“Mobilizazioari esker prozesua azkartu da”

  • Nestor Esteban (Iruñea, 1977) urte luzez aritu da militatzen Euskal Herrian Euskarazen, eta Itziar Ruiz (Antsoain, 1979) hezitzailea eta euskaltzalea da. Azken bi elementu hauek, hezkuntzak eta euskarak, elkartu ditu, baita hirugarren batek ere: haurrak. Antsoainen haur eskola euskalduna lortzeko borrokan ari diren gurasoetako bi dira. Dinamikaren bilakaeraz eta udalarekin izan berri duten bilkuraz hitz egin dugu.


2020ko martxoaren 18an - 10:54

Gaiari buruz ezer entzun ez duenarentzat komenigarria litzateke kokapen batekin hastea. Antsoaingo haur eskolan ezin da euskaraz ikasi. Nondik dator egoera hau eta noiz hasi zineten gurasoak antolatzen?

Itziar Ruiz: Ni izan nintzen haur eskolako lehen promozioa, eta 40 urte ditut…

Nestor Esteban: Oraingo ereduak urte batzuk daramatza indarrean. Lau gela daude, eta gela bakoitzean bi hezitzaile. Txikienen gelan bi hezitzaileak erdaldunak dira, eta besteetan bat elebiduna eta bestea erdalduna.

I.R: Saiatzen dira bikotea egotekotan bat euskalduna izaten, eta bikoterik ez badago, ba erdalduna jartzen dute, ikasturteko matrikularen arabera.

N.E: Eredu ofiziala, webgunean jartzen duena, da klase bakoitzean bi hezitzaile egon behar direla, eta horietako bat euskalduna, txikien taldean izan ezik (biak erdaldunak). Baina funtzionamendua gaztelaniaz da, Udalak ere hala dio.

I.R: Ez da inmertsio eredu bat. Euskarak badu presentzia, badago, baina egunerokotasuna eta eredua bera ez dira euskaldunak.

N.E: Duela bi urte pasatxo hasi ginen mugitzen gai honekin, 2017ko abenduan. Hasieran bi familia, Martarena eta gurea. Guk instantzia bat sartu genuen Udalean, galdetuz ea zergatik ez zegoen euskarazko murgiltzeko eredurik herrian; Martak beste arazo bat ere bazuen: umeak euskaraz ikas zezaten Iruñera joan behar bagenuen, ea zergatik ordaindu behar genuen kuota gehigarri bat. Iruñeko udalak, kanpotarra izateagatik, 83€ gehiago kobratzen dizkizu hilean. Martak kantitate hori bere gain hartu zuen ume bakar bat bidaltzen zuen bitartean, baina bigarren umea izan zuenean egoera berarekin jarraitzea gehiegizkoa iruditu zitzaion. Bi familiak elkar ezagutu genuen, eta lanean hasi ginen.

Nolakoa izan da ibilbidea?

N.E: Lehenengo galderari dagokionez, udalak erantzun zigun ez zegoela euskarazko murgiltzeko eredurik, baina lanean ari zirela. Bigarrenari dagokionez, aurrematrikulazio epearen atarian geunden, eta erabaki genuen kuota gehigarriarena behintzat lehenbailehen konpontzea, hori lehenestea. Udalarekin hainbat bilera egin genituen, Arartekora jo genuen eta arrazoia eman zigun, eta lortu zen Antsoain eta Iruñeko udalen arteko hitzarmen bat: Antsoaingo udalak bere gain hartu zuen kuota gehigarria. Kontua izan zen hitzarmena matrikulazioa egin eta gero sinatu zela, eta zenbait gurasok ezin izan zutela hau kontutan hartu beraien seme-alabak non matrikulatuko zituzten erabakitzerako orduan.

 

 

Nestor Esteban

 

 

Ikasturte honetan berriz lortu genuen hitzarmen hori sinatzea, aurrematrikulazio epea baino lehen, gainera. Baina udalak ez zituen gurasoak informatu erabaki honen inguruan.

