Mugimendu feministak azaldu duenez COVID-19ak "dimentsio ezberdineko krisiak" azaleratu ditu eta eragin zuzena izan du eremu feminizatuetan. "Krisi hau ez zen pandemiarekin hasi, eta Euskal Herriko Mugimendu Feministan orain ez gara isilik egongo". Zaintza publikoa eta komunitarioa aldarrikatu dute. Arratsaldean manifestazioak izan dira Donostian, Gasteizen, Bilbon eta Iruñean. Baionan 12:00etan egin dute.
Euskal Herriko Mugimendu Feministak otsaila bukaeran prentsaurrekoa eman zuen aurtengo Martxoaren 8a zer izango den azaltzeko. Mugimenduko kideek gogorarazi zuten bi urte direla greba feministarekin "planto egin eta bizitzak erdiguneratzeko beharra aldarrikatu genuenetik" eta urtebete azken Martxoaren 8a egin zenetik: "Ordutik, COVID-19ak eragindako izurrite testuinguruak, sistema honen dimentsio ezberdinetako krisiak azaleratu ditu. Leheneratu dena, ez baita osasun-krisia soilik".
Dena aldatu, sistema arrakalatu lelopean mobilizazioak egin dira herri askotan, baita hiriburuetan ere. Baionan 12:00etan Ospitaletik hasi dira; Jenofa Berhokoirigoinek egin du kronika: "COVID-19 krisiak emakumeek pairatu diskriminazio eta zapalkuntzak areagotu dituela salatu dute Baionatik".
Bilbon egun osoan zehar egindako mobilizazioen berri eman du Amaia Lekunberrik kronika honetan: "Antikapitalismoan eta antiarrazismoan irmoki berretsi den feminismoak hartu ditu Bilboko kaleak". Besteak beste, hauxe nabarmendu du: "Ikuspegi dekolonial eta antiarrazistak berebiziko pisua izan du Bizkaiko hiriburuan egin diren mobilizazioetan, eguneko egitarauari hasiera eman dion ekintzatik hasita".
Iruñean ere 19:00etan eta 20:00etan mobilizazioak egin dituzte herrigune eta auzoetan. Kattalin Barberrek egin du hauen kronika, "Dena aldatzera gatoz" artikuluan. Barberrek azaldu duenez, "deialdiak deszentralizatzea hobetsi du emakumeen mugimenduak eta karrikak bete dituzte Nafarroan, 66 ekitalditan, herri, auzo zein hiritan bizitzak erdiguneratzeko beharra aipatuz. Izurriteak agerian utzi baitu zaintza eta bizitza politika publikoen erdigunean kokatzeko premia. Ez da berria: sektore zapalduenak zapalduago daude. Eta koronabirusaren pandemian haien gorputza lehen lerroan jarri duten sektoreak oso feminizatuta daude. Emakumeak dira lehen lerroan daudenak: garbitu, zaindu, artatu, sendatu".
Gasteizen manifestazioa 19:00etan atera da San Anton plazatik. Leo Bueberik egin du kronika " "Sexu-disidentziatik arrakalatu dezagun sistema, zaintza-lanen aitorpenetik eta gure pribilegioak zalantzan jarrita" artikuluan: "COVID-19ak sortutako osasun-krisia hasi zenetik, argi geratu da feminismoetatik oihukatzen ari dena: emakumeak* (eta gehienak migratuak) direla bizitzari eusteko ezinbestekoak diren zaintza-lanak egiten dituztenak. Krisi sanitarioak sortutako egoerak, gainera, areagotu egin du etxeko eta zaintza esparruko langileen esplotazioa, askoren kaleratzea, etxebizitza egoera larria eta independentzia falta, sexu-langileen diru-sarreren galera, haiekin eta beren haurrekin bizi diren emakumeen aurka erasotzaileek indarkeria askatasunez erabiltzea".
Donostian 18:30ean abiatu dira manifestazioan Antiguako tuneletik. Oihane Arretxeak egin duen kronikan azaldu duenez, "Pandemiak larriagotu egin duen zaintza krisi honetan, Donostiako manifestazioan salatu dute egitura arrazistak eta zaintza sistema publikorik ez izateak nazioaz gaindiko zaintza katea estutzen duela: “'Zaintzaren egiturazko krisi honetan, nola konpontzen da auzia zurien etxean? Egitura arrazista eta kolonialak ematen digun pribilegio zuria eta hierarkia gorena erabiliz; bestela esanda, emakume migratu eta arrazializatuak esplotatuz'”. Hona hemen Dani Blancok Donostiako manifestazioko irudiekin osatu duen argazki galeria.
Mobilizazioak iragarri eta gero Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak Martxoaren 8aren harira "manifestazio masiboak" ez egiteko eskatu zuen, egoera epidemiologikoa oraindik "oso larria" dela iritzita. Gauza bera gertatu da Espainiako Estatuan. Carolina Darias Espainiako Gobernuko Osasun ministroak ere zentzu horretan hitz egin du, halako manifestazioak ez lituzkeela "ulertuko" esanez.
