Mendebaldeak Kongon dituen hainbat enbaxada jo-mugan hartu dituzte M23ren kontrako protestetan

  • Kongoko Ipar-Kivuko Goma hiriburura sartu eta bereganatu du Martxoak 23 talde armatuak. Zabalpena aitzina doa eta Bukavu Hego-Kivuko hiriburua dute orain xede. Herritarrak karrikara atera dira, M23aren aurka eta Ruandak eta Mendebaldeak erakunde armatu horri erakutsitako sostengua salatzeko. Kongoko probintzia horiek mineralez aberatsak dira eta lur horien gaineko kontrola ere dute gatazkaren oinarrian.


2025eko urtarrilaren 30ean - 07:50
Azken eguneraketa: 11:07
2012an osatu zuten M23 erakunde armatua. MONUSCO/Clara Padovan
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Ameriketako Estatu Batuak, Frantzia, Belgika, Uganda, Ruanda… herri andanaren enbaxadak jomugan hartu dituzte urtarrilaren 28an, Kongoko Errepublika Demokratikoko hiriburuan bideraturiko matxinadetan. Hortik 1.500 kilometroetara den Goma hiria Martxoak 23 erakundearen eskuetan gelditu izana da eraso horien arrazoia: Ruandak babesten duen M23 taldea Mendebaldeak ere sostengatu izana ez dute onartzen. Gobernuaren kontra dabilen talde armatuaren zabalpena aitzina doa azken hilabeteetan eta bizkortu egin da urtarrilaren 25az geroztik: Ipar-Kivuko hiriburua berenganaturik, Hego-Kivukoa dute orain jomugan, Bukavu. Duela bi urte egituraturiko Kongo Ibaiaren Aliantza taldearen laguntza ere du M23k. Azken hori sortu zuen Kongoko Errepublika Demokratikoko presidente Felix Tshisekedi-ren aurkari nagusietarikoa den Corneille Nangaa-k.

Krisi politikoari aterabide bat atzeman nahian, EAC Afrikako Ekialdeko Komunitateak bilera berezia egin du asteazken gauean. Angolako presidente Joao Lourenco dabil bitartekari lanetan, eta M23ren "legez kanpoko okupazioen" bukaera eta Ruandako armadaren "berehalako atzera-egitea" galdatzen ditu. NBEaren Segurtasun Kontseiluak ere talde armatuaren jarrera salatu du, Kongotik ateratzea galdatuz Ruandako armadari.

Azken egunetako Gomako erasoek ehun bat hildako eta milako bat kolpatu eragin dituzte. Desplazatuei dagokionez ere, "egoera benetan kezkagarria" dela errepikatu du NBEk. Golanen, demagun, milioi bat dira eta Kongo osoari begiratuta, urte hastapenetik 500.000 lagunek dute beren bizitokia utzi. Gaur egungo gatazkaren oinarrian kokatzen den 1998-2002ko Kongoko Bigarren Gerraz geroztik, herrialdearen ekialdeko 6,2 milioi pertsonak desplazatu behar izan dute.

Su-etenaren gainetik pasata

M23ren eta Kongoko armadaren arteko borrokak bukatzeko su-eten bat sinatu zuten Kongoko eta Ruandako buruzagiek iragan uztailaren 30ean. Abuztuaren 4an sartu zen indarrean, baina orduz geroztik behin baino gehiagotan urratu izan dute bata zein besteak. Kongoko eta Ruandako presidenteak abenduaren 15ean ziren batzartzekoak, Angolako presidenteak deituta. Baina bilera bertan behera utzi zuten azkenean, desadostasunek gaina harturik: Ruandak nahi zuen M23koek eta Kongoko armadak berak negoziazioetan parte hartzea; baina horrelakorik ez zuen nahi, Kongok, M23 "talde terroristatzat" eta "Ruandaren txotxongilotzat" daukalako.

Gatazkaren oinarrian, mineralak, besteak beste

Ekonomiak badu bere garrantzia gatazka horretan. Hain zuzen, Ipar-Kivu eta Hego-Kivu probintziak mineralez aberatsak dira –batez ere koltana eta nikela, smartphoneetan erabiltzen direnak–. Berez, CNDP Herriaren Defentsarako Batzar Nazionala milizian egondakoak dira M23ren sortzaileak, eta 2009an Kongoko Gobernuaren eta CNDPkoen artean adosturiko ituna errespetatu ez izanagatik berrarmatu ziren 2012an, M23 egituratuta. Besteak beste, itunak zioen matxinoek zutela lur horien kontrola. Hori errespetatu ez izana leporatzen diete Kongoko buruzagiei.

