Migratzaileen kontrako makro-operazioa: 135 pertsona atxiki ditu Poliziak Irun-Hendaia artean

  • 350 poliziako "Force Frontière" dispositiboa baliatu dute Gipuzkoako eta Lapurdiko mugetan migratzaileen kontra egiteko martxoaren 26 eta 27an. Aurrez "terrorismo islamistaren" aurka egiteko aitzakiaz erabiltzen zituzten dispositiboak, orain "migrazio klandestino" ororen kontra egiteko baliatu dute. 


2025eko apirilaren 01ean - 11:03
Azken eguneraketa: 14:19

"Force Frontière" dispositiboa da Frantzia eta Italiaren artean esperimentatzen aritu diren kontrolerako instrumentu berria, estatuaren indar armatu guztiak “mugaren gurutzatze irregularrak kontrolatzera" bideratzea ahalbidetzen dio gobernuari, Antxeta Irratiak jaso duenez. Biriatuko –muga administratiboko– ordainsarian 48 orduz izan zen kontrola martxan eta beste hemeretzi mugako pasabide kontrolatu zituen Force Frontièrek.

Mugako dispositibo berri honek Poliziaren izugarrizko antolaketa gaitasuna eskaintzen dio Frantziako Barne Ministerioari, lehen saiakeran 350 agente bideratu baitzituen migratzaileak atxikitzera. Horrek mugaren makro-kontrola ahalbidetu zuen, ahalik eta agente gehien migratzaileen kontrol lanetara bideratuz. Hala, Polizia Nazionala eta haren menpeko CRS konpainiak, OLTIM agentzia eta PAF mugako polizia, Jendarmeria, Aduanetako polizia eta Lurreko armadaren Sentinelle misioa mobilizatu zituzten bi egunez Antxetak ezagutarazi duenez. Hala ere, 30 soldaduk polizia gisa jarduteko botererik ez zutela eta gerra garaietatik kanpo mugetan eragiteko eskumenik ez zutela jakinarazi du Aimar Lopez irratiko kazetariak.

Guztira 135 pertsona atxilotu zituzten. Horietako 23 Espainiako Poliziaren esku geratu ziren, Guardia Zibila zein Espainiako Polizia Nazionala ere kontroletan izan baitziren. Hamazortziri Frantziako Estatua uztera behartu zitzaien administratiboki, OQTFa (Obligation de quitter le territoire français) erabiliz. Beste lau, Hendaiako atxilotuak atxikitzeko zentrora eraman zituzten. Horiez gain, diru truk muga pasatzeko aukera ematen ari zitzaien pertsona bat ere atxilotu zuten. 

Azken aldiko dispositiborik gogorrena

Antxetako kazetari Aimar Lopezek aditzera eman du dispositibo berri honen mobilizazioa ez dela inola ere beste muga kontrol baten gisara ulertu behar. Azken urteetako muga kontrolen indartzeak, Estatu Islamikoak Parisen egindako atentatu "bortitzen" ondorioz egin zirela, eta borroka "antiterrorista" pean mobilizatu zirela adierazi du. Baina martxoaren 26 eta 27an gertatutakoa espresuki “immigrazio klandestinoaren aurkako borrokan” oinarritu zela argitu eta bien artean "desberdintasun erraldoi bat" dagoela ohartarazi du.

Irratiak jakinarazi du Parisek "arrazoirik eta aitzakiarik bilatu gabe" Euskal Herrian hamar urtetan egiten duen lehen pertsona migratzaileen "ehiza" dela. Behe Bidasoako hedabideak, LR alderdiko Barne Ministro Bruno Retailleauri eta Justizia Ministro Gérald Darmanini egozten die dispositiboaren lehen aldiko erabilpena, eta biak Frantziako Gobernua eskuin muturrera eramateko saiakera bizian daudela adierazi du.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Force Frontière
Eguneraketa berriak daude