Mendebaldeko komunikabideak gerraren sustatzaile gisa ari dira

  • Miliziak armatu eta zibilak lehergailu inprobisatuak egitera animatzen ari dira kazetariak, normalean terrorismo gisa hartzen dituzten ekintzak.

    Artikulu hau Middle East Eyek argitaratu du, hemen ikusi originala.


2022ko martxoaren 28an - 11:10

Harrigarria izan da ikustea nola animatu dituzten Mendebaldeko kazetari askok Kieven antzeko hiri ukrainarretan molotov koktelak prestatzen aritu diren emakume gazteak, normalean zuhurrak diren BBCko erreportariek barne.

Bat-batean sexy bihurtu da lehergailu inprobisatuak egitea; komunikabideek uste badute behintzat herritar zuri, europar eta zibilizatua zarela.

Lehendik finkatutako beste erresistentzia mugimendu batzuk harrituko zituen horrek, batez ere Ekialde Hurbilean. Gauza bera egiteagatik beti terrorista deitu izan diete.

Ukrainako zibilen “erresistentzia” nola babesten duten ikusteak ziur haserretu dituela adibidez, Gaza txikiko palestinarrak. Zer zailtasun duten Mendebaleko kazetariek ukrainarrekiko identifikazioari bare eusteko. Gazan hamarkadak daramatzate metalezko kaiola batean sartuta inbaditzaile militar israeldarraren erruz.

Gazako palestinarrek ere beren molotov koktelak prestatzen dituzte. Baina ezin direnez Israelgo armadarengana hurbildu, Gaza inguratzen duen altzairuzko hesiaren gainetik igarotzeko puxiketan sartu behar dituzte Israelera bidaltzeko, batzuetan zelaiei su emanez.

BBCko inork ez ditu erresistentzia ekintza txiki gisa ospatu “puxika su-eragile” hauek. Gazan agintzen duen Hamasi botatzen diote errua, zeinaren adar politikoa duela gutxi erakunde terrorista izendatu duen gobernu britainiarrak.

Moral bikoitza

Gazako palestinarrek hamabost urteko Israelen blokeo komertziala ere pairatu dute, propio “gosea pasarazteko” diseinatua. Manifestari ugari joan izan da aldiro-aldiro harri bat botatzera –emakumeak, haurrak eta gurpil-aulkian dauden pertsonak ere bai– gotorlekuan ezkutatuta dauden frankotiratzaile israeldarrei, askatasuna eskatzeko modu sinboliko gisa. Maiz, erantzun gisa, Israelgo armadaren tiroak jaso dituzte manifestari horiek.

Mendebaldeko komunikabideak askotan larritzen dira frankotiratzaileen jomuga izan direnen bizi galduengatik edo hanka anputatuengatik. Baina inork ez du Palestinako erresistentzia hori animatzen, ukrainarrarekin egiten duen bezala. Izan ere, manifestariak hartuak dira zentzugabe edo Hamasen probokatzaile gisa.

Ukrainak ez bezala, Gazak ez du armadarik, eta bere borrokalariek, Ukrainakoek ez bezala, ez dute Mendebaldetik armamenturik jasotzen.

The Guardian egunkaria iritsi zen bere marrazkilari Steve Bell zentsuratzera, saiatu zenean frankotiratzaile israeldarren biktimetako bat marrazten, Razan al-Najjar, zaurituei laguntzen zien erizaina. Egunkariak esan zuen bineta hura –garai hartako Erresuma Batuko lehen ministro Theresa May bere homologo israeldar Benjamin Netanyahu-ri Londresen harrera egiten, atzean Al-Najjar erizaina beren atzeko tximinian sakrifizioaren biktimatzat agertuz– antisemita zela.

Kontutan hartuta komunikabideak beti izan direla oso uzkurrak jende arrunta animatzerakoan ongi armatutako soldaduei aurre egitera –biktima zibilak saihesteko–, zergatik geratu da politika hori albo batera bat-batean Ukrainan?