Kontu honekin bueltaka bi urte aritu eta gero, jabetu ginen udalak ez zuela urratsik eman haur eskola euskalduna lortzeko bidean, eta erabaki genuen gai hori kaleratzen hastea; ondorioz, familia gehiago elkartu gara. Otsailaren 26an prentsaurrekoa eman genuenean udalaren partetik egon zen mugimendu faltaren inguruko hainbat adibide jarri genituen:

- 2019ko pleno batera eraman zuen gaia EH Bilduk (guk ez genekien ezer), baina era berean erretiratu egin zuten puntua, alkateak esan zuelako ez zegoela ez baldintzarik ez bermerik hori aurrera eramateko. Guzti honetan prentsatik enteratu ginen.

- Maiatzean udal hauteskundeak izan ziren, eta ez genuen alderdien programetan gai honen inguruko punturik topatu.

- Abenduan adostu zituzten 2020rako aurrekontuak, eta hor ez zegoen diru partidarik haur eskolaren euskalduntzea sustatzeko.

- Haur eskolaren araudiaren arabera plantilla organikoko 9 langileetatik 6k euskaldunak izan behar dute, eta ez da betetzen. Alderantzizkoa gertatzen da, hiru bakarrik dira euskaldunak.

- Amaitzeko, ez dutela lan deialdirik egin. Guri bere garaian esan ziguten Nafarroako Gobernuak haur eskoletarako lan deialdi bat egin ez gero haiek ere egingo zutela, herri txikia izatean ez dagoelako baliabiderik horrelako zerbait zerorrek abiatzeko; gobernuak, ordea, iaz egin zuen lan deialdi hori, baina udalak ez.

Guzti hau ikusita, gure aldarrikapena kaleratzen hasi ginen , batez ere azken hilabeteetan.

Ander Orozek, Antsoaingo alkateak, hainbat adierazpen egin zizkion Naiz hedabideari gai honen inguruan. Aztertu ditzakegu alkatearen argudioak?

N.E: “Ley de Estabilidad Pesupustaria” delakoak ez omen die irakasle gehiago kontratatzen uzten. Guk ez dakigu hori ze puntutaraino den horrela, ez gara adituak lege kontuetan. Dakiguna da Nafar Gobernuaren lan deialdia probestu zezaketela eta ez zutela egin. Bestalde, beti daukat gogoan adibide bat: kuota gehigarriaren kontuarekin ari ginenean udalak esan zigun ezin zutela hitzarmenik egin Iruñeko udalarekin, ezinezkoa zela. Hori aztertzen hasi ginen, eta azkenean bai, posible zen egitea.

I.R: UGT-k udalaren plantilla organikoa osoaren aurka errekurritu duela ere aipatzen da bertan, euskara dela eta. Haur eskolaren gaira mugatuta, legez 9 hezitzailetik 6 euskaldunak izan beharko lirateke, eta ez da horrela.

N.E: Duela bi urte argi esan ziguten “hainbat zailtasun” zituztela. Kontua da duela bi urte galdetu genuela zergatik ez zegoen euskarazko murgiltze eredurik, eta azaroan sartu genuen instantzian galdetu genuen zein neurri hartuko zituen udalak eta zein epeetan. Arazoen diagnostikoa gauza bat da, baina gu harago goaz: arazo batzuk daudela ikusten baduzue, zein neurri hartuko dituzue eta zein epeetan? Azkenean, pasa den astean bildu ginen, baina bitartean ez genuen erantzunik jaso (ia lau hilabetez). Horrek gure partetik hainbat protesta eragin zituen: umeekin sartu ginen udaletxean jolastera,  itxialdia, kontzentrak…

Orozen adierazpenetako batek arreta piztu zidan: “Antsoaingo irakasleen birziklatze bat bultzatu zuten zeukaten euskara jakintza sustatzeko, baina ez zuen arrakastarik izan”. Ze esan nahi du honek? Sei langile erdalduni eskatzen diezula zerbitzu publiko bat emateko euskaraz ikastea, eta ezetz esaten dizutela? Hor sartzen al da UGT, langile elebakarren pribilegioak babesteko lobby gisa?

I.R: Hor udalak haur eskolako gaia udalbatzara eraman eta era berean erretiratu zuenekoa datorkit gogora. Guk ez dakigu zergatik erretiratu zuten eurek aurkeztu behar zuten puntua (hori udalak jakinen du), baina ondoriozta daiteke euskalduntze neurria bermatzerik ez zutela izan…

Lehen aipatu duzue kuota gehigarrien harira Arartekora jo zenutela duela urte pare bat. Zuen haurrak herrian eta euskaraz hezteko eskubidea duzuela adieraziz jo duzue berriz berarengana. Zer dio Arartekoak?

