Mozkorturismoa

Argazkia: Kronika.

2024ko urtarrilaren 29an - 13:10

Hasi da txotx denboraldia, eta herritarrek ilusioz ekin diote sagardotegietako upeletan ondutako uzta dastatzeari. Ezin huts egin urteroko errituari, euskal kultura bultzatzeko eta bizitzeko modu honi. Baina tradizio oro, nahi edo ez, aldatu egiten da, eta ohituraren funtsa lausotu egiten da maiz, sidreroen ikusmena tragoz trago lausotzen den bezala. Nola transmititu zaie belaunaldi berriei txotx denboraldia? Nola ulertzen dute egungo sagardozaleek –edo, besterik gabe, parrandazaleek– sagardotegiko zita?

“Urtarriletik apirilera, asteburuero, esperientzia honetaz gozatu nahi duten adin guztietako pertsonez betetzen dira herriko kaleak”. Hala deskribatzen du denboraldia Hernaniko Udalaren webguneak. Ordea, kaleak bete baino gehiago, azken urteetan kaleek gainezka egiten dute, eta badirudi Astigarraga eta Hernaniko espazio publikoak sidreroentzat erreserbatuta daudela hamalau bat astez jarraian. Erraz esaten da: ia lau hilabete etengabeko festa erraldoian, mugarik nahi ez duen jende mozkorrez lepo.

Astigartar eta hernaniar askok ere festa nahi dute eta sagardoaren kultura gogoko dute, baina euren herrian hori egitea ukatzen zaie. “Larunbat arratsaldetan gure herrietako bizilagun asko euren bizitokitik kanporatuak sentitzen dira”, berretsi dute Astigarragako eta Hernaniko udal ordezkariek Hartu ardura kanpainaren aurkezpenean, eta ohartarazi dute “bizikidetza arazoak” sortzen dituela jendetzak. Txotx denboraldia eskuetatik joan zaiela onartu dute bi udalek, eta 2024ko denboraldia hasi berritan egoera kudeatzen laguntzeko bilera bat eskatu diete Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari. Baina badu atzera bueltarik gehiegikerien denboraldi bilakatu den honek?

Begi-bistakoa da herriak ez daudela prest astero milaka turista sagardozale jasotzeko. Autobusak saldoka, oihuak eta zarata gau eta egun, pixa bazter –eta erdi– guztietan, sagardotegian neurriz jan eta edan ez duenaren oka plaza erdian, aparkatutako autoak apurtuta... eta larriena: era guztietako erasoak. Sidreroz betetako kale eta tabernak ez dira seguruak ez emakumeentzat, ez LGTB komunitateko pertsonentzat, ez pertsona arrazializatuentzat, ez gutxiengoen parte den inorentzat ere. Ez da sagardoa, zu zara. Hartu ardura kontzientziazio kanpainaren bitartez erasoak saihestu nahi dituzte udalek. Baina urteroko kartel eta iragarkiek eragina dute alkoholaren eta beste drogen aitzakian erasoak egiten dituztenengan?

Sagardotegien kultura harro bultzatu da urteetan, eta bertako turistak nahiz kanpokoak erakartzeko goxoki aparta izan da. Arazoa da ez dela neurririk hartu turismo hori jasangarri egiteko, halakorik posible bada. Orain, egoera erabat kontroletik kanpo dagoela, zaila da litroak edatera datozen sidreroei atzera eginaraztea. Nola mugatu herrirako jarduera ekonomiko garrantzitsua dena? Nork jarri behar ditu mozkorturismoa onbideratzeko tresnak?


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Sagardo denboraldia
“Ez da sagardoa, zu zara” kanpaina jarri du abian Hernanik, eraso matxista eta arrazisten aurka

Herriko zenbait eragilerekin batera, "ez da sagardoa, zu zara" lelopean aurkeztu du kanpaina asteartean Hernaniko Udalak.


2023-01-11 | ARGIA
Abian da txotx denboraldia

“Inflazio eta igoeren gainetik ilusioa eta pasioa elkartuta” aurkeztu du Euskal Sagardoak txotx denboraldia. Sektoreak “pozik” hasiko du sagardotegi garaia, bi urteren ondoren txotxetik dastatu ahal izango delako sagardo berria.


