Meaka-Irimo herri plataformaren urtebetea

  • Batzuetan, mehatxua behar izaten dugu arriskuan dagoenaren garrantziaz jabetzeko. Eta mehatxu horren tamainaren araberakoa izaten da balizko erasoari erantzuteko barruan sentitzen dugun indarra. Konturatu orduko, zeure burua ikusten duzu lanean, buru-belarri, galtzeko arriskuan dagoen hori babesteko, jakinda, hura babestu ezean, zeu ere galduta zaudela. Antzuolan berrehun metroko bi aerosorgailu behar izan ditugu Meaka eta Irimo mendien defentsan aktibatzeko.


2024ko azaroaren 11n - 13:27

Urtebete pasa da Antzuolako Udalak herritarrak bilera informatibo batera deitu zituenetik –2023ko azaroaren 7an–. Bertan, udal-ordezkariek azaldu zuten CILDA Energy enpresako –Capital Energy taldekoa– ordezkariak izan berri zirela udaletxean, eta han jasotakoen berri eman ziguten Torresoroan bildu ginenoi.

Bilera hura bukatutakoan, herritar talde batek erabaki zuen elkartzea eta Meaka eta Irimo babestearen alde lan egitea. Horrela ekin zion Meaka-Irimo herri plataformak ultra-maratoi honi. Ultra-maratoi diogu, jakin badakigulako oso epe luzeko borroka dela gurea eta une gogorrak ere etorriko direla.

Horretaz lehen hilabete haietan jabetu ginen, hasi eta berehala. Aitziber Sarobe eta Alvaro Camposek emandako hitzaldiekin argi ikusi genuen asko genuela ikasteko, gertatzen ari zenaren dimentsioaz jabetzeko. Aldi berean, konturatu ginen aurrean genuen erraldoia ez zela nolanahikoa eta baliabide guztiak zituela eskura, ez guk bezala: dirua, denbora eta erabakiguneen eta negozioaren funtzionamenduen ezagutza.

Eskerrak hasiera hartan Udalak lagundu zigun, eta ahal zuen neurrian, babestu zituen lehen urrats haiek: hitzaldiak, informazio-panelak, komunikazioa, bilera-gelak...

Orain artean egindako bidean, mugarri indartsua izan zen enpresak Eusko Jaurlaritzan aurkeztutako proiektuaren alegazio epea. Hilabete intentsuak izan ziren: ez genekien nola egin alegazio-agiri bat, zer suposatzen zuen... Eta askoren laguntzarekin hori ere egin genuen. Gero zuek azaldu zineten, mahaia jarri genuen egun haietan sinatzera gerturatuko zineten herrikideak, eta kanpotik etorri ziren sinadurak, horietako asko modu digitalean. Orotara, 4.000 baino gehiago.

Enpresak urte bukaera arteko epea hartu du jakiteko Trekutz proiektua bideragarria den ala ez. Nola abiatu da jakin gabe proiektua bideragarria den?
Akaso abiatzearekin batera hasi zen irabaziak jasotzen?

Hau idazteko unean, oraindik ere, ez dugu Eusko Jaurlaritzaren erantzunik; beraz, ofizialki ez dakigu zein izango den Meakaren eta Irimoren etorkizuna. Komunikabideetan azaldutako informazioaren arabera, ordea, jakin izan dugu enpresak urte bukaera arteko epea hartu duela Trekutz deitu duen proiektu horrekin zer egin erabakitzeko, jakiteko proiektua “bideragarria den ala ez”.

Ezin ukatu berriak harritu egin gintuela. Nola abiatu inbertsio handiak egitera –egin beharreko lanak eta txostenak, hilabeteetako soldatak eta gainontzeko baliabide guztiak– jakin gabe proiektua bideragarria den?

Akaso Capital Energy abiatzearekin batera hasi zen irabaziak jasotzen? Ezaguna baita enpresek inbertsio iragarpenak egiten dituztenean, euren kotizazioak –eta beraz, irabaziak– igo egiten direla. Are gehiago, horren berri ematen dutenean Next Generation funtsak azaltzen badira. Diru publikoa beti baita erakargarria, eta burbuila elikatzeko ezin hobea. Burbuila lehertu arte. Adituen iritziz, ez da asko gelditzen; diru-publikoaren ekarpenak urritzen diren heinean, burbuila lehertzeko arriskua areagotzen da.

