75 urte dira Austriako Mauthausen kontzentrazio esparrua askatu zutela. Bigarren Mundu Gerran zeregin beldurgarria izan zuen: presoa akitu arte hiltzea. Euskal herritar gehien bildu zuen nazien esparrua izan zen eta hara joandako hirutik bakarrak baizik ez zuen bizirik ateratzea lortu: Marcelino Bilbao izan zen horietako bat. Hau da zoritxarreko historia baten ahazturiko kapitulua, euskal deportazioarena.
"Harrobian lanean ari ginen, judutar talde bat eskailerak jaisten hasi zenean. Orduan, haietako batek seinalea egin zuen eta denak amildegira korrika hasi ziren. Lehenak lurra jotzerako atzetik etorri zen bigarrena, gero hirugarrena, laugarrena… judutarrak pilaka hiltzen ziren harrobian! (…) Surrealistena da SSek sabotaje bezala hartzen zituztela suizidio horiek”.
Bigarren Mundu Gerrako kontzentrazio esparruetan gertaturiko izugarrikeriak, urruneko historia baten pasadizoak direla iruditzen zaigu askotan, kamera ilun baten filtrotik paseak baleude bezala. Baina noizean behin, guganaino iristen zaizkigu modurik gordinenean: hura bizi izan zutenek kontaturik. Marcelino Bilbaoren (Alonsotegi, 1920 – Poitiers, 2014) memoriek erakusten digute euskaldunok badugula gure haragi puska naziek eragindako giza sarraskian. Haren iloba txiki Etxahun Galparsoro historialariak jaso du testigantza paregabea Bilbao en Mauthausen. Memorias de supervivencia de un deportado vasco (Crítica, 2020) liburuan.
Hego Euskal Herriko deportatuek urte guztiotan ez dute aitortza ofizialik izan eta, beste behin, herritarrak izan dira haiek gogoratzeko ekimenak bultzatu dituztenak. Tamalez, deportatu gehienak hilda daude jadanik, eta euskal erakunde publikoetako ordezkariak berandu datoz efemeride borobil honen erakusleihora
Euskal deportazioaren historia ahazmendi handi bat da, Holokaustoa mugetatik harago jazotako gerra baten drama arrotza baita euskaldun gehienontzat. Baina Bidasoaren alde batean zein bestean izandako gatazka biek –Espainiako Gerra Zibilak eta Bigarren Mundu Gerrak– sustrai bera dute: faxismoa. Eta haren aurpegi krudelenetako bat izan zen Mauthausen, naziek euskaldun gehien deportatu zuten kontzentrazio esparrua.
Maiatzaren 5ean 75 urte dira tropa aliatuek esparru hura askatu zutela. Denera 120.000 pertsona inguru suntsitu zituzten, eta 1946az geroztik urtero egin ohi da ekitaldi hunkigarria handik igarotako biktimak gogoratzeko. Europako kontzentrazio internazionalista eta antifaxista handienekoa da. Aurten herrialde ugaritako milaka lagun espero ziren urteurren garrantzitsuan, baina COVID-19ak sorturiko krisiaren ondorioz bertan behera geratu da egitaraua, eta modu birtualean omenduko dituzte deportatuak maiatzaren 10ean, MKÖ Mauthausen Austria Komiteak antolaturik.
“Mauthausenek gure gizateriaren ukapena haragiztatu zuen. Hor gertaturikoak erantzukizunez jokatzera behartzen gaitu, ez ahaztera”, adierazi du David Sassoli Europar Parlamentuko presidenteak bideo solemne batean. Gure ardura da, beraz, ez ahaztea.
Iazko abuztuaren 19an Espainiako Aldizkari Orokorrak zerrenda bat kaleratu zuen Mauthausenen hildako errepublikarren izenekin, eta bertan Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako 89 lagun ageri dira. Baina talde memorialistek eta ikerketa berriek aditzera eman dutenez, biktimak askoz gehiago dira: 1941etik 1945era gutxienez Hego Euskal Herriko 253 pertsona deportatu zituzten nazien kontzentrazio esparruetara –gehienak Mauthausenera– eta erdia ez zen bizirik itzuli. Horiek guztiak kontutan edukita ere, zerrendak hankamotz jarraitzen du, Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoako herritarren izenak falta baitira.
