ARGIAko lantaldearen mezua: Mundu ilunean, ARGIA gehiago

Onintza Irureta Azkunek irakurri du ARGIAren mezua lantaldearen izenean. Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

2025eko urtarrilaren 31n - 16:30
Azken eguneraketa: 21:46

Onintza Irureta Azkunek egin du hitzartzea ARGIAko lantaldearen izenean:

"ARGIAko komunitatea osatzen duten milaka lagunetako batek berriki adierazi digu batzuetan ARGIA iluna dela, barruak mugiarazten dizkion albiste gogorrak daudela. Lan ona egiten dugula, baina albiste gaiztoek eztarria korapilatzen diotela.

Zer pentsatua ematen du, ezta? Genozidio bat eguneroko ogi bilakatu duen mundu honetaz zer esan behar dugu hedabide independenteok? Boteredunek hartutako erabakiek herritarroi eragin dizkiguten ondorioez idatzi, ala albisteak hain pisutsuak, hain gordinak izan ez daitezen, fokua leku atsegingarriagoetan jarri? Babestutako natur guneak turistentzako museoz, epaitegiak euskarafoboz, mendiak haize-errotaz eta itsasoak pertsona migratzaileen gorpuz betetzen ari zaizkigunean, nola gozatu ikuspegia, gogorregi suertatu gabe? Ba al da modurik? Hedabideok etsipenaren zabaltzaile bilakatzeko arriskua egiazkoa da.

Eztabaida interesgarria da, areago faxismo berritua botere guneak han-hemenka eta bata bestearen segidan bereganatzen ari den garaiotan. Orain pare bat aste, neofaxismo berriaren topagunea antolatu dute AEBetan Donald Trumpen agintaldiaren hasierarekin batera. Nekez sortuko dugu albiste onik han bildu eta esandakoetatik. Haien agendari soilik erreparatuta gure buruak egin du, horrek galarazten baitigu etorkizuna beste era batez irudikatzea.

Haiek erantzunak ematen dituzte. Guk galderak aldatu behar ditugu.

Babestutako natur guneak turistentzako museoz, epaitegiak euskarafoboz, eta mendiak haize-errotaz betetzen ari zaizkigunean, nola gozatu ikuspegia, gogorregi suertatu gabe?

10 urte dira ARGIAn Txikitik Eragiten leloa darabilgula. Eta lelo horri eman genion azalpenak oso bizirik jarraitzen du hamarkada baten ostean: “Txikitasunak lotura handia du ARGIAren izateko moduarekin eta lantzen ditugun gaiekin, desazkundearekin, bizimodu jasangarriagoekin, herrietatik sortutako mugimenduekin, independentziarekin, kritikotasunarekin... Txiki asko, txikitik eragiten, bestelako mundu baterantz bidea urratzeko gai garelako”.

Iazko uztailean erretreta hartu zuen Pello Zubiriak asmatu zuen, eta kazetari zakur zaharraren luma zorrotzak arrazoia zuen. Arrazoia du. Txikitik eragitera kondenatuta gaude. Ez gutxi garelako, edo ur handitan sartu barik, txikitasunean goxo egoten delako. Ez. Dena handira pentsatzen duten eta handi-nahikeriaz mintzo diren horien aurrean, txikitik, gertutik eragiteko gai diren proiektu asko behar ditugulako. ARGIAn ikuspegi horretatik ari gara lanean azken urteotan. Sarri, errazak ez diren erabakiak hartu behar badira ere. Gaur horietako baten berri eman nahi dizuegu.

Washingtongo neofaxisten desfile hartan, lehen lerroan, munduko hainbat agintariren aurretik, teknologiaren handikiak elkartu ziren ugazaba berriari ohore egitera. Gure bizitzen esparru gehienak bereganatu dituzten askotariko pantailen atzean daudenak: Amazon, Meta, Apple, Google eta TikTok-eko jabeak, besteak beste. Eta, jakina, horien buru, Twitterreko Elon Musk.

Bilkura horren ostean, multinazionalen menpeko hedabide nagusien kezka bilakatu zen ea neofaxista horrek agur faxista egin ote zuen. ARGIAn beste bide batetik jo dugu: joko-zelaia aldatzera goaz. Gaurtik aurrera ez diegu gure edukia dohainik oparituko Facebook eta Twitterri. ARGIAk ez ditu gehiago elikatuko herritarrak publizitate-jale bilakatu dituen bi plataforma horiek.

Gaurtik aurrera ez diegu gure edukia dohainik oparituko Facebook eta Twitterri. ARGIAk ez ditu gehiago elikatuko herritarrak publizitate-jale bilakatu dituen bi plataforma horiek.

