argia.eus
INPRIMATU
"Galdeketan geratu zaie"
Zabalza kasuaz hizketan, Intxaurrondoko kuartelean sistematikoki torturatzen zutela frogatzen duen audioa
  • “Eskua joan zaie”, esaten dio Pedro Gómez Nieto Guardia Zibileko kapitainak Luis Alberto Perote CESIDeko koronelari. Público-k argitaratu du audioa, Non dago Mikel? dokumentalerako ikerketa aipatuz iturri gisa. Zabalzaren heriotzaz gain, torturaren erabilera ohikoa zela erakusten du hotzikara eragiten duen audioak.

Zigor Olabarria Oleaga @zoleaga1 Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz 2021eko otsailaren 22a
Intxaurrondoko kuartela II. Mundu Gudaz geroztik, Europako tortura gune nagusia izan zela ondorioztatu du zenbait ikerlarik.

1985eko azaroaren 26an Mikel Zabalza atxilotu zuen Espainiako Guardia Zibilak, bere lehengusuarekin eta Ion Arretxerekin batera. Abenduaren 15ean bere gorpua Bidasoa ibaian aurkitu zuten. Bitarte horretan, guardia zibilek familiari esan zioten Endarlatzan ihes egin zuela.

Ostiralean Hego Euskal Herriko zinemetara helduko den Non dago Mikel? dokumentalaren egile Miguel Ángel Llamas Pitu eta Amaia Merinok aurkitu zuten astelehenean Público-k zabaldu duen audioa.

Azpiko bideo honetan entzun daiteke elkarrizketa.

 

“Galdeketan geratu zaie”

“Zabalzaren gaia oso itsusi dago”, hasten zaio esaten Perote Gómez Nietori, eta honek bere ustez gertatu dena azaltzen dio. Bere iritzian galdeketan Zabalza “eskuetatik joan zaiela” eta bertan “geratu zaiela” azaltzen dio kapitainak koronelari. “Intxaurrondon?” galdetzen dio Perotek, eta Gómez Nietok erantzun: “Bai, nire irudipena da galdeketan. Litekeena da bihotzeko geldialdi bat izatea, buruan poltsa edukitzearen ondorioz”. Kapitainak Intxaurrondon “akats asko” egin dituztela dio, galdeketa egin bitartean jendea zegoela eta senideak “bertan” (pentsatzekoa da kuartelean esan nahi duela, familia bertara hurbildu baitzen Zabalzarengatik galdezka). Aipatzen du ere medikuak ohartarazi zuela Zabalza osasunez ahul zegoela aurretik ere, azken urtean hiru ebakuntza izan zituela.

“Kaputxak gardena izan behar du”

Tortura ohikoa zela argi uzten du audioak. Gómez Nietok Peroteri esaten dio berari eta “Pindado kapitainari” ere ia “geratu” zitzaiela beste atxilotu bat, kaputxa erabilita hura ere. “Kaputxa irensten al zuen?” galdetzen dio Perotek. “Ez, ez” ematen dio azalpena Intxaurrondoko kapitainak, esanez arazoa dela une jakin batetik aurrera torturatuak bere karbono monoxidoa arnasten duela, eta itotzen hasi. “Ito egiten da, ito egiten da, esfinterrak ireki egiten zaizkio”. Gakoetako bat kaputxa gardena izatean dago, Gómez Nietoren arabera: “Bizitza ikusi eta heriotzaren sentsazioa har dezan”.

Euskal jendartearen zati handi batek ez du sorpresaz hartuko audioaren edukia baina, hala ere, hotzikara eragiten du entzuteak. Agian asaldagarriena ez da estatuko bi funtzionario horiek esaten dutena, baizik eta torturaz, torturarako teknikez, torturapean hildako herritar batez edo “ia” hil zuten batez hitz egitean erakusten duten hoztasuna eta ohikeria.

Agian asaldagarriena ez da estatuko bi funtzionario horiek esaten dutena, baizik eta torturaz, torturarako teknikez, torturapean hildako herritar batez edo “ia” hil zuten batez hitz egitean erakusten duten hoztasuna eta ohikeria

Jarraian transkribapena euskaratuta:

P- Zabalzaren gaia oso itsusi dago.

G.N- Bai, oso gaizki.

P- Felipe eta hauekin hitz egin duzu?

G.N- Ez, ez dut hitz egin. Bat bateko nire iritzia... eskuetatik joan zaie. Galdeketan geratu zaie.

P- Intxaurrondon hil zitzaiela uste duzu?

G.N- Bai, nire irudipena da galdeketan izan zela. Litekeena da bihotzeko geldialdia izatea, buruko poltsaren ondorioz. Hori uste dut. Akats asko egin zituzten, hau da, galdeketa egitea ondoko gelan senideak zeudela... Nik uste dut hau gertatu dela medikuak esaten zuelako osasunez gaizki zegoela, azken urtean hiru ebakuntza izan zituela Zabalzak. Eta "amak" dio kaputxarekin ikusi zuela eta nik uste dut geratu egin zaiela. Guri ia geratu zitzaigun, ia, herrialde burua, Martin Barrios kapitainaren heriotzan parte hartu zuten komandoen buruzagia. Pindado kapitainari eta bioi ia geratu zitzaigun.

P- Kaputxarekin.

G.N- Kaputxarekin. Guri geratu zitzaigun ia.

P- Kaputxa irensten al zuen?

G.N- Ez ez, gertatzen dena da une batean bere karbono monoxidoa arnasten ari dela, orduan itotzen ari da. Ito egiten da, ito egiten da, esfinterrak ireki egiten zaizkio, hau da, tipoa ito egiten da. Eta gainera guri begira dago, hau da, gaiaren muina ez da berak ezer ez ikustea. Zeren, azken finean, puntu batean murgilduta balego bezala da, bestela ez... Kaputxak gardena izan behar du, bizitza ikus dezan, eta heriotzaren sentsazioa izan dezan.

Público egunkariak jakinarazi duenez, audio hau informazio sekretua eskuratzeagatik eta legez kanpoko telefono entzuketak egiteagatik zigortua izan zen Peroteri inkautatu zioten bere garaian. El Mundo-ko kazetari Antonio Rubio eta Manuel Cerdánek transkripzioa argitaratu eta epaitegietan aurkeztu zuten Zabalza kasuko froga gisa, baina Gómez Nietok ukatu egin zuen audio hau egitazkoa zenik eta epaitegiek baliorik gabe utzi zuten. Zabalza hil zutela 35 urte igaro direnean, lehen aldiz audioa zabaldu zaio iritzi publikoari, norberak bere ondorioak ateratzeko moduan.

Zabalza kasuagatik ikertua izan ostean, Pedro Gómez Nieto torturatzailea karguz igo zuten teniente kapitain postura, Naizek argitaratu duenez. Javier Gómez de Liaño epaileak espetxeratu egin zuen hiru hilabetez, CESIDek Peroteri bere presondegiko gelan inkautatutako paper batzuetan oinarrituta, Lasa eta Zabala kasuarekin lotzen zuten hauek. Hala ere, Espainiako Gobernuak uko egin zion dokumentu horiek desklasifikatzeari eta torturatzailea aske geratu zen.