I.R: Behatokikoekin aurkezu genuen kexa, eta ondoren Arartekoak udalaren iritzia ere jaso zuen. Guztia aztertu eta gero, bi gomendio luzatzen dizkio udalari: batetik berma dezala Antsoaingo gurasook gure haurrak euskaraz hezteko daukagun eskubidea (Euskararen Legean oinarrituta);  eta bestetik, ebazpenarekin bateginez gero, ze neurri hartuko dituen zehaztea. Hortik aurrera udalak bi hilabete dauzka erantzun bat emateko. Arartekoak aholkatu egin dezake, ez agindu.

Testuinguru honetan egin zen otsailaren 29ko manifestazioa, “Euskara eskubidea”. Nola baloratzen duzue manifestazioa?

I.R: Gu pozik. Gonbitea jaso genuen Iruñeko haur eskoletako gurasoengandik, eta argi ikusi genuen “Euskara eskubidea” lelopean gaudela gu ere. Guretzat garrantzitsua izan zen bertan egotea, beste herrietako esperientziak ezagutu (Mendigorria, Iruñeko haur eskolak, NUPeko ikasleak, Lanbide Heziketakoak…) eta gurea ere kontatzeko. Manifestazio ederra izan zen: jendetsua, koloretsua, animo askorekin egina… Herrian egun hari begira gure lanketatxoa egin genuen.

N.E: Bestalde, aipatu nahiko nuke nabaritu genuela mobilizazioaren prestaketan hainbat erresistentzia egon zirela Antsoaingo haur eskola euskaldunaren aldarrikapena baldintzatu nahian. Guk garbi genuen gure aldarrikapena primeran txertatzen zela manifestazioan, eta inork ez digu esango gure umeek euskaraz ikas dezaten egiten dugun borroka noiz, non eta nola egin behar dugun.

Duela gutxi “Denok batera Antsoain euskaldunaren alde” iritzi artikulua publikatu zuten ZuZeun Imanol Karrerak eta Saul Arangibelek. Honakoa zioten: “Antsoaingo Udala (EH Bildu) Navarra Sumak eta PSN-k urteetan egin dituzten eta oraindik ere egiten dituzten eraso euskarafoboekin … parekatzeak, aurreko larunbateko manifestazioan gertatu zen moduan, ez du errealitatearekin bat egiten”.

N.E: Hemen ez daukagu umeak euskaraz matrikulatzeko aukerarik, hori da kontua. Manifestazioan zaku berean sartu zena euskaraz ikasteko eskubidea aldarrikatzen duten adibide ezberdinak izan ziren, hurrengo egunetako egunkarien lerroburuetan ikus zitekeen bezala. Lekuz kanpo dagoen eztabaida bat da.

Zuen kasua beste guztiengandik ezberdintzen duena da EH Bildu dagoela udalean. Egoera nahiko paradoxikoa da.

 

 

Itziar Ruiz.

 

 

I.R: Guk ez dugu begiratu ea nor dagoen agintean, guk gure seme-alaben hizkuntza eskubideei begiratu diegu. Egiten ari garena herriari egiten diogun ekarpen bat dela iruditzen zaigu. Konfrontazio honetatik ahalik eta urrunen mantentzea da gure borondatea. Gure asmoa ez da izan udalarekin talka egitea, kontrakoa, elkarlana bilatu dugu modu jator batean. Nahiz eta batzuetan, badirudi, ez asmatu.

N.E: Egia da momenturen batean, instantzia sartu eta ez dakit zenbait denborara erantzun bat jasotzen ez duzunean, ba pazientzia agortzen zaizula. Egoera horretan kokatzen da egin genuen itxialdia, adibidez.

I.R: Are gehiago, dena izan beharko litzateke errazagoa agintean dagoenak zure helburu berberak konpartitzen baditu.

Eta bada, agian, beste kasu batzuetan baino errazagoa, elkarlanerako atea zabaldu delako. Iragan astean udalarekin bildu zineten, eta ZuZeun argitaratu zenuten oharrean adierazi zenuten itxaropentsu irten zinetela.

