“Mercedeseko lan baldintzak defendatuz, Arabako Metaleko langile guztienak defendatzen ditugu”

  • Asteazkenean deitutako greba “historikoa” izan zela adierazi dute Mercedeseko sindikatuek. %95eko jarraipena sindikatuen arabera, %75ekoa patronalaren esanetan, bi hamarkada baino gehiago ziren produkzio katea ez zutela eteten langileek. Hori guztia enpresaren, erakunde publikoen eta komunikabide nagusien presioaren pean. Beste bi greba egun daude deituta hurrengo asteazken eta ostegunerako, lan hitzarmena berritzeko negoziazioen testuinguruan. Enpresa Batzordeko buru eta ELA sindikatuko kide Igor Guevararekin hitz egin dugu enpresaren eta langileen eskaerez, iragarritako 1.200 milioi euroko inbertsioaz, aurrera begirako gakoez, sindikatuen arteko aliantzez zein enfrentamenduez, enpresa pribatu handiek politika publikoak beren zerbitzura jartzeko duten botereaz.


2022ko ekainaren 24an - 12:07
Asteazkenean ELA, LAB eta ESK sindikatuek egin zuten manifestazioaren irudia. Igor Guevara ezkerretik hasita lehenbizikoa da. Argazkia: Hala Bedi Asteazkenean ELA, LAB eta ESK sindikatuek egin zuten manifestazioaren irudia. Igor Guevara ezkerretik hasita lehenbizikoa da. Argazkia: Hala Bedi
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Zer balorazio egiten duzue asteazkeneko grebaz?

Oso positiboa. Tailerreko langile ia guztiek egin zuten greba, gutxieneko zerbitzuak eta behin-behineko langileak salbu.

Bi hamarkada baino gehiago dira produkzio katea ez dela gelditzen.

Zehazki ez dakit, baina 20 urte behintzat bai.

Espero zenuten ala sorpresa hartu duzue?

Langileen erantzunarekin oso harro nago. Gauden egoeran, enpresaren eta klase politikoaren presiopean, enpresa batzordean giroa ez denean egokiena langile guztiek bat egiteko... Harritu egin gaitu, positiboki.

Urte eta erdi daramazue lan-hitzarmen berria negoziatzen. Zeintzuk dira korapilo nagusiak?

Urte eta erdiz ari gara enpresak horrela nahi duelako: egoera luzatzen aritu da, Europako laguntzak nola banatuko ziren argitu zain. Martxoan argitu zen hori, orduan hasi zuen enpresak negoziazioa, esanez inbertsio bat egingo duela aurretik agindutakoa baino nabarmen handiagoa.

Aurretik zein inbertsio agindu zizueten?

Martxoan, zehaztasunik eman gabe, esan ziguten Alemanian pentsatzen ari zirela ibilgailu elektriko berriari begira 800 milioiko inbertsioa egitea. Behin Europako laguntzena argituta 1.200 milioiekin etorri zaizkigu, zehaztapen pixka bat gehiagorekin, baina gutxi egia esan.

Zertan baldintzatzen dute Europar Batasuneko laguntzek Mercedesen inbertsio proiektua?

Martxotik hona argitu da Espainiako Estatuan Europako funtsen dirua jaso ahal izateko baldintzak zeintzuk diren, eta 1.200 milioi euro horietatik, Mercedes 250 milioiko laguntza jasotzeko hautagaia da. Horri gehitu behar zaio Urkullu lehendakariak iragarri duen "kolaborazio publiko-pribatua", ez dakiguna zertan gauzatuko den.

"Lan-baldintzak asko aldatu dira azken hogei urteetan. Lan zama edo erritmoak ez du zerikusirik ordukoarekin, eta soldatei dagokienez, gure erosmen ahalmena asko jaitsi da"

Mercedesek fama du enpresa modernoarena, ondo ordaintzen duena, langileen eskubideak errespetatzen dituena. Baina sindikatuetatik oso errealitatea ezberdina salatu duzue. Zein da errealitatea?

