Munduan leku bat

  • Gutako batzuk hemen jaio ginen, zoriak erabaki zuen populazioaren %11 honen parte izango ginela. Beste batzuek erabaki genuen landatarrak izatea, eta lurraldearen %89an bizitzea. Denok onartu dugu hemen bizitzeak aparteko zailtasunak dituela, administraziotik ez dutela indar berezirik jarriko hona zerbitzu publikoak ekarri eta behar bezala mantentzeko, nola bada, biztanleen %11 baino ez gara eta! Guk lurra baino ez dugu. Lurra eta ortzi-muga, mendi-magalak eta tontorrak, errekastoak eta itsasoa. Komunitateak osatu ditugu, kontzejuz kontzeju eta auzoz auzo, eta ditugun euskarri horiekin bizitzen asmatzen saiatzen gara. Egunero ahalegintzen gara, gure bizi-proiektuekin, antolaketa xume honetatik pertsona guztientzako alternatiba bizigarriak eskaintzen, txikitik komunitatearentzat, bere altzoan hartu gaituen lurra zainduz.


2024ko apirilaren 09an - 11:30
Azken eguneraketa: 14:08

Landa-eremuan bizi garenok horixe gara: lurra, ortzi-muga, mendi-magalak, tontorrak, errekastoak eta itsasoa. Eta horietan guztietan sar daitekeen guztiak –sar daitezkeen guztiek– ere egiten gaitu. Hots, haiek gabe, gu ez gara. Horregatik, Joseba Sarrionandiaren hitzak egiten ditugu gureak: “Nekez uzten du bere sorterria sustraiak han dituenak”.

Nekeziak handia behar du, izugarria, inork bere sorterria, munduan duen lekua, uzteko. Landa-eremuan erbestea ez da berria, gure arbasoek sufritu egin zuten eta, harrezkero, odolusteak ez du etenik. Etorkizuna han omen zegoen –dago–, bestaldean, lurraldearen %11n, errepideak eta trenbideak hasten eta bukatzen diren lekuetan.

Sinetsi hemen ez zegoela ezer eta hiri-eremuan dena zegoela; hau hilda, eta han, bizitza. Pandemia batek erakutsi zigun gureak balio zuela, gu egiten gaituzten horiek gozamenerako elementuak izateaz gain, ezinbesteko arnasguneak ere badirela. Gure lana inoiz baino oinarrizkoagoa zen, ez baitzegoen kanpotik janaria eskuratzerik, jendarte oso baten presioak ekarri zuen azoken debekuak bi egunez bakarrik irautea. Haizeak horiek guztiak eraman ote dituen beldur gara.

Hainbat administraziotako agintaritzaren aldizkariak hartzea baino ez dago irakurtzeko makroproiektu energetikoen –eta bestelakoen– kokapen egokia landa-eremua dela, besteak beste, pertsona gutxi bizi garelako, eta, beraz, jendartean izango duen inpaktua txikia –hortaz, onargarria– dela. Sakrifizio eremuaz ari dira. Sakrifikagarriak diren lurraldeez. Sakrifikagarriak diren pertsonez. Gutaz ari dira paper ofizialetan. Baita zutaz ere, hiri-eremuan bizi zaren hori.

Izan ere, bi eremuak, nahitaez, elkarren osagarriak dira –beste kontu bat da zer nolako botere-harreman eraiki den–. Leihoa irekitzean ikusten ditugunak, zu jabetu ala ez, zure parte ere badira. Bailara edo mendi-kasko hauen existentziaren berri izan gabe. Are gehiago, agian, sukaldean dituzun hainbat jaki hemen sortu dira eta gure eskuetatik pasa, izan animalia ala begetala.

Ogirik izango al dugu galsoroak eguzki-plakaz estaliz gero? Zereala ereiteko edo negurako belarrak ontzeko sailak estaltzekotan, izango al da hemengo animaliek jateko? Hala ez balitz, nondik esnea eta okela? Eguzki-plaken artean erremolatxa landatzerik ez bada, azukrerik ere ez?

Haize erroten eta goi-tentsioko lineen instalazioek berez dakartzaten aldaketek –leherketak, lur-mugimenduak, iturburuen desagerpenak...– zer nolako eragina izango dute mendiko abeltzaintzan?

0km leloak betetzen ditu iragarkiak, dena da bertakoa –ia dena ekologikoa edo–, baina errealitateak erakusten digu, kontserba pote batzuetan bezala, letra txikia irakurri behar dela, eta kilometroak, askotan, Bilboko portuan hasten direla zenbatzen.