Sestra bikoitza nabarmena da eta leku guztietan dago. Ezin da pentsatu hori egiten ari diren  kazetariak ezjakinak direnik edo ez dituztela kazetaritza-konbentzioak ezagutzen. Gehienak Ekialde Ertaineko gerra-eremuetako beteranoak dira, Gaza, Bagdad, Nablus, Alepo eta Tripoliko gertaerak jarraitzen zailduak.

Suari egur gehiago

Britainia Handiak eta Europako beste estatu batzuek erabaki dute armak bidaliz Ukrainako erresistentziaren sua elikatzea, soilik bizi gehiago galtzea eragingo duena, bereziki gurutzatutako suak harrapatutako zibilak. Batek espero zezakeen Erresuma Batuko hedabideek aztertuko zituztela politika horren inplikazio etikoak, eta hipokrisia. Baina ez, ez da gertatzen ari.

Izan ere, komunikabide askok, ez dute soilik presioa egin Ukrainako armadari arma gehiago bidaltzeko, baizik eta Erresuma Batuko zibilak ere bultzatu dituzte borrokara joan daitezen.

Hori gertatu da Downing Streeteko 10. zenbakia [gobernuaren egoitza izendatzeko erabiltzen den esamoldea] urrundu ondoren ere Kanpo Aferetako ministro Liz Trussek esandakoetatik. Honek adierazi zuen britainiarrak animatu behar liratekeela Ukrainako “nazioarteko legioetako" boluntario gisa joateko, ustez Europa defendatzera.

Bere jarrerak talka egin zuen gobernuaren ohiko jokamoldearekin, zeinak terrorista gisa hartu izan dituen Ekialde Ertaineko gerra-eremuetara borrokatzera joan direnak. Shamima Begum-i adibidez, 15 urterekin Siriara joan zena, britainiar herritartasuna kendu zioten eta itzultzeko eskubidea ukatu, Truss ministroak Ukrainarako proposatu duena egiteagatik.

Argazkia: AFP

Hala eta guztiz ere, horrek ez zuen BBC desanimatu Essex konderrira joatera, azaltzera nola britainiar armadako ekipamenduen hornitzaile bat ari zen Britainia Handiko ukrainarrei materiala merke saltzen gudu-frontera joateko. Wozza erakutsi zuten telebistan Union Jack intsigniak kentzen, uniforme horiek ukrainar milizianoek erabil zitzaten.

Konpara bedi hau erabat baketsua den erresistentzia batek jasotzen duen tratuarekin: palestinarrekin elkartasunez bultzaturiko Israeli boikot kanpaina. Ez dira terroristak baino hobeto tratatuak, Europan eta AEBetan BDS kanpaiaren babesa debekatzen ari diren honetan.

Konprometitutako “inpartzialtasuna”

Zaila da gogoratzea, Ukrainarekin sortutako iskanbilaren erdian, jarraipen mediatiko hori beren kazetaritza-arauen aurkakoa dela. Pentsaezina da, noski, Britainia Handiak inoiz armak bidaltzea, adibidez, Gaza askatzen laguntzeko.

Arrazoi horrengatik, komunikabideek ez dituzte sekula beren ahots-kordak suminduraz astindu beharrik izango.

Izan ere, Mendebaldeko komunikabideek oihartzun egin ohi diete Gazara Mendebaldeko gobernuek edonolako laguntza bidaltzearen aurkako jarrerei, baita Israelek suntsitutako eskualdeak berreraikitzeko materiala denean ere –zementua kasu–. Hori gertatzen da kazetariek modu akritikoan jorratzen dituztelako israeldarren aldarrikapenak, adibidez, esaten dutenean laguntza humanitario hori Hamasek erabiliko duela eta “terrorismoa” indartuko duela.

2010ean, adibidez, BBCren Panorama-ko programak ez zuen aipatu ere egin Gaza setiatura laguntza humanitarioa zeraman konboiaren aurka Israelek eginiko erasoa –nazioarteko uretan– legez kanpokoa izan zela. Bederatzi ekintzaile hil zituzten komando israeldarrek Mavi Marmara itsasontzian botikak eta behar bereziko artikuluak Gazara eramaten saiatzeagatik, baina aurpegia estalita zuten gizon horiekin elkarrizketa erabat akritikoa zen. BBCk oso sinpatia gutxi erakutsi zion okupatzaile ankerraren aurka eginiko erresistentzia ekintza horri.