Aitzitik, mugimendu feministako kideek eutsi egin diote deialdiari eta kalera atera dira, segurtasun berme guztiak kontuan edukita. Hala, esaterako, hiribide zabalenetatik igaro dira manifestazioak: "Osasun prebentziorako neurriek zein mugikortasun mugek ohikoak ditugun mobilizazio erak zailtzen dizkigute, baina kaleak salaketarako espazio izateko modua bilatuko dugu".
Prentsaurrean milaka emakumek jasaten duten egoera nabarmendu zuten, "merkatua utzi behar izan dute zaintza lanengatik", batez ere egoera irregularrean dauden emakume langileen eremuan jasan dute gehien krisialdia. "Sistema kapitalista, heteropatriarkal, arrazista arrakalatzeko feminismoan antolatu eta kolektiboki borrokan jarraitu behar dugu. Hain zuzen ere, bizitzak sostengatzeko ardurak kolektibizatzeko eta botere harremanak errotik aldatzeko".
Martxoak 8an egindako pintaketak gainetik margotu dituzte ikur faxistekin Zuberoako hiriburuan. Horren aurrean elkarretaratzera deitu dute, astelehenean.
Mugimendu feministak manifestazioak egin ditu goizean Donostian, Gasteizen eta Iruñean eta arratsaldean Baionan eta Bilbon. Oinarrizko irakurketa partekatu dute, eta horri gehitu diote hiri bakoitzean bertako problematika, eragile eta ekimenen erreferentzia.
Bilgune Feministak Heldulekuak argi, Euskal Herria feminista leloa baliatu du M8an, azpimarratzeko feminismoak ematen dituela “datorrenari aurre egiteko tresnak”, eta gogorarazteko faxismoaren gorakadaren testuinguru hau helduleku horretatik irakurri eta borrokatu... [+]
Festa egiteko musika eta kontzertu eskaintza ez ezik, erakusketak, hitzaldiak, zine eta antzerki ikuskizunak eta zientoka ekintza kultural antolatu dituzte eragile ugarik Martxoaren 8aren bueltarako. Artikulu honetan, bilduma moduan, zokorrak gisa miatuko ditugu Euskal Herriko... [+]
“Kasu, ez gitxu lo!”. Gure denbora eta manerekin baina heldu gira.
Azaroaren 25ean Baionako elgarretaratzera joan ez joan eta autoak nola partekatu pentsatzetik (joan-jina bi oren), bat-batean Lartzabalen elgarretaratze bat antolatu genuen, eta 47 emazte bildu!... [+]
Nahiz eta Nazio Batuen Erakundeak (NBE) 1977an nazioarteko egun bat bezala deklaratu zuen eta haren jatorriaren hipotesi ezberdinak diren, Martxoaren 8aren iturria berez emazte langileen mugimenduari lotua da.
Euskal Herriko Bilgune Feministak deituta elkarretaratzea egin dute Hernanin Iratxe Sorzabali elkartasuna adierazi eta "babes osoa" emateko. Inkomunikatuta egon zen uneak berriz ere epailearen aurrean kontatu behar izatea, "bizi izandakoak utzitako ondorioen... [+]
Martxoaren 6an 11:00etan Bilbon eta Iruñean mobilizazioak egingo dituzte sindikatuek, patronalak eta Eusko Jaurlaritza zein Nafarroako Gobernua interpelatzeko, zaintza eskubide kolektiboari dagokionez.
Martxoaren 8a hurbiltzen ari zaigu, eta urtero bezala, instituzioek haien diskurtsoak berdintasun politika eta feminismoz josten dituzte, eta enpresek borroka egun hau “emazteen egunera” murrizten dute, emakumeei bideratutako merkatu estereotipatu oso bati bidea... [+]
Martxoak 8aren izaera iraultzailea berreskuratzeko deia egin du Itaia emakumeen antolakunde sozialistak. Irene Ruiz Itaiako kideak azaldu digunez, “oldarraldi erreakzionarioaren eta matxismoaren aurrean proposamen iraultzailea hauspotu eta kontzientzia sozialista... [+]
Martxoaren 8an kalera ateratzera deitu ditu herritarrak mugimendu feministak, "desberdinkeriek bere horretan" dirautelako. Zapalkuntza mekanismo berriak agertu direla salatu dute, eta feminismoa "ezkerreko borroken erdigunera" eramateko beharra aldarrikatu.
Andre zahar dotorea senarraren besotik zihoan gurutzatu ginenean. Bistaz ezaguna, oker samar zegoela ikusi nuen, adinaren ajeak. Benetako señora eibartarra: perlazko lepokoa; ilea kardatuta harro-harro, ostirala izanda, ile-apaindegian goizean egon zela ezagun zuen. Gure... [+]
Azaroaren 30eko Greba Orokorretik "indartuta" eta "saretuta" atera dira feministak. Jone Gil Landaburu, Euskal Herriko Mugimendu Feministako kideak nabarmendu du horri esker mugimendu feministak zaintzaren auzia erdigunean jarri duela. Horrez... [+]