Astekari honek Frantziako Deportatuen Oroimenerako Fundazioaren datu basean dozenaka euskal herritarren izenak aurkitu ditu: Baiona, Bokale, Ainhoa, Senpere, Maule, Hendaia, Aldude, Gixune… ia herri guztietan bada euskal deportaturik. Horiek aurrekoei gehituta, baliteke deportazioa jasan zutenak 600 pertsona baino gehiago izatea Euskal Herri osoan.
Kopuru zehatza ez da garrantzitsuena ordea, asko direla baizik, gehiegi.
Iparraldeko deportatuek Estatuaren nolabaiteko aitorpen ofiziala jaso zuten bere garaian, baina Hegoaldekoek urte guztiotan ez dute halakorik izan, eta beste behin, herritarrak izan dira haiek gogoratzeko ekimenak bultzatu dituztenak, Barakaldoko Alazne ikastetxearena kasu –naziek deportaturiko barakaldotarren omenez zoruan stolpersteine plakak jartzea proposatu du–. Tamalez deportatu gehienak hilda daude jadanik, eta euskal erakunde publikoetako ordezkariak berandu datoz efemeride borobil honen erakusleihora.
Nola amaitu zuten kontzentrazio esparruetan?
Jaio zenean Nerbioi ibaiaren ondoan abandonatua –hortik Bilbao deitura– Marcelinok haurtzaro gogorra izan zuen Bizkaiko mehatzeen abaroan. 1936ko Gerran batailoi errepublikarretan ibili zen eta, beste asko bezala, Frantziara erbesteratu zen. Frantziar armadarekin Alemanen aurka borrokatu ondoren, azkenean Austriako Mauthausenen amaitu zuen nazien eskuetan. Nola iritsi zen haraino?
1939ko otsailean, Francorengandik ihesi zihoan milioi erdi pertsonako exodoak Kataluniako Pirinioak gurutzatu zituenean, haien artean milaka euskaldun ere bazeuden; erbeste-kate luze bat azkenaurreko pausoak ziren. Lehenik “barneratze” hondartzetara eramanak, asko Gursen entzerratu zituzten ondoren, Zuberoatik kilometro gutxira.
Frantziar agintariek ez zituzten erbesteratuak bere lurraldean nahi, baina Hitlerrek Polonia inbaditu eta hexagonoak Alemaniari gerra deklaratu zionean dena aldatu zen. Orduan, espainiar errepublikarrak –euskal erbesteratuak barne– eta bere kolonien menpeko jendeak lehen lerroan jarri zituzten tanke germaniarren bazka izan zitezen. Euzkadiko Gobernuak, erbestean, nahiago izan zuen bere herrikideak frontera bidali emigrazio masibo bat ukan baino.
Marcelinok bezala, gehienek Langile Atzerritarren Konpainietan eman zuten izena eta Maginot lerroa gotortzen ibili ziren –Alemania eta Frantzia arteko mugan eraikitako defentsarako azpiegitura-sare erraldoia–, harik eta 1940ko maiatzean Wehrmacht alemanak erasoaldi azkarra hasi eta aste gutxiren buruan Herbehereak, Belgika eta Frantzia okupaturik, guztiak harrapatu zituen arte. Frontstalag edo fronteko atxilotze guneetara eraman zituzten lehendabizi, eta ondoren ehunka kilometroko ibilaldi neketsuak eginarazi stalag-etara.
Espetxe horietan errepublikar espainiarrek gainerako presoen tratu bera jaso zuten hasiera batean. Baina egoera guztiz aldatu zen Ramón Serrano Suñer Espainiako Gobernazio ministroak 1940ko irailean Berlinera egindako bisitarekin. Hurrengo egunean, Führerarren agindua kaleratu zuen Segurtasun Bulegoak: spanier soldaduei preso izaera ukatu eta kontzentrazio esparruetara bidaliko zituzten hortik aurrera. Deportatu politiko bilakatu ziren. Francoren Gobernuak erabaki horrekin izan zuen loturaren froga zehatzik ez dago, baina Sophie Thonon-Wesfreid abokatuak ehunka dokumentu bildu ditu Serrano Suñerren inplikazio zuzena erakusten dutenak, tartean alemaniar enbaxadoreari bidalitako gutunak, esanez ez zitzaiela “axola” naziek beraiekin zer egingo zuten.
Halaxe iritsi zen Marcelino Bilbaoren konboia Mauthauseneko geltokira 1940ko abenduaren 13an, elurte baten erdian. Atea ireki eta Raus, raus! Raus, raus! (kanpora!) entzun zuten SS paramilitar nazien ahotik. Ez zen lehen aldia, ezta azkena izango ere.
