Mauleko Zinkak hogei urte, ostatutik elkartera

  • Mugimendu abertzaleak sortu zuen Zinka ostatua, eta enpresa batek kudeatu zuen lehen urteetan. Enpresak porrot egin, eta ordura arte bezero zirenek beren esku hartu zuten, Zinka Bizirik elkartearen bidez. Geroztik, belaunaldiak aldatu dira, eta gaur ospatuko dituzte Zinkaren hogei urteak.


2018ko azaroaren 30ean - 16:31
Zinka biziarazten duen taldea. Argazkia: Joanes Etxebarria

Zinka ostatuaren hastapenak bat egiten du Ipar Euskal Herriko ezkerreko mugimendu abertzalearen historiarekin. Ez zuten soilik zuberotarrek sortu. Behobian Xaia, Hazparnen Xuriatea, Donapaleun Elorri, Baionan Txiriboga, Biarritzen eta Donibane Lohizunen ere ostatuak sortu zituzten, Maulen Zinka sortu zuten garai beretsuan, duela hogei urte.

Herri Taldeak ziren garai horietan, “ezkerreko mugimendu abertzalea antolatu zen sare bat osatzeko”. Regis Claverie Zinkaren lehen urteetan kudeatzaile izan zen enpresako kide izan zen, Maite Lephaille, Leonie Agergarai, Jakes Sarrallet eta Johañe Etxamendirekin batean. “200 pertsonaren arteko diru biltze bat antolatu zen ostatuak sortzeko”, oroitarazi du, aipatu ostatu guztiak aipagai. “Egiazko” ostatuak nahi zituzten, haatik; baziren “batzoki edo gaztetxeak” —Mauleko Pitxu gaztetxea izan zena batzoki deitzen zen lehenago—, “baina nahi genituen astean zehar irekiak izanen ziren ostatuak sortu”. Herri erdian izatea zen xedea, eta hala kokatua da Zinka ere, Victor Hugo karrikan. Ostatua bai, baina beste helburu bat ere bazuen: “bilkura gelak ukaiteko, xede haboro biltzeko… Dinamika sortu zen ezkerreko militante abertzaleen inguruan”, Claverieren erranetan.

Bilkura anitzen ondokoa dirua biltzeko kanpaina bat izan zen; gero, eraikin bat eta alkohol saltzeko lizentzia merkea atzeman zituzten. Tratu bat ere egin zen, artetik, garagardo marka ezagun batekin, garai horietan ardoa nagusi baitzen, eta garagardoa sarraraztearen truk lizentziak merke atera ziren militanteentzat. Bostak enpresa sortu zuten Zuberoan, ostatua kudeatzeko.

Lehenago Bar des Sports zena Zinka ostatua bilakatu zen 1998an, boluntarioek obrak egin eta gero. “Zinka ostatua ez da xede bat bakarrik zuberotarren artean muntatu dena”, azpimarratu du Claveriek. Gogoan du, adibidez, Hendaian bizi den Richard Irazustak etxea atzeman eta prezioa negoziatu zuela. Halaber, Claverie bera aholkulari izan zen Donapaleuko Elorri ostatuaren sorreran, eta zuberotar gehiago hango obretan laguntzaile. “Militanteen artean horrela zen Ipar Euskal Herrian lehen”, laburbildu du.

Enpresatik elkarte mundura

Urteak iraun zuen ostatuak, astegunez irekirik, Maitena zerbitzariak biziarazirik. Baina 2003. urte inguruan, enpresak porrot egin zuen. Segida hartuko zuen taldean bezeroak ziren, baita langilearen lagunak ere. Isabela Barreix horietan zen: “Bagenekien ez zela aisa ari, baina xehetasunik ukan gabe. Orduan jakin genuen zerratzeko erabakia hartu zutela. Lehenik, kexu ginen; gero, saiatu ginen jakitera zergatik zerratzen zen eta oroz bateko erabakia zenez. Aski fite ikusi genuen erabakia hartua zela eta ez zela deus egiten ahal”.

