoa zen Martín Arostegui, Cádizeko Beltzen Konpainiako trafikatzaile izandakoa.
Bidasoan gora segitzen badugu, Sunbillan (6), Meharbaita jauregi ederra aurkituko dugu armarri eta guzti, oteizatarrek Amerikako diruz eraikia. Francisco Jorajuríak erosi zuen XIX. mendean, Kuban Julián Zulueta esklabistaren Alava azukre-ola kudeatzen aberastu ondoren. Kolonialista dirudunei ikasitako luxuzko bizitzari segi, argindarra, komunak eta txorrotako ura zituen Sunbillako etxe hark.
Malerreka utziz gero, mendebalderago, Leitza (7) dugu zain. Baleztena abizena ezaguna da han. Familia horretako José Joaquín Kubara joan zen 1820an, eta esklaboek –"arrak eta emeak"– landutako bi kafe-sorotatik lorturiko sosak poltsikoan zituela itzuli zen, aberats. Gero, Nafarroa osoko korralizetan inbertitu zuen, Leitzako elizari altxorrak eman zizkion, eta Iruñean (8) jauregi handi bat erosi Diputazioaren eraikinaren ondoan. Gainera, oinordetza ziurtatzeko, María Cruz Muñagorrirekin ezkontzea negoziatu zuen, bere ondasunekin tratuan aritzen zen modu beretsuan.
Ezkontzaren sexu erabilera erreproduktibo hutsa ez zen salbuespena noski. Gauza bera egin nahiko zuen Cristobal Arleguik, baina ezin... Filipinetan zein Kuban Matía, Zulueta eta Aguirre esklabo trafikatzaileekin negozioak egin ondoren, oso goiz hil zen. Bere anaietako bat, ordea, Iruñea alboko Arlegi (9) sorterrira itzuli zen ezkontzera, eta Góngorako markesari hango jauregia eta zendeako lurrak erosi zizkion. Gaur, dorre luze ilun baten itzala baino ez da iragan are ilunago hori, Iruñerriko zerumugan.
[Artikulu hau ARGIAren Gakoak 2024 108 orrialdeko aldizkari berezian argitaratu da. ARGIA Jendeak paperean edo PDFan jasoko du, bakoitzak hautatu duen gisan. Oraindik ez baduzu pausoa eman, egin zaitez ARGIAkoa eta plazer handiz bidaliko dizugu! Gainerakoek, Azokan eros dezakezue]
ARGIAko erredakzioak aurtengo zortzi hilabeteotan kaleratu diren diskoen artean hiru hautatu ditu, gomendatzeko.
Herrialde berri batera moldatzeak dakarren astindu identitarioaz gain, migrazio-bidaietan eta berton aurre egin behar dieten indarkeriek oztopatzen dituzte etorkinen bizipenak. Psikoterapia da ondoeza sendatzeko bide bat, baina ez bakarra.
ARGIAko erredakzioaren eskutik, sei ikus-entzunezko proposamen.
Hamasen erasoaren ezohiko muntak, eta Israelgo gerra-kabineteak hari emandako erantzunaren desmasiak zerikusi zuzena dute ondorio geopolitikoen sakonerarekin. Ekialde Ertainean eta nazioarteko aliantzetan aldaketak eragin ditu genozidioak: Israelek zer irabazi eta galdu du?... [+]
Zirrara eta pasioaren eroale da Arantxa Orbegozo Txitxi (Tolosa, 1962). Bizitza darama eskuetan eta hura eskaintzen dio zuzentzen zaion edonori. Atleta izan da, txirrindularia, eta bere buruari proposatu dizkion beste hainbat diziplinatan aritua. Hala eta guztiz ere, benetan... [+]
Odei Etxeberri Bimboire, Gorka Roca Torre eta beraien seme Oihan eta Miru buruaskiak dira elikaduran. Horretarako, aztertu behar izan dute gorputzak zer elikagai eta zein kopurutan behar dituen; horiek zein janaritan dauden; urtaro bakoitzean horiek denak eskuratzeko zer landu... [+]