Iradokitzailea delakoan edo, muga-zergen gatazkaren harira norbaitek berriro zirkulazioan jarri duen Maoren 1953ko bideoaren garai hartakoa da milioi bat igerilariren txantxa. Alegia, orain harekin bat egiten omen duen Xi Jinping jaio zen urtekoa.
Luzetxo (eta garestiegi) zihoan Koreako Gerra ordurako, eta Dwight D. Eisenhower-en AEBetako administrazio berria zalantza nabarmenean zebilen, aurrera (hau da, gerra areagotuz, Txinaren aurka arma nuklearrak erabiltzeko hautabidea lehen planoan zela) ala atzera (hots, negoziazio-mahaiaren aldeko hautua egin) behar ote zuen erabaki ezinik. Testuinguru horretan ulertu behar da bideoan ageri den Maoren mezua: egin dezatela Estatu Batuek nahi dutena; guk azken-azkeneraino egingo dugu borroka. Itxurakeria ala delibero irmoa ote zen? Ez zen frogatu, eta hobe.
Esaten da Eisenhower eta haren ingurukoen artean igerilarien trufa hura erabakigarria izan zela Koreako armistizioaren aldeko hautuak irabaz zezan. Egia baitzen gerra areagotzearen aldekoen (demagun, Dulles anaien) argudio nagusia zela Korean menia hitzartzen bazen, jarraian, txinatar “gorriek” Taiwan erasan zezaketela. Aurkarien arrapostua zen, ordea: “Bai, milioi bat igerilarirekin!”.
Egia biribila zelako orduko hartan Maoren Txinak ez zuela inolako gerra-ontzidirik. Beraz, nahi izanda ere, ezinezkoa izango zitzaiela Taiwan hartzea. Ez da 70 urte geroagoko egoera. Trufari trufa egiteko edo, gaur egun, Taiwanen manupekoa den Kinmen irla eta kontinenteko Xiamen hiri tzarraren arteko itsasartea –bospasei kilometro, han– zeharkatzeko igeriketa egin ohi da urtero, festa-giroan.
Pasadizoak balio behar liguke, haatik, analogiaz bederen, geure buruari galdera serioagoa egiteko: sinesgarria ote da oraintxe bertan Trump administrazioak muga-zergen anabasa sutzeko darabilen argudio nagusia, hau da, azken hamarkadatan erbestera joan zaizkien manufaktura-industriak berriro Estatu Batuetara erakarri behar direla eta nahi dituztela?
Emmanuel Todd-en azken obra, La Défaite de l’Occident (Mendebaldearen porrota), irakurri ahal izan dugunok apenas izango dugun zalantzarik ezetz erantzuteko. Eta ez argi baino argiago dagoelako Toddek berak ere hala erantzungo lukeela (Trumpen bigarren agintaldia baino lehen argitaratu da liburua, baina ezin ilunagoa du AEBei buruzko diagnosia), baizik herrialde desberdinetako hezkuntza-sistemen jarduerari buruz azaltzen dituen datuengatik. Batez ere, Estatu Batuen eta Errusiaren (eta India, eta abarren; Txina aparte utzita) “ingeniari-sorkuntzaren” bilakaeraz erakusten duena, eta horrek ekonomiarako iradokitzen duena, aintzat hartuta.
Igerilari txinatarren trufak zioen bezalatsu, milioika abokaturekin egin beharko luke berrindustrializazioa Trumpek.
Bandera amerikanoz inguratuta, muga-zergen oldarraldi berria iragarri zion munduari Donald Trumpek apirilaren 2an. Geroztik hamaika astindu jasan dituzte burtsek eta nazioarteko merkataritzak. Baina hau ez da zoro baten boxeorako ringa bakarrik: AEBetako politikan hamarkada... [+]
Washington (AEB), 1930eko ekainaren 17an. AEBetako Kongresuak Muga-Zergen Legea onartu zuen. Smoot-Hawley Legea ere esaten zaio Reed Smoot senatariak eta Willis Hawley diputatuak bultzatu zutelako.
Legeak 900 produktu ingururako inportazio zerga-mugak %40 eta %60 artean igo... [+]
Jaitsiera AEBen muga zergen igoerari erantzun ez dieten eta negoziatzeko prest azaldu diren herrialdeei aplikatu diela argudiatu du Donald Trumpek, Europar Batasuna barne. Txina eta AEBen arteko lehia komertzialak gora egiten jarraitzen du.
Trumpen muga-zergen inguruan, orain arte, inor gutxik aipatu du horren guztiaren iturburua eta, Sun Tzuren ikuspuntutik, ekimenaren akatsik larriena izango litzatekeena: estrategia zuhur eta sakonik eza.
Muga-zergak apirilaren 2tik aurrera ezarriko dira eta altzairuari eta aluminioari ezarritakoei batuko zaizkie. "Gurekin negozioa egiten duten eta gure aberastasuna eskuratzen duten herrialdeei ezarriko dizkiegu", AEBetako presidenteak adierazi duenez.