2004an sortu zuten Zinka Bizirik elkartea, baina hilabeteetan ostatuaren likidazioak markatu zuen erritmoa: “Zinkaren materiala zena behar izan genuen erosi”. Barreixek anekdotak baditu gogoan, hala nola uxerrak antxeretan ezarri ez zuen paella egiteko plater handia, “besapean eraman” zuena alegia, baina eztabaiden gaiak ere: “Bilkura zinez interesgarri eta mamitsuak izan ziren paperean ezartzeko zer gune nahi genuen sortu. Ea instituzioetara jo behar zenez, haien menpeko jarri eta abar… Bi txostenekin finantzatu genuen azkenean, eta ez zen zorrik izan”. Frantziako Fundazioa eta EAJren Udalbiltzaren diru laguntzekin erosi zituzten materialak, lizentzia eta soinu tresneria ere, “gunea egituratzeko”.

Likidazioaren aitzineko urteetan Abertzaleen Batasuna alderdiari lotu ostatu bat izatetik elkartearen esku izatera pasatu zen, baina Zinka Bizirik sortzeko. “Ez dut uste abertzale hitza sartu genuela, baina gure estatutuetan politiko hitza idatzi genuen”, dio Barreixek: “Erran nahi du antolatzen ahal genituela ekitaldi politikoak, identifikatu gabe alderdi bati, sindikalismoa eta gizarte mugimenduak ere bai baitira hitz horren gibelean”.

Dozena bat elkarte ere hurbildu ziren elkarteen arteko kudeaketa entsegu batera: Gau Eskola, ikastola, Azia elkartea, Mauleko musika eskola, Gauan elkartea —Zinkan lehendik kontzertuak antolatzen zituena—… Elkarteen eta ekarpen pertsonalekin ziurtatu nahi zituzten gaur egun ere ostatuak dituen alokairu eta fakturen gastuak. “Ideia zen leku bat ukaitea, ez sobera handi. Horren truk elkarteak engaiatzen ziren gaualdiak antolatzera”. Elkarteetatik pertsonak hurbildu ziren, baina dinamika horien esku gelditu zen.

Xiberoko Botza irratia ere partaide izan zen. Irratiko langile ere izan zen urte horietan Isabela Barreix, eta irratia Zinkaren gaineko solairuan plantatu izana oroitzen du: “Xiberoko Botza ere hara joan zen garaian. Eztabaida ukan zuten, eta joan ziren ostatua baliatuz, dena leku berean izateko. Nik gainean lan egiten nuen, eta egia da goxo zela eguerdietan gurutzatzen baikinen, kontzertuetatik kanpo. Maulen lan egiten zuen jendea juntatzen zen hor, irakasleak eta beste”. Beti jende berak zirela gogoan du, baina, funtsean, “beste ostatuetan ber gauza da”.

Astegunetan irekitzeko eta animatzeko xedez segitu zuten, beraz, eta beste langile bat izan zuen ostatuak elkarte aroan: Kattin. “Langilea hartuz geroz gure dinamika bere gain utzi genuela uste dut, eta laguntzaile geroz eta gutxiago zela”, iduri zaio Barreixi.

Kontzertu gela

Hastapenetik izan dira kontzertuak Zinkan, baina, azken urteetan, kontzertu gela bilakatu dela ere erran daiteke. Barreixen taldearekin hasi zen Iulen Guiresse: “Bazen talde on bat, emazteak soilik kasik, garai hartan. Bazen erritmo handia”. Orain ere bai. Hamabost egun oroz irekitzen dute, kontzertuentzat gehienetan. Publikoan adin aldaketa bat ikusi du urteekin Guiressek; “lehen 35 eta 40 urte artekoak ziren gehienik; orain, gazteagoak”, dio.

Gaztetxe bat kausitzeko batailak eraman zuen Zinkara; alokairua, asurantza eta fakturak pagatu behar diren lekura: “Nik gaztetxea horiek gabe ikusten nuen”. Diru hori atera beharrari alde on eta txarrak ikusten dizkio: “Erritmoa inposatzen du; on izaten ahal da ez bagara sos mentsetan eta ez bagara akituak. Badakizu ez duzula lau hilabetetako pausa bat egiten ahal. Talde batzuetan hala zen: egin behar, taldean jende gutxi, gaualdi batzuek porrot egiten…”.

