Myanmarko langileek gutun bat luzatu diote Amancio Ortegari, sindikalgintzaren aurkako jazarpena salatzeko

  • Rui-Ning eta Huabo Times lantegietako langileek gutun bat bidali diote Inditexen sortzaileari. Sindikatuen aurkako errepresaliak salatzen dituzte, COVID-19aren pandemiaren aitzakian.

Myanmarko langileen manifestazioa. Argazkia: Industriall global union Argazkia: Industriall global union

2020ko ekainaren 23an - 11:30
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Zararentzat ehuntzen ari diren Myanmarko Rui-Ning eta Huabo Times lantegietako langileek gutun bat idatzi diote Amancio Ortegari, Inditexen hornikuntza-katean sindikatuen aurkako jarduerak salatzeko, El Salto hedabideak argitaratu duenez.

Ropa Limpia izeneko kanpainak azaldu duenez, Rui Ningek Inditex, Mango, Bestseller, Tally Weijl eta Balala ditu bezeroen artean. Huabo Times lantegiko langileek, aldiz, Inditex, Bestseller eta Primark enpresentzako arropak josten dituzte. “Urrun gaude Espainian duzun etxetik, baina nolabaiteko hurbiltasuna sentitzen dugu zurekiko, gure bizitza helduaren zatirik handiena gure eskuekin arropa egiten igaro ondoren", azaldu dute ohar batean. Amancio Ortegaren “izen ona” iruzurra ez izatearen itxaropena dutela aitortzen duten arren, gutunak tonu ironikoa mantentzen du une oro:

"Itxaropena” sentitzen omen dute munduko seigarren gizonik aberatsena dela jakinda, 70,6 mila milioi dolarreko ondareduna, hain zuzen ere. 45 milioi dolar balio dituen Ortegaren hegazkin pribatuak euren lantegian urteko soldatak 41.000 bider ordain ditzakeela jakitea “lasaigarria” da euren ustez. Izan ere, aberastasun horiek dituen gizon batek “ez du pandemia globala baliatuz gure sindikatuak zanpatzeko beharrik", azaldu dute gutunean.

Errepresio sindikala

Langileen osasuna, segurtasuna eta ongizatea ez omen dira kezkatzeko modukoak Huabo Times eta Rui-Ning lantegietan. Langile horiek salatu dutenez, izurritearen hasieran "lan-erritmo bera mantendu zen", nahiz eta lantegietako zuzendaritzak segurtasun-neurririk ez ezarri, ez maskararik banatu, ez eta postu arteko distantziak bermatu ere. Zuzendaritzak sindikatuak suntsitzeko "pandemia baliatu izana" salatu dute, tartean, sindikalistak kaleratuz. Praktika anti-sindikal hauek protestarako eskubidearen arlora ere hedatzen direla diote. Hala nola, agintariek zigor gogorrak ezarri dituzte bost lagun baino gehiago biltzen direnean, eta horrek protestak izugarri zailtzen ditu. Horren ondorioz, sindikatuetako ordezkariak kargu gogorrekin atxilotu dituzte. Inditex eta Mangorentzat ekoizten duen Myan Mode izeneko beste lantegi batek, adibidez,

1.270 langiletik 571 kaleratu zituen martxoaren 28an, koronabirusa dela eta egindako murrizketen aitzakiapean. Horietako 520 sindikatuko kideak ziren, Ropa Limpia kanpainak salatu duenez.

Justifikazioak errenka

Administrazioak bere ekintzak justifikatu ditu, koronabirusa eta ondorio ekonomikoak aitzakia gisa baliatuta. “Baina nola ekar dezake horrek sindikatuko kideak bakarrik kaleratzea eta, aldi berean, sindikatu gabeko langileek euren lanpostuetan jarraitzea?", galdegin dute gutunean. Huaboren ehun langile kaleratu dituzte, sindikatua erregistratu eta handik gutxira, “distantzia sozialari eusteko hobe zela” argudiatuz. Baina zifrek euren kabuz hitz egiten dute, horien artean 81 langile sindikatukoak baitziren. Kaleratze horietatik lau egunetara, sindikatuan ez zeuden 200 langile beste lantegi batera desplazatu zituen zuzendaritzak. Horrez gain, Rui-Ningen, euren sindikatuko burua labanaz erasotu dutela salatu dute langileek, sindikatuetako afiliatuen 298 kaleratze saihesteko kanpainaren erdian zebiltzala.

Beharrizana

"Gure sindikatuak behar ditugu, gure ahots kolektiboa behar dugu, mundu mailan aurrekaririk ez duen une honetan gure eskubideekiko, gure osasunarekiko eta segurtasunarekiko kezkak adierazten ditugunean entzuten gaituztela bermatzeko". Langileek ohartarazi dutenez, egunean hiru euro irabazten dituzte lantegiotan. Hori gutxi balitz, ez dute inongo aurrezkirik. Seme-alabak dituzte elikatzeko, baita guraso gaixoak eta fakturak ere. “Egoera honek beldurtu egiten gaitu", aitortu dute.

Arrazakeria

Gainera, Rui-Ning eta Huabo Times lantegietako langileek Zarak Black Lives Matter mugimenduaren protesten harira sare sozialetan zabaldutako mezuak oroitarazi ditu. Asiako hego-ekialdean zuriak ez diren langile gisa, “biziki” eskertzen dute arraza berdintasunaren aldeko konpromiso publikoa. Ziur aski, arrazismoaren aurkako printzipio horiek dituenak “ez luke inoiz onartuko arropa egiten duten langile beltz eta mulatoen aurkako tratu ankerra”, Europako langileentzat “inoiz onartuko ez liratekeen baldintzetan”.

Estalkia

Ropa Limpia kanpainatik dei egin zaie marka guztiei langileen zerrenda beltzen aurkako "prebentzio neurriak" har ditzaten. "Markek behar adina neurri hartu behar dituzte hornitzaileek pandemia sindikatuen errepresioaren estalki gisa baliatu ez dezaten", azaldu dute kanpainaren bultzatzaileek.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Jazarpen laborala
Isuna ezarri dio Nafarroako Gobernuak Mercadonari, bi langileren duintasunari errespetua “ez bermatzeagatik”

7.500 euro ordaindu beharko ditu enpresak “langileen duintasunaren aurkako erasoak” direla eta. ELAk nabarmendu du “ez direla gertakari isolatuak” lan munduan.


Osakidetzako azpikontrata Care4chronics enpresaren lan baldintza “penagarriak” salatu dituzte

Care4chronics arduratzen da Espainiako Estatuko patologia kronikoak eta larrialdiak dituzten pazienteak etxez etxe artatzeaz. Duela 10 urtetatik lan egiten dute Osakidetzako azpikontrata gisa. eta langile gehienak atzerritarrak dira. Medikuek salatu dute “lan baldintza... [+]


2023-03-17 | Euskal Irratiak
Egonezina Kanboko suhiltzaileen kasernan

Gose greban sartu da Aurélie Albert Dupont, Kanboko suhiltzailea. Bere arduradunarengandik pairatzen zuen jazarpen morala salatu zuen, eta geroztik ez diote kontratua berritu.


Eguneraketa berriak daude