Gu kontziente gara ditugun lan-baldintzak oro har langileek Araban dituztenak baino hobeagoak direla, baina horrek ez du esan nahi gure baldintzak okertzea onartu behar dugunik. Zorionez edo zoritxarre, erreferentzia gara Arabako metalgintzaren alorrean, eta erreferentzia denaren baldintzak okertzen direnean, gainontzekoenak atzetik doaz. Mercedeseko langileen lan baldintzak defendatuz, Arabako metaleko langile guztienak defendatzen ditugu.

Hori esanda, gure lan-baldintzak asko aldatu dira azken hogei urteetan. Lan zama edo erritmoak ez du zerikusirik ordukoarekin, eta soldatei dagokienez, gure erosmen ahalmena asko jaitsi da.

Sindikatu batzuekiko jazarpena eta beste batzuen promozioa salatu da Mercedesen hainbat aldiz.

Errealitate hori ukaezina da, langile guztiek ezagutzen dute. Behin-behineko langile bat inoiz ez da ELAra afiliatuko, badakielako ez dutela inoiz finko egingo. Jazarpena dago sindikatu batzuen aurka, eta faboritismoa beste batzuekiko. Lan sindikala egiteko orduan ere bai: batzuei, hilabeteko ordu sindikalak bost minututan gainditzen baditugu soldatatik kentzen digute; beste ordezkari batzuek bost minutu ez, bere lanpostua zapaldu ere ez dute egiten, inongo ondoriorik gabe.

"UGTk greba egunean guztiok harritu gintuen langileen esnatze hori lokartu nahi du"

Hogei bat urte izango dira lagun batek zera luzatu zidala, harrituta: "Esan didate finkoa egin nahi izanez gero UGTn afiliatu behar dudala". Salaketa berdina irakurri dut berriki Alea-ren erreportaje batean.

Enpresak lan-hitzarmenak sinatzen dizkieten sindikatuak babesten ditu. Badira sindikatuak hori erabiltzen dutenak, langileei esaten dietenak finko izan nahi badute berean afiliatu behar dutela –-nahiz eta gero ezin duten promesa egiten dieten guztiekin konplitu–. Ageriko sekretua da langileen artean.

Bi bloke eratu dira sindikatuen artean: UGT-CCOO batetik, ELA-LAB-ESK bestetik. Zeintzuk dira ezberdintasunak?

Ezberdintasun nagusiena da guk langileen iritzia kontutan hartzen saiatzen garela, eta beraiek ez. Hilabete dela ELA, LAB eta ESK-k enpresa batzordean proposatu genuen langileen batzar irekia deitzea. UGT eta CCOO aurka azaldu ziren, Ekintza eta PIM haien atzetik doaz beti. Sinadura bilketa egin genuen orduan, langileen %50 baino gehiagok eskatu zuten asanblea, tailerreko langileen ia %80, eta legeak badio ere %33a nahikoa dela enpresa batzordetik asanblada deitzeko, aurka egin zuten berriz ere.

Atzo [asteazkeneko greba eguneko mobilizazioetan], seigarren gauaren eta malgutasun handiagoaren aurkako oihuak oso nabarmenak izan ziren. Egun mahai gainean dauden proposamenetan, sindikatu horiek ez daude aurka, prezio bat jartzera mugatzen dira. Goizean zein arratsaldean bloke bakoitzak deitutako mobilizazioetan zegoen jende kopurua ikustea besterik ez dago langileak zein posizioetan dauden ikusteko, gehiengo sindikala beraiek badute ere [hau da Mercedeseko enpresa batzordearen osaera: UGTk eta ELAk 7na ordezkari; LABek eta CCOOk 4na; ESK-k, Ekintza-k eta PIMek 3na] .

Diozuna aintzat hartuta, gatazka egoera honetan sindikatu batzuek enpresaren interesen alde egitearen beldur al zarete?

Ari dira saiatzen jada. Gaur bertan [osteguna] UGTk proposamena bidali digu aurretik deituta genituen greba egun guztiak bertan behera uzteko, baita beraiek CCOOrekin batera ekainaren 29rako deitutakoa ere, eta Arabako Metalaren grebekin bat egitea. Arabako Metalean ekainaren 30ean soilik dago greba deituta uda aurretik, eta gero jada irailean. UGTk atzo guztiok harritu gintuen, langileen esnatze hori lokartu nahi du. Noiz eta Arabako Metalaren aurreko greba deialdietan bere delegatuak ere ez dutenean gelditu, ez zituzten beren afiliatuak deitu ere egin grebara.