“Hau da zuei gertatuko zaizuena”
“Gau argitsu hartan herria zeharkatu genuen zakurrek eta SSek inguratuta. Etxeetan jendea lo zegoen lasai, baina argi gera dadila: haien ondotik pasa ginen. Urte batzuk geroago herritar horiek zioten ez zekitela zer ari zen gertatzen…”. Alemaniak anexionaturiko Austria garaian kokatua, Mauthausenen infernua zer den ikasiko zuen Marcelinok, III. Reich-aren esparru gogorrenetakoa baitzen, III. gradukoa hain zuzen ere.
Oraindik ez ziren hedatu gure iruditegian hain ezagun zaizkigun gas-ganbera industrialak, eta SSen lan zikina egiten zuten kabo edo morroiek gupidarik gabe hiltzen zituzten kolpeka eta tiroz presoetako asko. Baina heriotza gehienak gaixotasunek, higiene ezak, Alpeetako hotzak, muturreko goseak eta lan jasanezinak eragindakoak izan ziren: presoak “akituta hiltzea” zen esparruaren azken helburua, denek amaitu behar zuten errauts eginda, modu programatuan.
Alonsotegikoa esparrura iritsi eta gutxira zaindarietako batek sekulako kolpea eman zion pikatxoi batekin, ez zuelako agindu bat ulertu. Odolez blai, sendatzeko ezer gabe, apenas atera zen bizirik atakatik: “Baina Mauthausenen ez zuen balio ‘ezin dut altxa” esatea! Edo zutik jartzen zinen edo likidatzen zintuzten”... Raus, raus!
Deportatuei “berrogeialdia” pasarazten zieten baldintza izugarritan giltzapetuta, tarte horretan norbanako bezala ezabatu, otzandu eta zenbaki huts bihurtu zitezen. Marcelino Bilbao 4628 presoa bilakatu zen: Sechsundviersig achtundwanzig, alemanez.
Lehen gauaren ostean bisita jaso zuten barrakoian: “Hezurretan zegoen gizaki bat sartu zen ia ezinean, eskeletoa zirudien”. “Begiratu ondo, ez nauzu ezagutzen?”, galdetu zion euskaldunari. Eta honek ezetz. Angel Elejalde bilbotarra zen, sei hilabete lehenago berekin batera frontean aritutakoa: “Begiak hondoratuta zituen, gorputza haragirik gabe, eta beroki zikin bat zeraman soka batez lepotik zintzilik. Hotzak uzkurtuta zegoen eta bi egur zati zituen oinetan, hainbeste ibiliagatik zulatuta zeudenak”. Eszena hura betirako geratu zitzaion iltzatuta, “hau da zuei gertatuko zaizuena”, esan zion lagunak.
Hedatu eta kizkurtzen den sugea
1940ko abuztuaren 6ko trenean lehen euskaldunak iritsi ziren Moosburgeko stalag-etik –tartean Mendabia eta Ribaforadako hainbat anarkista–, baina are gehiago iritsiko ziren saldoka 1941eko amaiera arte. Gehienek hilik amaitu zuten hiru kilometrora zegoen Gusen zelaian. Gune hura Mauthausenen osagarria zen –kontzentrazio esparru handienek dozenaka zelaiez osaturiko unibertsoa zuten inguruan– eta hara eramaten zituztenak ez ziren sekula itzultzen: “Alles kaputt”, ohartarazi zioten Marcelinori.
“Biren artean etzan ninduten eta gainean hildakoak jartzen hasi ziren, ondo tolestuta, burua izan ezik dena estali arte (…) Aurpegian txapela bat jarri zidaten bizirik nengoela ez nabaritzeko; minutu eskasean lo nengoen”
Mauthautsen bi gunetan banatzen zen. Bata kanpokoa, txarrantxez eta zaintzarako dorrez inguratua –bertan zeuden administraziorako eta SSentzako eraikinak, baita harrobia ere–; bigarrena, barrukoa, hesi elektrifikatu batekin itxita zegoen eta presoen barrakoiak zeuden. Egunez harrobi lanak egiteko hedatu eta gauez kizkurtu egiten zen suge moduko bat zen. Kontzentrazio esparruak ez baitziren eremu finkoak, etengabe eraldatzen eta mugitzen ziren munstroak ziren, orain preso gehiagorentzako zelaigunea, orain giza-errausketarako labea… Errepublikar espainiarrek, esaterako, hilabete gutxitan euren eskuz jaso zuten presoago egingo zituen granitozko horma.
