Mendietxe museoak zabaldu ditu ateak, irakurri dugu Berria-n. Eta boteprontoan pentsatu, "hau izango al da EMMOA Euskal Mendizaletasunaren Museoa fundazioak ireki nahi zuen museoa?". Ramon Olasagasti kazetariak argitu dizkigu zalantzak: "Alex Txikon alpinistaren eta Soraluze familiaren bat egitetik sortu da museoa, Azpeitiko Esklaben Komentuan". Ez, ez du zerikusirik euskal mendizaletasunaren museoarekin, hura Tolosan zen sortzekoa...
"Planetako bildumarik handienetako bat da hau; balio handiko piezak daude, eta pieza bakoitzaren atzean historia handi bat dago", nabarmendu du Alex Txikonek, Mendietxe museoaz mintzo. Bertan daude, esaterako, George Mallory eta Andrew Irvinek 1924an Everesteko kanpaleku nagusitik igorritako postal bat; Reinhold Messnerrek 1980an Everesten erabilitako kanpadenda; 1970ean, Naranjo mendiaren mendebaldeko hormako neguko lehen igoeran, Jose Luis Arrabalek zeraman jaka; Espainiako eski parerik zaharrena (1780koa); Yvon Chouinard-en munduko piolet bildumarik onenetakoa; Txikonek erabilitako materiala; Azpeitiko Lagun Onak Klubaren bildumako parte diren piezak...
"Bost ordu pasa ditzaket hemen dauden piezen kalitatea eta balioa azaltzen, baina egokiena etortzea eta jendeak bere begiz ikustea da", dio Txikonek. Eskiak, kaskoak, betaurrekoak, kranpoiak, bastoiak, botak, erraketak, arnesak, 250 piolet baino gehiago, horien artean François Simondena izandako bat, "historia bizia dago museo honetan" nabarmendu du alpinista lemoarrak.
"Duela hogei urte hasi zen dena, 2004an, K2 zortzimilakoaren maldetan", idatzi du Olasagastik Berria-n. Urte hartan, 1954ko K2ko lehen igoerako italiarren oxigeno botila bat aurkitu zuen Txikonek, eta jaitsi egin zuen. Huraxe izan zen lehen pieza, eta ondorengo espedizioetan pieza gehiago biltzen hasi zen. Azpeitiko Esklaben Komentuko ganbarako gela batean gorde ditu, Soraluze familia –1998tik eraikinaren jabea– laguna zuelako.
"Gustatuko litzaiguke hau hasiera bat izatea", nabarmendu dute Txikonek eta Mendietxeren sustatzaile Mikel Soraluzek. "Goian beste 500 metro daude, hutsik oraingoz, eta ederra litzateke hori ere berregokitzea eta janzten joatea. Orain arte, inolako diru publikorik gabe, babesle askori esker, gauzatu dugu proiektua, baina aurrerantzean ezinbestekoa izango da erakunde publikoen babesa, Mendietxe zabaltzen eta hobetzen jarraitzeko".
Erakunde publikoen babesa eta euskal mendizaletasunaren museoa
Esan dugu arestian. Azpeitikoa eta EMMOA fundazioaren museoa aparteko bi egitasmo dira. Hain justu, Eta euskal mendizaletasunaren museoa zertan da? galderaren bueltako analisia idatzi du Berria-n Olasagastik berak: "Mendiko pieza historikoz osatutako museo eder bat da Mendietxe. Ez da, ordea, euskal mendizaletasunaren museoa. Mendietxen ez daude Andres Espinosa aitzindariak Alpeetako eta Himalaiako bizipenen berri emanez bere eskuz idatzitako zazpi liburuxkak, Mendietxen ez dago Antxon Bandres Azkueren argazki bilduma historikoa; ez dago Anjel Sopeñak duela mende bat Fraileburuko lehen euskal eskalada historikoan erabili zuen burnizko iltzea (...) Ondare hori osatzen duten pieza guztiak, balio historiko handiko ehunka eta ehunka objektu, hainbat eta hainbat mendizale historikok eta haien senideek dohaintzan eman eta EMMOAko kideek inurri lanean bildutakoak, biltegi batean daude, egunen batean ikusgai izateko esperantzan".