"Langileek batasuna nahi dute, mobilizazioetan hori ere nabarmena izan da"

ELAk, LABek eta ESK-k astebeteko greba deitu zenuten datorren astelehenetik hasita. Zein da egoera orain?

Langileek batasuna nahi dute, mobilizazioetan hori ere nabarmena izan da. Gu saiatzen gara aintzat hartzen, baina baita ere azaltzen batasuna ez dela elkarrekin joate hutsa, baizik eta nora goazen adostea. Baina jende askok ez du ulertzen. Greba eguneko arratsaldeko manifestazioan, ELA, LAB eta ESK sindikatuek konpromisoa hartu genuen Seigarren gaua ez aldarria berriz ere enpresa batzordera eramateko, ea horren inguruan batasuna lortzen dugun. Enpresa batzordean gainontzeko sindikatuei proposatu diegu guk astelehen eta astearteko greba deialdiak bertan behera uztea eta asteazkenean, sindikatu guztiek greba deituta dugun egunean, asanblada irekia egitea, bertan nork bere proposamenak egin, langileak entzun, eta horren arabera hartzeko erabakiak. Erantzuna mailez eman digu UGTk. Seigarren gauaren inguruan ez dute ezer argirik esaten, eta asanbladarako prest agertzen dira, baina guk lan-hitzarmena babesteko konpromisoa hartuz gero erreferendumean langileek baietz esaten badute. Beraiek badakite gu ez gaudela ados erreferendumak egiteko moduarekin.

Zer dauka txarra erreferendum batek?

Urte asko direla gertatzen den zerbait da. Demokrazia deitzen diote guztien artean gutxi batzuen baldintzak erabakitzeari. Gu ados gaude langileei galdetzean, baina langile talde bakoitzari eragiten dioten gauzen inguruan. Ez zaigu justua iruditzen malgutasunak edo seigarren gauak eragingo ez dien langileen kopuru handi batek, tailerrean lan egiten ez duten 800 langile inguruz ari gara, horren inguruko erabakiak hartzea. Berdin asteburu eta jaiegunetan lan egiten duten 500 langileen kasuan: zergatik galdetu behar zaie beste guztiei ea onartzen dituzten 500 horiei inposatu nahi zaizkien baldintzak?

Bestetik, marka da gero, UGTk eskatzen digu erreferendumean bozkatuko litzatekeen lan-hitzarmena onartzeko konpromisoa hartzea, ez dakigunean oraindik ere zein litzatekeen haren edukia. Jakina, beraien jokaldia da guk ezetza ematea, beraiek argudiatzeko ez dutela asanblada irekia onartzen guk uko egiten diogulako erreferendumari.

"Ea langileen asanbladak lortzen duen desblokeatzea enpresa batzordean dugun blokeoa"

Eta CCOOk zer esan du?

Bileran esan dute seigarren gauren aurkako konpromisoa hartzeko prest daudela, baina alternatibak bilatu behar direla. Ez zait jarrera ulergarria egiten: alternatibak bilatu beharko dituzu, malgutasuna sakontzearen alde baldin bazaude. Alternatibak planteatzea enpresaren zeregina da, ikusi baitu langileek seigarren txandari ezetz esaten diotela argiro. Edonola dela, hartu du seigarren gauaren aurka egiteko konpromisoa. Asanblada orokorrari dagokionez, printzipioz baiezkoa eman du, baina hor ere alternatibez hitz egin du, inkestak aipatuz. Baina ea nola egiten duzun inkesten gardentasuna bermatzeko... Nik ez dut ezagutzen batzarra baino erreminta gardenagorik, non langileek parte hartu eta eztabaidatu dezaketen.

Orduan, zertan geratu da greba egutegia?

