Berri Otxoak plataformako, gastu militarraren aurkako elkateko eta Abiadura Handiko Trenaren kontrako kideek elkarretaratzea egin dute Eusko Jaurlaritzak Bilbon duen egoitzaren aurrean. ‘Murrizketen, gastu militarren eta AHTren lanen inuzentekeriek horrela uzten gaituzte’ leloarekin pardeletan jarri dira Kale Nagusiaren erdian.
Izan ere, bi egun barru, inozentaden eguna izango da, eta, hori aprobetxatuz bi metrodun “inozente panpinak” atera dituzte. Adierazi dutenez, beraientzako, baliabide ekonomikoak gastu militarrean edota AHT bezalako obretan gastatzea xahubide hutsa da.
Helburu sozialetan (osasungintzan, etxebizitzan, hezkuntzan… ) gero eta gehiago murrizten den bitartean, dirua horrelako obra handietan eta ekintza militarretan botatzen dela esan dute gaur goizean. Horrek, jendearen beharizanen kontra doala uste dute parte hartu duten kolektiboek, eta beraien herria, jarrera horrekin, pardeletan uzten dutela adierazi dute, era literal batean.
Horrez gain, EAEko Aurrekontuak onartu direla gogoratu dute. Aurrekontuetan, beste gastuen artean, Bergarako lotunea hobetzeko lanentzako, AHTrekin jarraitzeko eta industria militarrerako dirua dagoela esan dute. Bestalde, Bilboko Portuan gudarako armak Arabia Saudira esportatzen jarraitzen dutela ere salatu eta trafiko horrekin amaitzea eskatu dute.
Albiste hau Bilboko Uriolak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.