Urtebete lehenago, BBCk hautsi zuen tradizio bat eta uko egin zion aspalditik egiten zen laguntza dei baten berri emateari, orduko hartan Israelek suntsitua zuen Gazara elikagaiak eta babesa eramateko. BBCk bere burua justifikatu zuen esanez bere “inpartzialtasuna” kolokan jarriko zukeela horrek, Ukrainako kasuan batere axola ez zaiola dirudien zerbait.

Artikulu hau argitaratzeko unean, BBCk ez die inkoherentzia horiei buruzko galderei erantzun.

Gerrako lainoa

Gauza jakina da gudu-zelaia berehala geratu ohi dela gerrako lainoan murgilduta. Horregatik kazetari gazteei editoreek ohartarazten diete frogen zain egon behar dutela eta kontuz ibiltzeko propagandarekin. Praktikan, ordea, erraz ikusten da komunikabideen sinpatiak zein diren –objektibotasun pretentsio ahulen atzean ezkutuan–, arau horiek noiz eta noren mesedetan uzten dituzten albo batera erreparatuta, eta zein bandoren narratiba onartzen den ziztu bizian eta akritikoki.

Ekialde Ertainari buruz, argi dago AEBen, Europaren eta Israelen aldarrikapenek oihartzun handia izaten dutela, beren egiazkotasuna zalantzan denean ere bai.

Asko izan dira hedabideek elikatutako gezurrak. Israelek eskatu ziela 1948an kanporatutako palestinarrei etxera itzultzeko, adibidez. Saddam Husseinen tropek Kuwaiteko inkubagailuetatik haurrak erauzi zituztela, eta buruzagi irakiarrak bere etsai Al Qaedari lagundu ziola 2001eko irailaren 11ko atentatuetan. Muammar Gadaffiren Libiako soldaduek Viagra hartu zutela Bengasin zibilak bortxatzeko. Errusiak ordainsariak eman zizkiela talibanei Afganistanen soldadu estatubatuarrak hiltzeko.

Engainu eta asmakizun horiek titular guztiak bereganatu zituzten propaganda gisa baliagarri zirenean, eta askoz geroago erretiratu, modu diskretuan.

Ukrainaren kasuan antzeko jokabide bat zabaltzen ari dela dirudi. Mendebaldeko komunikabideek zabaldu zituzten iturririk aipatu gabe fikzio hutsa ziren informazioak. Bertan esaten zen Errusiako tropek Sugearen uhartean, Itsaso Beltzean, hamahiru soldadu ukrainar sarraskitu zituztela. Audio zinta faltsu bat zabaldu zuten, non, ustez, ukrainarrek errusiar inbaditzaileak madarikatzen zituzten. Ukrainako gobernuak iragarri zuen bakoitzari Ukrainako Heroi titulua emango ziola.

Dena den, kasu honetan egiazkoak ziren hedabide errusiarren informazioak. 82 soldadu ukrainar ziren eta amore emana zuten. Denak zeuden bizirik eta onik. Beste adibide bat: bideo-joko baten klip bat izugarri zabaldu zen, non ikusten zen pilotu ukrainar heroiko bat –Kieveko Fantasma deitu zioten– hegazkin eta helikoptero errusiarrak eraitsiz.

Desinformazioa are oldarkorrago partekatu dute mendebaldeko sare sozialen kontuetan, eta gehiena diseinatuta dago Ukrainarekiko sinpatia eta Errusiarekiko etsaitasuna eragiteko.

Zuritze ideologiko operazioa

Baina ikusten ari garena frogarik gabeko istorioetarako eta faltsukerietarako komunikabideek duten gosea baino zerbait gehiago da, betiere Errusiaren aurka. Eta komunikabideek “erresistentzia” ukrainarrarekiko duten sinpatia baino zerbait gehiago ere bada, zapaltzaileen aurka borrokatzen duten beste talde batzuei ukatzen zaien zerbait, zapaltzaile horiek Mendebaldea eta bere aliatuak direnean.