Enpresa batzordean ELAk, LABek eta ESK-k zuzenean esan dugu astelehen eta astearteko deialdiak bertan behera uzten ditugula, asteazken, ostegun eta ostirala mantenduz. CCOOk asteazkena eta osteguna planteatu ditu, eta guk onartu dugu. Batzar orokorra eta mobilizazio bateratuak lehenesten ditugu. Ea langileen asanbladak lortzen duen desblokeatzea enpresa batzordearen blokeoa. Baina asanbladarena konplikatua ikusten dut, ekiditen saiatzen ari baitira etengabe.

Gasteizko, Arabako eta EAEko erakunde publiko nagusiak enpresaren alde lerratu dira nabarmen, langileei eskatu diete “arduraz” jokatzeko edo “zaratarik” ez egiteko. Sindikatuetatik erakundeen “presioa” salatu duzue, nola eragiten die langileei?

Ez da lehen aldia, lan-hitzarmenaren negoziazioa dagoen bakoitzean errepikatzen den presioa da, oraingoan handiagoa bada ere inbertsioa handiagoa litzatekeelako. Baina instituzioak ez dira hasi hizketan justu orain kasualitatez. Mercedesek martxoan 800 milioi aipatu zituenean ere bazuten hitz egitea, baina ziurrenik Mercedesek esan zien: "Ez atera orain, oraindik ez dugula zehaztuta proiektua, ez dakigulako Europako laguntzak zertan geratuko diren". Oraingoan, inbertsioa iragarri eta bi minutura atera dira. Ez esatera Mercedeseko langileen lanari esker enpresak Gasteizen inbertitzea erabaki duela, baizik eta langileoi eskatzeko baldintzak onartu ditzagula. Gatazkaz hitz egin dute, eta jakina dagoela gatazka grebak deitzen direnean; baina baita ere eskatzen zaigunean jardunaldiak areagotzea, plusak sei urtez izoztea edo soldata KPIren arabera ez igotzea.

"Mercedes ez da enpresa bat, Alemaniak Araban duen enbaxada baizik"

Asteotan ikusi duguna ez al da ikuspegi neoliberal orokortu baten adibidea? Mercedes Araban, Volkswagen Nafarroan... Jendartea eta langileak gara enpresarekin zorretan daudenak "aberastasuna" eta "lanpostuak" sortzeagatik eta ez alderantziz, hortaz, ahal den guztia egin behar da haiek seduzitzeko: langileek, edozer onartu; erakundeek errekurtso publikoak haien mesedetan bideratu...

Nabarmena da. Nik esan ohi dut Mercedes ez dela enpresa bat, Alemaniak Araban duen enbaxada baizik. Hor barruan nahieran egin eta desegiten dute. Nik ulertzen dut administrazioa arduratzea eta Mercedes bezalako enpresa batek bertan jarraitzeko lan egitea, baina ezin du izan langileen lan-baldintzen eta dirua ematearen truk. Esperientzia horiek baditugu beste enpresa batzuetan, gerora alde egin dute eta langileak kaleratu dituzte.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Langile borroka
Arabako Foru Suhiltzaileek hiru asteko greba deitu dute

Eskakizun nagusienen artean plantilla handitzea, hitzarmen berri bat lortzea eta atseden egunak errespetatzea jaso dituzte ELAk eta LABek. Grebak ez du eragingo eguneroko suhiltzaileen zerbitzuan, baizik eta langileen atseden-egunetan bakarrik, Diario de Noticias de... [+]


2024-07-05 | Gedar
Astean sei eguneko lanaldia ezarri du Greziako Gobernuak

Egunean hamahiru orduz lan egitea ere legeztatuko dute 'Georgiadis Legea' delakoaren bidez, kaleratzeak eta "eskariaren araberako enpleguak" errazteaz gain. Langileek ezingo diote uko egin asteko seigarren lanegunari.


Bilbao BBK Live-k ‘life’-a xurgatzen dit!