Itxaropenik gabeko lurraldean, iraupena luzatzea zen barne-lege bakarra. Marcelinori bi gauzek lagundu zioten horretan: futbola eta kontrabandoa. Harrigarriro, futbolean aritzeko baimena izan zuten –horretarako indarrik zutenek– eta bera abila izaki, austriarren taldean jokatzen amaitu zuen; horrek kontzentrazio esparruko hainbat arduradunen begikotasuna lortzea ekarri zion. Kontrabando sarean ere txiripaz sartu zuten eta, hala, bentaja txiki batzuk lortu zituen bere larrua arriskuan jarriz. Zeren eta gauza bat garbi zegoen: inor ez zen bizirik ateratzen arauak betez. Hautsi egin behar ziren, handik eta hemendik janaria lortu eta irauteko.
Baina, hala ere, gure protagonistak senperenak pasa behar izan zituen. Denbora luzez Mauthausenen bihotza zen granitozko harrobian egin zuen lan. Han, egunero, kontzentrazio esparruko hiltegi bihurtu ziren “heriotzaren eskailerak” igo behar izaten zituzten, harrizko bloke bat gainean hartuta: “Eta ezin zuenari tiroa jo eta hantxe geratzen zen. Helburua gu sufriaraztea zen, besterik ez”.
Behin, harrobi gaineko eremu batean lanean ari zela Marcelino gaixo jarri zen, dardarka eta ezin zutik egon. Lagunek hil berri zeuden judu batzuen gorpuen artean ezkutarazi zuten, hilotzen berotasunean: “Biren artean etzan ninduten eta gainean hildakoak jartzen hasi ziren, ondo tolestuta, burua izan ezik dena estali arte (…) Aurpegian txapela bat jarri zidaten bizirik nengoela ez nabaritzeko; minutu eskasean lo nengoen”.
Aribert Heim doktorearen akuri
Presoak esperimentuak egiteko erabiltzea izan zen nazien ankerkeria handienetako bat. Mauthausenen Aribert Heim doktorea ibili zen bereak eta bost egiten, eta Marcelino Bilbaok liburu honetan emandako testigantza gakoa da hori frogatzeko, bere akuri izan baitzen. Jaso zituen injekzioek zer helburu zuten ez zuen sekula jakin, agian alemaniar soldaduentzako txertoak sintetizatzeko –Galparsorok azaltzen duenez–, baina Marcelinori aurpegia desitxuratu zitzaion guztiz eta bizi guztirako aztarna utzi zion.
Horren ondotik errusiarren gunera pasa zuten, muselmann gehien zegoen tokira. Goseak eta nekeak eraginda, aginduen aurrean erreakzionatzeko gaitasuna galdu zutenei deitzen zieten horrela. Marcelino haietako bat bihurtu zen. Egun batean, ilara batean aurkitu zuen bere burua: “Amaieran bi aleman zeuden zain, aurrera egin ahala gaixoa kolpatzen zuten eta aska moduko batean ito (…) Hau guztia gure parean gertatzen zen, eta zirkinik egin gabe onartzen genuen”. Erizaindegian zegoen lagun batek ezagutu zuelako salbatu zen azkenean.
“Amaieran bi aleman zeuden zain, aurrera egin ahala gaixoa kolpatzen zuten eta aska moduko batean ito (…) Hau guztia gure parean gertatzen zen, eta zirkinik egin gabe onartzen genuen”
Beretzat baina, okerrena ez zen gosea edo hotza, okerrena beldurra zen, horrek paralizatzen zuen pertsona, behar izanez gero adiskidea martirizatzera iristeraino.
“NN” presoak: iritsi dira erresistenteak
1942tik aurrera beste mota bateko jendea hasi zen iristen Mauthausenera. Ordura arte kolektibo osoak garraiatu zituzten naziek zientoka laguneko konboietan: poloniarrak lehenik, gero espainiar errepublikarrak, ondoren errusiar juduak… “Talde handitan sartzea desgrazi bat zen –zioen Marcelinok–, denak akabatzen saiatzen baitziren”. Baina urte hartan, marradun jantziko hirukiaz gain, “NN” hizki arraroekin identifikatutako talde txikiak hasi ziren agertzen.