Gobernuak eta jeneral militarrak eurak baino are tribalagoak diren komentaristaz beteta daude Mendebaldeko komunikabideak. Dirudienez, komunikabideen “gerra gehiago” abesbatza balio izaten ari da zuriketa ideologikoa egiteko, gobernuek muturreko propaganda eta neurria antidemokratikoak hartzeko bidea garbituz.

Beste askorekin batera, Mail on Sunday egunkariko artikulugile Dan Hodges, Ukrainan hegazkinentzat itxitako aire-eremua eskatzen aritu da etengabe, nahiz eta Boris Johnsonek berak ere baztertu, oso ageriko arrazoiengatik. Horrek Europa eramango luke Errusiako aire-indarrekin konfrontazio zuzenera eta potentzia nuklear batekin enfrentamendu arriskua lekarke.

Hala eta guztiz ere, Hodgesek deskribatu du ideia horren aurka doan edozer “1938an Hitlerrekiko izan genuen baretze-ekintzaren antzeko” zerbait bezala. Errusiaren inbasioa etorri da AEB ia hamarkada batez aritu ostean bizilagunekin gero eta harreman militar estuagoak sortzen, NATO baliatuta.

"Gerrari ez" dioen afixarekin manifestari bat San Petersburgon, otsailaren 24an. (AFP)

Zuzen edo oker, Moskuk interpretatu zuen bere “eragin-eremuan” NATOren jokabidea AEBen eta bere aliatuen maniobra oldarkor gisa. Errusiari inolako kontzesiorik ezin zitzaiola eta ezin zaiola egin, –“aukera moral” bakarra, Hodgesek deitzen dion bezala, guda nuklear baten arriskua hartzea dela– probokazio beligerantetzat hartu behar da, hala baita.

NBC Newseko atzerriko berriemaile nagusi Richard Engelek txiokatu zuen “arriskuen kalkulu” eta “dilema moral” gisa ikusten zuena: Kieverako bidean den errusiar tankeen konboi bat bonbardatu behar al luke Mendebaldeak? Dirudienez, egoera ez zela mugitzen ikusita, galdetu zuen: "Mendebaldea isilik dago begira, gauzak gertatu bitartean?".

Erabateko hipokrisia

Irakeko inbasio kriminalaren buruetako bat izan zen Condeleeza Rice ez dute zalantzan jarri komunikabideek, bere hipokrisiagatik, esan duenean “nazio subirano bat inbaditzea gerra krimena da”. Hori hala bada – eta nazioarteko zuzenbideak dio hala dela–, Rice bera epaitu beharko lukete Hagan.

Edo, zer esan komunikabideek hartu zuten jarreraz jakin zenean Ukrainako bigarren hiri Kharkiven bonbardaketek “dozenaka” pertsona hil zituztela? Konparatu hori 2003an AEBek Irak inbaditu eta lehenengo orduetan milaka pertsona hil zituzten Shock and Awe bonbardaketa kanpainan komunikabide horiek izan zuten jarrerarekin.

Eta zer esan hedabideen isiltasun konplizearekin Yemenen zibilen aurka duela urte askotik Saudi Arabia egiten ari den bonbardaketen aurrean –hegazkin eta lehergailu britainiarrekin–, imajinatzen ere zaila zen hondamendi humanitarioa eragin duena? Yemenen Saudi Arabiaren izugarrikeriei aurre egiten diotenak ez dira heroiak gure komunikabideentzat, eta Irango txotxongilotzat hartzen dira.

BBCko kazetari beterano Jeremy Vinek esan zuen errekrutatutako soldadu errusiarrek errusiar armadaren uniformea janztean “hiltzea merezi” dutela. Adierazpenokin harrituta bere programara deitu zuen pertsona bati erantzun zion: “Horrelakoa da bizitza”.

Vinek uste al du tropa britainiar eta estatubatuarrek –soldadu profesionalak, errekruta errusiarrak ez bezala– hiltzea merezi zutela Irak inbaditu zutenean legez kanpo? erantzuna ezezkoa bada, zergatik?

Mendebaldeko jarraipen informatiboaren zati handi baten kutsu arrazista ez da ikusteko zaila. Komentarista eta elkarrizketatu ugarik errepikatzen dute Ukrainako errefuxiatuak “europarrak”, “zibilizatuak”, “ile hori eta begi urdinekoak” direla.