Nola, bestela, ulertu administrazioek hainbesteko gogoa izatea edozein ozeanoren bestaldeko herrialdeekin merkataritza-itunak sinatzeko? Hemendik teknologia, makina-erraminta eta trenak esportatu, eta trukean hango elikagaiak ekarri, prezioan.

Burujabetza larrialdi egoeretako kontzeptu gisa ulertzen da, merkatuek puztutako burbuilak eztanda egindakoan erabiltzeko. Burujabetza hustu egin dute, eta komenientziaz erabili; burugabetza bilakatzeraino. Horren adibideak dira haragi sintetikoa ekoizteko laborategientzako diru-laguntzak eta babes instituzionala. Horrenak, negutegi hidroponikoak. Horren adibideak dira aurreikusita dauden makroproiektuak.

Zaila da burujabetza kontzeptua bere osotasunean ulertzea Donostian haragia laborategi batean sortzeko Biotech Foods multinazional brasildarraren –Bolsonarorekin harreman estua duena– eskutik datorrenean. Are zailagoa teknologia eta jakintza guztia kapital pribatuaren eskuetan dagoenean; eta oso larria, kontuan hartzen badugu diru publikoa jaso duela EAEko, Espainiako eta Europar Batasuneko funtsetatik.

Tomateekin, antzerako. Kasu honetan, Hispalus multinazionalak –Cultivos Araba s.l. izenez erregistratuta– Tuestan, hogei hektarea negutegi eraikitzeko diru-laguntza publikoak jasotzen dituenean –hasiera batean bost izango dira–. Eroskin salduko dira tomateak momentuz; gerora, Frantziara.

Instalazio elektriko industrialei dagokienez, beste hainbeste: diru eta babes instituzional osoa. Ad hoc egindako legeak eta arauak, multinazional energetikoen segurtasun ekonomikoari begirakoak, beti ere. Dena IBEX 35ean kotizatzen duen Red Eléctrica de Españaren eta oligopolio elektrikoaren mesedetan.

Egoera ikusita, edozeinek esango luke hemendik bota nahi gaituztela, ez dutela lurraldean gauzatzen ari den kolonialismo energetikoaren saiakeraren lekukorik nahi, ezta lurra defendituko duen herririk.

Galderak ere badatozkigu, batzuentzat xaloak izan daitezkeena, baina pertsona guztiontzat ezinbestekoak, munduan dugun lekua zein den jakiteko.

Nor geldituko da herrixka eta mendietan leihoak erakusten diguna beltza bada? Nork begiratuko dio tontorretako barroteen atzean geratuko den ortzi-mugari? Herri honen elikadura, ondare naturala eta kulturala multinazionalen eskuetan jarri behar baditugu, zertarako gaude gu? Zertarako daude esku hauek? Zertarako, belaunaldiz belaunaldi transmititu den jakinduria?

Zer zentzu daukate egiten gaituzten lurrak eta ortzi-mugak, mendi-magalek eta tontorrek, errekastoek eta itsasoak?

Hemendik esperantza arnastea zaila bada ere, ez dugu besterik. Munduan dugun lekua hauxe da, ez dugu besterik. Poetak zioena dugu bihotzean: “Nekez uzten du bere sorterria sustraiak han dituenak”.

Horregatik bat egingo dugu apirilaren 13an EH Bizirik sareak, Azpeitian, antolatu duen mobilizazio egunarekin.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Irakurleen gutunak
Izan, badira salbuespen legeak, bai horixe!

Sare Herritarrak antolatuta, pasa den urtarrilaren 11n Bilboko kaleak bete zituen manifestazio jendetsuaren ondoren, berriz sortu da eztabaida, euskal presoei salbuespen legeriarik aplikatzen ote zaion. Gure iritzia azaltzen saiatuko gara.

Espetxe politikan aldaketa nabarmena... [+]


Zedarriak, armagintza, zoru etikoa eta langileok

Duela gutxi think tank izateko jaioa omen den Zedarriak bere 6. txostena aurkeztu zuen. Beren web orrialdean azaltzen dutenaren arabera, zedarriak ebidentea ez den bidea topatzeko erreferentziak dira. Hots, hiru probintzietako jendarteari bidea markatzeko ekimena. Agerraldi... [+]


Asko gara, etorri gurekin euskal eskola publikora

Heldu zaigu EAEn 2025-26 ikasturterako ikastetxeetan matrikula egiteko garaia, eta etxe askotan etxeko txikienak urrats berria emango du hemendik gutxira, irailean, eskolaratzea, alegia. Euskal Eskola Publikoaz Harro Topaguneko kideok apustu sendoa egiten dugu eskola publikoaren... [+]