Badator uda, eta horrekin batera, herri, auzo eta hirietako jai herrikoiak. Jaiak beti izan dira aldarrikapen sozial eta politikoen, auzokideen arteko harremanen eta euforia herrikoiaren aterpe. Gure kaleak hartzen dituzte, eta egun batzuez autogestioaren, desberdinen arteko... [+]


LABek soldatak igotzea eta zerbitzu publikoak indartzea eskatu dio Jaurlaritza berriari

Aurreko gobernuak proposamen horiei “bizkar emanda” eta “entzungor” eginda jardun duela salatu du. Eusko Jaurlaritzak iragarritako bilera erroldatan “eskari zehatzak” mahaigaineratuko dituela adierazi du.


Bilbobuseko langileak lanera itzuli dira ia 80 eguneko greba amaituta

Asteazkenean egindako bilkuran, aurreakordioak aldeko 332 boto, kontrako 186, hiru boto zuri eta sei baliogabe jaso ditu. Maiatzeko aurreakordioan izandako desadostasunak gainditu dituzte enpresa-batzordearen gehiengoak eta Biobide enpresak, eta greba mugagabea bukatu dute.


Bilbobuseko greba amaitzeko aurreakordioa bozkatuko dute asteazkenean, 80 eguneko grebaren ostean

Enpresa-batzordearen gehiengoaren eta Biobideren artean aurreakordioa lortu dute. CCOO, UGT eta LSB alde azaldu dira, eta ELA, LAB eta ESK, kontra. Asteazkenean dira langileen batzarra eta Bilboko Udala akordio hau onartzen duten ala ez erabakitzekoak.


Protesta egin dute Cementos Rezolako langileek, eta akordiorik ezean, greba mugagabea hasiko dute ostiralean

ELA eta LAB sindikatuek “erabat gaitzetsi” dute Añorgako Cementos Rezolak (egun, Heidelberg Materials) 56 langile kaleratzeko egindako proposamena.


Nafarroako ikastoletako eta itunpeko ikastetxeetako langileek negoziatzen hasteko eskatu diote gobernuari

Nafarroako hezkuntza hitzarmen berria negoziatzea exijitu die Nafarroako Hezkuntza kontseilariari, Carlos Gimenori, Iruñean eginiko mobilizazioan. Langileek salatu dute Gimeno, patronalarekin bakarrik biltzen dela, eta ez dituela aintzat hartzen langileek negoziaziorako... [+]


Emakumeek baserria defendatu zutenekoa

1958an, emakume baserritarrek Donostiako Erdialdea hartu zuten, esnea saltzea galarazi zitzaiela salatu, eta baserritarren eskubideak aldarrikatzeko. Administrazioak esnearen esklusibotasuna Gurelesa enpresari eman zion, eta baserritarrek Bretxan saltzeari utzi behar izan... [+]


Osakidetzaren irtenbide bakarra lanaldia luzatzea dela kritikatu dute ELA, LAB eta CCOOk

Langileen plantilla egokia osatu beharrean, Osakidetzako profesionalei aparteko orduen bitartez ordaintzea gaitzetsi dute sindikatuek. Azken urteetan errepikatu diren arazoen aurrean zuzendaritzak izandako plangintzarik eza salatu dute.


Sinadura greban dauden ‘El Diario Vasco’-ko langileek grebara joko dute orain, soldata igoera eskatzeko

Ekainaren 19an, 20an eta 21ean greba dago deituta El Diario Vasco-ko langileen artean, hitzarmen kolektiboa eguneratzeko aurrerapausorik ez delako eman. Gainera, maiatzaren 30az geroztik sinadura greba egiten ari dira kazetariak: “Hori ezkutatzeko enpresak lehentasuna... [+]


Errenteriako Iztieta osasun zentroko “egoera prekarioa” salatu du ELAk

Hemezortzi mediku beharrean hamabi daude eta sei erizainek hamabiren lana egiten dute. “Lan gainkarga eta agenda neurrigabea handitu” egin dira, sindikatuak ohartarazi duenez, eta murrizketa gehiago etor daitezke etorkizunean.


Murrizketak egingo dituzte udan Osakidetzaren lehen mailako arretako zentroen herenean

Hamar zentrok uda osoan itxiko dute eta 72 zentrok ixteko ordua aurreratuko dute. Sindikatuek salatu dute langileen lan karga "handituko" dela.

 

Eguneraketa berriak daude