2021-07-16 |
Domingo Arina, enologoa: «Sagardogileak ohartu dira ‘baserrian egindakoa’ dela esatea ez dela nahikoa»
Zein da Euskal Herriko sagardogintzak gaur egun duen egoera?
Sagardoa Euskal Herrian aldaketa aldi nabarmenean murgilduta dago; urtetik urtera nabaritzen da aldaketa horrek utzitako arrastoa, batez ere beste garai batzuekin alderatzen badugu. Dena den, oraindik lan asko dago... [+]

2021-07-16 |
Eguzki izpien egarriz
Ateratzen den lore horretatik sortuko da gero fruitua, sagarra esate baterako. Sagar horrekin egingo da hilabete batzuk beranduago sagardoa. Elaborazio-prozesua bezain garrantzitsua da lehengaiak izan duen osatze-garaia.

2021-07-16 |
Urreaga sagardoa, kalitatezkoa eta hemengoa

Sagardogileak gero eta zorroztasun handiagoarekin jokatzen du sagardotarako sagarra aukeratzeko orduan. Hala ere, sagardo-litroen kopurua handia denez zail egiten zaio sagardogileari nahi dituen sagar-motak Euskal Herrian bertan aurkitzea. Ondorioz, sagarra kanpotik ekartzera... [+]

2021-01-20 | Usurbilgo Noaua
Sagardoa txotxetik mahaira, otsailean hasiko den denboraldi berrian

Urte garai honetarako dagoeneko sagardotegiek zaletuez gainezka behar zuten honez gero. Ilara luzeak edari berria dastatzeko irrikan. Jendetza mahaien bueltan, kupeletan. Pandemian gaude ordea eta halako irudirik ez da errepikatuko aurtengoan. Txotx denboraldi berria izan izango... [+]


Sagardo denboraldiaren irekiera

Hernaniarra naiz. Sagardozalea. Eskubaloira jokatu dudan hogei urteetan ezagutu ditudan emakume gehienek, nazioarte mailan jokatutako kirolari handiak barne, nik bezain beste gozatzen zuten sagardotegian garaipenak ospatzen genituenean, edo talde sentimendua kupel artean... [+]


2018-01-11 | Urumeako Kronika
Zaporeak proiektuak irekiko du larunbatean, Hernaniko txotx denboraldi berria

Eguerdiko 13:00etan emango dio hasiera, proiektu solidarioak, 2018ko sagardotegi garaiari. Aurretik, trikitilariak eta Kalez Kale Kantariko kideak ibiliko dira herriko kaleetan, eta kirikoketa erakustaldia egingo dute Plazan. Irekieraren ondoren, bazkaria egingo dute Goiko... [+]


2017-06-29 | Garazi Zabaleta
Zazpi herrialdeetako sagardoa Hendaiako Sagarno Egunean

Ekainaren 17an egin zuten Sagarno Eguna Hendaian. Duela hogei urte inguru hasi ziren egun hori ospatzen, baina urte pare bateko deskantsuaren ondoren, iaz berreskuratu zuen ekimena Baleak elkarteak.

Aurtengo festan egon da nobedaderik: Zazpi herrialdeetako Sagarno Eguna izan... [+]


2017-06-15 | Garazi Zabaleta
Larunbatean, ‘zazpiak bat’ Hendaiako sagarno egunean

Larunbat honetan sagardo eguna eginen dute Hendaian. Duela hogei urte inguru hasi ziren  egun hori ospatzen, baina urte pare bateko deskantsua eta gero, iaz berreskuratu zuen ekimena Balea elkarteak.


Urumearen ama

Egunotan ikusgai dago Sagardoaren ibaiak, bizitza iturri erakusketa Hernanin. Urumea eta Oria iraganean burdinari, ontzigintzari eta merkataritzari loturiko ibaiak izan zirela ikus dezakegu haren bidez.


2015-03-02 | Estitxu Eizagirre
Badator Sagar Moreen Iraultza

Martxoaren 14an beltzez jantzitako emakumeek hartuko dituzte Hernaniko kaleak. Ekintza honek sagardotegi boladan ugari izaten diren eraso sexisten aurkako mezua zabaldu eta autodefentsa feministaz erantzuteko deia egingo du.


2015-02-03 | ARGIA
Xilabako sagardoak ‘Eztigar’ dauka izena eta Donaixti-Ibarren etxea

Zuberoa, Nafarroa eta Lapurdiko sagargilez osatutako Eztigar kooperatiba bere egoitza zabaltzen ari da Donaixti-Oztibarren, sagardoaren kultura Iparraldean ere indartzen ari den seinale.


Ala bazan edo ez bazan… Urumean behera jaisten zan

Txotx denboraldia abiatu berri dela aitzakia hartuta, Astigarragako Petritegi eta Lizeaga sagardotegiek martxan jarri duten ekimena ekarri dugu orriotara: hainbat mende egin dute atzera, sagardoak historian izan duen lekua ezagutarazteko.


Eguneraketa berriak daude