Kuotak, ikastoletan

Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako Hezkuntza Lege berria onartu zenetik, aurrerantzean hezkuntza doakoa izango dela behin eta berriro entzuten/irakurtzen ari gara. Eragile desberdinei entzun diegu, baita Hezkuntza Sailari ere, eta hedabideei eskaintzen dizkiegun elkarrizketatan... [+]


2025-02-20 | Manex Gurrutxaga
EH Bilduren barne kongresuaz: behin betiko integraziorako bidea

Hilabetearen hasieran egin zuen EH Bilduk III. Kongresua, Iruñean. “Ez ohiko ondorioak” ateratzeko balio duen “ohiko kongresua” omen da, edo horrela jaso dute behintzat Zutunik ponentzian, zuzendaritzak proposatu eta militantziak aho batez onartu... [+]


Eta hemen gaude berriro, erlijioa eskolan

Otsailaren 3an hasi da gure umeak eta gaztetxoak eskoletan aurre-matrikulatzeko garaia, eta urtero bezala gogoratu nahi genizueke zergatik ez zaigun ideia ona iruditzen erlijioan matrikulatzea. Iaz artikula bukatzen genuen esanez “askori idazki hau ezaguna egingo zaizue,... [+]


Pantailen erabileraren inguruko hausnarketak

Tranbia txiki Arratia Institutuko Guraso Elkartetik pantailen erabileraren inguruko hausnarketa bultzatu nahi dugu ikas komunitatean.

Azkenaldian kezka handia dago ume eta nerabeengan pantailek duten eragina dela eta. Ardura hori etxeko erabileratik eskola eta institutuetako... [+]


Guggenheim Urdaibai: nork nori entzun eta zertarako?

2021ean hasi ginen Guggenheim Urdaibai proiektuaren inguruko lehen oihartzunak entzuten…Bai ala bai egingo zela esan zigun orduko Unai Rementeria ahaldun nagusiak. Bere esanak indartzeko, 40 milioi euro utzi zituen “blindatuta” museoak eraikitzen zirenerako... [+]


Labrazaren defentsan
"(Oiongo osoko bilkuraren) helburua argia da, legez legitimatzea tramitazioan irregulartasun nabarmenak dituzten megaproiektu energetikoak"

Joan den asteazkenean egun gogorra eta desatsegina bizi izan genuen, ez bakarrik Labrazarentzat, baita zentral eoliko,... [+]


Harrera premia aurreikusiz Zumeta margolaria

Irakurlea dagoeneko jakitun dateke Euskal Herrian askatasunaren alde egon den eta dagoen gatazka politikoaren ondorioz urte luzetan kartzelan, erbestean edota deportazioan bizi behar izan duten euskaldunak, etxerako bidean, beren bizitza berregiten hasteko izaten dituzten... [+]


Atzoko filosofoen oraina hausnartuz

Epistemologia, edo ezagutzaren teoria, filosofiaren arlo nagusietako bat da, eta historian zehar garrantzizko eztabaidak izan dira gure ezagutzaren mugen eta oinarrien inguruan. Honen baitan bi korriente indartsu topatzen dira, ezagutzara iristeko bide ezberdinak proposatzen... [+]


Erakundeen erantzukizuna haurrak babestean

Getxoko Epaitegiak Europa ikastetxeko 4 urteko haurren kasua artxibatu izanaren berri izan dugu aste honetan. Horrek zera galdetzera garamatza: instantzia judizialak,  polizialak… prest al daude haurren eskaerei erantzuteko? Benetan babesten al dira gure adingabeak... [+]


EITBko Euskara Batzordearen adierazpena

Idatzi honen bidez, EITBko Euskara Batzordeak eta azpian sinatzen duten EITBko organoek euren kezka eta gaitzespena agertu nahi dituzte azken hilabeteetan EITBko zuzendaritza-postuetarako abian ipini diren hautatze-prozesuak direla eta, gutxietsi egin baita euskararen... [+]


Kaldereroak: ‘blackface’ bat donostiar erara?

Ni ez dut nahi nire alaba ijitoz mozorrotzea kaldereroetan. Nik ez dut nahi nire alabaren eskolako haur ijitoak ijitoz mozorrotzea kaldereroetan. Ijito izatea ez delako mozorro bat. Ijito izatea ez delako urtean behin egiten den festa bat, arropa exotikoekin eta aurpegia ikatzez... [+]


Lanaldia astean 37,5 ordu baino are gehiago laburtzearen erronka

Lan aste laburragoak ezartzeko politika orokorra ekarriko du 2025 urteak, enpresentzako kontratazio berrietarako kostu txikiak eta lan harremanetarako aldaketa norabide eraginkorra ekarriz.

Espainiako gobernu akordioa betetzeko helburuarekin, lanaldia astean 37,5 ordutara... [+]


Eguneraketa berriak daude