N.E: Azken hilabeteetan dinamika bat eraman dugu aurrera, eta uste dugu bilkura bera horren fruitu dela. Otsail hasieran Arartekoarengana jo genuen. Jarraian batzar informatibo bat egin genuen herrian hurbiltzen zenari aditzera emateko zertan ari ginen eta ibilbidea zein izan zen; alkatea ere agertu zen batzarrera. Agerraldia eta kontzentrazioa ere egin ditugu. Horri “euskara eskubidea” manifestazioa gehitu behar zaio. Manifestazioaren bezperan jaso genuen alkatearen bilkura gonbitea. Mobilizazioari esker prozesua azkartu da.

I.R: Bilerari berari buruz esan daiteke itxaropentsu irten ginela. Hiru familia, alkatea eta bi zinegotzi elkartu ginen. Guk plan bat eskatu izan diogu udalari, eta lehenik eta behin onartu ziguten ez dagoela planik; baina zirriborro posible bat aurkeztu ziguten, eta lehenbailehen ixteko asmoarekin. Aurrematrikulazio epeak laster hasiko dira, eta beraz, hurrengo ikasturtean ezinezkoa da plan hori aplikatu ahal izatea; gure itxaropena 2021-22 ikasturte hasieran kokatzen da, espero dugu ordurako euskarazko lerroa abiatzea.

Non kokatzen duzue zuen burua bilera honen ondoren? Zein da zuen egitekoa epe laburrean?

I.R: Gurea asmoa da Antsoaingo gurasoak animatzea umeak euskarazko haur eskoletan matrikula ditzaten (aurrematrikulazio epea atzeratu egin da berrogeialdiarengatik). Ingurura jo beharko dugu, eta badakigu Iruñean ezinezkoa izango dela. Publikoetara joko dugu, eta ezinezkoa bada pribatuetara. Bestalde, familia bakoitzak bere lehentasunak dauzka, bere egoera, bere baldintzak… Normalena, umea haur eskola batean hartuko dutela bermatzea gurasoak lanera joan ahal izateko.

N.E: Euskarazko ereduaren alde egiteak gastu gehigarriren bat suposatuko baligu, Antsoaingo udalak kasuak aztertzeko konpromisoa hartu du.  Iruñean lehen txiripaz sartzen ginen Txantrean edo Errotxapean, baina orain ezinezkoa izango da… nork daki… agian etorkizun batean Iruñekoak etorri beharko dira Antsoainera umeak euskaraz matrikulatzera!


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hizkuntza eskubideak
Zergatik Durangora joan abenduaren 7an?

Euskalgintzaren Kontseilua hizkuntza larrialdia bizi dugula ohartarazten ari da azken astetan. Urte dezente pasa dira euskararen biziberritze-prozesuaren egoera bidegurutzean, errotondan, inpasse egoeran eta antzeko hitzekin deskribatzen hasi zenetik, hizkuntza politikek... [+]


2024-11-27 | ARGIA
Korsikako Asanblean frantsesa inposatzen jarraitzen dute, korsikera debekatuta

Korsikako legebiltzarkideek ezin dute Korsikako Asanblean korsikeraz hitz egin, Bastiako Auzitegiaren 2023ko epai baten arabera. Ebazpen horri helegitea jarri zion Asanbleak, baina debekua berretsi du orain auzitegi berak. Epaiak tokiko beste hizkuntzei eragiten diela ohartarazi... [+]


2024-10-28 | Leire Ibar
Azken epai euskarafoboaren harira, “enplegu publikorako hizkuntza bakarra gaztelania izatea” salatu dute

ELA, LAB eta Kontseiluak elkarretaratzea egin dute, Administrazioarekiko Auzietarako epaitegi batek Kabia organismoari emandako ebazpenaren aurka protestatzeko. Euskara maila bermatzeko ahalegina “hutsaren hurrengoa” bilakatzeko arriskua dagoela salatu dute.