“Hedabideok jendea dagoen lekuetan egon behar dugu”, esaldi ezagun honek bere mugak erakutsi ditu jada. Feminismoak ondo erakutsi digunez: pertsonala politikoa da, eta egunerokoan hartzen ditugun erabakiek eragin zuzena dute norberaren eta gainerakoen bizitzetan. Plataforma toxikoetan argitaratzea herritarrak plataforma horietan sartzeko gonbita egitea da, sustatzen dituzten gorroto diskurtsoentzat irakurle posible gehiago ematea da. Hainbat urtez baliagarriak egin zaizkigu sare sozial horiek, eta dozenaka milaka laguneko komunitateak sortu ditugu. Ez da erraza horiek bat-batean alboratzea, baina kontraesanak kontraesan, ARGIAn ondorioztatu dugu espazio bizigarriagoak elikatzen joan behar dugula. Sare sozial toxikoetan joko-zelaia trukatuta dago, arbitroa erosita dago, algoritmoa bezalaxe, eta bot-en bitartez dopina bidezkoa da dirudunentzat. Beraz, agur Musk, adio Zuckerberg. Kaixo teknologia burujabetza! Kaixo fedibertsoa, eta eutsi Mastodon!

Sare sozial toxikoetara jo gabe ere, indarrean den logika kolonialaren ondorioak begi bistan dira. ARGIAn ere lehen eskutik ezagutu ditugu. Solway multinazionalak mehatxatu gintuen 2023an, gure orrietan eskaintzeagatik Guatemalako El Estorreko lur eta bizitzen defentsan txikitik eragiten ari diren lagunen hitzak. Ez ginen isildu, eta, areago, duela bi hilabete, azaroan Solwayren ateetaraino joan ginen. Leire Artola lankidea Guatemalara joan zen hango kontuen berri ematen jarraitzeko, baina oraingoan, zuzenean. Solway, ez zenuen ogirik nahi, ba tori taloa!

Halakoak egiteko erremintak behar ditugu, aurrera egiteko, borrokatzeko, motibatzeko. Baina batez ere, behar duguna, lehen bezalatsu orain ere, jendea da. Irakurriko gaituen jendea, kritikatuko gaituena, animatuko gaituena, eta, bereziki, eutsiko gaituena.

Pozik azpimarratu behar dugu, lan asko eginda eta ordu asko inbertituta, euskarazko hedabideon eta Eusko Jaurlaritzaren artean sortutako elkarlana, Hekimenen eskutik

ARGIAn aurreko urtean baino lagun gehiago gara, ARGIAko kide gehiago gara. Hamargarren urtez jarraian handitu dugu harpidedunen kopurua, 2015etik. Eta jada esan dezakegu proiektu honen aurrekontuaren %40 baino gehiago ARGIAko kideek egindako ekarpen ekonomikotik datorrela. Horixe da gure diru-sarrera handiena, eta gure independentzia ekonomiko, politiko eta periodistikoaren berme nagusia. Zuek gabe, ARGIA ez da.

Etorkizunaz mintzo bagara, ezinbestean erakunde publikoen laguntzaz ere hitz egin behar dugu. Eta aurten pozik azpimarratu behar dugu, lan asko eginda eta ordu asko inbertituta, euskarazko hedabideon eta Jaurlaritzaren artean sortutako elkarlana, Hekimenen eskutik. Kazetaritzaren munduan euskara hizkuntza normalizatua izan dadin hedabideok egiten dugun lana diruz laguntzeko oinarri berriak adostu ditugu, euskarazko kazetarion lana, sarri prekarietatetik gertu izan dena, duintzeko. Eta zorionez, ildo beretik hitz egin behar dugu Nafarroako Gobernuaz. ARGIA diruz lagundu duelako, Nafarroari buruzko euskarazko edukiak sortzen eta hedatzen egin dugun lanagatik. Bi albisteok balio dezatela elkarlanerako bidea iraunarazteko, eta oraindik ere okerrak diren egoerak konpontzeko, publizitate instituzionalaren banaketa bidegabea kasu.

ARGIA osatzen dugun 25 lankideok 106garren urtea gehitzera goaz euskarazko hedabide eta abentura zoragarri honen historiari. 1919tik denetarik ikusi du gure herriak. Egin kontu! Eta nola edo hala, beti asmatu dugu aurrera ateratzen, pauso txikiekin, baina atzera egin gabe. Bizitzeko eta gozatzeko moduko Euskal Herri euskaldunaren bidean, kanpora besoak zabalik dituena, gainerako herriekin elkartasunean.

Mundua ilundu nahi dutenei ARGIAren bitartez erantzuten jarraituko dugu".


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Argia Sariak 2025
Bonus track: non dago saria?