Adituen iritziz, ez da asko gelditzen; diru-publikoaren ekarpenak urritzen diren heinean, burbuila lehertzeko arriskua areagotzen da

Espekulazioak espekulazio, Meaka-Irimo herri-plataforman lanean jarraitzeko asmoa dugu. Asmoa bakarrik ez, indarra ere bai. Denbora ez baita alferrik pasatzen, eta talde honek, egindako bidean, aukerak sortu ditu energiaren ertzeetan arakatzeko, eta jasotako ezagutzan, zalantza berriak azaltzearekin batera, indarra ere aurkitu dugu. Lehen hilabete haietan senari entzundakoa berretsi egin dute Antzuolara etorritako hizlariek eta eskuartean izan ditugun idatziek.

Orain benetan bizi dugu mundua ez dela hemen hasi eta bukatzen. Izan ere, gure mendi horietan egin nahi duten txikizioak lotura zuzena du munduaren beste puntan gertatzen diren bortizkeria mota askorekin. Ikasi dugu beste herrialdeetako landa-eremuko biztanleek bizi duten zapalkuntzaren iturria dela hemen bukatzen den mineral eta lur arraroen ibilbidea; baita biodibertsitate eta bizitza galerak berdez margotuta ere, ez direla berreskuratuko. Jabetu gara, azken finean, planetak eta bizitzak berak mugak dituztela onartzea besterik ez dugula, ekodependenteak eta interdependenteak garelako. Hau da, mundua geure zilborrean ez dela hasten eta bukatzen onartu beharko dugula, berandu baino lehen.

Hori horrela bada ere, ahal dugun neurrian, jarraituko dugu saiatzen Antzuolara ekarpen interesgarriak ekarriko dituzten pertsonak gonbidatzen datozen hilabeteotan. Ahaztu gabe mehatxu honek kalean ere izan behar duen presentzia, noski.

Esan dezakegu 2023ko azaroaren 7an Meaka-Irimo herri plataforma osatzea erabaki genuen pertsonak aldatu egin garela; urtebetean ikasitakoek eta desikasitakoek orduko pertsona multzoa lan-talde bilakatu dutela, eta hori berri ona, oso ona dela.

Nahiko genuke taldea handitzea, horrek aberastasuna ekarriko lukeelako, taldera eta herrira. Nahiko genuke mugimendu bizi eta anitza herrian, Meaka eta Irimo mendien bueltan, jakinda behar dugula asmatu munduan egoteko beste modu bat eta gure gorputz txiki eta hauskor hauen neurrira itzuli, hori baita planetaren muga. Eta, bai, posible dela sinetsi behar dugu.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Irakurleen gutunak
2024-12-21 | Iñaki Lasa Nuin
Pagadiak

Barkatu hariztiak, artadiak, zumardiak, lertxundiak, lizardiak, haltzadiak, gaztainadiak, urkidiak, gorostidiak, sagastiak, pinudiak eta zuhaitzen elkarte guztiak, baina, gaur, pagadiak du hitzordua negu-mugako ospakizunak direla eta.

Errazagoa egiten zait negu-mugako... [+]


Elkar mugituz?

Badator Euskaraldia, berriz ere. Urte berriko udaberrian izango da oraingoan, antza. Dagoeneko aurkeztu dute eta, egia esanda, harritu egin nau; ez Euskaraldiak berak, ezpada beraren leloak: Elkar mugituz egingo dugu.

Irakurri edo entzun dudan lehenengoan, burura etorri zait... [+]


Gobernu berriaren aurrekontu neoliberal zaharrak

 Ildo beretik dator Eusko Jaurlaritza berriaren politika. Hitzak bai, baina ekintzak ez dira argi ikusten Pradalesen gobernuak aurkeztutako aurrekontuan.