Azken hiruzpalau urteetan Zinkan dabilen Jon Foucherek ez du taldea sobera aldatzen ikusi, “giro ona” dutelako haien artean, eta ontsa antolatuak direlako bere ustez: “Momentu batez egiten dugu bi hilabeteko programazio bat. Data finkoak baditugu, eta gure artean antolatzen gara, bakoitzak badaki zer duen egiteko, postuak sortu dira: sukaldariak usu berdinak dira, ostatuan ere, teknikan ni [Soinu teknikaria da ofizioz]… Ez dugu txandarik ezarri beharrik ere”.

Musika bilakatu da ostatuaren ardatza. Aspalditik Xiberoko Txanbelariak taldearen aterpe izan da Zinka, beren errepika gune. Azken urteetan, gainera, Xiberoots taldearen entsegu gela ere eraikin berean da. Eta ekarrarazi dituzten musika taldeen zerrenda handia da. Iulen Guiresse: “Harremanak sortzen dira talde batzuekin. Taldeak ez dira etortzen diruarentzat; justu bidearentzat pagatzen diegu”. Jon Foucherentzat argi da, “harrera ona” ziurtatzea da giltza: “Soinua bada, materiala bada, antolaketa hori…”.

Lehen urteetako kolore abertzaleaz galdeturik, mantentzen dela erran du Guiressek: “Ideia abertzaleak hedatzen ditugu, ezkertiarrak, bortizkeriaren kontrako kanpainak egiten ditugu…”, nahiz eta haren ustez “ez den batere bortxatua abertzale izatea Zinkan sartzeko”, gaur egungo taldea lekuko. “Zinka uzten dugu izateko biltoki bat ere”, gehitu du Foucherek. Mauleko bestetan bereziki, jende berria ikusten dute sartzen urte oroz. Jende berria lehen eta orain sartzen da, Guiressek dioenaz: “Lan bat egina izan da 20 urtez”.

Orain, geroari so segitzen dute “Zinkaz ari diren gazte horiek”, eta, Fermin Muguruzaren kantuak zioen bezala, “ez dute hotzik sentitzen”. Azken urteetan obra anitz egin dituzte, ostatuaren gibeleko gela itxi dute euria ez dadin gehiago sartu, soinuaz isolatzeko lanak egin ziren… eta gehiago egiteko prest dira Guiressek dioenaz, “bereziki auzoekiko, ez harrabotsik egiteko”. Epe luzeagoan ere, xede handi bat dute begi bistan. Foucher: “Gibeleko eraikina desegitea, autorik gabeko plaza bat egiteko, jendeek baliatzen ahalko dutena”.

Ostiralean eta larunbatean ospatuko dute Zinkaren 20. urteurrena.

Ostirala

20:00. Taloak, Zinka ostatuan. Umorezko bakarrizketa Txikirekin, eta kantaldia Amaren Alabak taldearekin eta Niko Etxartekin.

Larunbata

11:00. Poteo alaitua eta aperitifa, Mauleko merkatuan.

12:00. La Fabrique Borgnol musika taldea, egun osoan.

13:00. Bazkaria, Zinkan.

16:00. Pista jokoa, Maulen.

19:00. Kontzertuak, Zinkan: Gatom, Tiocfaidh’ar’ia eta Kaleko Urdangak.

