'Here'

2023ko urriaren 01ean - 09:00

Hoberena amaierarako utzi banu bezala, laztan gogoangarri bat izan da 71. Zinemaldiko azken egunean ikusi dudan Here, Bas Devos zuzendari belgikarrarena. Brusela zabalean topo egiten dute Stefanek, eraikuntzako langile errumaniarrak, eta Shuxiuk, txinatar migratzaileen alaba eta goroldioetan aditua den ikertzaileak. Stefan sorterrira itzuli baino egun batzuk lehenago ezagutzen dute elkar, baina, akaso, ernaltzeko bidean egonagatik ia ikusezina den harremanak geldituko du bere irteera. Bi pertsonaien bateratze ederra laguntzeko, hiriaren eta naturaren zein gauaren eta egunaren azterketa lirikoak ikusiko ditugu.

Hiri eta istorio handien bazterrean, protagonisten bizitza itxuraz paraleloak topatzean marrazten den bidegurutzea behatzen du mimo eskuzabalez Devosek. Hasieran banaka jarraitzen ditu Stefan eta Shuxiu; lehenaren insomnio gau luzeak eta bigarrenaren azterketa mikroskopikoak laguntzen ditu. Miresmenez begiratzen diote munduari Stafanek eta Shuxiuk, eta, hain zuzen ere, behaketa doinu hori da nagusi filmaren aurrera-egite barean.

4:3 formatu orekatuak eta argazkilaritza lan apartak film harmoniatsua eraikitzen dute, keinuen eta xehetasunen poetika erdian jartzen direlarik. Asmo samur eta apaltasun finak bihurtzen dute Here Zinemaldiko azken egunean jaso nezakeen oparirik ederrena. Egun hauetako neke eta presaren artean, azkenik, arnasgunea.

'Mirande, film bat egiteko zirriborroa'

Stefan eta Shuxiu utzi eta ezagunagoa zaigun bikotearekin eman diot behin betiko amaiera aurtengo nire Zinemaldiari: Mirande-Martinez tandemaz ari naiz, hain zuzen. Zinemaldiko aspaldiko laguna da Josu Martinez. 2009an Itsasoaren alaba aurkeztu zuenetik, hamar bat izan dira Donostian ikusgai izan diren bere filmak. Euskal zinema politikoaren zutarrietako bat da bere obra eta, aurtengoan, bi dira Zinemira sailera ekarri dituenak: Bizkarsoro eta Mirande, film bat egiteko zirriborroa. Bigarrena, Miel Anjel Elustondorekin batera idatzikoa, izango dut hizpide.

Mirandek gaztetatik sortutako miresmena abiapuntutzat hartuta, zirriborro izateko asmoaz jaio zena film itxuroso bihurtuko da. Nazia, pedofiloa, misoginoa... eta euskal literaturaren mugarria. Zer egingo dugu Miranderekin? Galderaren haritik tiraka, idazlea ezagutu zuten pertsonak elkarrizketatzen ditu Martinezek; baita hura ezagutu ez, baina nolabait haren obrari gertukoak zaizkion beste zenbait. Denen artean sortzen dute gizonaren erretratua. Pasadizo pertsonalen, gogoeta literarioen eta hausnarketa politikoen artean arakatzen du filmak. Bide batez, arriskatuak dira azken horiek zenbaitetan. Adibidez, ezin onar dezakegulako nazismoa “izaeraren parte” soil bat besterik ez dela, filmaren une batean elkarrizketatuetako batek iradokitzen duen bezala. Labanaren alde batean autorea, bestean obra. Eta bien arteko ertz zorrotzaren gainean, orekari, Martinez.

Elkarrizketez gain, Miranderen zenbait idazki, argazki ezezagunak eta testu argitaragabeak ere miatzen ditu filmak. Baina errekurtso bat gehiago du prest Josu Martinezek hasierako galderari erantzuteko, hots, Mirande beraren hitzetara eratortzea, jenioak bere buruaz zer esango lukeen jakiteko. Hala, elkarrizketa formatuan, Mirande haragiztatzen duen Peio Berterretxek Martinezen galderei erantzungo die, hitzez hitz idazlearen gutun eta lanetatik ateratako adierazpenekin.

Miranderen figura zuritu gabe, baina kutsu baikor nabariarekin, erantzunak baino, galdera berriak topatzen ditu Josu Martinezek filma amaitzen denerako. Agian, Cristina Morales idazle espainiarrak dioen legez, gozamen bikoitza aitortu beharko diogu Mirande bezalako autoreak irakurtzeari: batetik, kalitatezko literaturarena; bigarrenik, jarrera erreakzionarioei kritika beharrezkoarena.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zinemaldia 2023
2023-10-02 | Ixone Santamaria
Donostia Zinemaldiak eman duena
Oroituko dugunaz


Sail Ofiziala. 9.eguna | Lehiatu ez diren bi lan
Dantza egiteko unea


2023-10-01 | ARGIA
‘O Corno’ galegozko filmak irabazi du Urrezko Maskorra

71 ediziotan lehen aldiz, euskal herritar emakumezko zinegile baten lanak eskuratu du sari nagusia. Jaione Camborda donostiarrak jaso du Urrezko Maskorra; laugarren urtez jarraian, emakumezkoa da sariduna.


2023-09-30 | Ixone Santamaria
Donostiako Zinemaldia. 8.eguna
Ilunabar goriak


2023-09-29 | Ixone Santamaria
Donostiako Zinemaldia 7. eguna
Bakoitzak urraturik berea

Zinemaren industriak dakarren burrunbak eta nazioarteko izarren distirak (aurten lausoagoa AEBetako gidoilari eta aktoreen greba historikoa dela eta) askotan itzaletara kondenatzen ditu asmo zein iraupenean apalagoak dituzten lanak. Horregatik, gaurkoan, film-luzeen kategoriatik... [+]


2023-09-28 | Ixone Santamaria
Donostiako Zinemaldia 6. eguna
Transzendentziaren luze-zabalaz

Luzeegiak dira batzuetan Zabaltegi-Tabakalerako emanaldiak, luzeak Zinemaldiko egunak eta, akaso, luzeegia nire gaurko kronika. Ikusitako filmentzat hitz handiak ez badakartzat ere, Tabakalerako besaulkiak Donostiako erosoenak direla jakinarazten dizuet modu ofizialean.


2023-09-27 | Ixone Santamaria
Donostiako Zinemaldia. 5.eguna
Etxeak eta egunak

Dokumental berrirako lokalizazioak bilatzen ari zela egin zuen topo Martín Benchimolek gazteluarekin, aristokrazia argentinarraren ilunabarraren zantzua. Liluratuta, tokiko jabea ezagutu nahi izan zuen. Modu horretan, eta harriduraz betea, ezagutu zuen azal beltzaraneko... [+]


Eguneraketa berriak daude