Oasiaren ondorena

Nobedadea izan ohi da Durangoko Azokari lotzen zaion hitz entzunenetako bat. Nobedadea han, eta nobedadea hemen. Zenbaitetan, ordea, lehengokoari beste itxura ematea aski izaten da etiketa hori itsasteko. Talentu berriztagarriz birmasterizatutako CDek eta berrargitalpenek badute... [+]


Euskararen Eguneko manifestu bat

Euskara txikitasunean handia den ur emaria dugu. Bertako tanta bakoitzak gure kultura ureztatzen eta biziberritzen du. Egarri den hari itsaso bete ur eskaini. Euskara putzu sakon eta ilun batetik etorri izan bada ere, guztiok atera dugu gure ur-gazi lagina, eta guztiok bilakatu... [+]


Frantziara eta Espainiara bidean

Azaroaren erdialdean ARGIA komunikabidearen efemeridearen bitartez gogoratu dut espainiar selekzioan jokatzen jarraitzeko ukoa duela 25 urte egin nuela. Efemeride horrek atzera begiratzeko eta hausnarketa egiteko aukera eman dit.

Nazioarteko Kirol lehiak herrialdeen arteko... [+]


2024-12-20 | Hainbat egile*
Pornografia gaztetan

Gazteak gero eta lehenago hasten dira pornografia kontsumitzen; izan ere, bere sexu heziketa bakarra da pornoa. Nola demontre heldu gara honaino?

Gaur egun, onartu behar da Interneti esker pornografia ikustea askoz errazagoa dela. Tamalez, klik baten bidez 7-9 urte arteko... [+]


Idazkaritzak eta kontuhartzailetzak: joko arauak partidaren amaieran aldatzeaz

Joan den abenduaren 5ean, PPk lege proposamen bat aurkeztu zuen Nafarroako Parlamentuan, Nafarroako toki entitateetako Idazkaritza eta Kontu-hartzailetza lanpostuetan funtzionarizazioa lortzeko prozesuak bereizteko. Hori gertatuko balitz, 30 pertsona inguruk merezitako... [+]


Torturaren biktimak existitzen dira. Eta egileak?

Nazio Batuek abenduaren 10ean Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna aldarrikatu zutenetik 51. urteurrena bete da aurten. Data horrek garrantzia hartu du Euskal Herrian eta Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokitik gogoetarako zenbait elementu eskaini nahi ditugu.

Nazioarteko... [+]


Ainubean

Bazen behin kulturaren gordailu bilakatu zen herria. Denboraren poderioz, munduko agintariek kultura adierazpide ororen aurka hartutako neurri murriztaileen erruz, herrien garra, sormena eta irudimena amatatuz joan ziren, emeki-emeki kandela bat bailitzan. Hala ere, herrialde... [+]


Elon Musk gaiXtoa eta egiaren zaintzaileak

Elon Musken presentzia hedabideetan gora doa, suziri baten moduan, Etxe Zuriko lorategian lurreratu ostean. Lortzen ari den botereaz eta influentziaz asaldatuta omen daude beste botere batzuk eta, bere eragina gutxitzeko asmoz, X sarearen kontra kargatu dute. Azken asteetan The... [+]


Emakumeak, herri indigenak eta natura: giza eskubideen aldeko borrokaren lehen lerroan

Gure eskubideak, gure etorkizuna, orain! lelopean, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunak 76 urteetako ondarea ospatzen du. Egunak mundu baketsuagoa, berdinzaleagoa eta jasangarriagoa eraikitzearen alde egitea du xede. Hala ere, aurrerapenak ospatzen diren bitartean, babesturik... [+]


Zergatik Durangora joan abenduaren 7an?

Euskalgintzaren Kontseilua hizkuntza larrialdia bizi dugula ohartarazten ari da azken astetan. Urte dezente pasa dira euskararen biziberritze-prozesuaren egoera bidegurutzean, errotondan, inpasse egoeran eta antzeko hitzekin deskribatzen hasi zenetik, hizkuntza politikek... [+]


Gure gorputza gudu zelai bat da

Azaroaren 25ean, Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Egunean, Steilas sindikatuko Idazkaritza Feministak kartel bat argitaratu du: Gure gorputza gudu zelai bat da du leloa, eta Hego Euskal Herriko ikastetxe guztiek jaso dute. Gatazka armatuetan emakumeek eta adingabeek... [+]


Funtsezkoa jendea da

Mundu-mailan antifeministak eta arrazistak diren gorroto-diskurtsoak larriki areagotzen ari diren testuinguruan bizi gara. Mundu zabalean sare sozialek zein agenda
politikoek txertatzen dituzte eskuin-muturreko narratibak. Arrazismoa eta antifeminismoa tokian tokiko... [+]


Eguneraketa berriak daude