Albiste hau Ipar Euskal Herriko Hitzak argitaratu du eta Creative Commons lizentziari esker ekarri dugu.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Azpiegitura kulturalak
2024-12-11 | Julene Flamarique
Irmotasunez egin du Pradalesek Urdaibaiko Guggenheimen alde, eta “inbasio gutxiko” proiektua dela defendatu

Guggenheimaren patronatuakbi urteko epea jarri dio bere buruari proiektuaren alderdi guztietan lan egiteko, “zalantzarik gabe” hartu behar baita kontuan biosfera erreserba batean kokatuko dela. Pello Otxandianok zalantzan jarri du proiektuari 500 milioi euro... [+]


Añube
Elkar besarkatzeko musika

Aspaldi ezagutu genuen gaur gaurkoz Añube taldeko abeslari den Aitor Bedia Hans. Garai berean adiskidetu ginen egun Añube taldeko gitarra jotzaile ohia den Beñat Gonzalezekin. Unibertsitateko garaian izan zen, Debagoienako bi gazteak musika zainetan... [+]


2024-11-13 | Iñaki Barcena
Megaproiektu Turistiko Antidemokratikoa

Duela bi urte Urdaibai Guggenheim Stop! plataforma herritarra sortu zenetik, Urdaibai ez dago salgai! leloa nonahi ari gara entzuten. Joan den urriaren 19an Gernikan milaka lagun bildu ginen proiektu horri ezetza emateko eta, nire aburuz, hiru dira arrazoi nagusiak... [+]


2024-10-23 | Julene Flamarique
Greenpeacek salaketa aurkeztu du Urdaibaiko Guggenheimen aurka, Kosta Legea urratzen duela eta

Auzitegi Nazionalean aurkeztu du salaketa eta “proiektua berehala eten dezaten” galdegin du. Bi lege urratzen dituela ohartarazi du: Kostaldeko Legea eta Europako Legea, Red Natura 2000ri dagokiona. Auzitegi Nazionalak Gobernuko Trantsizio Ekologikorako eta Erronka... [+]


Guggenheim Urdaibairi loturiko bide baten obrak geldituta daude, helegite baten ondorioz

Eusko Jaurlaritzak epe mugarik gabe gelditu du Muruetan egitekoa zen oinezkoentzako egurrezko pasabide baten exekuzioa, Guggenheim Urdaibai Stop plataformak helegitea jarri ondoren. Museoaren sarbideetako bat izan liteke bide hori eta biosferaren erreserba barruan legoke. 


Urdaibai eta Guggenheim aurrez aurre

 “Bi urteko gogoetaldia” iragarri zuten urte hasieran Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak, baina ez da geldialdia izaten ari, etorkizunean izan ditzaketen oztopoak aurreikusten eta atontzen ari baitira erakunde publikoak. Horrez gain, uda betean,... [+]


Makrofestibalak: ezin neurria hartu eukaliptoari

Boga Boga festibala antolatu dute Donostian, eta jaialdiaren bezperatan, EHUko Uda Ikastaroen barnean, bi eguneko jardunaldiak egin dituzte Dabadaba aretoan, Egia auzoan. Hainbat musikari ez ezik, zenbait makrofestibalen antolatzaileak bertaratu dira hizlari gisa, baita... [+]


2024-08-09 | Euskal Irratiak
Baionako Euskal Museoak ehun urte bete ditu aurten

Mende batean, Baionako Euskal Museoak izan duen bilakaeraz erakusketa berezia sortu dute. Argazki, tindu edo objektuak ikusgai dira. 1924an William Boissel Bordaleko militarrak bultzatu zuen museoaren sorrera, "euskal herri tradizionalaren" ondarea babesteko... [+]


Urdaibaiko Biosfera Erreserba kontserbatzeko 1.300.000 sinadura lortzeko kanpaina abiatu dute

Seo/BirdLife GKEak eta Guggenheim Urdaibai Stop plataformak bultzatzen dute ekimena, eta sinadura kopuruak Bilboko museoak urtero dituen bisitarien zenbatekoari erreferentzia egiten dio. Zehaztu dute “inpaktu kritiko eta itzulezinak” eragingo lituzkeela Urdaibiako... [+]


Urdaibaiko Guggenheimek eta Donostiako Santa Klara uharteak bandera beltza jaso dute, iaz bezala

Ekologistak Martxan elkarteak bandera beltzak banatzen ditu urtero, kutsaduragatik eta kudeaketa txarragatik. Getariako makrogranjak eta Leioako Lamiakoko padurak jaso dituzte beste bi banderak.


Eguneraketa berriak daude