Mezu “faxistak” zabaltzeagatik ikertutako EHUko irakasleak salatu du sareetan identitatea ordezkatu diotela

  • "Gaia argitu arte, irakaslea ez da campusera itzuliko", adierazi du Joxerramon Bengoetxea errektoreak, eta gehitu du "bitartekaritza" bat abiatu dutela zer gertatu den ikertzeko eta horren aurrean zer egin ikusteko. EHUko Ikasle Kontseiluko lehendakari Iñigo Ugedok kexa formal bat aurkeztu dio Bengoetxeari.


2025eko otsailaren 10ean - 10:40
Azken eguneraketa: 14:22
EHU Leioako campusean mezu arrazistak eta faxistak zabaldu zituen irakaslearen aurka eginiko elkarretaratzea, iazko urrian LEIOATIK
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Ikamak eta Ikasle Kontseiluak irakasle batek bere sare sozialetan zabaldutako "mezu arrazistak, transfoboak eta faxismoaren aldekoak" salatu ondoren, Euskal Herriko Unibertsitateak ikerketa bat abiaraztea erabaki du. Joxerramon Bengoetxea errektoreak larunbatean EITBri eginiko adierazpenetan jakitera eman duenez, "gaia argitu bitartean" irakaslea ez da campusera itzuliko.

Salatutako irakasleak Arabako campuseko Farmazia Fakultatean irakasten du, eta ez da gisa horretako iruzkinak egin EHUko irakasle bakarra. Ikasturte hasieran Leioako campusean eskolak ematen zituen irakasle bat salatu zuten ikasleek, eta kasu horretan unibertsitateak beranduago erantzun bazuen ere, azkenean kanporatu egin zuen.

EHUko Ikasle Kontseiluko lehendakari Iñigo Ugedok kexa formal bat aurkeztu zion Bengoetxeari ostiralean, eta "berehalako neurriak" eskatu. Ikasle Abertzaleak taldeak "aurrerapausotzat" jo du neurria, baina gogorarazi du "ikasleak antolatzen hasi direlako" hartu duela neurri hori unibertsitateak. Ikama antolakundeak halako kasuei aurre egiteko deia egin du: "Honen aurka irmo jokatu eta alternatibak mahaigaineratu behar ditugu".

"Ziber eraso bat"

EHUk argitaratutako prentsa ohar baten arabera, ikertutako irakasleak ostiralean Ertzaintzaren aurrean salaketa bat jarri zuen, sareetan "ziber eraso bat" jasan zuela eta "identitatea ordezkatu" ziotela adieraziz. Gainera, bere ideologia sareetan argitaratutako mezuekin bat ez datorrela aldarrikatu du, EHUk esan duenez.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hezkuntza
2025eko azaroaren 26
Saioa Mujika Sierra. Pedagogia mugimenduan
"Herritartasuna bueltatu behar diegu, hori da umeekin daukagun zorra"

Eguneraketa berriak daude