Donostiako Decathlonek dio errotulazioa euskaraz ere jarri beharra “inposizioa” dela

Donostiako Decathlon saltoki handiak errotulazioak euskaraz ez dauzkalako kexa jarri du kontsumitzaile batek Behatokian. Saltokiaren erantzuna (gaztelaniaz) esanguratsua da: Erkidegoko legeak ez du jasotzen inongo inposiziorik karteldegia euskaraz jartzeari buruz. Alegia, lege... [+]


Gipuzkoako Aldundiaren zaharren egoitza batzuen euskara eskakizunak “neurriz kanpokotzat” jo ditu Donostiako auzitegi batek

Kabia organismoaren zaharren egoitzetan 54 plaza egonkortzeko 2022an onartutako lan-eskaintza bertan behera utzi du Donostiako epaile Gonzalo Pérez Sanzek. Gipuzkoako Aldundiaren erakundeak jarritako hizkuntza eskakizuna gehiegizkoa eta baztertzailea dela dio epaileak.


Arreta katalanez eskaintzen ez duten komertzioak zigortuko dituzte Andorran

6.000 eurotik 10.000 eurorainokoak izango dira zigorrak. Katalana da Andorrako hizkuntza ofizial bakarra, nahiz eta biztanleen erdiaren ama hizkuntza gaztelania den.


Mediku euskaldunak falta badira, zergatik EHUk ez ditu eskaintzen Medikuntza plaza gehiago euskaraz?

Eusko Legebiltzarrera heldu da gaia, eta pobrea izan da Eusko Jaurlaritzaren erantzuna. Osakidetzak medikuak falta dituen arren, apenas handitu diren Medikuntza ikasteko plazak EHUn. Gainera, karrera euskaraz ikasteko plaza gutxiago eskaintzen dituzte espainolez baino, nahiz eta... [+]


Nafarroako Gobernuak administrazioan sartzeko euskara baloratzeko merezimenduen dekretua onartu du

Premiazko txostena eskatu dio Nafarroako Kontseiluari. Behin betiko onartzeko aurretiazko urratsa da, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak aurreko dekretuaren zati batzuk baliogabetu eta bost urtera.


2024-09-25 | ARGIA
Epaiketak euskaraz egin ahal izatea bermatu behar duela esan dio Europako Kontseiluak Espainiari

Justizian, osasungintzan eta gizarte zerbitzuetan euskara bermatu dadin, zerbitzu publikoak euskaraz jaso ahal izan daitezen, Nafarroako zonifikazioa amaitu dadin eta ETB3 Nafarroa osoan ikus dadin neurriak hartzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari Europako Kontseiluko Adituen... [+]


EHUn euskaraz ikasi nahi eta gaztelaniaz egitera behartuta

Filosofiako laugarren mailan, EHUn, nahitaez ikasgairen bat gaztelaniaz hautatu behar dute ikasleek, ez baitago nahikoa ikasgai euskaraz. Gaztelaniazko ikasleek ez dute arazo hori, eta bitxia da, euskarazko ikasle gehiago dagoelako gaztelaniazkoak baino. Beste karrera batzuetan... [+]


2024-09-19 | ARGIA
Hizkuntz eskubide urraketen aurrean “desadostasuna agertzeko” elkarretaratzea deitu dute Kontseiluak eta Bagerak Donostian

Irailaren 18koa da azken sententzia: Donostiako udaltzaingorako lanpostu deialdiaren euskara eskakizuna atzera bota du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak. Euskalgintzaren Kontseiluak eta Donostiako Bagera Euskaltzaleen elkarteak elkarretaratzea deitu dute Donostian, Alderdi... [+]


2024-09-13 | ARGIA
Tematzearen emaitza: errepide seinaleak euskaraz

Herritarrak eskatzen du seinaleak euskaraz jartzeko. Gobernuak erantzuten dio legeak ez duela horretara behartzen. Behatokiak erantzuten dio, legeak ez badu derrigortzen ere, euskaraz jartzeko debekurik ez duela. Gobernuak bereari eusten dio. Alabaina, herritarrak tematzen dira... [+]


Gorputz hotsak
“Oso arriskutsua da pentsatzea edonork irakatsi dezakeela zeinu hizkuntza”

Sarean lan egiteko elkar entzutea eta errespetatzea “nahitaezkoa” da Aitor Bedialaunetarentzat (Ondarroa, Bizkaia, 1991). Euskal Gorrak, Pertsona Gorren Elkarteen Euskal Federazioko presidentea zeinu hizkuntzaren kalitatea zaintzearen garrantziaz mintzatu da. Salatu... [+]


Eguneraketa berriak daude