“Ezjakin xamarrak gara gure historiari dagokionez”, kontatu zigun EMMOA fundazioko kide Antxon Iturrizak otsailean –Mendi Federazioaren mendeurrenaren harira argitaratu genuen erreportajean–, seinalatzen zituen bitartean Martuteneko bulegoetan pilatutako objektu bete kaxak. Duela hogei bat urte heldu zioten museoaren proiektuari, ondarea bildu eta ezagutzera emateko helburuarekin; otsailean genioen litekeena zela museoa epe motzean inauguratzea (Tolosako Arkaute etxean), baina proiektua ez aurrera ez atzera dago.
“Uste baino prozesu luzeagoa izan da”, aitortu zigun orduan Iturrizak. “Uste genuen proiektua aurkeztu eta denak txundituko zituela, baina konturatzen zara amets batzuk betetzeko dirua behar dela eta... Nahiz eta Tolosako Udalak jarrera oso ona erakutsi duen, instituzio gehiagoren babesa beharko dugu”. Bada beste arazo bat, gainera: “Nork hartuko du gure lekukoa? Adinean aurrera goaz, musu-truk ari gara ekinean, eta nahi badugu museoa egonkortzea, neurri batean profesionalizatu egin beharko da, ez gaude-eta boluntarioen bila hasteko garairik onenean”.
Martuteneko eraikin bateko bi gelatan gordetzen du EMMOAk urteetan pilatutako materialaren parte handi bat. Bulego batean dituzte dokumentuak (liburuak, egunkari eta aldizkariak, argazkiak, gidak, mapak...), eta bestean mendiko materiala (pioletak, eskiak, txamarrak, botak, kranpoiak...). Aurki daitezke, besteren artean, Maritxu Urretaren –Club Vasco de Camping elkartearen fundatzaileetakoa– kranpoi eta egurrezko eskiak, Trini Cornellana alpinistak 1976an Shakhaur-era (Afganistan) egindako zorigaiztoko espedizioan jantzi zuen berokia –mendi hura igo duen lehenbiziko emakumea da–, Gregorio Arizek 1979an Daulaghiri igotzeko zeramatzan botak eta pioleta –hura izan zen euskal espedizio baten aurreneko zortzimilakoa–, Martin Zabaletak 1980an Everesten jantzi zuen txamarra horia... Sekulako altxorra, hamaika kaxatan gatibu dagoena.
"Ez al du merezi, behingoz, euskal mendizaletasunak museo bat, txikia eta soila bada ere, historia eta ondare mugagabe hori guztia aterpetzeko?", galderarekin amaitu du analisia Olasagastik. Baietz erantzutea erraza da, baina...
Bitartean, goza dezagun Azpeitiko Esklaben Komentuan paratu duten Mendietxe museoaren bildumarekin, pieza ugari eta eder askoak baitaude bertan ikusgai.