Estatuko propaganda

Eta Mendebaldeko gerra-propaganda neurrigabe, eta sarritan bere onetik aterea, hein handi batean Britainiako estatuaren telebista katetik dator. Bitartean, Europak RT kate errusiarraren emisioa debekatu du, Silicon Valleyk Internetetik ezabatzen duen bitartean.

Ez dago zalantzarik RTk oro har Moskuko kanpo-politikaren helburuekin bat datorren ildo editoriala duela, BBCk kanpo-politika britainiarraren helburuak bultzatzen dituen ildo editoriala duen bezala.

Mendebaldeko publikoaren arazoa ez da Errusiako estatu-propagandarekiko gehiegizko esposizioa, mendebaldeko estatu-propaganda gupidagabearekiko etengabeko esposizioa baino.

Bakea bilatzen badugu –eta oraingoz zantzu gutxi dago –, beharrezkoa da Mendebaldeko komunikabideek kontuak ematea zentzurik gabeko patriotismo horregatik, beren gehiegikeriengatik, beren sineskortasunagatik, beren moral bikoitza eta beren engainuengatik. Baina nork jokatuko du ustez zaintzaile den Laugarren Boterearen zaindari gisa?

Une honetan Errusiako ahotsak behar ditugu Putinek zer pentsatzen eta nahi duen ulertzeko, ez BBCko “nazioarteko korrespontsal nagusiek” uste dutena Putinek nahi duenaz. Beharrezko ditugu informazio iturri egokiak “albiste faltsuak” berehala identifikatzeko, batez ere Mendebaldekoak, ez errusiarrak.

Eta, batez ere, amaitu behar dugu munduarekiko dugun ikuspegi arrazistarekin, non gu beti garen Onak eta besteak Gaiztoak, non gure sufrimenduak axola duen eta besteenak ez.

---------------------

* Jonathan Cook gatazka palestinar-israeldarrari buruzko hiru libururen egilea da, eta Martha Gellhorn kaztaritza sarri bereziaren irabazlea.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Manipulazioa
Antena 3 telebistak Donostiari buruz egindako erreportaje “arrazista eta sinplista” salatu dute

Antena3 telebista kate espainiarreko Espejo Público saioak erreportaje sentsazionalista bat eman zuen asteazkenean, Donostiako ustezko segurtasun faltaren inguruan eta fokua gazte magrebtarretan jarriz. Erreportajea publikoki salatu du Kaleko Afari Solidarioak (KAS)... [+]


Analisi mediatikoa
Genozidioa zuritzeko hedabideen hamar artefaktu

Gazako inbasioak aurrera darrai, Israelgo Gobernuaren aliatu estrategikoak direlako Mendebaldeko gobernuak, eta beraz, herrialde horietako hedabide nagusiak. Israel biktima bezala aurkezteko asmoa ondorioztatzen da diskurtso nagusien azterketa semantikoa eginez gero. Eta hala... [+]


2023-02-16 | ARGIA
Desinformazioa erabiliz, mundu osoko hauteskundeak manipulatzen dituen Israelgo talde bat azalerazi dute

Hauteskundeetan eragiteko edo bestelako helburuekin, zibernetikoki manipulazioa eta desinformazioa sustatzen, dokumentuak faltsifikatzen edota zuzenean dokumentuak lapurtzen ditu Tal Hanan enpresari israeldarrak. Ikerketa kazetaritza lan batek eman du argitara, eta Kataluniako... [+]


2022-09-14 | ARGIA
Espainiako Defentsa Ministerioa harrapatu dute Kataluniako erreferendumaren Wikipediako erreferentzia bat moldatzen

Carla Simóm zuzendariaren Alcarràs filma arrakasta izaten ari da, eta asteartean jakinarazi zen Oscar sarietarako hautagaia dela. Berria ezagutu eta gutxira, filmari izena ematen dion Kataluniako herriari buruzko Wikipedia orrian Urriaren 1ari buruzko... [+]


2021-04-23 | Ixone Arana
Agerian utzi dute VOXen manipulazioa gazte migratzaileen aurka egiteko

Madrilgo hauteskunde-kanpainan VOXek karteletan polemika eragin du adingabe migartzaileen aurka bete-betean jo duelako. Azken egunetan kartel honen edukia eta irudiaren atzean dagoen manipulazioa agerian geratu da.