Nach und nebel (gaua eta lainoa) dekretuaren ondorioz atxiloturiko erresistenteak ziren. Hitlerrek Molotov-Ribbentrop ituna hautsi eta Sobiet Batasunari eraso zionean, lurralde okupatuetan komunisten erresistentzia ekintzak ugaritu egin ziren. Horri erantzuteko eta oposizio politiko oro sekretupean desagerrarazteko marko legala jarri zuen NN dekretuak. Gestapok eta polizia kolaborazionistek ehunka laguneko sarekadak egin, eta inolako informaziorik eman gabe hil edo deportatzen zituzten Alemaniako kontzentrazio esparruetara.
Horien artean, jakina, euskaldunak ere bazeuden, talde armatuetan edo ihes-sareetan hartu baitzuten parte. Asko Ipar Euskal Herrikoak ziren, beste asko Hegoaldekoak, eta haien artean berehala sortu zen harreman berezia. Mauthausenera soilik ez, beste kontzentrazio esparru ezagunetara ere eraman zituzten: Dachau, Buchenwald, Auschwitz, Ravensbrück… Azkeneko honetan, hain zuzen, Euskal Herriko hainbat emakumek egin zuen topo.
Ravensbrück-eko esparrua oso garrantzitsua izan zen gerra-industria alemanarentzat: emakume eta haurren eskuak baliatu zituzten material belikoa fabrikatzeko; baina esklabo horiek adore izugarria erakutsi zuten eta sabotajeak antolatu zituzten arma horietako asko matxuratzea lortuz, Neus Catalá preso katalanak Un cel de plom (errautsezko zerua) eleberrian azaldu zigun moduan.
Deportatu berriek Mauthausenen aurkitu zuten egoera oso bestelakoa zen. Naziek gero eta beharrezkoa zuten presoen lan-eskua eta, 1943ko apiriletik aurrera logika kapitalistarekin berrantolatu zuten kontzentrazio esparruen sarea, gatibuei ahalik eta errendimendu handiena atera nahian. Hala, Mauthausen pasoko toki bilakatu zen, eta hortik beste gune txikiagoetara birbidaltzen hasi ziren giza-merkantzia. Ikuspegi aldaketa horrek –eta beteranoen esperientziak– heriotza kopurua gutxitzea ekarri zuen espainiar errepublikarren artean.
Marcelinok eta bere kideek Jugoslaviako famili osoak ikusten zituzten konboietan iristen: “Barrura sartzen zituzten engainatuta, dutxatzera zihoazela esanez. Eta gu metro gutxira geunden, baina alemanek ez ziguten ezer ezkutatzen, konbentzituta zeuden handik ez ginela bizirik aterako”
Judutarren patua ordea ez zen aldatu: bazen denbora bat 120 pertsona kabitzeko moduko gas-ganbera txikia martxan jarri zutela kartzelako sotoan, Zyklon B-rekin juduak sarraskitzeko. Marcelinok eta bere kideek Jugoslaviako famili osoak ikusten zituzten konboietan iristen: “Barrura sartzen zituzten engainatuta, dutxatzera zihoazela esanez. Eta gu metro gutxira geunden, baina alemanek ez ziguten ezer ezkutatzen, konbentzituta zeuden handik ez ginela bizirik aterako”.
Askapenaren egunetik, ahanzturara
Azkeneko urtea ondoko Ebensee zelaian igaro zuen Marcelinok. Jadanik bistakoa zen Alemaniak gerra galduko zuela eta presoak antolatzen hasi ziren, naziek denak hiltzea erabakiz gero erresistitzeko. Askapenaren egunean “eguzki distiratsu” bat zegoela oroitzen du, baina ahobizarrik gabe kontatzen du presoek nola hil zituzten banaka-banaka geratzen ziren guardia eta kabo apurrak, batzuk errauste-labean bizirik sartzeraino. “Muturreko egoera horiek ezin dira egungo balio edo ideien arabera aztertu”, ohartarazi digu Galparsorok.
Bizitakoa eta gero, harrigarria da errepublikar deportatuek gerra amaieran jasan behar izan zuten utzikeria, bai esparrura iritsi ziren AEBetako soldaduen bai beste erakundeen ezjakintasun eta axolarik ezagatik –Marcelinok behin baino gehiagotan erakutsi zuen arrangura, Pariseko Euzkadiko Gobernuaren ordezkaritzan ez zutelako berekin “ezer jakin nahi izan”–. Châtellerauten (Akitania) amaitu zuen, lagun eta preso-kide izan zuen Jose Mari Agirre irundarraren familiarekin bizitzen.