Gipuzkoako Batzar Nagusietako Kultura Batzordeak, EAJ, PSE eta PPren aldeko botoekin, azaroaren 22ko bilkuran erabaki du Eusko Jaurlaritzari eskatzea azter ditzala “euskal kulturan hain esanguratsuak diren” gurutzeak eta haien inguruko “ohiturak”... [+]
Iraileko igandeetan ohitura da gure inguruetan Erniora igotzea, Zelatunen dantzan aritzea eta txorizo muturra, edo, jatea. Eguraldi txarrenaz ere ez da jenderik falta izaten. Aurten lagunak goizago abiatu eta ni berandututa, bakarrik nindoan estratan gora, beherantz zetozen... [+]
Orain dela hogei bat urte izandako mehatxuak datoz Gipuzkoako mendietara berriro ere, eta ez nolanahiko neurrian, gainera; tamaina eta kantitate handiagoan baizik. Proiektuok –bakarren bat jadanik eraikia; Zubietako erraustegia, kasu– landa-eremuan edota mendian dute... [+]
Maiatzean Elena Quispe Tincuta (El Alto, La Paz, Bolivia, 1998) eta Cecilia Llusco Alaña (El Alto, La Paz, Bolivia, 1985) txolita eskalatzaileak Hego Euskal Herriko hiriburuetan izan ziren Cholitas dokumentala aurkezten Alboan, Entreculturas eta Oxfam GKEen ekimenez... [+]
Maiatzean beteko dira 100 urte Euskal Mendizale Federazioa (EMF) sortu zela, orduan ere oihartzun handia izan zuen eta Elgetan izan zen ekitaldi batean (1924ko maiatzaren 18an). Mendeurren hau ospatuko du EMFk logikoki, eta izen aproposa ere asmatu diote: Mendiurrena.
Euskal Mendizale Federazioak 100 urte beteko ditu datorren maiatzaren 18an. 1924an sortua, mendeurrenak bide eman digu mendizaletasunak izan duen eboluzioaz eta aurrera begirako erronkez aritzeko. Sekula baino jende gehiago dabil geurean mendian, eta aldatzen ari da hura... [+]
Euskal Herriko Mendi Federazioa sortu zela 100 urte beteko dira maiatzaren 18an, eta urteurrenaren harira hainbat ekimen izango da datozen hilabeteetan. Gailurretan izan gaitun erakusketa ibiltaria da lehenbizikoa, Iruñeko Planetarioan ikusgai dagoena, zeinak biltzen... [+]
2006an, mendi-lasterketen mundua artean berri-berria zela, “apur bat kasualitatez” hasi zen kirol horretan Oihana Azkorbebeitia, eta gaur egun ere arineketan segitzen du. Bide horretan, palmares ikusgarria bildu du, baina berak argi dauka zer ematen dion... [+]
57 film eskainiko dira, horietako bederatzi EAE mailako estreinaldiak. Edurne Pasaban omenduko dute aurten WOP Fundazioa sariarekin. 24.800 euro banatuko dituzte hamabi saritan, sail ofizialean lehiatuko diren lanen artean.
Duela lau urte Islandiako Okjökull eta Suitzako Pizol glaziarren omenez egindako hiletek bezala, frantziar Alpeetan dagoen Alpe D’Huez estazioak hartzen duen Sarenne-ko glaziarrari emandako agurrak larrialdi klimatikoaz ohartarazi nahi ditu herritarrak.
Iratiko eski estazioa, 1968an inauguratua, iraupen eskia egiteko aukera eskaintzen duen Ipar Euskal Herriko bakarra, itxi egingo dute datorren denboraldian, larrialdi klimatikoa dela-eta.
Arabako toki ezezagun bezain ederrean kokaturik, Azazeta errepideko bortu baten izena delako etorriko zaio askori burura, irratian neguan kateak behar direlako bakarrik entzuten dugun toki bakarti horietakoa. Baina Azazeta hori baino gehiago da. Eta orain ezagun egin zaigu... [+]
Aralarko goi mendietako paisaia zoragarrietan paseatzea maite dutenek –udaran larre eta neguan elur– edo mendizerrako basoak zaintzen dituzten abeltzain eta herritarrek, orban zarpail bat ikusiko diote hemendik ez gutxira, Nedgia Navarra SA enpresak gasbide bat... [+]
Urmuga zeharkaldiak hirugarren edizioa izango du aurtengo udan, uztailaren 12tik 30era. Ekimenaren antolatzaileetako bat da Felipe Uriarte mendizale eta mendi gidaria (Pasai Donibane, 1944). Ur-mugaren ertzetik Euskal Herria ekialdetik mendebaldera zeharkatuko dute aurten ere,... [+]