Puigdemontek “ihes egin” zuela zioten hedabideek Juan Carlos I.a “joan” dela diote orain

Kataluniarrek aukeratutako presidentea Belgikara joan zenean, boterearen hegalpean aritzen diren hedabideek Puigdemontek "ihes egin zuela" adierazi zuten edo "justiziari izkin egiteko ihesalditzat" jo zuten titular handitan. Orain, Francisco Francok... [+]


2020-02-07 | Ahotsa.info
Altsasu berriz ere jo puntuan: Guardia Zibilak ezeztatzen duen eraso jendetsu bat asmatu dute

La Razón egunkariak Santa Ageda ospatzen ari ziren kaputxadun talde batek Guardia Zibilaren patruila bati eraso egin ziola argitaratu du. Hedabideko literaturak Altsasuko hainbat gazte kartzelarazea ondorio izan zuen istiluarena gogorarazten du.


Poliziaren gezurren zerbitzura dauden kazetariak, ogibidearen lotsakizun

Ostegunean jakin dugu, sumario-sekretua kendu dutenean, Espainiako Auzitegi Nazionalak aitortu duela orain hilabete atxilotu zituzten Kataluniako CDRetako kideek ez zeukatela lehergairik etxean. Hala ere, terrorismoa egotzita espetxean daude behin behinean.


2019-06-25 | Mikel Asurmendi
Fito Rodriguez
“Informazioan oinarritutako boterearen hegemonia krisian dago”

Gasteiz, 1955. Donostiako Egiako auzokidea. Madrilgo Complutense Unibertsitatean Filosofia eta Letretan lizentziatu zen 1978an. EHU eta UEUko irakaslea. Hezkuntza Zientzietan doktorea. Idazlea. “Fake News”-ak ez dira atzo goizekoak (Utriusque vasconiae) saiakeraren... [+]


2018-05-30 | ARGIA
Atzerriko kazetariak, adi honi: Espainiari buruz ondo hitz egiteagatik dirua eman nahi dizue Moncloak

Espainiako Atzerri Ministerioak Vianako Jauregia Kazetaritza Saria sortu du, Espainiako Estatuari buruzko irudi positiboa ematen duten atzerriko kazetarientzat. Kataluniako urriaren 1eko erreferendumaren kontra erabilitako bortizkeriak nazioarteko medioetan asko kaltetu zuen... [+]


RTVEko editore batek zentsuragatik dimititu du

Valentzian RTVEk daukan egoitzako albistegien editore Arantxa Torresek dimititu egin du asteartean.


2018-05-03 |
Informazioaren manipulazioa jo puntuan jarri du RTVEko emakumeen plataformak

Mujeres RTVE plataformak, zeinak Espainiako Estatuko komunikabide publikoko emakumezko langileak biltzen dituen, korporazioaren baitan ematen den informazioaren manipulazioa salatzeko kanpaina bat abiatu du sarean #AsíSeManipula traolarekin. Komunikabide... [+]


Lurrin kirastuak

Telebista isiotu dudan bakoitzean, lurrin iragarkiak ikusi ditut, zientoka. Pentsatzen hasita nago hatsa dariola gabiltzala, hainbeste perfumatu beharra badugu. Baina era berean, spot horiek ez dute usaimenik irudikatzen. Gaitza da, bai, usainak (edozein) pantaila zeharkatzea,... [+]


2017-08-30 | Jabi Zabala
Pascual Serrano, kazetaria
“Internetek ez du informazioa demokratizatu, desinformazioa baino”

Hedabideak izan dira Pascual Serranoren (Valentzia, 1964) lantoki eta aztergai. Rebelión agerkari digital aitzindariaren sortzaileetakoa izan zen 1996an eta Telesur telebistaren aholkulari aritu zen Latinoamerikako kanalaren hastapenetan. Sektorearen aztertzaile zorrotza,... [+]


Eguneraketa berriak daude