Historia honek aurpegia jarri dio, itzal eta argi, Mauthauseneko basakeriari; eta orain euskaldunok ere ezin dezakegu esan zer gertatu zen ez dakigunik.
Datua:
Euskal herritar inguru izan daitezke nazien kontzentrazio esparruetara deportatu zituztenak 1940-1945 urteen artean. Eusko Jaurlaritzaren Gogoa Institutuarentzat egindako ikerketa baten arabera Hegoaldekoak 253 ziren –ia erdia eliminatuak izan ziren–. Ikuspegi oso bat izateko, ARGIAk Ipar Euskal Herrikoak ere kontatu ditu Frantziako Deportatuen Oroimenerako Fundazioaren datu basean, eta gutxienez 355 izen aurkitu ditu, asko Buchenwald eta Auschwitzera eramanak.
Holokaustoak badu izen bat Euskal Herrian, eta emakume izena da: Simonne Paquita Lelouch donostiarrarena. Auschwitzen gaseatu zuten 1943ko irailaren 12an. Ezagutzen den halako kasu bakarra dela uste da –Lapurdiko kostaldean babestu ziren judu atzerritarren sarraskia alde batera utzita–.
Naziak 1942an hasi ziren Endlösung der Judenfrage edo "judutarren auziaren azken soluzioa" ezartzen, eta Lelouch judu poloniar batzuen semearekin ezkonduta egoteagatik hil zuten. Donostiako Udalak berrikitan aitortu du orain arte ezkutuan egon den biktima gisa.
Astelehenean abiatu zituzten lanak eta frankismo garaiko 20 biktima berriren gorpuak topatu dituzte honezkero. Asteburura arte luzatuko dute gorpuzkiak lurpetik ateratzeko hirugarren kanpaina.
Donostiako Udalak Mikel Zabalza Garateren (1952-1985) omenezko plaka bat jarriko du larunbat honetan (hilak 30), Guardia Zibilaren Intxaurrondoko kuartelaren aurrean (Baratzategi kalea, 35). Guardia Zibilak gaurko egunez atxilotu zuen Zabalza, 1985ean, Altzako bere etxean... [+]
Nafarroako Fusilatuen Senitartekoen Elkarteak gogor kritikatu du Iruñeko Erorien Monumentuaren inguruan EH Bilduk, Geroa Baik eta PSNek egindako akordioa. "Pedagogia" egiteko toki hobeagoak daudela dio eta interpretazio zentroari Maravillas Lamberto izena... [+]
Iruñeko Erorien monumentua faxismoaren salaketarako eta memoria demokratikorako Maravillas Lamberto interpretazio zentroa bilakatzea adostu dute EH Bildu, PSN eta Geroa Baik. Eraikinaren parte bat eraitsiko dute, eta adiera frankistako elementuak kendu edo estaliko... [+]
"88 urteko isiltasuna nahikoa da; gure herritarrek behingoz aitortza ekitaldi bat merezi dute"
Espainiako eta Frantziako Estatuak “nazio askapen mugimendua ito” nahi dutela ohartarazi du Sortuk, eta Santi Brouard eta Josu Muguruza HBko militanteen erailketak estatu biek egiten duten “gerra zikinaren parte direla” adierazi du.
Saturraran Elkarteak antolatuta, Oroimen Eguneko ekitaldian batu dira larunbatean 1939tik 1944 bitartean Saturrarango Emakumeen Kartzela egon zen inguruan, bertan preso egondako emakume eta umeak oroitu eta omentzeko.
Egun hartan Espainiako Poliziak bost langile hil zituen eta dozenaka zauritu. Orain, identifikatu gabeko beste zazpi zauritu aurkitu dituela iragarri du Martxoak 3 elkarteak. Oraindik, alabaina, ez dute lortu zauritutako beste 20 pertsona identifikatzea.
Espainiako Gobernuak dokumentu bat helarazi die Salvador Puig Antichen arrebei, Oroimen Demokratikorako ministro Ángel Víctor Torresen eskutik. Frankismoak anarkista katalanari jarritako heriotza kondenaren “baliogabetasun akta” dela diote. Harrigarria... [+]