NBEren txosten baten arabera, gaur egun 120 tona koltan esportatzen ditu hilean M23k, eta ekoizpenari ezartzen dizkion zergek 800.000 dolar inguruko diru sarrerak ziurtatzen dizkiote hilean.

 

 

 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kongo
2025-02-26 | June Fernández
Meloi saltzailea
Kongo askatu!

Fermin Muguruza jarraitzen duzu sareetan. Madrilgo kontzertuko bideo bat ikusi duzu bere kontuan: dantzari batek “Kongo askatu!” oihukatu du, bandera esku artean. Haren profila bilatu duzu: @c.kumaaa. Bilboko manifestazioaren deialdia zabaldu du. Ez zara joango,... [+]


Ehunka emakume hil eta bortxatu dituzte Kongoko Errepublika Demokratikoko espetxe batean

Nazio Batuen Erakundeak adierazi duenez, Goma hiria hartu ondoren hango espetxe batean zeuden ehunka emakume bizirik erre zituzten M23ko matxinoek, eta denak hil. Herrialdearen ipar ekialdean borrokan diharduten talde armatuek sexu indarkeria "arma gisa" erabili dutela... [+]


Martxoak 23 talde armatuak aldebakarreko su etena iragarri du Kongon

Gobernuarekin negoziatu gabe iragarri du erabakia talde armatuak, "arrazoi humanitarioengatik" dela argudiatuta. Joan den astean herrialdeko Goma hiria bereganatu zuten matxinoek, eta, Nazio Batuen Erakundearen arabera, 900 hildako baino gehiago eragin dituzte hiri... [+]


Kongo eta kobaltoa
Zertarako gaude prest konektatuta jarraitzeko?

Balio digu ilunabarrarekin azken erretratu hori ateratzeko. Edo istant batean ordaintzeko barrako zerbitzariari eskatu berri diogun marianitoa. Eta ze arraio, Levi’sak imitatu nahi dituzten praken atzealdeko poltsikoan ezin hobeto datoz. Horretarako ere balio du... [+]


“Jadanik ez gara zuen tximinoak”

Centre Tricontinental erakundeak kongoarren erresistentzia historikoa deskribatu du The Congolese Fight for Their Own Wealth (Kongoko herriak bere aberastasunaren alde borrokan dihardu) dosierrean (2024ko uztaila, 77. zk). Kolonialismo garaian, Belgikako Force Publique-k... [+]


Kongok espero du tximino baztangari aurre egiteko adina txerto emango dizkiola Mendebaldeak

Kongoko Errepublika Demokratikoa ari da gehien jasaten tximino baztanga edo mpox-en epidemia. Urtea hasi zenetik 16.700 kasu atzeman dituzte, eta ia 600 pertsona zendu dira herrialdean; gehien-gehienak, haurrak.


Ruandarekilako gerra saihesteko “azken aukeratzat” jo du Angolaren mediazioa Kongok

Tutsi eta hutu etnien arteko gatazka zein mineralen ustiaketa dira gaiztotuz doan gatazka odoltsu horren iturrien artean. Nazio Batuen Errefuxiatuentzako Agentziak jakitera eman du orotara 5,7 milioi errefuxiatu eragin dituela 2021ean areagoturiko gatazkak.


2021-02-22 | ARGIA
COVID-19az gain, Ebola agerraldiak atzeman dituzte Afrikan

OME Osasunaren Mundu Erakundeak jakitera eman duenez, Kongoko Errepublika Demokratikoan eta Ginean atzemandako bi ebola agerraldiek aurrera egin dute. Nazio Batuen Erakundearen Osasun Agentzia birusa zergatik agertu den ikertzen ari da. OMEk gogorarazi du COVID-19a ez dela... [+]


Lumumbaren azken arrastoa

1961eko urtarrilaren 17an hil zuten Patrice Lumumba buruzagi antikolonialista eta azidotan desegin zuten bere gorputza. 60 urte geroago, geratzen den arrasto bakarra itzuli diote familiari, hortz bat. Hala, Lumumbak bere hilobia izango du.


2020-09-30 | Axier Lopez
Kongoko 51 emakumek OME, Unicef eta zenbait GKEtako langileen sexu-abusuak salatu dituzte

Ikerketa batek agerian utzi duenez, munduko erakunde humanitario nagusietako boluntario batzuek Kongon zenbait emakumeren aurkako sexu-abusuak egin dituzte. 2018 eta 2020 bitartean izan zen. Ebolaren pandemia gogoorrari aurre egiten laguntzera bidalitako GKEtako gizonezko... [+]


Eguneraketa berriak daude