Jan-edanean zeuden denak, itxuraz alai, baina baten bat urduri zebilen aperitibo eta aperitifa artean. Bigarrenez jasoko zuen saria, baina eskuetan edukiko zuen lehenbizikoa izango zen. Eta urduri zegoen, oroigarriak bulegora heldu beharra zeukalako, joder. ARGIA Sariak ez dira,... [+]


Argia Sarien kronika
Galga azkartasunari

Gauzak bizi eta azkar aldatzen badira ere, zenbait kontu ez dira aldatzen: Argia Sarien ekitaldia da horietako bat. Horixe esan dio kronikagile honi beharrera etorri den kanpoko kazetari batek, ARGIA asko aldatu dela esatearekin batera, sari-banaketa hasi aurretik. Onerako ari... [+]


2025-01-31 | ARGIA
Ikus-entzunezko Argia Saria: EITB Kultura

EITB Kultura telebista saioak jaso du Argia Saria euskal kulturgileen lana bistaratzeagatik, Euskal Herriko txoko guztietako proiektuak telebista publikora ekartzeagatik, eta egiten duten kalitatezko ikus-entzunezkoagatik. Saria Leire Ikaranek eta Kerman Diazek jaso dute, Berde... [+]


2025-01-31 | ARGIA
Prentsako Argia Saria: Irutxuloko Hitza

Prentsako Argia Saria Irutxuloko Hitza-rentzat izan da, eskuin muturraren igoerari egindako jarraipenagatik eta talde erreakzionarioen benetako aurpegia erakusteko kalean hor egoteagatik. Aurten 20 urte beteko ditu Donostiako hedabideak. Aizpea Aizpurua, Andrea Bosch,... [+]


2025-01-31 | ARGIA
Entzunezko Argia Saria: BaDA!bil podcasta

Entzunezko Argia Saria BaDA!bil podcastak jaso du, Hiru Damatxo ekoiztetxeak ekoitzitakoa, eta Gerediaga elkarteak eta EITBk finantzatutakoa. Podcastak kulturgintzan dabiltzan lau mahaikidez osaturiko bost mahai inguru jaso ditu Durangoko Azokaren bueltan. Saria jaso dute Amets... [+]


2025-01-31 | ARGIA
Interneteko Argia Saria: Oroibidea

Galtzaileen herri ondarea sarean jartzeko erakunde publiko batetik egindako ahaleginagatik, ahots gabeen ahotsa entzuteko aukera emateagatik, eta batez ere, Nafarroak aitzindari izaten segi dezan oroimen historikoa berreskuratzeko bidean, Interneteko Argia Saria Nafarroako... [+]


2025-01-31 | ARGIA
Urteko kanpaina onenaren Argia Saria: Altxa Burua

Seme-alabek lehen mugikorra izateko adina atzeratzeko eskolaz eskola egindako lanagatik eta lortutako emaitzengatik, ikastetxeak mugikorrik gabeko arnasgune izateko borrokagatik, kanpaina onenaren Argia Saria guraso elkarteek osaturiko Altxa Burua ekimenarentzat izan da... [+]


2025-01-31 | ARGIA
Merezimenduzko Argia Saria: Ene Kantak

Hamabost urteotan gazteenen artean euskara sustatzeko egindako lanagatik eta lortutako arrakastagatik,  Merezimenduzko Argia Saria Ene Kantak proiektuarentzat izan da. Saria Nerea Urbizu, Fermin Sarasa eta Jesus Irujok jaso dute.


2025-01-31 | ARGIA
Banatu ditugu euskarazko komunikazioaren 2025eko Argia Sariak

Sei sari banatu ditugu aurten: ikus-entzunezko saria EITB Kultura telebista saioari eman zaio, prentsako saria Irutxuloko Hitza Donostiako hedabideari, entzunezko saria BaDa!bil podcastari, interneteko saria Oroibidea bilatzaileari eta komunikazio kanpaina onenaren saria Altxa... [+]


2025-01-31 | ARGIA
Argia Sariak banatuko ditugu gaur Usurbilgo Atxega Jauregian

Usurbilgo Atxega Jauregian, urtarrilaren 31n, hedabideetako, kulturgintzako eta erakunde publikoetako ehun lagun inguru bilduko dira. Bazkariaren ondoren, 16:00etan egingo da sari banaketa. Antton Mendizabalek egingo dituen azken garaikurrak jasoko dituzte saridunek... [+]


“Noizbait ere gauzak bukatu egin behar dira, konplitu dugu Argia Sariekin”

Behin batean, gazterik, gidoi nagusia betetzea egokitu zitzaion. Elbira Zipitriaren ikasle izanak, ikastolen mugimendu berriarekin bat egin zuen. Irakasle izan zen artisau baino lehen. Gero, eskulturgile. Egun, musika jotzen du, bere gogoz eta bere buruarentzat. Eta beti, eta 35... [+]


Eguneraketa berriak daude